ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Langile baten erailketaren berri izan genuen atzo. Beste bat, oraingoan Kasedan. Kide batek eta berak lan istripua izan zuten. Kidea larri dago, ospitalean. Jada 31 kontatzen dira Euskal Herrian aurten erail dituzten langileak. Erail, bai, ez baitira heriotzak ezta ezbeharrak ere, sistema kapitalistaren egiturazko biolentziaren agerkariak baizik, soilik erailketa gisa sailkatu ditzakegunak.

Sailkapen hori ez da, ordea, hautaketa pretentzioso bat. Ez da pretentziosoa, ezta ere, sistema kapitalistan berezkoa eta normalizatua den biolentzia formaren emaitza dela ondorioztatzea. Sarri ematen baitu sistema kapitalistaren emaitza dela ebazteak norbanakoei ardura kentzen diela. Kontrara, kolektibitate forma bat haren barne kontraesanen ordezkari egitea gertakariok ausazkoak ez eta ezinbestekoak direla azpimarratzeko medioa da. Izan ere, norbanakoak erabakiak hartzen baditu ere, haren erabakigarritasuna erabat determinatua agertzen da norbanako hori zedarritzen duen gizartea edo forma sozialaren aldetik.

Honekin norbanakoaren eraikuntza eta inguratze abstraktua saihesten da, edozer, edonola eta edozein unetan, nahia muga bakarra izanda, behar dena egin ahal dela babesten duen pentsamoldearen emaitza dena. Sarri konpromisoaren adibide gisa aurkeztu den hori, indibidualismo ezgaienaren proba baino ez da, kolektiboa norbanako abstraktu indibidualizatuen baturaz kontzebitzen duena.

Gaira ekarrita, langileen erailketen egiturazko arazoak ezin dira moralitate burgesaren esparrutik ebatzi. Ez da administratzailearen ontasunaren edo gaiztotasunaren emaitza; ezta aberasteko nahi infinitu irrazionala duena eta ez duenaren arteko talkarena ere. Burgesia ez da baloreen multzo bat, agente sozial objektiboa baizik, sistema kapitalistan funtzio objektiboa duena; berau ukatzen badu, bere burua ukatzen du ezinbestean. Objektibitate forma horren joerazko izatearen adierazpena burgesaren borondate soziala da, subjektibitate politikoan adierazten dena.

Burgesak burges egiten duen horri uko egiten badio, burgesa izateari uko egiten dio. Hau ez da, ordea, sistema kapitalistaren suntsiketara daraman gertakaria, aski erraz ondoriozta daitekeen bezala. Burgesak burges izateari uzten dio kapitala suntsitzen duenean, hots, langile klasearen gaineko esplotazioa erreproduzitzeko gaitasuna galtzen duenean. Hori, sistema kapitalistaren gertakari den heinean, kapital indibidual baten krisiaren emaitza izan daiteke, edo sistema kapitalistaren krisi orokor bat, ez denean nazio baten krisia ekartzen duela. Azkeneko hau bereziki posiblea da estatu kapitalista batek lana batezbesteko internazionalaren azpitik esplotatzen duenean. Honek, ordea, beste gai baterako emango luke, dependentziaren auziari dagokionez, non estatu bakarrean sozialismoa eraikitzeko ezintasuna demostratu beharko litzatekeen, indarrezko hipotesi bezala.

Edonola ere, burgesia, klase internazional gisa, internazionalki antolatua dago. Bere egitura internazionalen bitartez erabakitzen du zein den burges edo kapital indibidual bakoitzari inposatzen zaion joko-zelai komuna, lanaren esplotazioa gauzatu ahal izateko. Joko-zelai horrek kapitalaren erreprodukzio normalizatu baterako baldintzak determinatzen ditu. Honela, borondatearen auzia egin beharraren auzia da; edo borondatea ez da norbanakoaren auzia, kolektiboarena baizik. Burgesiaren subjektu-borondatea bere antolakuntza objektibitatean adierazten bada, langile klaseak berea propioa behar du.

Ez da nahikoa zapalkuntza gainditzeko borondatearekin, sarri politika instituzionalaren ordezkariei entzun behar izaten diegun bezala. Hau, oro har, politika hegemonista burgesaren mantra baino ez da, klase ertainaren estrategia, sistema kapitalistaren biziraupena helburu duena. Hari funtzionala zaion politika egiteko forma sortzen du horrek, egun nonahi ikus daitekeena: protesta politika. Protesta politika honek sarri autonomiaren irudia hartzen badu ere, hasiera batean langileen eragile sozial gisa agertzen dena, sakonki aztertuta klase ertainak instrumentalizatutako adierazpena ikusten da, non kale lan guztia sigla politiko instituzional bat elikatzera bideratuta dagoen, horrek ere eragin zuzena duelarik lan hori egiten duenaren antolakuntza forman, ez dena langile klaseak behar duena, burgesiarena baizik. Horrexegatik ere ez dugu halako adierazpenik Langile Mugimenduaren adierazpen gisa ulertzen. Bai ordea, bestelako antolakuntza forman oinarritzen diren Autodefentsa Proletarioaren eragileak, langile klasea garaipenetan hezten dutenak.

Halakorik beharrezkoa da -aste honetan Lubaki aurkeztu dute Bergaran-, eta hortik haratago Alderdi Komunistan antolatutako langile klasea berau odolusten duen burgesiari eta sistema kapitalistari aurre egiteko. Erailketak ez baitira instituzio kapitalistak erreformatzeko borondate anitz eta abstraktuen baturarekin bukatuko -honek gehienez jota lanaren esplotazioa modu bortitzago batetan gauzatzea bermatzen duen krisiaren terrenora eramango gintuzke, egoera are gehiago larrituz-, sistema kapitalista bera gainditzera bidean jarriko duen proletalgoaren forma politikoaren antolakuntzak adierazten duen borondate kolektibo zehatzarekin baizik.