ARGAZKIA / Karmele Saenz
2023/11/01

XX. mendeko ziklo iraultzaileak −Urriko Zikloa bezala ezagutzen dena eta Errusian izan zen sobietar iraultzarekin hasi zena− komuniston kontzientzietan pisua izaten jarraitzen du gaur egun ere. Batez ere, eta guztiaren gainetik, porrot egin zuelako. Baina baita porrot horrek esan nahi duenagatik ere. Porrot horrek ez du soilik esan nahi ezin izan zela nazioartean komunismoa eraiki planteatzen zen bezala. Horrez gain, eta batez ere, komunismoa lozorroan sartzea esan nahi du, boltxebikeek abiarazitako estrategia komunistan urteek eraginik izango ez balute bezala. 

Beste modu batera esanda: ofizialki 1917ko urrian hasitako ziklo iraultzailearen porrota ez datza soilik estrategia komunistaren desegitean eta estrategia hori gauzatu behar duen antolakuntza politikoa desagertzean, hau da, Masa Alderdi Komunistaren desagertzean. Horrez gain, porrot horrek berekin dakar gure mendean komunismoa pentsatzeko dagoen ezintasuna. Izan ere, hipostasiatu egin dira Urriko Iraultzaren kategoria politikoak eta ziklo hori ezaugarritzen zuen estrategia, “bere horretan” eta betirako sozialismoa izango balira bezala; eta bloke kapitalistaren gailentasun politiko kontingenteak soilik garaitu balu bezala, eta ez porrotera eraman zuen kontraesana bere barrenean eramateak.

Ofizialki 1917ko urrian hasitako ziklo iraultzailearen porrota ez datza soilik estrategia komunistaren desegitean eta estrategia hori gauzatu behar duen antolakuntza politikoa desagertzean, hau da, Masa Alderdi Komunistaren desagertzean. Horrez gain, porrot horrek berekin dakar gure mendean komunismoa pentsatzeko dagoen ezintasuna. Izan ere, hipostasiatu egin dira Urriko Iraultzaren kategoria politikoak eta ziklo hori ezaugarritzen zuen estrategia, “bere horretan” eta betirako sozialismoa izango balira bezala; eta bloke kapitalistaren gailentasun politiko kontingenteak soilik garaitu balu bezala, eta ez porrotera eraman zuen kontraesana bere barrenean eramateak

Porrot horren ondorioz, aurreko mendeko errepresentazio komunista gotortu egin zen, bere ikuskera historiko eta taktika politiko bereziekin; eta posibizatu egin ziren historikoki “komunismoaren printzipio” gisa zehaztutako borrokak, betirako. Baina, gainera, gotortze horrek porrota errepikatzea besterik ez du esan nahi. Zalantzarik gabe, iraultzaren kontrako praktika bat da, eta gogor salatu behar da: lehenik, komunismoak aurrera egin dezan beharrezkoak diren kritika-aukerak oztopatzen dituelako, jada errezeta eta definizio sinpleetara murriztuta baitago komunismoa −kapitalismotik ezertan bereizten ez diren egoeren multzo bat da komunismoa−; eta, bigarrenik, eskasia-egoera bat positibatzen duelako −ez gara miseria ekonomikoaz ari, baizik eta ezintasun politikoaz, edo iraultzaren eta bere emaitzen kolapsoaz−, hau da, iraunarazi beharreko puntu positibo bihurtzen du proletalgo iraultzaileak ingurune historiko berezi batean gaitasunen garapenarekin lotuta izan dezakeen ezintasuna.

Laburbilduz, Urriko Zikloaren bueltan, komunismoari aurrez aurre kontra egiten dion trantsizio-etapa gisa hartu da sozialismoa; hots, ekoizpen-modu kapitalistaren eta klase-menderakuntzarako instituzio politikoen abolizioari kontra egiten dion trantsizio-etapa gisa. Eta hori horrela da kritikatzen ari garen ikuskera orokortuak, Urriko Zikloa kritikoki aztertu beharrean, definizio estatiko bat lortu nahi duelako komunismoaren aldeko klase-borrokaren etapa dinamiko batetik, eta ulertu beharrean trantsizio-etapan komunismoa lortzeko lehia historikoki zehaztuta dagoela, eta berau garatzen den egoera historiko bereziak mugatzen duela. Azken finean, “sozialismoa honakoa da…” esaldiak atzetik dituen errezetak eta definizio multzoa, orokorrean, porrota modu bikainean azaltzen duten kategorien enuntziatu luze bat dira, eta ez, esaldi horiek esaten dituztenek nahi duten bezala, komunismoaren aukerak eta indarrak. 

Izan ere, zenbait ikusmoldek, ekintzak eta instituziok egoera jakin bati buruzko zentzu sozialista bat badute ere, horiek ezin dira bere horretan sozialismotzat jo, leku eta denbora orotan. Aitzitik, sozialismoaren aldeko borrokarekin berez lotzen diren heinean soilik hartzen dute zentzu sozialista bat, eta, beraz, borroka horretan aurrera egiteko balio dute. Hala ere, borrokaren beroan instituzio jakin batzuk instituzio sozialistatzat jotzea, nahiz eta forman ez ziren ezertan bereizten instituzio kapitalistetatik, berez ulertzen da: trantsizio-aldia borroka- eta disputa-aldi bat da fronte guztietan, baita esanahiarenean ere. Eta instituzio horiek, forman kapitalistak izan arren, instituzio delegatuak eta ia autoinposatuak ziren heinean, gaitz txikitzat jotzen ziren prozesu handiago baten barruan; komunismoaren aldeko borrokan, alegia. Gailentzen zena Alderdi Komunistaren estrategia zen, eta hortik zetorren instituzio bakoitza estrategia horren arabera eta estrategia horren babes gisa izendatzeko beharra.

Hala ere, borrokaren beroan instituzio jakin batzuk instituzio sozialistatzat jotzea, nahiz eta forman ez ziren ezertan bereizten instituzio kapitalistetatik, berez ulertzen da: trantsizio-aldia borroka- eta disputa-aldi bat da fronte guztietan, baita esanahiarenean ere

Hemen kritikarako objektu gisa hartu den kontzepziotik, sozialismoaren ezaugarri gisa nabarmentzen dira, besteak beste, Urriko Zikloa garatu zen herrialdeen egoera berezitik eratorritako ezintasun hauek: 

    1. Merkantzia- eta balio-ekoizpenaren iraupena (eta, beraz, ekoizpen-modu kapitalistarena); 

    2. Ekoizpen kapitalistatik eratorritako instituzio guztien iraupena, haien artean nabarmenenak Polizia, Estatu burokratikoa eta armada iraunkorra eta 

    3. Alderdi Komunistak eta Estatu Sozialistak bereizitako bi instituzio moduan irautea, nahiz eta, azken finean, lehenengoaren independentzia galtzearen ondorioz lotu zitzaizkion elkarri behin betiko, eta ez banaketa hori gainditzearen ondorioz.

Zenbaki honetan, ez dugu zehazki landuko hemen azaldutakoa. Ahalegin txiki bat besterik ez da XX. mendeko prozesu sozialista historizatzeko −ale honen luzerak eta Urriko Zikloaren analisiaren aurrerapenak baimentzen digutena bezain txikia−, hura ulertzeko bideak errazte aldera. Ulermen horrek berekin dakar prozesua hedatu zen egoera historikoaren berezitasuna nabarmentzea, eta, horren ondorioz, egoera historiko horri lotutako estrategia komunistaren berezitasuna nabarmentzea. Aurreko prozesu iraultzaileen analisien helburua ez da, inola ere, konponbideak zuzenean ateratzea. Aitzitik, irtenbide posibleak zeharka baino ezin izango dira ulertu, kritika iraultzaile gisa, eta ez, errebisionismoak egiten duen bezala, ondorio positibo gisa; hau da, errezeta moduan.

Izan ere, Urriko Zikloan ekoizpen kapitalistari lotutako kategoriek benetan instituzio gisa iraun bazuten −eta are gehiago, ziklo horren gaur egungo ikuskeran irauten dute−, ez da sozialismoa hori delako, hori besterik ezin izan zelako izan baizik. Izan zenarekin etsia hartzea baino handiagoa izan behar du gure anbizioak, badakigulako izan zena porrot handiago baten ataria besterik ez zela izan; eta ez anbizio handiagorik ez zutelako, nahiz eta hori izan errebisionismoaren gaur egungo irakurketetatik ondorioztatzen dena.

Ildo horretan, zenbaki honetan, joan den mendeko estrategia boltxebikea eta ondorengo sozialismoaren garapena ulertzeko funtsezko hainbat elementu aztertzen ditugu. Eta, hain zuzen ere, iraultzaren garapenaren elementu garrantzitsu gisa aztertzen ditugu. Hiru etapa izango lituzke iraultzaren garapen horrek: boterea hartzea, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa eta sozialismoaren kolapso politikoa.

Alde batetik, Gerra Inperialistak teoria iraultzailearen garapenean eta boltxebikeen esku-hartze politikoan izan zuen garrantzia aztertzen dugu, baita 1917ko urriko azken kolpean eta ondorengo Gerra Zibilean (lurraldearen kontrolaren lehia) izan zuena ere. Gaur egunera arte iritsi den iraultzaren kontzeptuak zuzenean edaten du egoera berezi horretatik; izan ere, kolpe armatu gisa ezaugarritu zen, hain zuzen ere, gerrak sortutako egoera politikoak hala ahalbidetzen eta eskatzen zuelako.

Bestalde, ekoizpen-indarren eta ekoizpen-harremanen dialektikari buruzko eztabaidari heltzen diogu, iraultzaren forma politikoa iraultza sozialaren une autonomizatu gisa edo ekoizpen-modu berri baten eraikuntza gisa aztertzea ahalbidetzen duen puntu nodal gisa. Horrela, bide horretatik, uler dezakegu zergatik ezin izan zuen bere prozesua burutu Iraultza Sozialistak, baina, batez ere, zergatik gertatu zen modu horretan eta zergatik hartu zituen instituzio horiek.

Azkenik, porrot politiko gisa aztertzen dugu Urriko Zikloaren amaiera. Estatu Sozialisten deskonposizioa da horren irudi bizia, beren barnean sortutako burokraziak berak eragindakoa.

Balio dezala zenbaki honek lehen urrats gisa aurreko prozesu sozialista ulertu ahal izateko eta, era berean, aurrez aurre ditugun zereginak ulertu ahal izateko.

EZ DAGO IRUZKINIK