ARGAZKIA / Axier Nuñez
Alex Fernández
2023/11/03

"Lehen agerpena bere berehalakotasuna edo kontzeptua baino ez da. Eraikin bat bere zimenduak jartzean eraiki gabe dagoen bezala, erdietsitako osotasunaren kontzeptua ez da osotasuna bere horretan" - Hegel

"Oso ondo, sator zahar. Ze bizkor haztakatzen duzun!" - Hamlet

1917ko iraultzaren eta 1924ko heriotza goiztiarraren artean, Leninek idazteko aukera izan zuen artikulu, gutun eta hitzaldi ugariek ideia bat azpimarratzen dute, ziur aski behar bezalako arretarik eman ez zaion ideia: “Aro berri bat hasi da historia unibertsalean” [1]. Horixe da behin eta berriz errepikatzen duena, eta ez da kontsigna soil bat. Leninek sostengatzen duen tesia funtsezkoa da iraultza boltxebikearen irakurketa materialista historikoa egiteko, ez eztanda sozial iragankor bezala ulertuta bakarrik, baizik eta, bereziki, klase-borrokaren jokalekuaren eraldaketa atzeraezin gisa. Leninek proposatutako marko kontzeptualaren bidez, proletariotzak klase iraultzaile gisa duen garapen-zikloaren epai historikoa ezar daiteke. Artikulu honen helburua da tesi horren suposizioak eta inplikazioak deszifratzea, Urriak eta horren ondorengo gertaerek –azken batean, XX. mendeko esperientzia komunistak, bere osotasunean– nola finkatu zituzten aurrerantzeko iraultza sozialistak garatzeko zimenduak; bestela esan, historia unibertsalaren gailurraren edo, tradizio marxistarekiko leialtasunez, haren hasiera autentiko eta egiazkoaren zimenduak.

Leninek sostengatzen duen tesia funtsezkoa da iraultza boltxebikearen irakurketa materialista historikoa egiteko, ez eztanda sozial iragankor bezala ulertuta bakarrik, baizik eta, bereziki, klase-borrokaren jokalekuaren eraldaketa atzeraezin gisa

Halabeharrez betiko ahanzturara kondenaturiko gertakari gehien-gehienak ez bezala, historia unibertsala osatzen duten gertaerak gure espeziearen “kode historiko-genetikoan” ezarrita geratzen dira. Milioika ezusteko eta alferrikako fenomenok ez bezala, iraultza sozial batek giza praktikak duen aukera-eremua birkonfiguratzen du, bere hedadura eta intentsitate osoan. Adibide bat jartzearren, jatorrizko metaketa deiturikoak, hau da, ekoizleen eta ekoizpen-baldintza objektiboen arteko bereizketa bortitzak, giza espezie osoari atzeraezinezko moduan eragiten dieten baldintza sozialak ezarri zituen, eta inork ezin die bere ondorioei ihes egin nahimen-indar hutsez. Horrek esan nahi du historia unibertsalak eduki bat barne hartzen duela zeinetara gizakiek ez duten nahita edo kontzienteki lotu beharrik eta giza praktika horrek ezartzen dituen arauei lotuta geratzen den. Marxek horrelako zerbait esan nahi zuen adierazi zuenean gizakiek beren historia egiten dutela, baina beti “zuzenean aurkitzen dituzten, existitzen diren eta iraganak utzi zituen zirkunstantzien pean” [2].

Leninek gertaeren norabidea aldatzen duten lurrikara historiko horien artean kokatzen du Urriko Iraultza, eta arrazoiz. Leninek iraultza-urte horiek bizi izan zituen, eta haien berehalako emaitza izango zena gorabehera, urri gorriaren legatua ezin zen desegin garrantzirik gabeko kasualitate bat balitz bezala: mugarri bat ezarri zuen gizakiaren garapenean. Gutxienez hiru ezaugarrik bihurtzen dute Urria, klase-borrokaren ziklo global gisa hartuta, hots, historia unibertsalaren fase berri baten lehen pauso moduan. Testuan zehar, hiru ezaugarri horiek aztertzen saiatuko naiz. Lehenik eta behin, proletarioak klase nagusi bilakatu zituen lehen aldiz, modu minimoki sistematiko batean. Bigarrenik, boterea hartuz, proletarioak ekoizpen sozialaren subjektu kontziente bihurtu ziren. Hirugarrenik, proletariotzaren ofentsiba politiko-ekonomikoak zibilizazio-ordena alternatibo baten erreferentzia kultural bihurtu zuen komunismoa. Hiru alderdi horiek modu mugatuan edo partzialean bakarrik egin ahal izan zuten aurrera. Hortaz, beharrezkoa da adieraztea zein faktorek baldintzatu eta, azken batean, ezinezko bihurtu zuten programa komunista bere lehen saiakera historiko handian praktikan gauzatzea.

Azter dezagun, beraz, puntu horietako bakoitza. Komunismo edo ekoizpen elkartu gisa ezagutzen dugun garapen historikoko fasearen agerpena, lehenik eta behin, proletarioak klase dominante bihurtzean adierazi zen. Domeinu hori tenporalki ezegonkorra zen eta perfekzionamendu-prozesu bati lotuta zegoen; halaxe adierazten du, hain zuzen ere, klase-borrokak gizarte-garapenaren motorra izaten jarraitzeak baita proletarioek botere politikoa hartu ondoren ere. Zentzu horretan, botere politikoa hartzea –hau da, gutxienez estatu burgesa suntsitzea eta antolatutako proletariotzak indarkeriaren monopolioa konkistatzea– ordena sozial berria egonkortzeko premisa baino ez zen, eta ez ordena hori behin betiko finkatzekoa. Hala ere, burgesiari eta haren estatu-aparatuei indarkeriaren monopolioa borrokatzeak garai baten irekiera adierazi zuen, non sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa lehen aldiz berehalako zeregin gisa agertu zen. Areago, zeregin horretarako bitarteko nahikoak une horretatik aurrera baino ez zeuden –proletariotza iraultzailearen eskuetan kontzentratutako botere politikoa izanik bitartekorik garrantzitsuena–. Hori dela eta, Leninek proletarioen diktaduraren garrantzia azpimarratu zuen komunismoaren sine qua non baldintza gisa, programa historikotzat eta estrategia politikotzat hartuta. Programa historiko gisa, proletarioen diktadura aurreko historiarekiko inflexio-puntua gertatu baitzen Errusian; estrategia gisa, bere orainaldi politikoko klase-borrokaren puntu bihurtu baitzen.

Hala ere, burgesiari eta haren estatu-aparatuei indarkeriaren monopolioa borrokatzeak garai baten irekiera adierazi zuen, non sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa lehen aldiz berehalako zeregin gisa agertu zen

Maila altuagoko ekoizpen sozialerako trantsizioa pentsaezina edo deklarazio nominal soil bat baino ez da, trantsizio hori antolatzeko eta hedatzeko modua alde batera utzita; izan ere, proletariotzaren diktaduraren lehen adierazpen sistematikoaren eduki historiko-unibertsala da. Eduki horren beharrezko forma botere sobietarren forma da, alegia, proletarioak eta desjabetuen masak modu zentralizatuan eta organo demokratikoetan antolatzen dituzten organoen forma. Horiek sobiet izenez ezagutzen dira, “kontseilu” [4] hitzaren errusierazko itzulpena. Botere sobietarraren forman, gizarteak lehen aldiz lortu zuen autogobernua, eta aparatu administratiboak ez ziren gehiago gizarteari inposatutako organo, mendekotasun eta errepresioko organo; aitzitik, gizartearen beraren menpeko bihurtu ziren, bere interes objektiboen zerbitzura zeuden tresna. Ordezkariak behartuta zeuden kontuak ematera, edonoiz ken zitezkeen kargutik eta hautesleen esanetara zeuden hala eskatzen zuten ekoizpen sozialaren arlo guztietarako –adibidez, nolabaiteko maisutasuna edo espezializazio teknikoa eskatzen duten funtzioak, edo nahitaez norbanako kopuru txikiak bete behar dituztenak–. Horrek erantzukizuneko karguak dituzten horiek interes orokorreko zerbitzari soil bihurtzen ditu, eta ez botere bereziak izan eta potentzialki ustelak diren ordezkari arbitrario –gaur egun enpresa bateko buruak, langilezainak edo zuzendariak diren bezala, edo eremu publikoari dagokionez, poliziak, epaileak edo politikariak–. Beraz, boterearen beraren morfologiaren eraldaketa botere proletarioa izatera igaro zen, eta kualitatiboki bereiz zitekeen aldez aurreko edozein botere-modalitatetatik. Ildo horretan, gai publikoak kontseiluen bidez administratzeak demokraziaren forma erradikal bat zekarren berekin, hau da, forma burges eta elitista guztiz sozializatutako forman eraldatzea [5].

Botere sobietarraren forman, gizarteak lehen aldiz lortu zuen autogobernua, eta aparatu administratiboak ez ziren gehiago gizarteari inposatutako organo, mendekotasun eta errepresioko organo; aitzitik, gizartearen beraren menpeko bihurtu ziren, bere interes objektiboen zerbitzura zeuden tresna

Lehen Mundu Gerraren ondorengo egoerak eszenatoki bat sortu zuen: munduan diktadura proletario bat egoteak klase nagusien eta langile-alderdien politikaren grabitate-zentroa mugiarazi zuen, azken horiek ere iraultzaren alde edo aurka agertzera behartuta baitzeuden modu ireki batean. Hori izan zen sozialismoa bi hegaletan zatitu zuena –zatiketa hori duela zenbait hamarkada hasia bazen ere, jakin badakigunez–. Izan ere, gerra inperialista piztu izanak eta Errusian proletarioen diktadura baten presentziak ezinezko bihurtu zuen antzinako taktika sozialdemokrata: Kontinente Zaharrean zehar klaseen arteko liskar irekia zela eta, jada ezinezkoa zen indarrak pixkanaka eta modu baketsuan metatzen jarraitzea. Demokrazia burgesaren edo demokrazia proletarioaren arteko hautabidea, kapitalaren botere inperialistaren edo proletarioen botere iraultzailearen artekoa, edozein gizarte-eragileren bizitza politikoari gailentzen zitzaion ezinbestean. Orduan, beharrezkoa egin zen iraultzaren alde edo kontra egitea, iraultza ez baitzen etorkizunerako postulatua edo helburua, baizik eta boltxebikeen proiektu praktikoan oinarritutako errealitate nabarmena eta berehalakoa. Horrela, modu beligerantean edo distantziakidean nazioarteko iraultza babesteari eta haren programaren mende jartzeari uko egin zioten sozialista guztiek erreakzioaren eta bere botere-aparatuen alde egin zuten, militantzia iraultzailearen eta programa historikoaren aurka. Erreformismo sozialdemokrataren behin betiko desestaltze horrek berehalako eragin politikoa izan zuen –adibidez, mentxebikeak eta boltxebikeak aurrez aurre jarri zituen borroka bizia–, eta, horrez gain, esanahi historiko unibertsala ere badu: sozialdemokrazia, une horretatik aurrera, Kapitalarekin eta estatuaren indar errepresiboarekin esplizituki lerrokatutako eragile bihurtu zen. Errealitate hori dagoeneko ez da frogatu behar –Marxen edo Luxenburgen garaian oraindik ere frogatu behar zen bezala–: egitate burutua, eztabaidaezina eta atzeraezina da.

Ikuspuntu horretatik hobeto ulertzen da Leninek behin eta berriz esaten zuena:

Marxista klase-borrokaren aitorpena proletarioen diktaduraren onarpenera hedatzen duena baino ez da. Horretan datza marxista baten eta hala moduzko burges txiki (edo handi) baten arteko alderik sakonena. Froga-harri horretan kontrastatu behar dira marxismoaren benetako ulermena eta errekonozimendua. Eta ez da harritzekoa, Europako historiak langile-klasea gai horren aurrean jarri duenean, oportunista eta erreformista guztiak ez ezik, “kautkskiano” guztiak ere […] filistiar eta demokrata txiki miserableak izatea, zeinek proletarioen diktadura ukatzen baitute [6].

Lehen diktadura proletarioa ezartzeak eta, ondorioz, klase-borrokaren taula horren inguruan berrantolatzeak, sozialisten batasuna haustearekin batera, proletarioen antolakuntza eguneratzeko beharra ekarri zuen. Horrela, une horretatik aurrera, antolakuntza horrek Internazional Komunistaren figuran aurkitu zuen bere formarik gorena, ofentsibako nazioarteko Alderdi Komunista gisa ulertuta. Hori proletarioen diktadura hedatzeko plataforma eta bitartekoa zen, eta ez soilik indarrak modu baketsuan metatzeko bidea –ordura arte Bigarren Internazionalak babestutako posizioa– [7].

Edonola ere, ekoizpen-modu berri bat finkatzeko ikuspuntutik, botere politikoa hartzea ez zen nahikoa. Hala, proletarioen diktadurak eta, jakina, Internazional Komunistaren sorrerak ez zuten, berez, programa historikoaren gauzatzea ordezkatzen. Proletarioen botere politikoak, izateko arrazoirik badu, Marxek behinola “gizartearen berreraikuntza ekonomiko” [8] izendatu zuen horretan bitarteko aktibo izatea baino ez da. Errusiako iraultza eta XX. mendeko komunismoa historia unibertsalaren aurrerapen bihurtzen dituen bigarren ezaugarria da, hain zuzen ere, lehen aldiz planteatzen dutela klase-borrokaren fase honen oinarrizko zeregina: sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa. Hori da, lan sozialaren indar produktiboen garapena produkzio-harreman berri batzuen arabera, lan hori gizarteko kideen artean antolatzeko modu berri bat adierazten dutenak.

Errusiako iraultza eta XX. mendeko komunismoa historia unibertsalaren aurrerapen bihurtzen dituen bigarren ezaugarria da, hain zuzen ere, lehen aldiz planteatzen dutela klase-borrokaren fase honen oinarrizko zeregina: sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa

Hala pentsatzen zuen Leninek berak ere: “[Esplotatzaileen gaineko] indarkeria iraultzaile honen oinarri ekonomikoa, bere bizitasun eta arrakastaren bermea, proletariotzak kapitalismoak baino lanaren antolaketa sozial hobeagoa praktikan jartzean datza” [9]. Hori kontuan hartuta, botere sobietarraren bidezko gizartearen autogobernua aldi berean da helburu eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikorako bitarteko. Helburu da metabolismo soziala modu demokratikoan baino ezin delako era kontziente eta arrazionalean arautu. Bitarteko da, ordea, indarkeria zentralizatzen duen edozein aparatuk, bere indarrak ekoizpen-harremanen eraldaketaren zerbitzura jartzen ez baditu, azkenerako baldintza ekonomiko batzuk erreproduzituko dituelako, botere sobietar moduan duen artikulazioa desegingo dutenak, eta horrek gizartearen autogobernua eta, ondorioz, harreman ekonomikoen eraldaketa bera eragotziko lukeelako. Boterearen forma politikoa eta bere eduki ekonomikoa, neurri horretan, txanpon beraren bi aldeak dira, eta bere aurrerapenak zein atzerapenak eskutik helduta daude.

Marxek esan zuen bezala, “gizarte-egiturarik ez da desagertzen haren barruan sartzen diren ekoizpen-indar guztiak garatu baino lehen” [10], Leninek esan zuen “lanaren produktibitatea da, azken batean, garrantzitsuena erregimen sozial berriaren garaipenerako” [11]. Ekoizpen-indarren garapenik gabe, ezinezkoa da aberastasunaren forma kapitalistatik askatzea, lanaren produktibitate-maila jakin bat aintzat hartuta modurik egoki eta eraginkorrena bezala betikotzen baita. Lanaren produktibitate handia handi batek bakarrik ezaba ditzake gainlana erauzteko eta klasea esplotatzeko eta menperatzeko pizgarriak, ekoizpenaren eta garapen sozialaren motor gisa. Horregatik, lan-denbora beharrezkoa ahalik eta gehien murriztearekin batera, Kapitala gero eta alferrikakoagoa da erreprodukzio sozialerako modu gisa. Horrela, lanaren eta bere produktuaren banaketa ekitatiboa –bakoitzaren gaitasunen eta beharren arabera [12]– giza komunitateko kide guztiak antolatzeko modurik eraginkorrena eta arrazionalena da.

Lanaren produktibitate handia handi batek bakarrik ezaba ditzake gainlana erauzteko eta klasea esplotatzeko eta menperatzeko pizgarriak, ekoizpenaren eta garapen sozialaren motor gisa. Horregatik, lan-denbora beharrezkoa ahalik eta gehien murriztearekin batera, Kapitala gero eta alferrikakoagoa da erreprodukzio sozialerako modu gisa

Ekoizpen-indarren garapenak alferrikako bihurtzen du gainlanaren erauzketa, ez soilik bidegabe edo doilor. Bestela esan, bidegabe bihurtzen da, bai ikuspuntu moraletik, bai historikotik; hau da, azken batean determinatzailea eta erabakiorra den ikuspuntutik. Zientziaren aplikazio teknologikoa eta kontzienteki erregulatutako makineria-sistema gizakia baino gehiago eta hobeto ekoizten hasten denean, gizakiak lan-prozesuaren faktore bizi gisa duen funtzioa baztergarria eta are kaltegarria izaten hasten da, eta, hala, baita haren esplotazio ekonomikoa ere, produkzio-tresna gisa. Komunismoak joera bat burutu eta gauzatu besterik ez du egiten, ekoizpen kapitalistan inplizituki jarduten duena gizartea proletarizatzen denean, gainpopulazio erlatiboa handitzen denean eta erreserbako industria-armada handitzen denean.

Desjabetuak klase dominante gisa antolatzearekin batera, errepublika sobietar gaztearen meritua ez datza lanaren produktibitatea sekulako epean igotzean, baizik eta zeregin hori kolektiboki eta kontzienteki planteatzean, hau da, zeregin hori planteatzen eta egikaritzen den moduan. Kapitalismoak inkontzienteki eta zeharka baino ez du hori exekutatzeko gaitasuna, alegia, jabe pribatuen arteko lehiaren bidez. Kontrara, sobietarren errepublikak bere proletario kontzienteen armadaren lankidetza planifikatuaren bidez egin zuen. Botere proletarioaren eskura dauden ekoizpen-tresnen antolaketa zentralizatuak, lan sozialaren organoak erlazionatzeko modu berri bat gorpuzteaz gain, lanaren indar produktiboa handitzea ere suposatu zuen; izan ere, haren konbinazio antolatuak, erabat sozializatutako lanak eta lankidetza kontzienteak aurrezpena eta ekonomizazioa ekarri zituen, gaitasun horien enplegu desantolatuarekin konparatuz: “[...] lankidetza-modua [...] ‘indar produktibo’ bat da” [13], eta hori bera bihurtu zen Errusiako lurraldean langile kolektiboa, botere sobietarraren zuzendaritza zentralizatuaren pean tresna bateratua zen heinean. Bai berehalako lan-prozesuaren antolaketari dagokionez, bai prozesu historikoaren azelerazioari dagokionez, boltxebismoak Marxen epaiaren egia frogatu zuen: “klase iraultzailea da indar produktibo handiena” [14].

Botere sobietarrak eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikorako saiakerak mundu osoko proletarioentzat eredu edo erreferentzia egiaztagarri bihurtu zuten komunismoaren programa historikoa. Iraultzaren bidez ezarritako eredu sozialaren errealitate efektiboa hasi berri den historiako aro berri baten atzeraezintasunaren zantzua da. Gainera, kapitalismoaren arrazionaltasun historikoaren marjinaren agorpena adierazten du, eta horren iraungipena ez da deklaratu behar soilik, baizik eta bide praktikoaren bidez frogatu behar da. Horrek joan den mendeko komunismoaren garrantzi historiko-unibertsalaren ezaugarrietako hirugarrena sartzen du: bere berehalako konkista politiko eta ekonomikoek iraganeko porrotak konpontzen dituzte, etorkizuneko konkistak proiektatzen dituzte, eta, horrela, egungo aukeren tartea zabaltzen dute. Komunismoak alternatiba zibilizatzaile baten erreferente kultural gisa modu objektiboan indarra hartzeak esan nahi du alternatiba horrek praktikan erakusten duela bere ezaugarri diren arauak inposatzeko eta normalizatzeko gaitasuna, halako moldez non berez onartzen baita, kanpoko inolako inposaketarik gabe, gizarte-erakundeen sistema berriaren legitimitatea. Zentzu horretan esan daiteke Urriak komunismoaren normalizazioa ekarri zuela –baita bere naturalizazioa ere– alternatiba zibilizatzaile gisa, eta, hala, hau Hegelek Geist edo “espiritu” gisa ulertzen zuen horren aurrerabidean etapa berri gisa sartzera behartuz. Komunismoa nola edo hala saihetsezina zelako ideia guztiz zabaldua zegoen garai hartan, eta hori plano kulturalean gauzatutako ofentsibaren ikuspuntutik azal daiteke: imajina daitekeen horren eremua, posible denaren eta ez denaren multzoa antolatzen duten arauen sistema, gizartearen erabateko eraldaketaren ortzi-mugak definitzera igaro zela. Areago, errealitatearen errepresentazioa, soilik intuitiboa edo teorikoki sofistikatua, ideologikoa edo zientifikoa, iraultzak botere historiko erreal gisa zuen presentziak definitutako esparru baten pean geratzen zen.

Iraultzaren bidez ezarritako eredu sozialaren errealitate efektiboa hasi berri den historiako aro berri baten atzeraezintasunaren zantzua da. Gainera, kapitalismoaren arrazionaltasun historikoaren marjinaren agorpena adierazten du, eta horren iraungipena ez da deklaratu behar soilik, baizik eta bide praktikoaren bidez frogatu behar da

Atmosfera horrek bakarrik azal ditzake baieztapen hauek: “botere sobietarraren garaipena mundu osoan ziurtatuta dago. Denbora kontua besterik ez da” [15]. “Ortzi-mugak” ikus daitekeenaren eremuari egiten badio erreferentzia, komunismoa ortzi-muga historiko gisa ezartzeak esan nahi du balizko gertaeren katea edo “ageriko” gertakarien katea gizarte-eredu goren baten hasieraren eta behin betiko ezarpenaren arteko urrats gisa soilik pentsa daitekeela. Behin iraultza boltxebikea gertatuta, historiak ez du zentzurik iraultzaren Errusiako hasierako garaipenaren eta mundu mailako etorkizuneko Sobietar Errepublika ezartzearen arteko tarte gisa baino. Gainerako guztia osagarria da. Eta garai oso bateko baldintza hori, nolabait, atzeraezina da: “Kapitalaren aurkako borroka gogor eta latza arrakastaz hasi da Errusian. [...] Eta borroka hau Sobietar Errepublika mundialaren garaipenarekin amaituko da” [16].

Bide hori hasi, hasi zen, baina, gertaera historikoen argitan, argi dago ez dela amaitu. Hala ere, esperientzia komunistaren arrakasta eta porrota ezin dira alde bakarretik ebaluatu. Bere arrakasta erabatekoa izan balitz, komunismoa birpentsatzeko eta praktikan jartzeko lana alferrikakoa izango litzateke, iraultzaren programa aspaldi burutua izango baitzen. Ordea, bere porrota absolutua izan balitz, proletarioen esperientzia iraultzailea zaku hautsian eroriko zatekeen, ondare objektiborik utzi gabe, askotariko tresna organizatibo, politiko eta kulturalik utzi gabe. Hain zuzen ere, tresna horietatik abiatuta eguneratu daiteke proletarioen ekintza-programa orainaldiko koiunturan. Iraultzaren historiarekiko jarrera haztatu hori da moralismo subjektibistara edo materialismo arruntenera desbideratzen ez den judizioa ahalbidetzen duen bakarra: lehena kritika huts eta abstraktuan erortzen da, eta bigarrenak, berriz, aldez aurretik edozein kritikaren posibilitatea baztertzen du. Esperientzia iraultzaileaz materialismo historikoan oinarritutako epai batek ez du ezartzen erabateko bereizketarik –moralismoak bezala– programa komunistaren –bere adiera idealenean– eta XX. mendean benetan egon zen komunismoaren artean, eta, aitzitik, ez ditu bi horiek erabat identifikatzen, zerbaiten errealitatea edo existentzia haren justifikazioarekin nahastuz –materialismo arruntak dogmatikoki egiten duen bezala–. “Desberdintasunaren batasun” horrek ahalbidetzen du iraultza proletarioaren lehen saiakera komunismoaren programa historikoaren adierazpen objektibo gisa ulertzea, bere azken helburuen lehen gauzatze arrazional gisa, eta, era berean, adierazpen objektibo hori ebaluatzea, bere barneko muga eta gabezia guztien argitan, hau da, gauzatzea lortu ez zuen programa historikoarekiko kontrastean.

Esperientzia komunistaren arrakasta eta porrota ezin dira alde bakarretik ebaluatu. Bere arrakasta erabatekoa izan balitz, komunismoa birpentsatzeko eta praktikan jartzeko lana alferrikakoa izango litzateke, iraultzaren programa aspaldi burutua izango baitzen. Ordea, bere porrota absolutua izan balitz, proletarioen esperientzia iraultzailea zaku hautsian eroriko zatekeen, ondare objektiborik utzi gabe, askotariko tresna organizatibo, politiko eta kulturalik utzi gabe

Gutxienez, iragan mendeko komunismoak ekarri zuen aurrerapen historikoaren hiru alderdi aztertu dira: proletarioen diktadura botere sobietarraren forman, ekonomia sozialistaren eraikuntza kontzientea eta iraultzaren erreferentzia kulturala garai oso baten horizonte zibilizatzaile gisa. Bukatzeko, hurrengo auziak argitu behar ditugu: batetik, zer zentzutan diogun XX. mendean programa komunistaren gauzatze eraginkorra mugatua izan zela; eta, bestetik, zergatik egin behar izan zien aurre haren garapena baldintzatu eta oztopatu zuten muga batzuei. Hau da, kritika materialista bat egin behar dugu: fenomeno edo prozesu baten mugak argitu, bere barne helburuen ikuspegitik. Kasu honetan, benetan existitu zen komunismoaren prozesua ebaluatu behar da komunismoaren programa historikoaren argitan, hau da, lehen prozesu horrek burutu ezin izan zuen programaren edo helburuaren argitan. Horretarako, berreskura dezagun gorago aipatutako Leninen baieztapena: “lanaren produktibitatea da, azken batean, garrantzitsuena erregimen sozial berriaren garaipenerako” [17]. Jakina da, mendearen hasieran Errusiak gabezia bat zuela, hain justu, lanaren produktibitatearen garapen eskasa; horrek, gainera, Alemaniako iraultzaren mendeko bihurtzen zuen. Alemaniar iraultzaren porrot tragikoak errusiar iraultzaileak egoera batean jarri zituen non erabateko heroikotasunak bakarrik ahalbidetuko zuen boterean irautea. Garai hartan, indar guztiak bildu behar ziren subsistentzia-ekonomia izatera apenas iristen zen eta herritarren bizitza erreproduzitzeko ia gai ez zen ekonomia bizirik mantentzeko, zeina mundu gerrak, gerra zibilak, barne erreboltek eta sabotaje amaigabeek suntsiturik baitzegoen.

Egoera zail horrek salbuespenezko neurriak eskatu ziren. Lehenik eta behin, boterea ezinbestean esku gutxitan kontzentratzea: botere zentralizatu batek baino ezin zuen une horretan gizarte-deskonposizio osoa saihestu eta erreprodukzio ekonomikorako gutxieneko baldintzak bermatu, baldin eta botere horren autoritatea zalantzan jartzen edo oztopatzen ez bazen. Horren ondorioz, botere sobietarra Alderdiaren eta bere kupula txikiaren instantzien gero eta menpekoago bihurtu zen, eta masek, zeinak ez baitziren erabat txertatuta boterean [18], denbora igaro ahala pizgarri gutxiago zituzten horretarako, erakunde publiko eta produktiboen zuzeneko kudeaketatik kanporatuak baitzeuden. Boterea modu bertikalago eta autoritarioagoan aplikatzeak, kasu askotan boterea erabiltzen zuen klaseko kideen borondatearen aurka, diktadura proletarioaren forma arrazionalaren hondatzea eta deuseztapena ekarri zuen. Horrela, botere sobietarra kontrolik, ezeztagarritasunik eta mandatu inperatiborik –errepublika komunalaren forma definitzen duten elementuak– gabeko botere-forma batzuek ordezkatu zuten.

Hortik bigarren oztopo bat dator. Gorago esan bezala, metabolismoa naturarekin sistematikoki eta zentzuz erregulatzea, lana erabat sozializatzea, soilik posible da behetik demokratikoki antolatzen bada; hau da, ekoizleak plangintza ekonomikoaz eta lan-prozesua gauzatzeaz jakitun diren organo gisa agertzen badira. Estatu-Komunaren berezko mekanismo demokratikoak kontrol- eta diziplina-mekanismo bertikal bihurtu ziren unean, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa bera zaildu zen, ezinezko bihurtzeraino. Botere sobietar baten pean ez bada, ekoizleek ulertzen ez dituzten esanak obedituko dituzte, berarekin bat egiten ez duten lan-prozesu batean hartuko dute parte. Eurenak ez, baizik eta metaketa-prozesu batenak diren beharrak asetzen dituzte, zeinaren bitartekoak eta helburuak nekez harmoniza daitezkeen ekoizpen komunistak eskatzen dituenarekin. Horrek guztiak, normala denez, ekonomia kapitalistaren dinamika bereizgarri guztiak pixkanaka indartzea dakar berekin, eta, azkenean, ekonomia horrek ohiko ereduaren arabera berreraikitzen du bere burua. Azkenean, ekoizpena da, berriz ere, ekoizleak menderatzen dituena, eta ez alderantziz.

Estatu-Komunaren berezko mekanismo demokratikoak kontrol- eta diziplina-mekanismo bertikal bihurtu ziren unean, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa bera zaildu zen, ezinezko bihurtzeraino. Botere sobietar baten pean ez bada, ekoizleek ulertzen ez dituzten esanak obedituko dituzte

Azkenik, eredu ekonomiko-politiko iraultzailea eredu kapitalista zaharrarekin parekatzeak borroka-esparru bat inposatu zuen. Horrela, zibilizazio-blokeen arteko lehia lehenengoarentzat izan zen kaltegarria, eta aldez aurretik porrotera kondenatu zuen nahitaez indartsuagoa zen etsai baten aurrean, metaketa-eredu kapitalistak ezartzen baitzituen jokoaren arauak. Pixkanaka ilundu egin ziren komunismoaren erreferentzialtasun kulturala eta komunismoak produkzio kapitalistarekiko alternatiba zibilizatzaile gisa zituen ezaugarri bereizgarriak. Azkenean, agortu egin zen eraldaketa historikorako zuen potentziala, halako moldez non bere eredu soziala, azkenean, langile multzo zabalentzat ere arbuiagarria baitzen –pentsa dezagun soilik ekialdeko Alemaniako, Hungariako edo Txekoslovakiako langileen matxinadetan–. Orainaldi historikoaren baldintzak errotik eraldatzeko aukera itzali egin zen, eta bigarren maila batean gelditu zen sortzen ari zen mundu berri baten espiritua moralizatzeko eta masetan sartzeko zuen gaitasuna; izan ere, azkenean, Ordenaren Alderdiaren eta haren fakzio sozialdemokrataren programekin erabat parekatutako programen mende jarri ziren proletarioak.

Horrek guztiak esan nahi du ez zeudela iraultza komunista baterako beharrezko baldintzak? Horrek esan nahi du agian akatsa sozialismoa ezartzeko eta Kapitalari halako erasoaldia egiteko ahalegina bera izan zela? Erreakzio sozialdemokrata-mentxebikeak (Kautsky eta baita Europako erreformismoaren buru eta ideologo asko) azpimarratu zuen Errusiak ez zituela iraultza komunista baterako baldintza ekonomiko-kulturalak betetzen. Haien ikuspuntutik, horrelako edozein saiakera alferrikakoa zen eta ezinbestean porrot egitera kondenatua zegoen, eta boltxebikeek Kapitalaren aurka egindako eraso-eredua, ikuspegi horretatik, eraso goiztiar, boluntarista eta historiaren joera objektiboen aurkakoa zen. Leninen eta boltxebikeen jarrera, aldiz, historiaren subjektuak erantzukizuna bere gain hartu behar zuen, ez zen kanpotiko begirada hutsa izan behar. Erantzukizun horrek gizartea eraldatzeko erabakia ekarri zuen, ekintza horren balizko ondorioak aldez aurretik ezagutu gabe. Leninek argi eta garbi aitortu zuen Errusiak ez zituela iraultza arrakastatsu baterako baldintzak betetzen, eta, horrez gain, mespretxu handienarekin trufatu zen bolbora deskubritzen ari balira bezala hartan tematzen zirenez. Hain zuzen ere, garapen historikoaren gidaritza beren gain hartuz sekula guztiz “emandakoak” izango ez diren baldintza batzuk sortuko dira, ekintza kolektibo antolatuaren aurretik eta harekiko modu independentean. Marxista batentzat ez luke zentzurik baldintza horiek magikoki edo modu espontaneoan noiz sortuko zain geratzeak. Horrela islatzen du Leninek, bere hitz-jario bereizgarriarekin: “Gogoan dut Napoleonek idatzi zuela: ‘On s'engage et puis... on voit’, eta horrek, libreki itzulita, hau esan nahi du: ‘lehenbizi borroka serioa hasi behar da, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den’. Guk, 1917ko urrian, lehenbizi borroka serioa hasi genuen, eta gero garapenaren xehetasunak ikusi ditugu” [19].

Proletariotza iraultzaileak sozialismoa eraikitzeko lan ikaragarria hasi zuen hura burutzeko baldintzak sortzen baino ez zeuden testuinguru batean. Bere arrakasta, partziala eta burutugabea izan arren, beste katebegi bat da baldintzen katean, eta, hemen eta orain, iraganean irekitako bide bati berriz ekitea ahalbidetzen dute [20]. Urriak historia unibertsalaren geroko aurrerabidearen oinarriak finkatzen dituen neurrian, XX. mendeko esperientzia komunistaren funtsezko elementuak lantzen eta garatzen dituelako soilik izango du zentzua. Esperientzia horrek bestela arakatu gabe geratuko zen aukera bat zizelkatzeko eta hari forma emateko balio izan zuen: proletariotza klase dominante bihurtzea botere sobietarraren bidez, kontseilutan antolatuta; ekoizpen-harremanen eraldaketa kontzientearen bidez sozialismoa eraikitzea; gizabanakoen praktika espontaneoan ezarri nahi den zibilizazio-ordena eraikitzea. Rosa Luxemburgek ederki gogoratzen digunez, “boltxebismoari dagokio botere politikoaren konkistan eta sozialismoa gauzatzeko arazoaren kokapen praktikoan nazioarteko proletarioen buru izan izanaren sari historiko betierekoa , Kapitalaren eta lanaren arteko mundu mailako lehian aurrerapauso handia eman izanarena. Errusian arazoa planteatu baino ezin zen egin. Ezin zen konpondu. Eta, alde horretatik, etorkizuna leku guztietan ‘boltxebismoari’ dagokio” [21]. Hitz horiek baliagarriak izaten jarraitzen dute, eta, gainera, denboraren joanak haien egia berretsi eta areagotu du.

Urriak historia unibertsalaren geroko aurrerabidearen oinarriak finkatzen dituen neurrian, XX. mendeko esperientzia komunistaren funtsezko elementuak lantzen eta garatzen dituelako soilik izango du zentzua. Esperientzia horrek bestela arakatu gabe geratuko zen aukera bat zizelkatzeko eta hari forma emateko balio izan zuen

ERREFERENTZIAK

[1] Lenin, V., (2000), La Tercera Internacional y su lugar en la historia [https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/1910s/iv-19.htm]

[2] Marx, K., (2000), Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia, [https://www.marxists.org/espanol/m-e/1850s/brumaire/brum1.htm#i]

[3] “Proletalgoaren diktadura ere klase borrokaren aldi bat da, aldi saihetsezina klaseak deuseztatzen diren artean”. Lenin, V, (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso argitaletxea, Mosku, 91.or.

[4] “Zer da botere sobietarra? Zertan datza herrialde gehienetan oraindik ulertu nahi edo ezin duten botere berri horren esentzia? Egunetik egunera nazio guztietako langileak gehiago erakartzen dituen esentzia horren funtsa da Estatua, lehen, aberatsek edo kapitalistek gobernatzen zutela modu batera edo bestera, eta, aldiz, orain kapitalismoak zapaltzen zituen klaseek agintzen dutela lehenbiziko aldiz (eta, gainera, masan)” Lenin, V., (1981), ¿Qué es el poder soviético?, Obras Completas, 38. liburukia, Progreso argitaletxea, Mosku, 238-239.or.

[5] “Erregimen sobietarra demokrazia maximoa da langile eta nekazarientzat, eta, halaber, berekin dakar demokrazia burgesarekin apurtzea eta demokrazia mota berri bat sortzea, garrantzi historiko-unibertsala duena: demokrazia proletarioa edo proletalgoaren diktadura”. Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso argitaletxea, Mosku, 161.or.

[6] Lenin, V., (1975) El estado y la revolución, Ayuso argitaletxea, Madril, 41.or.

[7] “III. Internazionalaren, hots, Internazional Komunistaren munta historikoa zera da: praktikara eramaten hasia dela Marxen kontsigna garrantzitsua, sozialismoaren eta langile-mugimenduaren garapen sekularraren laburpena den kontsigna, kontzeptu honetan adierazia: proletalgoaren diktadura.”. Lenin, V., (2000), La Tercera Internacional y su lugar en la historia, [https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/1910s/iv-19.htm]

[8] Marx, K., Salario, precio y ganancia. [https://www.marxists.org/espanol/m-e/1860s/65-salar.htm]

[9] Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso editoriala, Mosku, 89.or.

[10] Marx, K., (2001), Prólogo a la Contribución a la Crítica de la Economía Política, [https://www.marxists.org/espanol/m-e/1850s/criteconpol.htm]

[11] Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso editoriala, Mosku, or. 100.

[12] Marx, K., (1979), Glosas marginales al programa del Partido Obrero alemán, Ediciones en Lenguas Extranjeras, Pekín (Beijing), República Popular China.

[13] K. Marx & F. Engels, (1959), La ideología alemana, Montevideo: Pueblos Unidos, Trad. al castellano de Wenceslao Roces.

[14] Marx, K., Miseria de la filosofía, Ediciones en Lenguas Extranjeras, Moscú 

[15] Lenin, V., (1981), Dos años de poder soviético, Obras Completas, tomo 39, liburukia, Progreso argitaletxea, Mosku, 289-291.or. 

[16] Lenin, V., (1981), Dos años de poder soviético, Obras Completas, tomo 39, liburukia, Progreso argitaletxea, Mosku, 289-291.or. 

[17] Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso argitaletxea, Mosku, 100.or.

[18] “Hitzez, aparatu sobietarra langile guztientzako dago eskuragarri, baina, praktikan, guztiok dakigunez, oso urrun dago horretatik [...] Izugarrizko lana behar da hezkuntzan, kulturan eta antolakuntzan”. Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso argitaletxea, Mosku, 65.or.

[19] Lenin, V., (1971), La cultura y la revolución cultural, Progreso argitaletxea, Mosku, 204.or. 

[20] Ideia hau Rosa Luxemburgek bere ohiko distiraz ikusi zuen Bernstein errebisionistaren aurka, baita 1905eko Errusiako Iraultza (lehenengoa) baino lehen ere: “Ezinezkoa izango da saihestea proletalgoak Estatuaren boterea ‘behar baino lehenago’ hartzea; izan ere, proletalgoaren ‘behar baino lehenagoko’ eraso horiek faktore bat dira, azken garaipena lortzeko baldintza politikoak sortzen dituena, faktore zinez garrantzitsua. […] Proletalgoak Estatuaren boterearen aurka egindako ‘behar baino lehenagoko’ eraso horiek beren horretan faktore historiko garrantzitsuak dira, eta behin betiko garaipenaren unea sorrarazten eta determinatzen dute. Ikuspuntu horretatik ikusita, langile klaseak botere politikoa ‘behar baino lehenago’ konkistatzearen ideiak prozesu sozialearen kontzepzio mekaniko baten ondoriozko absurdo politiko bat dirudi, zeinak klase borrokaren garaipenari klase borrokatik kanpo eta harekiko modu independentean finkatutako une bat ematen baitio”. Luxemburgo, R., (2009), Reforma o revolución, Biblioteca Pensamiento Crítico, Madril, 98.or.

[21] Luxemburgo, R., La revolución rusa, Akal, Madril, 2019, 71.or.


EZ DAGO IRUZKINIK