AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Pasa den ostiralean, maiatzak 30ean, «bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari» (gazteleraz «ingreso mínimo vital» izendatu izan den horri) oniritzia eman zion espainiar ministro-kontseiluak. Bada, arriskutsua izan daiteke oso diru-laguntza horrek berarekin ekar zezakeen bat-bateko ulerkera; izan ere, gobernuak hartu berri duen erabakia dela-medio egungo krisialdi testuinguruan programa erreformista posible eta komenigarria dela pentsa lezake askok. Errepara diezaiegun, lehenik eta behin, balizko ordainsari unibertsal horren ezaugarriei: a) bakarrik bizi diren horien kasuan, «bizi diru-sarrera minimoa» eska daiteke norberaren soldata ez denean 200 eurora iristen; unitate familiarrez ari garenean, ordea, unitatearen bataz-besteko soldatak ebatziko du kide guztien eskubidea (bataz-bestekoa 450 euro baino txikiagoa denean soilik eska dezakete). b) diru-laguntza txikiena 462 eurokoa da eta handiena 1.100ekoa. c) Atzerritarrek ere diru-sarrera eskubidea izango dute, baina, beti ere, espainiar estatuan urtebeteko egonaldia egin eta berau frogatu ondoren (indarkeria edo giza sal-erosketen biktima izan diren horien kasuek salbu). d) Bestelako diru-laguntzak jaso bitartean ere bada «bizitzeko gutxieneko diru-sarrera» eskatzerik, aurreko baldintzak bete ezkero. Itxura aurrerakoia izan arren, «bizitzeko gutxieneko diru-sarrera» errez hartu daiteke-eta ezker-alderdien garaipentzat, zera utzi du agerian neurri honek: Bigarren Mundu Guda ostetik gaurdaino Europako alderdi sozialdemokratek aldarrikatu izan duten gizarte eredua ezin daitekeela egonkortu. Hau da: Ongizate Estatuen gainbehera.

Ongizate Estatuek, eskain zezaketen bizi maila dela-eta, sozialdemokraziaren ameskeria elikatu dute hamarkadetan zehar, alabaina, «bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak» ez du aipatu bizimodu burgestu horrekin zerikusirik.  Ongizate Estatuen arrakasta urria soldatapeko lanean zetzan: Bigarren Mundu Gudaz geroz lan-indarraren zapalkuntza errentagarriagoa azaldu baitzen, langileriaren bizi-mailak gora egin zuen soldatapeko-lanari propioa zitzaion ekoizpen gaitasunarekin batera. Ordukoa kapital-metaketa bizia izan zen oso eta burgesia klasearen irabazi orokorrak harrigarriak; hazkunde horrek, nolabait, langileriaren ordainsariei eta estatuen aurrekontu publikoei eragin egin zien, denbora motzean hauek ere nabarmen egin baitzuten gora. (Langileriaren bizi-maila hura, bestalde, borroka iraultzaileen garaipena izan zen; beste motibo hau ezin liteke aldera utzi hogeigarren mendeko azken hamarkaden azterketa ekonomikoa egitean). Ekonomia-baldintza kapitalista jakinen emaitza izan zen orduko bizimodua, baina, gaur egun, ez dago halakorik. Hemen antzeman liteke ezberdintasuna: soldatapeko-lanak ezin du dagoeneko langileria sektore zabal baten bizitza ziurtatu. Ongizate Estatuen ezaugarri nagusia langileriaren lanaren produktibitatea izan zen, orain soldatapeko-lanaren krisia edo errentagarritasunik eza igar genezake (edo, behintzat, honen lehen ebidentziak). Bi dira, bederen, militante komunistak testuinguru honetan kontuan izan beharreko arazoak: 1) arazo ekonomikoa; egungo langileriaren demografia-maila handiegia da eta kapital-ekoizpenak ez dio sektore zabal bati bizi-baliabiderik eskainiko (ez baitio lanik emango). Hori dela-eta, bizi-maila txiroenarekin moldatu beharko du askok, «bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari» heldurik, esate baterako. 2) arazo politikoa; inork «bizitzeko gutxieneko diru-sarrera» jaso dezan, testuinguru berri honetan bizirauteko beraz, bete beharreko obedientzia eta subordinazioa prozedurak erabat autoritarioak izan daitezke.

Krisialdiak insubordinazio arriskua dakar berarekin, eta are handiagoa norberaren biziraupena kolokan dagoen uneetan. Podemos-IU sozialdemokratek, agian, garaipentzat hartu dute burgesek euren diktadura ekonomikoa sendotzeko diseinatu berri duten teknologia sozial berria. Egun ez baita Ongizate Estatuen garaiko baldintza ekonomikorik, eta Podemos-IUk «bizitzeko gutxieneko diru-sarrera» proposatu eta egikarituko duenez, zera esan genezake: sozialdemokraziak etsi du.