Belaunaldi orok du hil ala biziko baldintza aurreko eta ondorengo belaunaldiekiko erlazioa definitzea. Alde batetik, horrek esperientzia historikoarekin konektatzen duelako. Bestetik, ondorengotzaren haritik tiraka jaio ez den eta hari tiraka aurrera egiten ez duen belaunaldia errealitatetik kanpo agertzen delako. Erlazioen harilkatze prozesu hori ez da lineala eta ez dio historiaren aldebakarreko ikuspegi positibista bati erantzuten. Kontrara, jarraikortasun eta hausturen bidez gauzatzen da.
Euskal Herrian prozesu sozialistaren kimuak landatzen ari diren honetan, haren nolakotasunaren inguruko hausnarketetan behin eta berriro agertzen dira bere konexio politikoaren inguruko eztabaidak. Batzuentzat hamarkadetako borrokarekiko atxikimendu ezan eta deskonexioan ereindako mugimendua da; besteentzat haren garapen hutsala baino ez. Biak ala biak, prozesuaren konplexutasuna ulertu ahal izateko ikuspegi mugatuak iradokitzen dira.
Ezinezkoa da edozein estrategia politiko bere garapena posible egiten duten baldintzekiko isolamenduan aztertzea. Ez baita hemen soilik garapen objektibo batekiko erlazioa adierazten. Baita harekiko elkarrekikotasunean ehuntzen doan subjektuaren garapenarekikoa ere. Esperientzia politiko baten agorpenak oinarrizko irakaspenak dakartza ondorengotzari helduko dion belaunaldiarentzat. Ez da hori, ordea, nahikoa konexioa bermatzeko. Alta, haustura politikoaren beharra azaleratzen du horrek, iraganeko estrategiaren langak hari datxezkion muga gaindiezinak direla onartuta.
Belaunaldien ondorengotza bermatzeari dagokionean haustura politiko eta estrategikoak funtzio erabakigarria bete dezakete. Ezinezko ondorioztatu den politikaren erreprodukzioak, ordea, hausturara darama. Azkeneko honek mekanismo desberdinak erabiltzen ditu ondorengotza aldarrikatzeko. Horietan nabarmena da sinbologia eta hegemoniaren eraikuntza kultural burgesa, besteak beste identitate itxi, mugiezin eta baztertzaileen saretzera eramaten duena. Hala, borrokak eta irudimen kolektiboak sortu eta edukiz betetako sinbologiaren bereganatzearen eta fosilizatzearen bitartez honen ernatzeari ez dagokion prozesuaren gaineko kontrola ezartzen da. Estrategia politikoaren barnera klaseen arteko elkarbizitza ezinezkoa bilakatu ondoriozko eraikuntza prozesuari erantzuten dio horrek, eta helburu argia du kapa batzuen interesen defentsa zapalduen gehiengoaren aurrean.
Klase ertainaren interes hertsiek langile klase osoaren interes gisa azaltzeko ezinezkotasuna ageri dutenean, proletalgoa sakrifikatu behar den bitartekoa baino ez da. Jarraikortasun estrategikoak belaunaldien arteko haustura nabarmena eragiten du halakoetan, klase ertainaren baldintzekin bizi izan direnen artean eta proletarizatuta ageri diren belaunaldi berrien artean. Jada ezinezkoa da klasearteko estrategiaren baitako batasunaren egikaritzea, lotura historiko baten desegitea gauzatzera iristeraino.
Estrategia, komunitate eta kultura politiko baten erreprodukzio ezintasunak, haren oinordekotzaren berme ezak, betetzen zuen funtzio historikoaren agorpena iragartzen du. Paradigma berrien premia irekitzen da. Aipatu agorpena ez baita sakonago dagoen errealitate historikoaren garapenaren emaitza baino. Errealitate printzipio berriak behar ditu langile klaseak.
Ez dira izan belaunaldi berriak iraganarekin hautsi dutenak. Iraganak berak hautsi du orainarekin eta haustura hori belaunaldien artekora itzuli da: klaseartekotasunaren agorpena eta langile klasearen independentzia politikoaren eraikuntzaren faseari hasiera emanez. Belaunaldi berriek haien esku hartu dute borrokaren lekukoa eta langile klase osoa askapenera eramateko zeregin historikoa.
Ikuspegi mugatua ageri dute Euskal Herriko prozesu sozialista polarizatutako kontzeptuen arabera zedarritu nahi dutenek. Agerikoa baita jarraikortasuna eta haustura ez direla aurkakotasun absolutuan eraikitzen. Haien arteko harremana konplexua da, bata bestearen premisa gisa agertzen delarik, etengabe.
Hari batek iraun badu azken hamarkadetako Euskal Herrian, hori langile klasearen esperientzia historikoak ehundu duena izan da. Hura ehuntzen jarraitu eta askapen prozesua amaieraraino eramateko ezinbesteko osagaia bilakatu da Euskal Estatu Sozialistaren bidean jarriko gaituen haustura politikoa: langile klasea burgesiaren atzaparretatik askatzea. Haustura horren baitako jarraikortasunik ikusten ez duenak konta diezaiola langile klaseari berea ez den askapenaren alde bizitza eman duela.