ARGAZKIA / Gaizka Azketa
2021/11/01

Duela bospasei urte tradizio politiko bat auzitan jartzen ari ginen gutako asko Euskal Herrian, eta horretan jarraitzen dugu gaur-­gaurkoz. Borondate iraultzaile batek gidatutako kezka zen hura, frogatzen ari zelako desegokiak zirela politika egiteko genituen erreminta teorikoak nahiz praktikak.

Plano orokor batetik begiratuta, esan dezakegu bi faktore elkarlotu zirela garai hartan. Alde batetik, krisi ekonomikoak eraginda, pixkanaka desegiten hasi ziren ertain klaseko kultura –posmodernismoa, interklasismoa eta abar– eta erdi mailako klasearen egituraketa soziala. Prozesu hori, neurri handi batean, gazte belaunaldien artean ari zen errotzen. Langileriaren interesak defendatzeko, kultura politiko estatalista-parlamentarioa eta interklasista jadanik ez ziren eraginkorrak, eta deskonposizio horren lehen adierazpen teorikoak ere ari ziren agertzen. Hastapenetako gida-liburu izan ziren horiek guretzat. Testuinguru horretan, ordea, Ezker Abertzaleak iruditegi erradikala alboratzeko erabakia hartu zuen, baita bere jardunaren erdigunea instituzio burgesetan kokatzeko erabakia ere. Bi aldagai horien arteko loturak –proletarizazioa, batetik, eta Ezker Abertzalearen asimilazioa, bestetik– Ezker Abertzaleari zein proposamen politiko interklasista orori kritika integral bat egiteko testuinguru aproposa sortu zuen. Belaunaldi gazteak zeuden horren guztiaren zentroan, haiek zituztelako kritika hori azken bururaino eramateko baldintza egokienak. Horrenbestez, elkarlotuta gertatu ziren estrategia politiko jakin baten amaiera eta koiuntura ekonomiko zehatz baten bukaera.

Belaunaldi gazteak zeuden horren guztiaren zentroan, haiek zituztelako kritika hori azken bururaino eramateko baldintza egokienak. Horrenbestez, elkarlotuta gertatu ziren estrategia politiko jakin baten amaiera eta koiuntura ekonomiko zehatz baten bukaera

Duela bospasei urte arte, «ofizialismoak» kontrolatzen zuen, zuzenean edo zeharka, Euskal Herriko ezker militantearen panorama, ia bere osotasunean. Nolakoa zen, ordea, Ezker Abertzalea? Ezker Abertzalearen garaiko funtzionamenduari erreparatuta, dogmatismoak, hierarkiek eta itxitasunak ezaugarritutako espazio politikoa zela esan daiteke. Apenas eztabaidatzen zen han, prozesu horiek zuzendaritza auto-legitimatzeko funtzioa betetzen zuten, eta hierarkien pisuak arrazoi bidezko argudiaketa ordezten zuen. Gure ikuspegia bestelakoa zen, ordea: militante helduagoen sakrifizioak aitortuta ere, haien «merituak» ezin ziren erabili zenbait posizio beren kabuz legitimatzeko, tesi ezberdinen arteko eztabaida arrazionala ordezkaezina baitzen. Egoera horrek espazio politiko horrekiko etsipena eragin zuen gugan, denboran mailakatuta eta norbere esperientzia pertsonalaren arabera. Laburki esanda, Ezker Abertzalea ez zen estrategia sozialista berritu bati bidea irekitzeko espazio egokia, oinarri militantearen gehiengoa testuinguru politiko berrian eroso zegoelako –ertain klasekoa baita, neurri handi batean– eta eztabaidarako prestutasun falta zegoelako.

Eremu politiko ezberdinetan –ez bakarrik Ezker Abertzaleko antolakundeetan– lanean ari zen jendea elkartzetik jaio zen geroago Mugimendu Sozialista izendatu duguna, «minimo» politiko batzuk adostu eta gero: interklasismoari kritika, eta proletalgoaren independentzia politikoaren arabera jardutea. Ordutik, lehenengo premisa ardatz hartuta eta bigarrena jardun politikoaren oinarri izanda aritu gara lanean. Oinarri horiek gure gain hartuta, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekin, Ezker Abertzalearekin eta herri mugimenduaren oinarri nagusi batzuekin ari ginen hausten, nahi eta nahi ez. «Minimo» horien arabera jardutea ez da gauza erraza; herri mugimendua, adibidez, menpekotasun interklasista horren ageriko adibidea da. Gure ustez, proletalgoaren jardun independenteak bi aspektu lotzen ditu batez ere: ideologia-independentzia eta antolakuntza-independentzia. Lehenengoa ez da auzi teoriko batera mugatu behar, inola ere. Ideologia-independentziak ikuspegi –kultura– politiko komunista eratzeari eta hori proletalgoaren artean nagusi bihurtzeari egiten dio aipamena. Antolakuntza independentea, berriz, kapitalismoaren bitarteko orokorrekiko menpekotasunik gabe garatu behar da derrigor: soldatapeko lanarekiko, diruarekiko, estatu/burokraziarekiko eta aparatu ideologiko kapitalistekiko menpekotasunik gabe, alegia. Horrek guztiak borondate militante irmo, arrazional, konprometitu eta etiko bat eskatzen ditu. Horrela ulertzen dugu guk komunismoa.

Eremu politiko ezberdinetan lanean ari zen jendea elkartzetik jaio zen geroago Mugimendu Sozialista izendatu duguna, «minimo» politiko batzuk adostu eta gero: interklasismoari kritika, eta proletalgoaren independentzia politikoaren arabera jardutea

Ordutik hona lau bat urte igaro dira, eta gure jarduna ikasketa prozesu bat izan da une oro. Erraz azaltzeko, kritika bitarikoa izan dela esan dezakegu; kanpora eta barrura begirakoa. Gutaz haragoko posizio politikoei egindako kritika agendari egokituta egon da; eztabaida teorikoen bitartez gure ikuspegiak mamitu ditugu, baita diskurtso propioaren hutsuneak identifikatu eta marko teoriko apropos batekin ebazteko aukerak ireki ere. Zenbaitek zabaldu nahi izan duenaren aurka, gure jardunaren inguruko kritika ere etengabea izan da urte hauetan zehar. Izan ere, hastapenetan erreferente izan genituen zenbait ikuspegi teoriko kritikatu ditugu –denborarekin batzuetara ere itzuli gara–, zenbait dogma hautsi ditugu –identitarismoa, fideltasun irrazionala, lanaren banaketarekiko aurreiritzi anarkista, jardun demokratikoarekiko mesfidantza, asanblearismoa eta abar–, eta antzeko erronkak ditugu orain ere. Horrenbestez, kritikak ez ditugu gailentasun moral gisa ikusi behar; zentzu politiko eta taktikoan ulertu behar ditugu.

Eztabaida teorikoen bitartez gure ikuspegiak mamitu ditugu, baita diskurtso propioaren hutsuneak identifikatu eta marko teoriko apropos batekin ebazteko aukerak ireki ere

Azken urteei buruzko balorazio bat eginda, Mugimendu Sozialistaren hainbat bertute eta arrisku zerrendatuta amaituko dugu zenbaki honetako editoriala. Asmatu dugu, besteak beste, grina iraultzailea mantentzen eta erreproduzitzen. Ahalegin etengabea egin dugu ikuspegi komunista hedatu dadin, gero eta jende gehiago batuz militantziara eta etengabe berrituz gure antolakuntza-bitartekoak. Horretarako, anbizioz eta inteligentziaz –proportzionaltasunez– jarduten saiatu gara, baita gure estrategiari berrikuntza teorikoak gehitzen ere. Berrikuntzen artean aipagarriena da, agian, sozialismoa prozesu modura ulertu izana. Horrekin, boterea hartu osteko auzi modura kokatu beharrean, auzi iraunkor gisa kokatu dugu harreman ekonomikoen iraultzea; alegia, eginbehar iraunkor gisara. Horrek antolakuntza-eredua interpelatzen du zuzenean, abangoardia intelektual izatetik abangoardia integral izatera igaroko bailitzateke alderdia. Amaitzeko, ohartarazpen bat: kontuz ibili behar dugu gure baitan ixtearekin, irudimen politikoa izatea buruzagi gutxi batzuen kontua dela pentsatzearekin, anbizio faltarekin edota iniziatiba galtzearekin. Balio horiek guztiak modu egokian administratu izanak eraman gaitu, urte gutxian, indar politiko –xume– bilakatzera, eta are beharrezkoagoak izango dira hemendik aurrera. Argi gera dadila, bestalde, komunismoa egingarri izan dadin, berau proiektu internazionala izatea dela baldintza, eta ondorengo urteetan bide horretan egin beharko dugula ekarpena.

Berrikuntzen artean aipagarriena da, agian, sozialismoa prozesu modura ulertu izana

Zenbaki honek balio beza azken urteetako garapena eta egungo erronkak hobeto konprenitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK