Instituzio kapitalistetako alderdi politikoen eta, oro har, burgesiaren eskuetan, langileriaren opresio politikorako errekurtso bihurtu da koronabirusaren pandemia-izaera azken urte honetan. Izan ere, pandemia-izaera hori oinarrizko eskubideen ezabapenerako justifikazio elementu nagusia bihurtu da; hobekiago esanda, ertain klasearen zentzu komun hegemonikoan oinarrituz, pandemia-izaerak oinarrizko eskubide zibil eta politikoen ezabapena justifikatzen du eta, aldi berean, oinarrizko eskubide horien ezabapena pandemiari aurre egiteko irtenbide bakar modura agertzen da. Gazteei bideratutako etxeratze aginduaz hitz egiten da, pertsona artean biltzeko kopuruaren mugaketaz eta, oro har, neurri murriztaile gogorragoen zein polizia-bitartekoak gehitzearen beharraz; aldiz, osasun-sistema burgesaren mugez, osasun-baliabideak (ospitaleak eta azpiegiturak, pertsonal sanitarioa…) indartzearen beharraz, komunikabideen gezur eta manipulazio kanpainez eta, oro har, burgesiaren eta politikari profesionalen izaera erreakzionario eta autoritarioaz ez da hitz bat bera ere entzuten. Ezta ere, gainera, kapitalismoaren joera totalitarioaz.
Bada beharrik instituzio burgesetatik eta egungo alderdi politikoen influentziatik kanpo aktibitate politiko independentea garatzeko, orientazio komunista gaurkotu bati erantzungo diona, azken urte hauetan lantzen saiatu garenaren bidetik. Zentzu horretan, garrantzia dute aste honetan Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak Azpeitian burutu duen Eskola Ibiltariak eta GKSk herrialde desberdinetan antolatu dituen Topaketa Sozialistek, urte osoan zehar antolatzen dituzten jarduerek bezalaxe. Bertan, formakuntza-saioak jasotzeko, espazioak egokitzeko lanak egiteko eta sozializatzeko jardueretan parte hartzeko aukera egon da eta Euskal Herriko gazte askok hartu dute parte. Ekimen horien antolaketak zenbait auzi ere azaleratu ditu: batetik, estatu-instituzioetatik kanpoko norbanako eta antolakundeen eskubideen murrizketa sistematikoa, ekimen desberdinak antolatzeko eskubidea kendu eta zailtasun ugari jartzen dituztelako politikariek, nahiz eta antolakunde hauek osasun-neurriak errespetatzeko borondatea eta neurriak aurkeztu dituzten; bestetik, eta joera orokor bezala, pandemiak nabarmen murriztu du esparru instituzionaletik kanpoko jarduera politikoa, politikari profesionalek herdoilduta ikusi nahi dutena, ez bada behintzat beraien orientazio politikoarekiko funtzionala.
Jarrai dezatela, bada, antolakunde sozialistek militantzia komunista hedatzen eta ekimen desberdinak antolatzen, zabaldu asmo duten gizarte burgesaren kritika modu teoriko zein praktikoak gorpuzten.