Bi fenomeno hauen artean, mundu gerraren eta munduko iraultzaren artean, badago lehen begiratu batean ikusezina den elkarrekiko harreman bat; tamaina kosmikoko gertakizun beraren bi alde dira, optika zehatz baten pean bata bestearekiko korrelatiboak direnak, hauen jatorriari eta agertzeko moduari dagokionez
- Ernst Jünger, Mobilizazio Totala
“Baina inperio bat nahi izanez gero egingo dizut,
Baina setio bat nahi izanez gero egingo dizut,
Baina naufragio bat nahi izanez gero, tori”
- Gata Cattana, Nada Funcionando
1848ko iraultza olatuak kontuak kitatuko ditu proletariotzarekin, artean jaio berria eta plaza politikoan laguntzarik gabe jarduten hasia. Pasarte historiko horren ondotik, burgesia boterean pausatuko da, mendearen ekuatore aztoratu horren zatien gainean, gizarte kapitalistaren eta bere maneren ezarpenaren prozesu luzeak sortutako zatien gainean. Gizarte modernoaren bastioiak hasierako zesura odoltsuari esker existituko dira, eta horren gainean eraikiko dira. Apurka-apurka paisaia berri eta berariazko baten ingeradak irudikatzen hasiko dira, lurrunaren eta tximinia luzeen kearen gris trinkoak bernizatuak, berezko handitasunean kapitalaren eta haren gorabeheren mendetako kredo gordina laudatuko dutenak. Industria iraultzek lur emankorrentzako zimenduak jarriko dituzte, eta horien gainean haziko dira gizarte kapitalistak; horrela, munduan zehar sustraiak errotzeari ekingo diote, eta orduan erregealdi horri aurrekaririk gabeko hedadura eta boterea emango diote. Modu horretan, Europa, zeina XIX. mendearen hondarretan maila kualitatibo zen kuantitatiboan nekazaritza-jarduerak zedarritako ekonomiak dituzten herrialdeek osatua baitago, eraldaketa edo garapen industrialaren protagonista izango da, eta munduko garapen koordenada berriak arautuko ditu. Makineria eta industria handiaren garaia izango da, komunikazio eta asmakizunena.
Haren eskutik eta arau horiei jarraikiz, forma hartuko du gutxika munduaren eraldaketa kapitalistak, hau da, horri berari eduki bateratua emateko ekinbide luzeak. Potentzia helduek periferiako herrialdeei garapenaren lasterketan parte hartzeko egindako gonbidapen amarrutsu eta ez bereziki adiskidetsuak batasun espezifiko bat emango dio munduari, lodiagoa, bakoitzari egokitutako tokiaren mugak garbi irudikatuko dituena. Bi piezatako muntadura: alde batean zentro inperialista, non gainontzeko aktoreek pibotatuko duten, batasun horren kausa eta ondorio izango da bere egite hutsean; eta, beste aldean gainontzekoak egongo dira, beren parte hartzea mundu mailako dinamika kapitalistan integratuko duten horiekiko subordinazioak mediaturik. Horrela, mende berria hasi aurreko azken hamarkadetan Europa ez da bakarrik guztia hasiko (eta bukatuko) den lekua izango, munduko lanaren banaketa berri horren osagarri zentrala ere izango da, bere hedapen programaren motore nagusia, alegia.
Lehen ekitaldiak, XX. mende luzea izeneko maisulanari hasiera ematen dionak, sentsazio berezia eskaintzen dio ikusleari haren protagonisten antzezpenaren bitartez; horiek baikortasunez blaitutako espiritu batek zeharkatzen ditu, zeina eroso baitabil hara eta hona begiak garapenaren ortzi mugan jarrita. Joko arau kapitalisten mundu mailako ezarpena, alde batetik, potentzia handi bihurtzeko titulua duten horietan isuriko eta hedatuko da, historiaren ringean titulua berresteko aukera emango baitzaie (askok ez dute gaindituko saiakera erabakigarri hori), eta, bestetik, halabeharrez, baita Kapitalaren desiren aurrean makurtu behar izan diren horietan ere. Kapitalak, garapen maila altua lortuta, nazioartean jardungo du –hori baita bere izatea–, eta lanaren munduko banaketan eroso jartzeko toki bat aurkitu nahi izango du. Edozein kasutan, aurrerabidearen ideal horrek antzezlanean atze-oihalaren funtzioa beteko du ekitaldi guztian zehar, izan modu endogenoan, izan mundu zaharretik ekarritako faktore forman.
Aitzitik, mendearen azken laurdena iristear egongo denean, zenbait elementu edo seinaleren agerpenak optimismo orokortu hori (herritarren masak ere harrapatzera helduko dena, haiek zenbait bizi baldintzaren hobekuntzarekin erosiz) era erabakigarrian zapuztuko du, eta horrek bide emango dio obra honek oinarri duen gatazkarantz zuzen joango den eraldaketa bati. Horrez gain, garai horretan zehar garatuko diren joera eta kontraesan guztiak katalizatuz eta kristalduz, dena lehertzeko aukera irekiko du. Kapitalaren aurrekaririk gabeko hedakuntza- eta sakontze-prozesu baten ondotik, lehen ekitaldi horretako oinarri ekonomikoak astinduko dituzten zenbait fenomenok, xake emango diote munduaren erdigunea Britainia Handian (bere merkataritza, bere finantzak) kokatzen zuen jokoaren dinamikari. Horrela, bigarren ekitaldian bestelako mundu bat ekarriko du, ekonomiek nork bere nazio-estatuen mugetara atzerantz egiteak eta bigarren ekitaldian beren-berena zaien xake jokoak ezaugarritua. Ekoizpenaren jarduera pizgarriak hura hipertrofiatuko du. Esaterako, Alemaniako zein Estatu Batuetako ekonomiek sekulako garapena izango dute, beste herrialde batzuk prozesu horretara batuko dira (Errusia, kasu), eta periferiako herrialdeek ere nolabaiteko aurrerapena iradokiko dute norabide horretan. Edozein kasutan, zenbait zeinuk garapen kapitalistaren zeru oskarbituak ilunduko dituzte, eta atsekabea zabalduko dute gero eta gizarteko sektore zabalagoetan. Ez dira funtzionamenduaren sakoneko arauak izango estualdian egongo direnak, dekadentzian dagoen mundu sistema jakin baten errentagarritasuna baizik. Produktibitatearen hazkundeak prezioen beherakada eragingo du; horrek eragin negatiboa izango du nekazari zein merkatariengan, eta halaber, ekoizpen kostuen egonkortzearen eta hortik gutxira gertatuko den prezioen beherakadaren arteko kontraesanak estutu egingo du kapitalista ugariren lepoaren inguruko soka munduaren luze-zabalean.
Kapitalaren aurrekaririk gabeko hedakuntza- eta sakontze-prozesu baten ondotik, lehen ekitaldi horretako oinarri ekonomikoak astinduko dituzten zenbait fenomenok, xake emango diote munduaren erdigunea Britainia Handian (bere merkataritza, bere finantzak) kokatzen zuen jokoaren dinamikari. Horrela, bigarren ekitaldian bestelako mundu bat ekarriko du, ekonomiek nork bere nazio-estatuen mugetara atzerantz egiteak eta bigarren ekitaldian beren-berena zaien xake jokoak ezaugarritua
Fenomenologia berri horrek beste modus operandi bat ekarriko du berekin. Mundua, ardatz britaniarraren inguruan bira egiteaz nekatuta, arrakalatu egingo da, eta beren buruen inguruan biratzeari ekingo dioten zatiek osatuko duten mapamundi fragmentatu bat garatuko da. Protekzionismoranzko olatu batek lehen mundua kolpatuko du, eta jada iraungitako librekanbioaren garaiari itxiera emango dio (Erresuma Batua izango da salbuespena, haren ekonomia kanpoalderantz begirakoa eta kanpoarekiko dependentea den neurrian). Horren ondorioz, zentro inperialistako ekonomia nazionalek ordura arte ez bezalako protagonismoa berenganatuko dute (maila indibidualean, baina aldi berean), eta nukleo solidoetan antolatutako dinamika kapitalista bat irekiko dute; dinamika horren oinarria periferiako herrialdeenganako subordinazio-harreman zuzen eta zeharkakoa izango da. Nazioarteko berrantolaketa hori ekonomia nazionalen mailan jazoko diren zenbait tendentzia berriren ondorioa izango da. Kapitalen konbinazio eta kontzentrazioak (joera moduan) zein lanaren antolaketa teknika berriek (taylorismoa, fordismoa) beste dimentsio bat emango diote Kapitalari, zeinaren menderakuntzak sekulako indarra hartuko duen.
90eko hamarkadako teloia altxatzean, hirugarren ekitaldia, dekorazioak berriro ere harrituko ditu pertsonaiak, bere urregorrizko distira eta ñabardurak tarteko. Industrializazio prozesu azeleratu bat egongo da berriro ere, nekazarien jarduerak eta ekoizpenaren garapen handiak bultzatuta. Forma nazionalenera bildutako ekoizpen kapitalistaren apetek eta proletario kondizioa hedatu eta sakondu izanak (Kapitalaren bizitzaren lehen mendeen berezko ezaugarriak) posible egingo dute merkatu nazionalen zabalpena, zeintzuek, industria kapitalistaren garapenaren eta lanaren antolaketarako metodo modernoekin batera, beste etapa bati emango baitiote bide. Etapa horrek merkantzien masa-ekoizpena du ezaugarri nagusi moduan (kontsumo gizarteen oinarria). Kapitalismoaren fase inperialista da hori, inperio kolonialen aroa. Hartan, inperio horiek munduaren eskala handiko kolonizazioa abiatu eta gorenera eramango dute, etxe barruko atazak amaitu ondoren. Estatuek arlo ekonomikoan gero eta gehiago esku hartzeak definitutako garai bat, letra larriz idatzitako politika ekonomikoarena, non kapitalen arteko konpetentzia arropa nazionalez edo neurri protekzionistaz jantziko den eta osagarri izango dituen hobekuntza sozialerako nolabaiteko tartea emango duten erreformak. Erreforma horien oinarrian periferiak bi hauekiko duen mendekotasuna izango da: zentroaren beharrak eta akumulazio kapitalistaren zabalpena, eskulan-eskaera aseezina duena. Testuinguru horrek (inperio kolonialak, estatu aparatuaren protagonismo handiagoa, industriaren garapena eta hirugarren sektorearen hedapena) ateak irekiko dizkio klase ertain moderno baten garapenari; klase hori jada ez da jaioko landa-eremuan eta eskulangintza lantegietan (horien pisu erlatiboa nabarmen jaitsi denez gero), baizik akumulazio kapitalistaren dinamika berrietatik.
Mundu mailako eskala bereganatzerainoko joko-arau kapitalisten hedapena eta dominazio kapitalista sakontzeko prozesua ez da izango, hala ere, maitagarrien ipuina. Akumulazio kapitalistaren izaera esentzialki kontraesankorrak, aberastasunaren zein miseriaren metaketa dakarrenak, bizitzeko moduak zein hiltzeko erak inposatzen dituenak, prozesua bera partez osatutako prozesu bilakatzen du: errelatua eta bere korrelatua. Izan ere, partekako prozesu soil bat baino gehiago, parte antagonikoz osatutako prozesu bat da, halabeharrez borroka prozesu batean, edo, zehatzago esanda, klase borrokan aditzera ematen dena. Zentzu horretan, XIX. mendeko bigarren erdialdearen inguruan hitz egitea hamarkada horietan zehar gertatutako garapen kapitalistaren inguruan hitz egitea da. Baina, aldi berean, kontrako alderdiaren garapenaz hitz egitea ere bada, hots, proletalgo iraultzaileaz eta haren formez.
Zentzu horretan, XIX. mendeko bigarren erdialdearen inguruan hitz egitea hamarkada horietan zehar gertatutako garapen kapitalistaren inguruan hitz egitea da. Baina, aldi berean, kontrako alderdiaren garapenaz hitz egitea ere bada, hots, proletalgo iraultzaileaz eta haren formez
1848ko iraultzek ideia garbiagoko, kontzientzia handiagoko proletalgo bat taularatuko dute; egitate horrek Manifestu Komunistan hartuko du gorputza, programa propio bat mahaigaineratuko baitu, nazioarteko proletalgoaren klase interesetan oinarritutakoa. Parisko Komunak, bere aldetik, praktikan lotuko ditu programa horren garapena eta forma politiko propio baten beharrizana, letra antzeztu ahal izateko. Masen kualifikazio prozesu horrek (joera hori klaseen iragazpen prozesuaren forman ezarriko da era berean) burrunba eragingo du burgesiaren belarrietan; ondorioz, herri-klaseenganako beldurra sortuko zaio gizarteak nahi izanda edo nahi gabe (parte bakoitzaren ikuspuntuaren arabera) politikaren nolabaiteko demokratizaziorantz ibiltzen hasiak ziren garai batean. Edozein kasutan, ñabardurekin izan arren, prozesu hori era saihetsezinean ezarriko da, eta panorama politiko heterogeneo baina bereziki berri bat izango du emaitza. Langile klasea, zentro inperialistako hipertrofia esponentzialaren ondorioz inoiz baino ugariagoa eta kontzentratuagoa, indarrez plazaratuko da plaza politikoan, eta, horrela, posizionamendu eta ñabarduren ondorioz, kolorez beteko du mihise politikoa. Masa-mugimendu eta -alderdiak eszenara irtengo dira, masa-propagandaren eta komunikabide modernoen eta haien irismenaren eraginez.
Garaiko mugimendu iraultzaileak Langileen Nazioarteko Elkartean aurkituko du antolakuntza forma, eta 1864 inguruan abiaraziko du ibilbidea, langile klasearentzako garrantzizkoak diren gaien inguruko eztabaidak aurrera eraman ahal izateko foro bat sortzeko borondatea abiapuntu izanik. Garai horren alaba da elkarte hori, eta zentzu modernoenean edo gaur eguneko zentzuan ulertutako antolakunde edo alderdi bat baino gehiago (homogeneoa, sendoa, jendetsua), hurbilago egongo da borondate gutxi gorabehera abstraktu baten kristalizazio izatetik, hots, espresio politiko ezberdinak babestuko dituen euritako bat izatetik (tartean izango ditu sindikalismo ingelesa, zeina nagusiki auzi ekonomikoez arduratzen zen, komunistak, mutualistak eta bestelako, nolabait esateko, fakzio demokratikoak). Horrek eragingo du Langileen Nazioarteko Elkartearen bizi-aldia fakzioen arteko talkak zeharkatuta egotea; azkenik, disolbatu egin zen 1872an, argi-ilunez beteriko testuinguru batean, izan ere, alde batetik, hazkunde handiko garaia zen Elkartearentzat, eta, bestetik, Komunaren zapalkuntzaren ondotik etorri zen errepresio olatua eta fakzioen arteko antagonismo menderaezina zegoen. Nolanahi ere, ez da hain menturazkoa baieztatzea arestian aipatutako munduko paradigma-aldaketaren ondorioz zaharkitua gelditu zela Langileen Nazioarteko Elkartearen beraren forma (antolakunde eklektikoa zen mundu gero eta definituago eta polarizatuagoaren aurrean, eta nazioz gaindiko antolakundea nazio-estatuek protagonismo gero eta handiagoa izango duten testuinguru batean).
Bi hamarkadako joan-etorrien ostean, Internazionala zatituta egongo da, eta, mugimendu iraultzailearen batasuna lortzeko zenbait saiakeraren ondoren, azken hori masa-alderdi nazionalen forma hartzen hasiko da Europan zehar. 1890eko hamarkada inflexio puntu garrantzitsua izango da zentzu horretan, sozialismoa masa-mugimendu bezala egonkortuko delako hamarkada horretan 1889ko Bigarren Internazionalaren inaugurazioarekin. Hala ere, historiaren apetek nazioarteko mugimendu sozialista desaktibatuko dute. Bi munduen teoria (eta teoria horri berezkoa zitzaion arlo guztietako antolakunde propioen sarea) adreiluz adreilu eroriko da eraldaketa betean zegoen testuinguru historikoan urtzeko. Kapitalaren botereak, urrezko garai betean, apustu horren potentzialitate iraultzailea neutralizatuko du, nazioarteko proletalgoa limurtzearen, kikiltzearen eta zorabiatzearen bitartez. Zorigaiztoko ameskeria bat sortuko dute hauek: Kapitalak aurrerapenaren bidean aurkitutako oztopoei aurre egiteko izango duen ahalmenak, ekoizpen indarren eta ekoizpen harremanen arteko harreman mekanikoak, matxinadaren ortzi muga (neurri batean bortxaz) ezabatu izanak, zentro inperialistako langile klasearen zati batek izango duen erosotasun odoletan itoak, sufragioaren hedapenaren izaera bikoitzak eta garaiko mugimendu sozialista osatzen zuten antolakundeen indar elektoral hazkorrak. Hala, apurka-apurka, planteamendu estrategikoa pozoituko dute, eta denik eta ondoriorik okerrena ekarriko dute, ortzi muga iraultzailea begi bistatik galtzea, alegia. Garai berri horretako kontraesan gero eta ugariagoak estaliko dituen errezela trinkoak II. Internazionalaren geldialdia eragingo du, eta Lehen Mundu Gerra hastean agerian geldituko zena iragarri: haren porrot edo asimilazio definitiboa.
Alabaina, aparteko gertakizun horretan zentratu baino lehen, eman dezagun lerro hauetan itzulinguru txiki bat Errusiako lurralde hotzetatik, bide guztiek helburu duten Erroma den aldetik. Kapitalismoaren hedapen prozesuak mende erdialdeko Errusia ere harrapatuko du, nahiz eta agian egokiagoa izango litzatekeen ustekabean harrapatuko duela esatea. Errusia tsaristaren atzerapen estrukturalak aurrerapenarekin tupust egingo du. Krimeako gerra Errusiaren porrotarekin amaituko da, eta agerian utziko du Errusia oraindik aurrerapen kapitalistaren trenera igo gabe dagoela. Errusiak, ekonomikoki zein politikoki atzeratua zegoen aldetik, Damoklesen ezpata mehatxuka izango du bere potentzia kondizioaren gainean (batik bat bere tamaina ikaragarrian oinarritua), eta, ondorioz, ezinbestean pauso sarriz aurreratu beharrean suertatuko da. Hori lortzeko hainbat ahalegin egingo dituen arren (morrontza-lanaren abolizioa 1861ean; estatuak gidatutako industrializazio prozesua), Errusia estropezuka sartuko da munduko kapitalismoaren paradigma berrian, zentro inperialistarekiko desabantailan eta dependentzia egoera garbian. Alabaina, saiakera horiek ez dute lortuko Errusia tsaristaren eginbeharrak ezabatzea, eta Errusiako herriak gosea, pobrezia, desjabetza eta presio fiskal handiak pairatzen jarraituko du. Ezinegon sozial hori handitzen joango den heinean, horrek, ordura arteko landa gune errusiarraren lurzoru emankorraz gain sustraitzeko beste substratu bat aurkituko du. Garai horretako industrializazio bultzadak proletarioen masa gero eta handiagoa sortuko du, kontzentrazio industrial handiak batua; apurka-apurka beren eginbehar historikoaren kontzientzia hartzen hasiko dira, eta urte horietan zehar jaioko diren espresio politiko ezberdinetan forma hartzen joango da. 1900. urtetik aurrera, ezinegon sozialaren bulkada gero eta agerikoago bilakatuko da; nekazarien erreboltak eta greba orokorrak ekialdeko kolosoa higatzen hasiko dira. Errusia eta Japoniaren arteko gerran jasandako porrota izan zen urak gainezka egiteko behar zuen tanta.
1905 urtea ziztu bizian eszenaratuko da. 1905eko iraultzak Errusia tsarista desegonkortuko du lehen aldiz, langile mobilizazio handien, nekazarien errebolten eta indar armatuen beheraldiaren arteko konfluentzian. Hala ere, Errusian antzinako erregimena desarmatzeko prest egongo zen burgesiarik ez egoteak eta Errusiako proletalgoaren gaztetasuneko inozentziak bide emango dio urte batzuetarako lasaitasun aurreiraultzaile bati. Interregno horretan, potentzia industrial eta herrialde nagusiki nekazaritzakoa izango da geure Fausto, potentzia inperial eta erdikolonia, abangoardia kultural (eta politiko) bat kulturan nabarmen atzeratua. Parteen egiazko batasuna izango da Errusia, gizarte kapitalistaren izaera kontraesankorraren adibide garbiena, fase inperialistaren kontraesan guztien adierazle eta sintesia. Dena egongo da detonagailua nork aktibatzeko zain.
Parteen egiazko batasuna izango da Errusia, gizarte kapitalistaren izaera kontraesankorraren adibide garbiena, fase inperialistaren kontraesan guztien adierazle eta sintesia
Gerraren itzalak mundu mailako eszenatokia obra honen ekitaldietan zehar ilundu arren, istorioaren une honetara ailegatuta, potentzial suntsitzaileak protagonisten buruetatik uxatuko du gerra batek zorigaiztoko amaiera izan dezakeelako ideia. Edozein kasutan, garaiko gobernuek, boterez eta estatusaz mozkor, neurrigabeko lasterketa armamentistikoari ekingo diote. Aldi berean, nazio-estatuek gidatutako funtzionamenduak bloke-dinamika baterantz eboluzionatuko du, eta horrek, aliantza batzuk tarteko, Europa zatitu egingo du urte horietan. XX. mendearen lehen urteetan jazoko diren iraultzek eragin nabarmena izango dute zentro inperialistako oreka desegonkortzen, eta zenbait mugimendu bultzatuko dute politika internazionalaren taulan; mugimendu horiek eskala zabaleko gatazka bat sortuko dute, Lehen Mundu Gerra izenez ezagutuko dena. Kapitalaren izaeratik abiatuta sortuko diren kontraesanek (Kapitalak, bere printzipioengatik, bere muga propioak baititu muga bakar), mende erdiz baino gehiagoz esponentzialki larriagotuek, eztanda egingo dute azkenean, mundu mailan heriotza eta suntsipena zabalduz lau urtez belaunaldi oso baten kontzientzia kolektiboa odol eta garrez markatuko duen gatazka batean.
Gerraren lurrikarak munduko kapitalismoaren karta-gazteluaren oreka hauskorra eraitsiko du, eta berekin eramango du II. Internazionala; haren testamentua bera osatzen duten alderdi ia guztiek gerra-kredituen alde hartuko duten posizionamenduarekin sinatuko du. Edozein kasutan, astinaldi sismiko horrek arrakala berriak irekiko ditu panorama politikoan, apustu iraultzaile bat ernaltzen ikusiko dutenak: mundu gerra (inperialista) klaseen arteko gerra zibil bilakatzearen aldeko apustua. Urriko Iraultzak emango du irteteko pistola-tiroa.
Edozein kasutan, astinaldi sismiko horrek arrakala berriak irekiko ditu panorama politikoan, apustu iraultzaile bat ernaltzen ikusiko dutenak: mundu gerra (inperialista) klaseen arteko gerra zibil bilakatzearen aldeko apustua
HEMEN ARGITARATUA