ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Egonaldiak antolakuntza baliabide sendoenak dituen horri egin ohi dio mesede; denbora, aurrera besterik egiten ez duen ahal hori, gutxik bihur dezake-eta bere aliatu. Beraz, ezin dionak datorrenari itxaron, itxaropenak ez badio ziririk sartzen, eginahalak eta bi egiteko aproposa iritzi behar dio bizi duen une horri. Halatan, orain bada premia berezia duen eginkizunik: 1) militanteon eguneroko lan-ohitura eta diziplina, kultura militantea bera, ahuldu baitaitezke, militantziaren konpromezu eta borroka-interesa bermatuko, edota areagotuko, duen koiuntura-programa baten diseinua, esate baterako; izan ere, programa honek apal litekeen indar militantea bere lan-banaketaren arabera antolatu, mobilizatu eta sostengatu dezake. Hori dela eta, 2) berehala jakin behar dugu dekretu errealak iraun artean zer ekimen militante den posible, une honetan zer egin eta nola, alegia. Bere aukera urrietan ere zailtasun ugari aurkituko du egin genezakeen horrek, alabaina, ezer egin ahal bada, hau da, osasun neurriak zainduta elkarrekin antolatu eta inpotentzia basati honi aurre egiteko modurik bagenu, militanteon jarrerak oso-osoan baldintzatuko du honen arrakasta. Egunotan errez egin ditzake bere gure gogo eta ilusioak pesimismo tristeenak, nagi aristokrataren batek ere amorrua baretu eta giharrak bigundu eta leundu diezazkioke baten bati, baina igarri edo senti dezakegun adorerik eza hori oker dago. Ekiteko ordua da. Egin gabekoak ez baitizkigu inork barkatuko, alperrik den ezein egun ez da erraza izango zuzentzen: dagoeneko eratzen hasiak dira klase borrokaren kondizio politiko berriak eta langileria, momentuz, babesgabe azaldu da burgesiak abiarazi duen ofentsibaren aurrean.

Eskubide politiko errealak eta elkartasun zein zaintza baliabide iraultzaileak; bada, halakoek badute patu-faxista honi trabak jartzeko botererik. Eta garrantzia ere badute. Izan ere, bizitza beraren esangura ere ezbaian azaldu zaigu, ulerkera edo pentsamendu biologiko soila gailendu delarik. Sozialdemokratek eta ezker-sindikatuek, adibidez, ekonomia-kaltegaitzen harira esandakoak ere halaxe hartu baitituzte, birusak osasunari eragin diezaiokeen kaltea baieztatu eta kautelazko neurriak aldarrikatu besterik ez dute egin. Auzia, ordea, honako hau da: eskubide politikoak baliogabetu ditzakeen segurtasun sozial horrek arrisku handienen aukera dakar berarekin, menpeko diren horientzat hain zuzen ere. Osasun-segurtasunari heldu dion diskurtso orokortuak politika autoritarioei ahalmena eman diezaieke eta, behinik behin, honek darabilen zinismoa dela-eta, burgesiarekin elkarlanean ari diren horiei argi eta garbi zuzendu zaien militante oro etsai nagusitzat har dezake edonork. Hala ere, ez gara gu bihozgabeak; askatasuna lehenesten dugu eta haren alde borrokatzen gara. Kritika komunista zorrotza da oso, eta batzuetan latza; aitzitik, zintzoa da bere arrazoia eta bihotz onekoa du asmoa. Horregatik, bat-bateko ekimena posible egiten duena da kritika komunista, ez baitu marmarka egin eta ezerezean geratu nahi, hau da, ez du ondoren ezer ez dakarren ukapenik onartzen. Baina orain motibo asko da eginbehar militanteari trabak jarri dizkiona eta egin dezakegun hori, gutxi hori, ezinbestekoa den une honetan, militante komunistak ere ezerezean gorde ditzakeen aitzakiak indarra hartu du: «asistentzialismoaren» kritika baldarrak, alegia. Taktika komunista inoiz ordena burgesa deuseztatuko duen indar metaketan datza, hala ere, ez dio laguntza sinpleari zertan uko egin, ez baitio ardura gure laguntza jaso duen horrek berehalako konpromezu militanterik har dezakeen edo ez. Inor lagundu izanagatik lor genezakeen indar metaketak beste norabide bat izan dezake. Galdera zaila, nahitaezkoa ordea: zein ote da elkartasun proletarioak baldintza hauetan har lezakeen antolakuntza eredua, hau da, nola ekidin metodo erreformistak elkarlaguntza baztertu gabe.