Zalditeria gorriaren lauhazka ARGAZKIA / Kazimir Malévich
Hedoi Etxarte
@hedoi_etxarte
2020/10/08

1848an idatzi zuten Karl Marxek, Friedrich Engelsek eta Jenny von Westphalenek Alderdi Komunistaren Manifestua. Incipit ezagunik bada, hori da Manifestuarena. Mamu bat dabilela Europan zehar eta potentzia guztiak Aliantza Santuan batu direla mamuaren kontra. Manifestuaren bigarren mendeurrenaren bidean gara, eta aliantza antikomunista Manifestua idatzi zen garaian baino indartsuagoa da orain. Zabaldu da, ordea, mamuaren kontrako argudiaketa: antikomunismoaren funtsa, gaur egun, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) txorimaloaren kontra adierazten da. Kapitalismotik atera edo kapitalismo humano bat egin nahi dutenak ez dira suntsitzen, txikiak eta ahulak diren artean, baina erreforma txikienei ere nazioarteko kapitalak gogor erasotzen die, Venezuelan chavismoarekin bezala, adibidez.

Erich Weinert poetaren hitzekin eta Hanns Eislerren –Ameriketako Estatu Batuetako macartismoaren txostenetan «Musikako Karl Marx» izendatu zutenaren– abestian esaten den bezala:

Zeren Sobietar Batasunaren kontrako oldarra
iraultzaren bihotzaren kontrako eraso bat da
eta orain, herriz herri zabaltzen ari den gerra,
zure kontrako gerra da, proletario!

Urriko Iraultza eta SESBen historia ikertzeak, ulertzeak eta eztabaidatzeak bere hutsak eta gabeziak ez aztertzea esan nahi du? Ez, noski baino noskiago. Jende xehearen, langile klasearen, lurrean kondenatuen askapena aurreko hutsetatik ikasten joan da aurrera. Hala iritsi ziren urrikoak ere, aurrekoak gogor aztertu eta gainditzeko nahitik. Eta hala lortu zuten, Gabriel Arestik Trotskiri egin zion olerki hartan bezala, boltxebikeek «erreboluzionario guztion obligazioa kunplitu baitzu[t]en: Egin zu[t]en erreboluzioa. Erreboluzio sobietikoa». Egin, eta historian ia inoiz gertatzen ez dena lortu zuten gainera: irabazi zuten.

SORTALDEA

Urriko Iraultzaz irakurketa asko egin dira. Egin daitezke. Badira filmak. Poemak. Eleberriak. Zuzenean idatzitako kronikak. Historia liburu partidarioak. Historia liburu antikomunistak. Baina badira bi sententzia politiko ia eztabaidaezinak:

Baga: Urrikoa azken hiru mendeetako iraultza sozial eta politiko nabarmenetako bat da beste hirurekin batera: Frantziako Iraultza (1789-1799), AEBetakoa (1775-1783) eta Txinakoa (1927-1949).

Biga: Urrikoa da azken bi mende luzeetan (Frantziako Iraultzatik) langile mugimendu antolatuak izan duen garaipen politiko nabarmenena denboran eta espazioan. Denboran: 1917ko Urriko Iraultzatik, 1989an Berlingo harresia erortzen hasi eta SESB desegiten hastera arte iraun zuelako txinparta hark (SESBen eta munduan). Eta espazioan: Urriko Iraultzak sortu zuen ereduak ahalbidetu zituelako hamaika erakunde iraultzaile mundu osoan. Horietako asko aurreko botereak garaitu eta estatuen gobernantzara iritsiko ziren beren proiektu sozialistekin edota antikolonialekin (Txina, Kuba, Vietnam, Ipar Korea, Nikaragua).

PARTISANO PROFESIONALA

Urriko Iraultzaren mendeurrenaren harira, Alain Badiou filosofo maoistak gogorarazten zuen: «benetako iraultzak beti dira aurretik egon diren iraultzen berpizkundeak». Hala, Urrikoak berpiztu zuen Pariseko 1871ko Komuna, Robespierren Konbentzioa, Haitiko esklaboen iraultza, are XVI. mendeko Alemaniako nekazarien gerrak. Iraultzek genealogian oso atzera egiten dute. Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht eta gerora Alemaniako Alderdi Komunista osatuko zutenek, hala deitu zioten beren buruari: Espartakoren banda. Hogeita bat mende lehenagoko erreferente bat zen haiena. Iraultza bat dagoen aldiro ostera esnatzen dira jende xeheak eredu izan dituen pertsonaia horiek: Espartako, Thomas Müntzer, Robespierre, Saint-Just, Toussaint Louverture, Louise Michel, Lissagaray, Lenin, Trotski, Alexandra Kollontai, Lunakharski, Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht, Clara Zetkin, Mao Tse-Tung, Ho Chi Minh edo Che Guevara.

Urriko Iraultzaren mendeurrenaren harira, Alain Badiou filosofo maoistak gogorarazten zuen: «benetako iraultzak beti dira aurretik egon diren iraultzen berpizkundeak»

603fbdc5f0cd6.VeraErmolaeva1932Indartsuenarentzakoilustrazioa.jpg

Baina goazen hasierara. 1871an, 1830eko eta 1848ko iraultzen porrotaren eta biharamun erreakzionarioan, Pariseko iraultzaileek historiako lehenengo langile iraultza burutuko dute. Martxoaren 18tik maiatzaren 28ra, sistema politiko sofistikatu baten bidez, gerrak kolpatutako jendetza bere buruaren jabe egingo da. Autodeterminazio ariketa behinena eramango dute burura. Baina Frantziako erreakzioak, atzerriko indarren laguntzarekin, Komuna garaitu eta komunakideak masakratuko ditu: 20.000 hildako, 40.000 atxilotu, milaka deportatu. Marxentzat proletarioen diktaduraren eredu bat izango da; «Komunako martirien oroitzapena errukiz gordetzen du langile klasearen bihotz handiak». Bakuninentzat –Estaturik egon ez zen neurrian– anarkismoaren adibide. Baina bizi izan zutenentzat, eta edozein ikuspegi historiko-politikotatik, Komunaren garaipena hain izan zen laburra eta sarraskia hain odoltsua, guztiak zuela porrotetik gehiago.

Leninismoa porrot horri emandako erantzun bat izan zen. Badiouk azaltzen duenez, Leninentzat afera ez zen Komunak iraun zuen egunetan bertan gertatutakoa balekoa ote zen ala ez. Afera zen baietz, antolakuntzaren, autodeterminazioaren garaipen eztabaidaezina zela han gertatutakoa. Baina, porrota zerk sortu zuen aztertuta, argi zegoen: boterera iristeaz gain, iraultzak boterean segi behar du bere proiektua garatzeko. Eta proiektu hori erreakzioaren armek suntsitu bazuten, iraultzaren armekin defendatu behar zen.

[...] Leninentzat afera ez zen Komunak iraun zuen egunetan bertan gertatutakoa balekoa ote zen ala ez. Afera zen baietz, antolakuntzaren, autodeterminazioaren garaipen eztabaidaezina zela han gertatutakoa. Baina, porrota zerk sortu zuen aztertuta, argi zegoen: boterera iristeaz gain, iraultzak boterean segi behar du bere proiektua garatzeko

Eta hori izan zen, bi pausutan, Leninen –eta gerora, leninismoaren– arrakastaren eta hedatzearen arrazoia: nola egiten du etsaiak gerra? Nola egin behar dugu guk? Zientzia gisa ikasi zuen, Marxekin batera, Clausewitz. Ikasi zituen XVIII. eta XIX. mendeetako gerrak eta gerrillak. Afera ez zen berria. Marxek eta Engelsek bazekiten gerra iraultzailea ezin zela antzinako iraultzak bezala barrikaden gerra bat izan (Pariseko Komunakoa izan zen bezala). Engelsek bere azterketa zientifiko-militarretan ere hala nabarmendu zuen. 1915ean, Lehen Mundu Gerraren gorrian, Leninek Clausewitzen Vom Kriege ikasi zuen. Haren kaieran, Tetradkan, alemanez jaso zituen aipuak eta errusieraz glosak. Gerora Carl Schmitt faxistak Iruñean emango zuen hitzaldi batean miresmenez aipatu bezala: Leninek hitzarmen berri bat egin zuen partisanoaren eta filosofiaren artean. Leninentzat partisanoarena ez zen soilik afera militar bat, batailako estrategiaren kontu bat. Klase borrokak ordena politiko eta sozial osoa hankaz gora jarri behar bazuen, eta ordena berri bat eraiki, afera ez zen soilik obedituko zuten milaka lagun eskura izatea. Iraultzaile profesionalak jakin behar zuen zer egin gerran, zer egin bakean, zer egin batzar batean, nola idatzi agiri bat, nola hitz egin batarekin eta bestearekin, nola erabakiak hartu goikoek ezer esaten ez zutenean. Iraultzaile profesionalak jasoko zituen lerroak prentsan, agirietan eta alderdiko batzarretan. Baina iraultzaile profesionala buruaskia zen iraultza zegoen tokian: jakin behar zuen zer egin, autonomoki. Eta horrek «indar lehergarri susmaezinak sortu zituen».

603fbdc5efc06.ValdimirTatlin1920Hirugarreninternazionalaridorrea.jpg

Garaiko sozialdemokraziaren gehiengoaren kontra, Leninek nabarmentzen zuen aldaketa ez zela hauteskundez hauteskunde iritsiko. Ez soilik, Rosa Luxemburgek nabarmendu bezala, erreforma eta iraultza naturaz proiektu desberdinak direlako, baizik eta iraultza egiteko metodoak ere ezin direlako erreformarenak izan. Ildo horretan, Leninek partisanoaren kontzientzia ondu zuen. Alderdi Komunistaren zuzendaritzako tresna ezinbesteko bihurtu zuen «Der Partisanenkampf», 1906ko Proletarioa aldizkari errusiarrean. Objektibismoaren eta progresismoaren kontra, Leninek argudiatu zuen «iraultzaile profesionalik gabe» ez zela egongo iraultzarik.

Orduko sozialdemokrazian nagusi zen ideia zen masa mugimenduak lortuko zuela iraultza proletarioa, haren kabuz. Herrialde parlamentarioetan hauteskundeen bidezko aldaketekin, adibidez. Leninentzat gerra partisanoa zen «borroka egiteko modu ekidinezin bat», dogmatismorik gabe erabili beharrekoa, unean uneko hautatu beharreko bideen arabera lantzekoa: batzuetan legalki, bestetan ilegalki, bide baketsuekin ala biolentoekin, modu erregularrean ala irregularrean. Baieztapen erretorikoarekin argi esateko: helburua iraultza komunistak mundu osoan garaitzea baldin bada, helburu horren aldeko edozer da ona eta justua.
Beraz, maitasunez ala gorrotoz esan daiteke, hemen hori gutxienekoa da, baina leninismoa «kuarteleko sozialismoa da»: Komunan agertutako ezintasun militarrari garaipen militarra ematen dion prozedura politiko bat da. Eta horregatik hartzen du leninismoak politika egiteko modua gerratik: dauzka manifestuak, dauka abangoardia politikoa, dauzka komisario politikoak, egiten ditu bere egituran garbiketak, dauzka koadroak eta liderrak.

Hori izan zen leninismoaren zabaltzearen lehenengo pausua: politikan ekiteko metodo berri bat, langile mugimenduak ordura arte landu ez zuena. Eta segidan etorri zen bigarrena: Urriko Iraultzak, beste hamaika iraultzek ez bezala, irabazi egin zuen. Iritsi zen boterera, gerra zibila bukatu eta gero. Eta bihurtu zen garaile izateko gaitasuna izan zuen gertakizun bat. Eta horrek egin zuen geldiezin. Epika dekadenteak porrotari laudorio egiten dion bezala, epika iraultzaileak (Brechten eskolan) aldaketa sakonak egiteko baldintzak sortzeari egiten dio laudorio. Eta, beraz, leninismoa hedatu zen mundu guztira. Eta alor guztietara; politikara, bai, baina baita ere, adibidez, artera. Eta artistak hasi ziren, haien erreferente politikoek egiten zuten bezala, manifestuak egiten, abangoardiak muntatzen, artearen munduan etsaiak izendatzen, barruan purgak egiten, manifestu gehiago idazten. Arteak mundua aldatzeko balioko bazuen, mundua izendatzeko eta munduaren esanahia ezartzeko, garaile izango zen baliabide artistiko bat jarri behar zen martxan.

Eta hori dena eztabaidaezina den era berean, eztabaidaezina da, halaber, sarri gertatzen den bezala, garaile egin zuen horrek berak ahulduko zuela, kamustuko zuela, urriko garaipen hura, alegia: militarismoak (barrura begira) eta burokratismoak (politikan ezinbestekoa den diziplina, bai, baina hain ezinbestekoa den eztabaida eta kritika ezinezko egingo zuena), 1937a urte tragiko gisa hartuta.

Ezagun da, Clausewitzi Leninek ikasitako bidea garatuko zuela gero teorian eta estrategian Mao Tse-Tungek, pobreziatik eta gosetetik milioika lagun atereaz Asia hego-ekialdean.

ILDO LUZEAREN LANKETA

Nadezhda Krupskaia-k, bere Leninen oroitzapenak kronika ederraren hasieran bi printza dauzka Lenini buruz. Horietan lehena da Leninen bizitzan haren anaia zahar iraultzaileak izan zuen eragina. Alexandr Ulianov zoologo ezaguna izan zen, are saritua. 1887an, Aleksandr III.a hiltzen saiatzeagatik urkatu zuten Ulianov. Leninek uste zuen anaia, anelidoenganako pasioa zuen gizon hura, ez zela iraultzaile bat. Krupskaiaren aburuz, Leninengan haren anaiaren patuak eragin definitiboa izan zuen: naturarekiko pasioa zuen gizon hark, espero ez zenean, muturreko ekintza iraultzaile bat egin zuen (Ulianoven patua, gerora Sobietar iraultzaren pertsonifikazioa ere bazen: inork espero ez zuen tokian, inork espero ez zutenek baldintzatzea gizateriaren historia). Krupskaiaren aburuz, Alexandr Ulianoven amaierak gogoeta handia eragin zion Vladimir Ilitxi, «pentsamendua sustatu zuen, egia begiz begi begiratzeko nahia, esalditxoetan ez galtzeko nahia, lilurari uko egitekoa, hitz batean, zuzentasun handi bat eratu zion gauzak ikusteko moduan».

Krupskaiak kontatzen dituen sarrerako pasarteen artean nabarmentzekoa da Vladimir Ilitxek filosofia liburuekin zuen harremana («Gauetan filosofia liburuak irakurri ohi zituen [...]: Hegel, Kant, materialista frantsesak eta, nekatzen zenean, Puxkin, Lermontov, Nekrasov»). Tira. Urrikoa «nola gertatu zen» argitzeko liburu bakarra hautatu behar izatekotan, akaso Krupskaiarena da liburuetan plastikoena. Famatu den John Reeden Mundua inarrosi zuten hamar egun bikain hura baino gehiago. Bistan delako iraultzen haurdunaldia oso dela luzea, eta erditzea zer esanik ez, eta hala kontatzen du Krupskaiak ere, 1917koa nola hasi zen XIX. mendean.

Boltxebikeek 1905eko iraultzatik aurrera lortuko zutena (1917tik aurrekoan zer esanik ez) txundigarria zen. Besteak beste, ordura arteko hipotesia zelako iraultza industrialki garatutako herrialde batean gertatuko zela, kapitalismo parlamentario batean alderdi sozialdemokrata fuerte bat izango zuena. Eta, beraz, iraultza inon hastekotan Alemanian hasiko zela, adibidez. Ala Europa mendebaldean gutxienik.

Baina leninismoak politika iraultzaileari ekarri zion berritasunetako bat antolaketarena izan zen. Lukács-ek nabarmendu zuen materialismo historikoaren egunerokotasuna proletarioen iraultza zela. Alegia, politika iraultzaileak gertakariei aurrea hartzeko gaitasun bat izan behar zuela: etorkizuneko iraultzara iristeko ekintza koordinatuak eman behar zirela. Hala, Leninen kontzepzioa bideratuta dago iraultza gertatzeko koordinatu behar diren ekintza politikoetara. Alderdiaren lana, Bigarren Mundu Gerraren osteko Mendebaldeko Alderdi Komunista nagusiek kontrakoa egin bazuten ere, testuinguru materialetatik abiatuta iraultzak imajinatzea zen, antolatzea: izatea mapa, lurraldea eta iparrorratza irakurtzeko gaitasuna. Lan horretan toki garrantzitsua izan zuten emakumeek (aipatutako Krupskaiak bezala, Anna Boldirevak, Anna Litveikok, Vera Lebedevak, Inessa Armandek edota Alexandra Kollontaik).

Baina, leninismoak politika iraultzaileari ekarri zion berritasunetako bat antolaketarena izan zen. Lukácsek nabarmendu zuen materialismo historikoaren egunerokotasuna proletarioen iraultza zela. Alegia, politika iraultzaileak gertakariei aurrea hartzeko gaitasun bat izan behar zuela: etorkizuneko iraultzara iristeko ekintza koordinatuak eman behar zirela

Lehen Mundu Gerra zen eta gizon aktibo ia denak frontean zeuden. 1917ko otsailean Putilov metalgintzako fabrikako 30.000 langileak kalera atera ziren eta soldata igoera eskatu zuten. Grebalariak elikadura lortu nahi zuten emakumeekin elkartu ziren. Handik egun batzuetara, gure martxoaren 8an, 90.000 ziren langile gizon eta emakumeak. Eta Nazioarteko Emakume Langileen eguna izan zen, iraultzaren azken txanparen hasiera. Handik aurrera grebak, sozialdemokraziak iraultzailetzat ez zuen metodo horrek, jende xehearen kontzientzia handitu zuen. Hala hasiko zen Otsaileko Iraultza deitu zena, Urrikoaren aurreneko fasea.

603fbdc5eece2.KonstantinYuon1921Planetaberria.jpg

Hala eta guztiz ere, 1917ko urtarrilean, 1905eko iraultza errusiarraren hamabigarren urteurrenean, Leninek berak uste zuen Errusian emango zen iraultza «demokratiko-burgesa izango zela sozialki, baina proletarioa erabilitako borroka moldeetan». Alegia, tsarren autokrazia suntsituko zela, noblezia, baina burgesia kapitalistak segituko zuela indarrean, behintzat Europa osoan iraultza piztu arte. Neurri horretan, boltxebikeen bidearen akatsa haren arrakasta izan zen: oso azkar egin zuen jauzi iraultza burges-demokratikoak langileen iraultzara. Baina ez zen hala gertatu Europan, funtsean, 1918-1919an sozialdemokraziak Alemaniako hiriz hiriko iraultzak masakratu zituelako. Eta horrek bakarrik utzi zuen SESB. Domino efekturik ez zen izan eta asko itxaron beharko zen Txinako Iraultza iritsi arte, gerra hotz betean. Ez zen posible izan iraultzarik herrialde industrializatuetan, tartean, ordurako, Urriaren oinordeko mendebaldekoek ez zutelako iraultzarik nahi, 1917aren aurretik sozialdemokraziak erabilitako estrategia eta markoa zen orain haiena: hala 1937ko eta 1978ko Espainian, nola 1945etik aurrerako Frantzian eta Italian zein 1974ko Portugalen.

BAKEA, LURRA ETA OGIA

XIX. mende amaieratik nabarmen zen II. Internazionalaren baitan, alderdi sozialdemokratetan bazirela proiektu ezberdinak. Erreforma ala iraultza esango zion Rosa Luxemburgek 1899an bere parlamentarismoaren kritika gogorrean. Barruko beste tentsio nabarmenetako bat afera koloniala zen, baina kolonialismoari lotutako beste aldagai batek ekarri zuen ordura arteko langile mugimenduko erakunderik handienetan (alderdi sozialdemokratetan) eszisioa: Lehen Mundu Gerrak. Sozialdemokraziaren aparatuetan geratuko ziren aldez ala moldez gerraren kontra egotetik gerrak babestera pasatakoak, gerra kredituen bidez Alemaniako kasuan, eta sozialdemokraziatik alde eginda alderdi berriak sortuko ziren.

Gerrako izugarrikeria determinantea izan zen ez soilik Errusiar Inperioan. Europa erdialde eta mendebaldean ere hala irakurri zen gerra. Hala Gyorgy Lukacsek azalduta nola Ernst Blochek, Jaroslav Hasekek zein Bertolt Brechtek kontatuta, gerraren basakeria belaunaldi trauma bat izango zen –arte plastikoek eta literaturak nabarmenduko zutenez–. Afera ez zen soilik hildakoena, afera zen gizarte osoa zihoala amildegira eta, funtsean, langile jendeak langile jendea hil eta pobretzeko makina bat zela gerra. Boltxebikeen eslogan ezagunak «Bakea, lurra eta ogia» aldarrikatzen zuen. Eta gerraren kontrako aldarriak berekin ekarri zituen herrien askapenaren aldeko eta inperialismoaren kontrako aldarriak.

Masakrearen kontrako bulkada boltxebikeen hazi nabarmenetako bat izan zen. Lehen Mundu Gerra betean Trotskik salatu zuen lubakietan odolak itota geratzen zirela «osasuna, erosotasuna, higienea, eguneroko trukeak, lagunarteko harremanak, betebehar profesionalak eta, azken batean, moralaren arau hautsezinak». Zibilizazioaren onena amiltzen zen gerran. 1939ko abuztuaren hondarrean berdin adierazi zuen Molotovek nola Frantziak eta Ingalaterrak espero zuten Hirugarren Reicha SESBen kontra aritzea «eskala handiko beste masakre berri bat sortuz, nazioen holokausto berri bat» eraginez.

603fbdc5f1e27.VeraMukhina1937Langileaetakolkhotzekoemakumea.jpg

Europa Mendebaldean ez zegoen zalantzarik: «ezinbestekoa zen masakre nazkagarriaren sortzen zuen ordenapolitiko-soziala eraistean eta ezin zen tarteko helbururik izan; dena zegoen kapitalismoa/sozialismoa kontraesanaren inguruan, ala burgesia/proletariotza ardatzean». Leninek ere hala espero zuen, inperialismoa izango zela iraultza sozialistaren bezpera. Hain zela onartu ezinezkoa kapitalismoa, horren ostean «ordena sozial eta ekonomiko gorenago bat» etorriko zela kapitalismoa gainditzera.

Gerraren azterketa eta salaketa, lehendik zetorren boltxebikeen artean. Hala, Bukharinek 1911an Europan eta AEBetan egin zituen bidaietan, salatu zuen estatuak nola ari ziren lanean gerra berriak lantzeko. Nola Mendebaldean «dena zegoen ‘mobilizatuta’ eta ‘militarizatuta’». Eta nola gerraren eta inperialismoaren helburuak erasaten zuen ekonomia, kultura, morala, erlijioa, «medikuntza, kimika eta bakteriologia». Alegia, «makina tekniko erraldoia» bihurtu zela «heriotzerako makina erraldoi bat». Gerora «totalitarismoa» esango zitzaiona ikusiko zuen Bukharinek. Industrialismoak zekarrena eztabaida handiko puntua izango zen langile mugimenduan oro har, baita komunisten artean ere. Ordea, beste auzi askotan bezala, Domenico Losurdok azaltzen duenez, Mendebalde industrializatuko langile mugimenduak kritika egingo dio garapenkeriari. Ekialdeko langile mugimenduak, ordea, garapen teknologiko azeleratuan ikusiko du jende xehearen baldintzak hobetzeko modu ia bakarra: osasun, hezkuntza, elikadura, energia eta garraio azpiegitura osoa egiteke zutelako, besteak beste.

PORROTA

Alain Badiouk, bere Hipotesi komunistan nabarmentzen zuen testu politiko bat antolatutako prozesu politiko baten baitan egon behar dela. Ordea, filosofia politikoko testu bat guztiz kontrakoa da. Bere asmoa da politika «fundatzea» are politikoa «fundatzea». Mitoan bezala filosofia politikoak arau moralak ezartzen ditu, betierekoak, esango du zein den botere «ona», eta esango du ze Estatu den «ona». Badiouren aburuz, «egungo filosofia politikoa da kapitalo-parlamentarioaren zerbitzari eruditua».

Edozein gertakizun politiko aztertzeko, gertakizun historikoak barne, ezin da mito bat bezala irakurri prozesua. Urriko Iraultzaren porrotarekin ere berdin egin behar dugu. Badiouk proposatu bezala, porrot posibleen eremua aztertu behar dugu. 1917an 1871a irakurri zuten bezala, eta 1871an 1848a eta 1830a.

Vladimir Maiakovski-k idatzi zuen eta Ernst Busch-ek Hanns Eisler-en melodiarekin abestu Ezkerreko martxa:

Utzi
britainiar lehoiari marru egiten,
hortzak erakusten ditu esfingeak.
Inork ez du Komuna makurraraziko.
Ezkerra!
Ezkerra!
Ezkerra!

Baina bai. Komuna makurrarazi zuten, SESB bezala, Kultur Iraultzako Txina bezala. Porrotak aztertzeko dira.

KOMUNISMOA GAUR, IRAULTZA GAUR

Jodi Dean-ek idatzi du gaur egun iraultza gehiago aipatzen dela arazo gisa konponbide gisa baino. Gaur egun ez dela iraultzaren beharrean sinisten. Gehiago gaudela begira ea dauzkagun duintasun apurrak kenduko ez ote dizkiguten duintasuna unibertsal egiteko borrokatzeari baino. Emantzipazio berdinzaleak ez dituela garai onenak.

Deanen aburuz iraultza zentroan jartzeko modu bakarra alderdi komunista eratzearen perspektiba da. Perspektiba politiko hori izan ezean kapitalismoa da daukagun horizonte bakarra. Era horretan alderdiaren lana antizipazioa da, «iraultza materialki posible egiteko sinesmena» landu behar du. Ez soilik egungo egoera zehatzen gainditze gisa, baizik eta egungo orientazio eta potentziak ukatu eta berriak sortzen lagunduz.

Lukácsek aztertuko zuenez, Leninen ekarpen nagusia teoria marxista praktikara eramatea izan zen. Lan horretan iraultzaren egunerokotasuna zen markoa, eta ekarpena zen teoriaren eta praktikaren arteko mediazioa antolakuntza bera zela. Alegia, materialismo historikoa ez dela lehenaldiaren azalpen bat, etorkizunarekin duela harremana, etorkizuna gaur egunera ekartzen duen neurrian. Etorkizun hori da gaur hautatzen eta erabakitzen uzten duena. Ez da etorkizuna «etziren» zentzuan, da etorkizuna «gaurren» zentzuan.

Leninen aldaeretako bat, tradizio sozialdemokrata dogmatikoaren kontra, izan zen alderdiak ez zuela egiten iraultza. Afera ez zela masa akritikoa artalde bat bezala bideratzea. Alderdiak iraultza aurreratu behar zuen. Leninek zioen «hautatu behar zirela modu zorrotzean alderdiko militanteak, klase proletarioaren kontzientzia zutenak eta beren elkartasun eta babes osoa ematen zietenak gizarte kapitalistaren baitako esplotatu eta zapaldu guztiei».

Ekialdean bukatu zen urriaren txinparta. Txinparta hark hobetu zituen ere Mendebaldeko milaka lagunen bizitzak, kapitalaren eta sozialdemokraziaren paktuaren bidez, 1945tik aurrera. Baina Mendebaldeko paktu hori politika iraultzailearen porrota izan zen. Porrot horren ilustrazio ederra da Mendebaldeko marxismo deitu izan dena, Losurdo-k adierazi bezala, Mendebaldeko marxismoa «kritikatzeaz harro sentitzen da eta hor aurkitzen du bere izateko arrazoia, ez ditu planteatzen alternatiba bideragarriak eta nagusia den bloke historikoari ez dio alternatibarik eraikitzen, izan beharraren pedantekeriaren ilustrazioa da; eta gero boteretik urrun dagoelako betea sentitzen da, purua dela adieraziz, arima ederraren figura haragitzen duen bitartean».

Urriko Iraultza gertatu zen mundua eta gaur egungoa oso dira diferenteak, besteak beste, Urrikoa gertatu zelako. Eta, ordea, edozein antolaketak 1887ko Lenin izan behar du gogoan: materialki zapalduenen aldamenean egunez eta filosofia irakurtzen, irakurle taldeetan eztabaidatzeko prestakuntza lanetan, gauez. Esloganen kontra antolaketa eta irudimena.

BIBLIOGRAFIA

Arendt, Hannah, Sobre la revolución, Alianza: Madril 2019.

Badiou, Alain, L’Hypothèse communiste, Lignes: Paris 2009.

Badiou, Alain, Petrograd, Shanghai. Les deux révolutions du XXe siècle, La fabrique: Paris 2018.

AA, Viento Sur 150, 2017ko otsaila.

Dean, Jodi, Multitudes y partido, Katakrak: Iruñea 2017.

Groys, Boris, La posdata comunista, Cruce: Buenos Aires 2015.

Groys, Boris, Obra de arte total Stalin, Pretextos: Valencia 2008.

Kollontai, Alexandra, Catorce conferencias en la Universidad Sverolov de Leningrado (1921), Cienflores: Buenos Aires 2014.

Krupskaia, Nadezhda, Recuerdo de Lenin, Fundación Federico Engels: Madril 2015.

Losurdo, Domenico, El marxismo occidental. Cómo nació, cómo murió y cómo puede resucitar, Trotta: Madril 2019.

Lukács, Georg, Lenin. A Study on the Unity of His Though, Verso: Londres 2009.

Rodríguez, Emmanuel, La política contra el estado. Sobre la política de parte, Traficantes de Sueños: Madril 2018.

Schmitt, Carl, Teoría del partisano. Acotación al concepto de lo político, Trotta: Madril 2013.

EZ DAGO IRUZKINIK