Gonzalo Gallardo (ezkerrean) eta Paula Villegas (eskuinean)
2023/01/02

2010-2020 hamarkadan garatu zen eta hurrengo urteetan hedatu zen borroken zikloa oso ziklo interesgarria da gizarte-mugimenduek beren dimentsio politikoan dituzten mugetako batzuk aztertzeko, baita Estatua eta sozialdemokrazia krisi-garaietan proiektatzeko gai diren formekin mugimendu horiek duten lotura aztertzeko ere. Bestalde, ziklo horrek oso ondo erakutsi du mugimendu komunistak Espainiako Estatuaren esparruan izan duen erabateko porrot egoera, bere joera eta antolakunde desberdinek ziklo horretan gertatu ziren fenomeno sozial eta gertakari politiko desberdinen aurrean emandako era askotako erantzunekin (eta beti fruiturik gabe).

2010-2020 aldia borroka-ziklo bat da, kale-mailan adierazkortasun mobilizatzaile handia izan zuena, gutxienez, bertatik sortu ziren adierazpen politiko batzuk instituzionalizatu ziren arte. Horrela, 2010eko eta 2012ko greba orokor handiekin hasi zen hamarkada. Sindikatu handiek protestekin bat egin zuten eta Europa mailan koordinatu ziren, eta, bitartean, ikasleen grebek eta osasun-grebek testuingurua tenkatu zuten hainbat eremu zehatzetatik. Ziklo horren epizentroa M15ean dago 2011n. «Suminduek» («Los Indignados») plazak hartuz, 2012ko «Kongresua inguratu» («Rodea el Congreso») bezalako gertaerek edota 2014ko «Duintasunaren Martxek» («Las Marchas de la Dignidad»), urte horietan garatu ziren dimentsio eta borroka-adierazpen oso indartsuekin eta ezberdinekin, erakundeen ordezkaritza-krisiaren atsekabe orokorra eta sakontasuna adierazi zituzten hainbat angelutatik.

Adibide horiek, esan bezala, nahigabe sakona adierazten zuten 2008ko krisiaren ondoriozko egoera ekonomikoagatik eta Espainiako Estatuko sistema politikoaren eraketagatik; izan ere, hasiera batean, egoera zehatz horri erantzuteko gaitasun eza egozten zitzaion, baina hori aurkaratze orokor moduko bat bihurtu zen pixkanaka. Une horretan, zenbait antolaketa-esperientzia agertzen hasi ziren, eta gizarte-mugimendu handiei forma ematen hasi ziren, gerora behin betiko forma hartuko zutenak; hala nola, etxebizitzaren aldeko mugimendua, mugimendu feminista edo mugimendu ekologista. Jatorri askotako sektoreak bildu ziren horietan: anarkismo sozialetik eta autonomiatik hasita, Espainiako ezkerraren adierazpen klasikoekin kritikoak ziren sektoreetaraino, udalgintzaren, Latinoamerikako kutsuko populismoaren eta abarren inguruan egiten ziren apustu berriekin. Horrek borroka-ziklo oso heterogeneo eta lauso bat ekarri zuen, non klase ertainen programa politikoa harremanetan hasi zen askoz politizatuagoak ziren antolakundeekin.

Gainera, mugimendu okupa edo antifaxista bezalako mugimenduak ere biziberritu ziren nolabait. Mugimendu horiek pisu handia zuten (historikoki) hiri jakin batzuetan, eta berriz ere indarra hartu zuten eta loturak sortzen hasi ziren eratzen ari ziren mugimendu berriekin. Horrek guztiak sortu zuen testuinguruan, oinarri militante nahiko zabalak zituzten espazioak elkarrekin bizi ziren, mobilizatzeko gaitasun nabarmenarekin, eta gero eta ondoez handiagoa zuten gizarte-geruza jakin batzuekiko loturarekin. Hala ere, zerumuga estrategiko argirik ez egoteak, adierazpen horiek, gehienetan, aldi baterako eta elkarren segidako ­sumindura-adierazpen hutsetatik harago ez garatzea ekarri zuen. Testuinguru horretan sartu zen bat-batean Podemosen fenomenoa, M15ari eta horretan parte hartzen zuten sektore politiko batzuei lotuta.

Gertaera horrek egoera sozialdemokrata argitzen lagundu zuen. Sozialdemokraziaren ezker hegalak (Partido Comunista de España eta Izquierda Unida) Podemos esperientzia populista berriarekin bat egitea erabaki zuen, hautesle «ezkertiar» zaharrak eta hautesle «sumindu» berriak batzeko ahaleginean. Bloke horrek gizarte-mugimenduekin zuen harremanak zenbait interes-puntu planteatu zituen. Mugimendu horiek 2010az geroztik planteatutako eskari asko (hasieran behintzat, «erradikaltasun» handiagoko uneetan) bloke horrek bereganatu zituen, eta neurri handi batean mediatikoa zen interes-­batasun bat proiektatzea lortu zuen, antolakunde horien ahalmen politikoa agenda politikoan eta Estatuan integratuz joatea lortu zuena. Hori indartu egin zen lehen aipatutako mugimenduetako erreferentziazko koadro batzuk erakarrita eta integratuta, herri mugimenduaren (eta haren eskarien) eta hauteskunde-planteamendu berriaren arteko jarraitutasuna irudikatzea lortu baitzuten. Une horretatik aurrera, bi espazioen arteko harremana oso konplexua eta irregularra izaten hasi zen, sinergikoa une batzuetan, baina tentsio handikoa besteetan (une horietan, nabarmen geratzen zen hauteskunde-apustu horrek benetan egikaritzeko zeukan ezintasuna).

Independentzia politikoa lortzeko ezintasunetik datoz mugimendu politikoen mugak, eta sozialdemokrazia populista berriaren agenda politikoaren mendeko eta meneko bihurtzen ditu horrek. Sektore militante ezkertiarrenek bakarrik kritikatuko dute agenda hori, eta modu koiunturalean baino ez. Nolanahi ere, apustu sozialdemokrataren ezintasun edo bideraezintasun nabarmena gorabehera, mugimendu sozialak beren mugen barruan mantenduko dira, eta mugimendu horren lan instituzionaletik ondorioztatzen diren apurrekin konformatuko dira. Aliantza-oposizio dinamika hori aurreko gertakarietatik hasi zen agertzen, baina urte hauetan zehar hobetzen eta sendotzen joan da, eta horri esker lortu da ehun militante horren barruko pultsio iraultzaile orori eustea.

Bitartean, mugimendu komunistaren borroka-espazio tradizionaletik lekualdatze-prozesu baten ondoren, non fabrika-langilea (subjektu politiko nagusia) pixkanaka zentro inperialistako ekoizpen-prozesuetatik kanporatua izan zen, sindikatuak langile klaseko sektore jakin batzuetara bideratutako egitura burokratikoen mailaraino hustu ziren, bloke sozialista desegin ondoren; erakunde komunistak, oro har, hiltzeko prest ez dagoen iraganeko hondar gisa ikusiko ziren.

Erabateko porrot egoera horren eta ziklo iraultzailearen itxieraren aurrean, estrategia komunista birpentsatzeko beharra jarri zen mahai gainean, baina emaitza handirik gabe. Sektore batzuek seinalatu zuten komunismoaren ezintasuna haren zatiketan datzala, eta Alderdia «berreraikitzearen» alde egin zuten. Beste batzuek 1917ko Urriko Iraultzak hasitako ziklotik oinordetzan hartutako mugak adierazi zituzten, eta balantze historikoaren prozesu agortezinak hasi ziren, Alderdia «berreratzeko» helburuarekin. «Ezkerreko» hautagaitza zabalagoetan, hautagaitza «nazional-popularretan» edo hautagaitza «antikapitalistetan» parte hartzea erabaki zutenak ere izan ziren; izaera elektoralista eta parlamentarista nabarmena zuten hautagaitza horiek. Eta, azkenik, aurreko mendeko eztabaida zaharrek oinordetzan utzitako eta aurrez aurre jarritako estrategietan arrakastarik gabe jarraitu zuten beste antolakunde batzuk ere izan ziren, hala nola, trotskistak, prosobietarrak, albaniarren aldekoak, protxinatarrak edo ezkerreko komunistak.

Porrot eta errefluxu testuinguru horretan lehertu zen 2008ko krisia, eta horrek gatazka sozial handiko garai bat ireki zuen nazioartean (Islandia, udaberri arabiarrak, Occupy Wall Street, eta abar), baita Espainiako Estatuan ere. 2010eko azken greba orokorrak, etxebizitza mugimenduaren lehen urratsek eta gazteen sektore zabalek, krisiak bizi-itxaropenak zapuzten zizkiela ikusita, ekimenak eta protestak bultzatu zituzten, eta berehala kutsatu ziren beste esparru batzuetara: jubilatuak, osasun-langileak, irakasleak, eta abar. Goi-goi mailako kastak berak ere kapitalismoaren amaiera iragartzen zuen, ezagutu genuen bezala, behintzat. M15a, mareak, Hipotekak Kaltetuen Plataformak (PAH), «Kongresua Inguratu» eta «Duintasunaren Martxak» izan ziren mobilizazio horien emaitzak, eta atzean utzi zituzten egunkariak, gizarte-zentroak, kooperatibak, argitaletxeak, asanbladak eta abar.

Beste saiakera askoren artean, gizarte-asaldura hori antolakunde komunista batek baliatu zuen, Ezker Antikapitalistak. Joera trotskistako antolakunde horrek lehenengo Podemos bultzatu zuen, baina eszenaren erdigunea hainbat esparrutako pertsona ospetsuei eman zien, hala nola, eremu akademikoari; horiek, azkenean, alderdi sortu berrian hegemoniko bilakatu ziren, lurralde gutxi batzuetan izan ezik. Horrela, abangoardia ilustratu eta erreformatzaile batek, batez ere Latinoamerikako marea arrosaren esperientzietan inspiratua, Estatuko egoera instituzionala hauteskunde-­gerrarako makineriarekin ezegonkortu zuen. Hala ere, antikapitalistek aukeratutako bideak ez zuen ekarri haien antolaketa nabarmen indartzea. Podemosen bigarren mailako rol batera lekualdatuak izateagatik, Greziako esperientziak bere planak desegin zituelako edo hauteskunde-­makineriak militantzia erregai gisa kontsumitu zuelako, populismoarekin antolakuntzan ia hamarkada bateko abenturaren ondoren, ordezkari politiko batzuk, finantzaketa eta egitura eskas bat baino ez ziren geratu. Horregatik, azken hilabeteetan, Ezker Antikapitalistako hainbat pertsonak azken urteetan izandako esperientziari eta estrategiari buruzko hausnarketa-prozesuari ekin diote.

Podemosek estatuko panorama politikoan izan zuen agerpenean, lehenik lehiakide gisa parte hartu zuten, eta, ondoren, kolaboratzaile gisa, IUko erakunde komunista batzuek. Batzuk Podemosen sartu ziren, eta beste batzuek, berriz, ontzia utzi zuten, lehenago edo geroago, zarata handiagoarekin edo txikiagoarekin, IUren kanpoaldean zeuden sigla ugariekin bat eginez. Aipatu dugun bezala, sozialdemokrazia populista berriaren integrazio-prozesu arrakastatsua ikus dezakegu, PCEn eta IUn hezurmamitutako sozialdemokrazia zaharraren alderik ezkertiarrena duena. Latinoamerikako inspirazioko populismo erradikala proiektu eurokomunistaren erabateko porrotari jarraipena emateko irtenbide gisa agertu zen; izan ere, Espainiako Estatuan ez zen gai izan 2008az geroztik sortu zen sumindura politikoaren dinamika artikulatzeko. Joera hori berdin-berdina da gure inguruko beste herrialde batzuetan, adibidez, PCFren eta Melenchón esperientziaren arteko harremanarekin. M15-Podemos fenomenoaren gurdira igo ziren antolakunde komunista horien barruan, populartasuna ardatz zuten estrategiak nagusitu ziren, Gramsciren figuraren erabilera erreformista egiten zutenak, bertsio eurokomunistetan, populistetan edo antikapitalistetan. Horrela, klase-independentziari uko egiten zitzaion, estrategia sozialistaren printzipio politiko gisa.

Estatu burgesaren logika instituzionaletan berehala integratu ziren esperientzia horiez gain, bai estatu mailan, bai udal mailan, gainerako talde komunistek ez zuten «rol protagonikorik» izan ziklo politiko horretan. Hala, lehendik zeuden antolakunde independenteek (PCPE, PCOE, CRT, eta abar) ez zuten hobekuntza handirik izan beren gaitasunetan: batzuek haustura-prozesuak bizi izan zituzten, eta beste batzuk, berriz, batasun-prozesuekin saiatu ziren, arrakastarik gabe. PCTE, duela lau urte sortutako PCPEren zatiketa, estatuan ekimen eta garrantzi handiena izan duen antolakundea izango da ziurrenik. Nolabaiteko ospea izan duten beste talde komunista batzuk Berreratze Lerroa (Línea de Reconstitución) eta PML (RC) dira. Lehenengoak, nahiz eta 90eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, hazkunde nabarmena izan zuen 2015 eta 2019 artean, Urriko Zikloaren balantzearen inguruan bi lerroko borrokaren bidez komunismoaren berreraketa ideologiko eta politikoa egiteko proposamenarekin; plan horrek esan nahi du bere jarduera politikoa nagusiki teorikoa eta propagandistikoa dela, mugimendu espontaneoetatik kanpo kokatuz. Bigarrena, PCEko eta PCPEko militanteek 2009an sortutakoa, Siriako gerra inperialistan bere militante batzuen aurkako prozesu errepresibo baten bidez ezagutarazi zen. Gaur egun, aurreko antierrebisionismo hoxhaista esplizitutik urrun dagoen diskurtso obrerista eta subiranista baten bidez, nolabaiteko irismena duten komunikabideak sortu ditu. Talde horiek guztiak ­M15-Podemos ziklo politikoaren mugimendu nagusitik kanpo kokatu dira, dela mugimenduaren klase osaketagatik, dela ideologia hiritarzale eta demokratistagatik, dela antolakunde komunista horiek garaiko espazio politikoetan jarduera garrantzitsu bat garatzeko duten gaitasunik ezagatik.

Aski ezaguna denez, 2008ko krisiaren ondoren hasitako protestak Podemosen instituzionalizatzearekin baretu ziren. Hala ere, mobilizazio berriak sortu ziren; murrizketa, soldaten jaitsiera eta makurtze olatuaren ondoren, proletariotzak jasaten jarraitzen zuen astinduaren berri ematen zutenak. Mugimendu feministak eta procés-ak, neurri batean, ematen zuten horren berri. Bi gertaera horiek Espainiako Estatuko komunistak behartu dituzte nolabaiteko arretaz garatzera tradizio komunistaren bi gai klasiko: nazio auzia eta emakumearen auzia. Lehenengo kasuan, austromarxisten, leninisten, luxenburgotarren eta berrikuntza handirik gabeko askapen nazionaleko mugimenduen posizio klasikoetara jo da. Bigarren kasuan, marxismoaren jarrera tradizionaletara jo da, baina baita feminismo materialistetara, sozialistetara, marxistetara, proletarioetara eta abarretara ere, eta horrek aplikazio sortzaile batzuei eman die bide antolakundeen barruan.

Nor zarete eta nondik zatozte?

Hainbat jatorritako militanteek osatzen dute Encuentro por el Proceso Socialista (EPS). Militante horiek koiunturara egokitzen den estrategia sozialista eguneratzeko gai izango den Mugimendu Sozialista bat eraikitzeko konbikzioa dute, eta helburu dute gaur egun ditugun erronka politikoei aurre egiteko gai izatea eta Kapitalaren botereari eta Estatuari, egun eratuta dauden moduan, aurre egingo dien ziklo iraultzaile berri bat bultzatzeko egoeran egotea. Gure mugimendua osatzen duten gazteak militantzia komunistetatik, anarkistetatik, autonomoetatik eta abarretatik datoz, eta mugimendu sozialetan parte hartutakoak dira, hala nola feminismoan, antifaxismoan, etxebizitzaren aldeko borroketan eta abarretan. Gazte horiek espazio horien berezko logikak hautsi dituzte, egungo testuinguruak aurrerapauso bat ematea eta orain arte gure borrokek erakutsi dituzten muga guztiak gaindituko dituen politika bat garatzea eskatzen duelako.

Uste dugu osaera horrek ordezkatzen dituela bizitzen ari garen une historikoa eta esku hartzen ari garen koiuntura berezia; haren ezaugarri nagusiak komunismoaren porrot historikoa, erakunde iraultzaile indartsurik eza, kultura politiko zatikatua eta proletalgoak subjektu gisa duen deskonposizioa dira. Egoera horrek azken hamarkadan nabarmendu diren esparru politikoetan parte hartzera eraman gaitu, eta orain horien mugak mahai gainean jarri nahi ditugu, horiek gaindituko dituen Prozesu Sozialista baterantz aurrera egiteko. Nahiz eta gure militantzia jatorri askotarikoa izan, alderdi garrantzitsuenetako bat da horietan guztietan antzerako moduan identifikatu genituela gainditu nahi genituen muga batzuk eta premia politiko batzuk, eta, zehazki, jabetu ginen horiek konpontzeko modu bakarra martxan jarri nahian ari garen eskala handiagoko antolaketa-prozesu batean murgiltzea zela. Bestela esanda, itxuraz elkarrengandik oso urrun zeuden tradizioetatik etorri arren, denok identifikatu genuen ziklo politiko baten amaiera eta prozesu berri bati ekiteko beharra antzuak ziren esperientzia politikoei eta sozialdemokraziaren hegemoniari aurre egiteko. Izan ere, sozialdemokraziak ordura arte mugitu ginen dinamika politiko asko barnean hartu eta artikulatu zituen.

Itxuraz elkarrengandik oso urrun zeuden tradizioetatik etorri arren, denok identifikatu genuen ziklo politiko baten amaiera eta prozesu berri bati ekiteko beharra antzuak ziren esperientzia politikoei eta sozialdemokraziaren hegemoniari aurre egiteko

Jatorri-aniztasun hori gure jatorrizko mugimendu, espazio eta sareen osaeraren eta militantziaren egoeraren ondorio ere bada. Izan ere, beste lurralde batzuetan ez bezala, Madrilen, hobekien ezagutzen dugun adibidea erabiltzeagatik, militantzia-ehuna ia ezerezera murriztu da azken urteotan; antolakuntza-dentsitatea minimoan geratu da. Horrez gain, eta aurrekoarekin guztiz lotuta, kultura eta praktika militantea guztiz marjinalak ziren, eta zirkulu oso txikietara zeuden murriztuta; bi faktore horien ondorioz, une hartako gure mugimenduen mugak gainditzeko zenbait intuiziotan eta proposamenetan bat egiten genuen gazte bakanok elkartu egin ginen, identifikatuta sentitu ginen eta bat egin nahi izan genuen hara eraman gintuzten logiken eta dinamiken autokritika egiteko prozesu batekin.

Eta zein da EPSren jatorria? Nola sortu zen?

Hainbat sektore gure lehengo militantzia-esparruetan autokritika-prozesuetan murgiltzen ari ginenez, korronte politiko desberdinen arteko topaketa-prozesu bat hasi zen, estrategikoki eta antolakuntzari dagokionez hainbat proposamen eztabaidatzeko asmoa zuena, batez ere gazte militanteen artean. Prozesu hori modu paraleloan izan zen Burgosen eta Madrilen, eta gero Valladolideko beste sektore batzuk gehitu ziren. Prozesu horretan, korronte politikoen arteko eztabaida zintzoak eta konfrontazio ideologikoak pisu nagusia izan dute beti, kontuan izanik askotariko jatorrietako kideak ditugula; hala ere, horrek ez zigun eragotzi posizio sozialistetarantz politikoki elkarrekin aurrera egitea.

Hala, topaketa- eta hausnarketa-prozesu horren barruan, hainbat taldek bat egin genuen ekonomia politikoaren kritikaren (EPK) aldeko apustua egiteko ideiarekin, gure prozesuari hasiera emateko marko komun gisa. EPK aztertzea, orduan, baliagarria izan zitzaigun mahai gainean jartzen ari ziren proposamenak aztertzeko marko komun bat sortzeko, eta oraindik ere baliagarria da. Zentzu horretan, EPKren azterketan sakontzearekin batera, Euskal Herrian Mugimendu Sozialistaren (MS) garapena oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta kapitalismoaz guk genuen azterketa kritikoa batzen hasi ginen mugimendu berri horrek egiten duen tesi eta proposamenen eztabaida sistematikoarekin eta gure garaira egokitutako estrategia sozialista berrituaren alde egiten duen apustuarekin. Orduan, areagotu egin zen berrosatze ideologiko eta politikorako prozesua, eta agerian geratu zen hainbat sektorek apustu sendoa egiten genuela tesi horiei gure lurraldeetan jarraipena emateko eta horiek egia bihurtzen saiatuko zen antolaketa-prozesu bati ekiteko.

Orduan aurkeztu genuen EPS, mahaira ateratako tesi sozialista berrietan interesa duten militanteen arteko espazio ireki eta topagune gisa planteatua. Gure apustua da prestakuntza jasotzen jarraitzea eta gure gaitasun kolektiboak handitzeko beharrezkoak diren eztabaidak izatea. Espazio horretan, gaitasun militanteak eraikitzen joango gara, agertzen diren erronka guztiei erantzuteko eta gero eta eskala handiagoan antolakuntza-prozesu bat abiatzeko, gure lurraldeetan MS bizi eta indartsu bat eraikiz. Oraingoz, Madril, Burgos eta Valladolid dira lurralde horiek, eta kasu bakoitzean bizitzen ari diren egoera berezia gorabehera, oso prozesu berdintsua izan dute gaur egunera arte. Prozesu hori, bide batez, arreta pizten ari da, eta modu interesgarrian garatzen ari da inguruko beste hiri batzuetan. Gure ustez, horrek agerian uzten du mahai gainean jartzen ari garen zenbait gairen baliozkotasun orokorra; hau da, gai horiek ez dagozkiola lurralde baten berariazko ezaugarriei eta haren idiosinkrasia espezifikoari, eta, kontrara, gai orokor eta komunak direla.

Zer balio eta garrantzi dute M15ak edo mugimendu sozialen olatuak zuen sorrera politikoan?

Garrantzi oso handia dute M15 mugimenduko prozesuak eta duela hamarkada bat baino gehiagotik gure lurraldeetan indarra hartzen ari diren mugimendu sozialen olatuak. Gogoan izan behar da gure militante gehienak oso gazteak ginela M15a piztu zen unean, eta oso azaletik edo ikusle huts gisa hartu genuela parte gertaera horietan. Hala ere, une hori oso garrantzitsua da guretzat, neurri handi batean esan baitaiteke M15a eta horren berehalako ondorioak lehen urrats handia izan zirela gure belaunaldiko pertsona askoren politizazioan.

Hain zuzen ere, une horretan piztu ziren gure hirian, besteak beste, ikasleen greba handiak edo Duintasunaren Martxak, eta horiek dira, kasu askotan, zuzenean esku hartu genuen lehen esperientzia politikoa. Eta horien ondoren, hain zuzen ere, gatazka soziala areagotu egin zen gure lurraldeetan, eta ikusten dugu, halaber, zentro sozialen okupazioek edo antifaxismoaren moduko mugimenduek indar handiagoa hartu zutela, eta gutako askorentzat ohiko sozializazio-espazio bihurtu ziren. Gainera, hurrengo urteetan, politikoki hazten eta heltzen ari ginen urteetan, mugimendu berriak sortu ziren, hala nola feminismoa edo etxebizitzaren aldeko borrokak, non gutako gehienok bat egin genuen era batera edo bestera.

Ikus dezakegunez, M15a eta han garatzen hasi ziren borroka- eta protesta-prozesuak funtsezkoak izan dira guretzat; izan ere, horiek izan ziren gure politizaziorako lehen gertaera nagusiak, eta, hein handi batean, horiek eratu zituzten geroago parte hartu dugun espazio politikoak.

Horien garrantzia oso argi ikus daiteke bertan sortu ziren edo modu berri batean sendotu ziren eta gure militantziarekin lotura handiagoa izan zuten eragile politiko nagusiak aztertzen baditugu.

Hel diezaiogun horri. Zein da eragile politiko horien inguruan egiten duzuen analisia?

Ikasle mugimendua daukagu batetik. Gure institutu eta unibertsitateetan 2010. eta 2014. urteen artean egin ziren greben eta borroken zikloa izan da gutako askorentzat politizaziorako eta antolakuntzarako lehen esperientzietako bat. Kide gehienek, nork bere esku-hartze esparrutik, mugimendu hori esploratu zuten, azken hiruzpalau urteetara arte. Azken urte horietan ikasle mugimendua ia ezerezean gelditu dela nahiko nabarmena da, esaterako Madrilen, non belaunaldien arteko erreleboa ezin izan den lortu ezta minimoetan ere. Mugimendu horrek arazo ugari izan zituen beti bere esku-hartze eremu espezifikotik ateratzeko, eta, beraz, gatazka handieneko gertakarietatik aparte, greba handiak kasu, ohikoa izan da autoerreferentzialtasunean erortzea eta abian ziren dinamika kulturalei jarraitzea.

Bestalde, mugimendu feminista daukagu, zalantzarik gabe, gutako askok parte hartu dugun lehen masa-mugimendu handia. Gure kide gehienak mugimendu hori etengabe hazten ari zen unean politizatu ziren, eta, ondorioz, askotan parte hartu zuten batzarretan, egituretan, ekintzen eta manifestazioen antolaketan eta abarretan. Zalantzarik gabe, azken urteetako mugimendu garrantzitsuenetako bat da, eta, beraz, mugimendu horrek gure militantzian izan duen eragina oso esanguratsua da. Batez ere Madril izan da mobilizazio handien epizentroa, non feminismoak beste ezein subjektu politikok ez bezalako mobilizazioak egiteko gaitasuna izan zuen. Eragin handia izan du politika, hizkuntza nahiz dinamikak egiteko eta ulertzeko moduetan: politikaren zentzu komun feminista bat proposatu zuen, horren inplikazio politikoetako batzuk direla medio modu egokian tratatu beharrekoa dena, planteatutako kritika askoren erreakzionarismoan erori gabe. Laburbilduz, azken urteetan beheranzko joera nabarmena izaten ari den mugimendu batez ere ari gara: mugimendua bi bloketan hautsi da, eta eskuin muturrak erreakzio matxista nazkagarria bultzatu du. Hala, hark posizioak berreskuratu ditu agenda kulturalean, eta ofentsiban dago gaur egun. Gure ustez, mugimendu horren barne-logikak ikusita, hori ezin zen bestela izan.

Bi horiekin batera, zentro sozial okupatuak eta mugimendu antifaxista ere berriro indarra hartzen hasi ziren sozializaziorako eta militantziarako espazio eta logika moduan, non gutako askok oso gaztetatik egin dugun bat. Zentro sozial okupatuek izugarrizko historia dute gure hiri batzuetan, eta guk haien irudi nahiko desitxuratua jaso genuen, gaur egun aurre egin behar diogun erasoaldiak jo gintuen arte; izan ere, Madrilen moduko hiriek jada ez dute ia erradiazio eta antolaketa politikorako gune gisa balio duten zentro sozial handirik. Eta zer esan antifaxismoaz Madrilen. Ez dugu uste zentzugabea denik pentsatzea Carlos Palomino antifaxistaren erailketa mugarri izan zela eta politikaz eta militantziaz pentsatzen genuen guztia markatu zuela gutako gehienontzat. Hurrengo urteetan nagusi izan ziren gazteen kolektibo antifaxisten esperientziek, izugarrizko antolaketa- eta politizazio-esperientziak izan zirenak, gure auzoetako errealitate hurbilenean politikoki esku hartzeak zer esan nahi zuen jakiteko aukera eman ziguten. Esperientzia hori, berriz ere, erabateko gainbeheran sartu zen duela bi urte inguru, ez baikenuen lortu belaunaldien arteko erreleboa eraginkorra izatea. Gutako askorentzat, horrek piztu zituen lehen alarmak. Hain zuzen, konturatu ginen ez geundela zenbait mugimenduren akats taktiko zehatzen edo ahultasun zehatzen aurrean, baizik eta mugimendu desberdinen porrota logika eta dinamika orokorrago baten ondorioa zela, eta hori lehendik zeuden militantzia-espazio guztietan ari zela erreproduzitzen.

Konturatu ginen ez geundela zenbait mugimenduren akats taktiko zehatzen edo ahultasun zehatzen aurrean, baizik eta mugimendu desberdinen porrota logika eta dinamika orokorrago baten ondorioa zela

Eta, zalantzarik gabe, etxebizitza mugimendua ere nabarmendu behar dugu, 2010-2020 hamarkadako beste esperientzia handienetako bat baita, gure klaseko sektore desjabetuenekin politika egiteko izan dugun lehen moduetako bat. Zalantzarik gabe, hainbat sektorek apustu taktikoa egin zuten borroka horietan esku hartzeko, nolako potentzialtasuna zuten ikusita. Eta gutako asko ere hor egon ginen oso bestelako politizazio-esperientzia batean. Halako antolakunde baten barruan, errealitatea oso modu gordinean bizi duten pertsonekin batera aritzen zara militantzian (beste militantzia mota batzuetan pentsaezinak liratekeen errealitateak); hain zuzen, etxea eta familia ez galtzeko, asanbladan antolatu behar den jendearekin. Horrek aurreko esperientziekin duen desberdintasuna izugarria da, baina, hain justu, lantzen duen gatazkaren berezitasunagatik (une jakin batean hainbesteko garrantzi mediatikoa irabazi zuen), mugimendu horrek modu agerikoagoan jarri gintuen jarraian aipatuko dugun subjektuari dagokionez izan beharreko funtzionatzeko moduaren aurrean. Askorentzat, agian, horixe izan zen gainezka egiteko behar izan zuen azken tanta.

Subjektu hori M15etik sortutako sozialdemokrazia populista berria da. Izan ere, aipatu berri ditugun mugimendu horiek guztiak Podemos fenomenoaren sorrera- eta gorakada-prozesuarekin batera garatu ziren. Hasieran, fenomeno horrek anbibalente jokatu zuen mugimendu gehienetan, eta denborarekin eta bere burua erakundeetan integratzeko prozesua gertatu ahala, harremana tentsio gehiagokoa eta gatazkatsuagoa bihurtu zen. Militanteak kooptatzeko logikak, mugimendu horien eskariak artikulatzeko ahaleginak, mugimendu horien interesak erakundeetan ustez «ordezkatzeko» dinamikak eta beste amarru batzuk behin eta berriz errepikatu dira militante gisa egin ditugun politizazio- eta heltze-prozesuetan. Lehenik tragedia gisa eta gero fartsa gisa, gure belaunaldia sozialdemokraziaren proiektu populistaren gorakadarekin eta beherakadarekin hezi da politikoki, zeinak porrot egitera kondenatuta zeuden oinarriak baitzituen, 2015ean Grezian izandako esperientziak erakutsi zuen moduan. Eta horrek guztiak, heldutasun politikoa lortzen joan ahala eta gure mugimenduen egoeraren eta subjektu horrekin genuen harremanaren azterketa egin ondoren, sozialdemokraziaren proiektuari kritika sakona egiteko egoeran egotera eraman gaitu; agian horretan aurrerago sar gaitezke sakonago. Mugimendu horiek ezin dira «biktima» gisa ikusi; izan ere, hasi zirenerako jada muga politiko batzuk zituzten, hala nola sektorialtasuna, lokalismoa, asanblearismoa, ekonomizismoa, bat-batekotasuna eta abar, eta, ondorioz, sozialdemokraziaren oinarri sozial bihurtzeko aukera asko zituzten, ez baitziren gai haren logika politikoarekin kontraesanetan eta gatazkan sartuko zen praktika politiko bat egituratzeko.

Zuen ustez, zer auzik leherrarazi zituen prozesu horiek?

Guk uste dugu 2010-2020 hamarkadan antolatu ziren borroka- eta sumindura-prozesuek batez ere 2008ko krisi kapitalistaren ondorioei erantzun zietela. Uste dugu ez dagoela gertakari hori behar bezala kokatzeko modurik nazioarteko metaketa-ziklo kapitalisten dinamikarekin lotzen ez bada. Izan ere, une hartan egoera ekonomikoa oso gogorra zen Europako langileriarentzat, batez ere hegoaldeko estatuetan, eta horri Espainiako erregimen politikoak duela urte batzuetatik herrestan zeramatzan hainbat faktore gehitu zitzaizkion, esaterako, politika egiteko modu jakin batzuk agortuta egotea eta horiekiko gero eta desengainu handiagoa izatea. Zehazki orduan hasi zen erakunde burgesen legitimitate politikoaren eta ordezkaritzaren krisi handi hori, egoerak erakunde horiek gainditu zituenean.

Horregatik, gure ustez, prozesu hori ezin da bereizi gaur egun bizitzen ari garenetik; izan ere, krisi honen detonagailu nagusia bizitzen ari garen Kapitalaren metaketa-krisia gordindu izana da. 2008ko krisia eta egungo krisia, beraz, bereizi ezin diren bi une dira. Puntu horri garrantzi handia ematen saiatzen ari gara, uste baitugu hori behar bezala aztertzeak erabateko eragina duela aurrean dugun prozesua nola bideratu behar den pentsatzeko ikuspegian. Horiek horrela, pandemiaren hasierak erabateko inflexio-puntua ezarri zuen, non sistema kapitalistaren barneko kontraesan dagoeneko handiak gero eta nabarmenago bilakatu ziren. Eta horren atzetik datoz bizitzen ari garen bizitzaren garestitze eta prozesu inflazionista bortitza, Europako lurretan berriro gerra inperialista bat piztu izana, mundu mailako krisi energetikoa larriagotzea eta estatu burgesen atzerakada autoritarioa.

Nazioarteko koiuntura politiko eta ekonomikoa erabat lur jota dago gure ustez, eta horrek agerian uzten du, gainera, aspalditik garatzen ari zen prozesu bat; horren adibide da M15eko protesta-zikloaren ondorioz sortutako sozialdemokrazia berria Estatuaren logiketan erabat integratu izana. Subjektu horrek jarrera anbiguoa izan zuen ordura arte esku hartu genuen militantzia-eremu askotan, tentsiozko harremana genuen harekin, eta zehazki kooptazioaren eta mugimendu horiek erakundeetan ustez zituzten interesen «ordezkari» izatera jokatzen zuen; ordea, «historiako gobernu aurrerakoienean» behin betiko sartu izanak gure intuizioak berretsi besterik ez zituen egin. Hala, ordutik aurrera, askoz premiazkoagotzat hartzen hasi ginen proposamen sozialdemokrataren oinarriak aztertzea eta haren logiken eta funtzionatzeko moduen kritika erradikala egitea, gure ustez hori izan baita egungo egoeraren erantzule nagusietako bat. Hori izan zen elkartu gintuen beste puntu bat, EPK marko komun gisa ezartzearen aldeko apustuarekin eta MS Euskal Herrian garatzen ari zen tesiekiko genuen interesarekin batera, eta horri esker aurrera egin ahal izan genuen gure kohesio ideologikoaren eta berrosatze politikoaren prozesuan.

Nazioarteko koiuntura politiko eta ekonomikoa erabat lur jota dago gure ustez

Eta orain, zer aldatu da?

Aipatu berri dugun bezala, sozialdemokrazia populista berria gobernuan sartu izanak impasse une bat ekarri die gizarte-mugimenduei eta gure lehengo militantzia-espazioei, begi-bistan jarri baititu proiektu sozialdemokratak teorian lortu nahi dituen helburuak betetzeko dituen muga izugarriak. Horren ondorioz, sektore asko autokritika-prozesu batean sartu ziren, gure mugimenduek orain arte izan duten zereginari, azken urteetan aurkitu dituzten mugei eta sozialdemokraziarekin izan duten harremanari buruz hausnartuz. Eta horrek espazio eta mugimendu horiek proposamen berrietara gehiago irekitzea eragin du, adibidez MS mahai gainean jartzen ari den proposamenetara irekitzea; gure ustez, horrek aukera ematen du militantzia kritiko eta konbikzio iraultzailedun horren zati handi bati jarraitutasuna emateko. Izan ere, nahiz eta orain arte zenbait proiektutan militatu behar izan duten, jakin bazekiten proiektu horiek ezin zutela ordura arte emandakoa baino askoz gehiago eman, baina horiek ziren beren lurraldeetan aurkitzen zuten lan egiteko espazio duin bakarra. Izan ere, antolakunde komunistek ez zuten ezer sinesgarririk eskaintzen, eta gure mugimenduetan nagusitzen zen logika autonomoari jarraikiz, eskala handiagoko egiturak koordinatzeko saiakerek beti amaitzen zuten ezerezean.

Horretaz gain, kontuan hartzekoak dira metaketa-krisi kapitalistaren ondorio gogorrenetako batzuk, gaur egun bizitzen ari garenak, hala nola proletarizazio-prozesua eta bizitzaren garestitzea edo kolpatzen gaituen energia- eta baliabide-krisia. Izugarri aldatzen ari den mundu batean bizi gara, iraganeko ziurtasunak gero eta ahulagoak dira, eta munduko iparraldeko estatu burgesetako klase desberdinen interesek gero eta konfrontazio handiagoa dute beren artean. Badirudi amaitzen ari dela ongizate-estatuaren moduko tresnen bidez bake soziala eta klase interes jakin batzuen harmonizazioa lortzeko garai hori. Gero eta sektore gehiago ari dira hori ikusten, baita elite politiko burgesen barruan ere, nazioartean mugimendu arraroak egiten ari baitira: gogoratu Liz Truss lehen ministro kontserbadore britainiarraren kasua. Eta, beraz, koiuntura irakurtzeko gaitasun handiena duten espazio militanteak gatazka soziala areagotzearen aldeko apustua egiten ari dira. Hain zuzen ere, horri esker, nolabaiteko haustura sortzen ari da orain arteko dinamikekin, eta gero eta sektore gehiagoren artean eztabaidagai jartzen ari dira hainbat eredu estrategiko, agertoki berriak irekitzeko aukera emango digun borroka-prozesu berri bat bultzatzeko. Hor kokatzen da gero eta interes handiagoa egotea MS planteatzen ari den estrategia berrituarekiko; gure ustez, bera da praktikan nolabaiteko potentzialtasuna eta eraginkortasuna erakutsi duen proposamen estrategiko bakarra.

Beraz, zein baldintza zehatzek ekarri dute haustura politikoa?

Haustura politiko hori gauzatzeko baldintzak honela bana genitzake: krisi kapitalistaren nazioarteko koiuntura ekonomikoa, hainbat esparrutan aldaketa handiak eragiten ari dena (lan-egituran, klase-osaeran, belaunaldien arteko orekan, eta abar); sozialdemokrazia populista berria gobernuan sartzearekin amaitu zen ziklo politikoaren itxieraren ondorioak, horrek zenbait sektore militantetan eragin duen desengainu politikoarekin eta subjektu horren artikulatzeko gaitasun galerarekin (kooptazioa, gure borroken eta mugimenduen potentzial iraultzailea ordezkatzea eta deuseztatzea, eta abar); eta batez ere gazteek osatutako hainbat sektore militantek duten determinazioa autokritikatik abiatuta prozesu berri bat bultzatzeko, orain arte aurkitu ditugun mugak gainditzeko eta erresistentzialismo hutsetik ateratzeko.

Zuen ustez, zergatik gertatu da haustura hori nagusiki gazteen sektoreetan?

Arrazoi asko daude. Lehenik eta behin, agerikoa dirudi bizitzen ari garen proletarizazio-prozesuak eragin handiagoa duela batez ere langile klaseko belaunaldi gazteengan. Proletalgoa honela definitu ahal izan dugu: desjabetuen multzoa, jabetza modu egonkorrean eskuratzeko aukerarik ez duten sektoreek osatua. Sektore horiek ez dute espazioaren gaineko eta bizitza erreproduzitzeko baldintzen gaineko kontrolik ere, eta beren lan-indarra saldu beharra dute bizitza erreproduzitzeko, izan zuzenean edo zeharka; hau da, klase hori ez dute osatzen lan egiten duten pertsonek bakarrik, lan egiten ez dutenek ere osatzen dute. Definizio horri erreparatzen badiogu, argi dago langile klaseko belaunaldi berrien eta beren aurreko belaunaldikoen artean haustura bat dagoela, eta lehen talde horretakoek desjabetze-prozesu are zorrotzago bati egiten diotela aurre: etxebizitza baten eskuragarritasuna are mugatuago dago guretzat, etxebizitza baten jabetza, oinarrizko artikulazio-nukleo gisa, desagertzen ari baita. Frankismoak Trantsiziorako ondo lotuta utzi zuen «jabeen demokrazia, ez proletarioena» esaldi ospetsua pitzatzen ari da gaur egun; soldatapeko lanerako aukera gero eta urriagoa da, Espainiako Estatuak Europar Batasunean tasa altuenetakoak ditu behin-behineko lanpostuei eta gazteen langabezia tasari dagokienez; etxetik emantzipatzea gero eta beranduago eta modu ezegonkorragoan gauzatzen da; familia indarra galtzen ari da erreprodukziorako oinarrizko unitate ekonomiko gisa; eta, horregatik guztiagatik, bizi-ezegonkortasun sakona ari da sortzen, arazo emozional eta psikologiko handiak eragiten dituena. Langile belaunaldi gazteen garaiko agertokia izugarria da.

Eta, bestetik, egiturazko desberdintasun horrek ezinbestean dakartza bizitzeko eta errealitatea ulertzeko modu berriak, orain arte nagusi izan den ulertzeko eta politika egiteko moduarekiko haustura eragiten dutenak. Haustura hori ez da automatikoa, baizik eta politikoki eragin behar da, baina argi dago langileen mugimenduaren egitura klasikoekiko leialtasun politikoan erabateko aldaketak ari direla gertatzen. Sindikatuak eta alderdi instituzionalak besteen kontua balira bezala ulertzen dira. Eta badirudi Estatuarekiko eta haren instituzioekiko konfiantza ere erortzen ari dela. Izan ere, ezin da ahaztu gu jada ez garela Trantsizioaren eta haren promesen seme-alabak; gu krisiaren seme-alabak gara. «Zertan hobetu ditzakezue neuk eta neure lagunek ditugun bizi-baldintza negargarriak? Zertan bereizten zarete zeuen artean eta zer aukera erreal duzue agintzen ari zareten hori betetzeko? Bat ere ez, ezta? Orduan ospa hemendik». Gure ustez, hori ari da pixkanaka-pixkanaka zentzu komun bihurtzen belaunaldi langile gazteen artean. Are nabarmenago, gainera, sektore militanteen artean, lau urtean behin istorio bera errepikatzen ikusten baitute. Politika burgesa eta hark gizarte-mugimenduetan duen agertzeko modua «betikoaren betiereko itzulera» da.

Argi dago langileen mugimenduaren egitura klasikoekiko leialtasun politikoan erabateko aldaketak ari direla gertatzen

Horregatik guztiagatik, belaunaldien arteko haustura, politika burgesarekiko haustura politiko bihur daiteke, batez ere, haren ezker hegal sozialdemokraziarekiko haustura. Horretan azpimarra jarri behar da. Kontua ez baita langile belaunaldiak elkarren artean aurrez aurre jartzea, ez horixe. Proiektu sozialistak langile guztiak Estatuaren eta Kapitalaren boterearen aurka borrokatzeko antolatu nahi ditu. Prozesu iraultzaile berri bat artikulatzeko klase horretako potentzia handienak non dauden aztertzea da eginbeharra. Eta, esan bezala, sektore zaharrak ez bezala, gazteak ez daude Estatuaren eta Kapitalaren logikei eta fideltasunei lotuta, eta, beraz, haien artikulazio politikoak, mugimenduaren hasierako berrosatze-une honetan, dimentsio berezia hartzen du, gero aurrera egiteko eta proletarioen beste geruza batzuk artikulatzeko.

Hitz egin dezagun gehiago hausturari buruz. Norekin hautsi zenuten eta zertan oinarrituta?

Beno, hau oso interesgarria da, guretzat haustura-prozesua oso desberdina izan baita Euskal Herrikoarekin edo Herrialde Katalanetakoarekin alderatuta. Horietan egitura burokratiko handi batekin hautsi zen, kutsu nazionalistako alderdi sozialdemokrata handi batekin, ordura arte gazteen nukleo sozialistak bildu zituena, baina azterketa kritiko eta eztabaiden ondoren «honaino iritsi gara» esan zutenak. Guk ere egin dugu puntu horretara eramaten zaituen prozesu konplexu hori, baina gure «honaino iritsi gara» hori ezin zaio subjektu oso zehatz eta definitu bati esan, baizik eta dinamika eta egiteko modu orokor eta oso zabaldu batzuei. Eta uste dugu gauza bera gertatzen dela prozesua paraleloki aurrera egiten ari den lurraldeetan, hala nola Madrilen, Burgosen eta Valladoliden.

Guk ez dugu alderdi eta egitura handi batekin hautsi. Hemen beste lurraldeetan dagoenaren antz handiena izan lezakeena Espainiako sozialdemokrazia litzateke, Podemosek eta PCEk ordezkatzen dutena. Baina ezin da esan haietako batekin ere hautsi dugunik, inoiz ez garelako horietako kide izan eta, gainera, ez dute ia ehun militanterik. Egitura elektoralista hutsak dira, eta logika burgesari jarraikiz, erabat bereizi dituzte maila politikoa (hauteskunde-dinamikara murriztua) eta maila soziala (gizarte-mugimenduei delegatua), eta horrek hauteskunde-makinak izatea oinarrian duten «antolaketa-egitura» izatera murrizten ditu. Hautsi egiten dugu, beraz, haiekin harremanak izateko moduarekin, hala politika haien logiketatik kanpo ulertzeko eta estrategia propioa izango duen programa independente bat proiektatzeko. Gure «honaino iritsi gara» esateak esan nahi du ez dugula jarraitu nahi gure ahalegin militante guztiak sozialdemokraziak artikulatu ditzan ahalbidetzen, lau urtean behin gutako askoren botoa jasotzen segi dezan beste alderdien artean «gaitz erdi» delako, eta mugimenduak haiei eskariak egitera muga daitezen edo lobby moduan presioa egin diezaieten kooptazio eta ordezkapen logikaren bidez.

Guretzat, orduan, funtsezkoa da programa sozialista bat berregitea subjektu horiekiko antagonismo-logika bat artikulatu ahal izateko; izan ere, subjektu horiek dira egungo egoeraren erantzule nagusia, eta orain arte gure mugimenduetako askok jarrera anbiguoa eta ahula izan dute haiekin. Horregatik azpimarratzen dugu hainbestetan proiektu sozialdemokratak eta estatu burgesen dinamikek nolako mugak dituzten kapital-metaketaren krisiaren aurrean. Hautsi egiten dugu, beraz, mugimendu horiek osatzen dituzten antolakunde eta egiturek orain arte harreman horretan (sozialdemokrazia-Estatua-Kapitala) izan dituzten dinamikekin, batez ere autonomiaren logikek determinatuta, baina baita beren buruari komunista esaten dieten erakunde multzoarekin eta anarkistekin ere, horientzat ez baitira aldatzen agertokia eta gauzak egiteko moduak duela hamarkada batzuetatik. Guk, beraz, geure buruari esan diogu «honaino iritsi gara»; ordura arte gure lan militantea egin genuen mugimendu eta tradizioen funtzionatzeko moduari. Eta hori zerbait partikularra dela uste dugu...

Zer zailtasun izan dituzue prozesu horretan?

Beno, neurri batean, prozesuaren puntu honetan espero izatekoak diren zailtasunak ditugu. Aurreko ziklotik jaso dugun oinordekotza nagusietako bat da gure lurraldean ehun militantea erabat deseginda eta zatituta dagoela; izan ere, Herrialde Katalanetan edo Euskal Herrian ez bezala, hemen ez dugu bloke nolabait kohesionaturik izan hausteko, baizik eta mota askotako korronte, kolektibo eta talde ugari izan ditugu, apurka-apurka deskonposatzen joan direnak, zoko batean baztertuta geratu arte edo erabat desagertu arte. Gu egoera horren aurrean benetako alternatiba bat planteatzen saiatzen ari gara modu apal batean, baina hori martxan jartzen ari garen lurraldean ia hutsetik sortu behar dugu militantzia-ehuna.

Ez dugu esan nahi basamortuan predikatzen ari garenik ere; zintzoak izanik, oraindik badago elkarrizketa zintzoa izateko zenbait jende, eta onartu behar dugu planteatu ditugun eztabaida eta gai askok harrera ona izan dutela, baita espero ez genuen sektoreen artean ere, eta horrek onerako harritu gaitu. Baina ebatzi beharreko arazo nagusia da nola jarraitu dezakezun hazten, eta, bitartean, proiektua kohesionatzen; nola jarraitzen duzun gero eta jende gehiago eta desberdina batzen, eta, aldi berean, zure apustua barne-mailan bateratzen. Zentzu batean, lehen esan dugun bezala, korronte politiko askotatik gatoz, eta oso harro gaude horretaz, baina, aldi berean, erronka ere bada haztera begira, kontuan izanda ez dugula aurrean are azkarrago hazteko aukera emango dizun hautsi beharreko blokerik; aitzitik, harremana izan behar duzu oso eragile desberdinekin eta sarritan oso zehaztugabeekin, edo, are gehiago, oraindik inor iritsi ez den sektoreetara iristea planteatu behar duzu.

Baina, neurri batean, hori guztia normala da abian jartzen ari garenaren moduko prozesu baten hasieran, eta badakigu abian jarriko dugun praktika politikoari esker, gero eta sektore gehiagok izango dutela aukera gure planteamenduak zuzenean epaitzeko. Gure jardunaren eraginkortasunak frogatuko du planteatzen ari garen hori zuzena den ala ez.

Zeri esker gainditu dituzue zailtasun horiek?

Beno, zailtasunak hor daude oraindik, izan ere, pixkanaka aurrera egiten ari garela uste dugun arren, badakigu oraindik dena egiteko dugula. Esan bezala, praktikak erakutsiko du mahai gainean jartzen ari garen guztiak balio duen ala ez. Guk determinazioa dugu, eta uste dugu mahai gainean jartzen ari garen proposamen politikoak eta eredu estrategikoak benetan aukera eman diezaguketela gure porrot-egoeratik ateratzen hasteko. Determinazio horri pazientzia eta lasaitasuna gehitzen dizkiogu. Badakigu denborak estutu egiten duela, aurre egin beharreko erronkak presazkoak direla, eta daukagun irekitasun politikoko giro horrek ez duela beti iraungo, baina badakigu, halaber, presa ez dela bidelagun ona, eta orain arteko gure praktika militanteen bereizgarri izan den berehalakotasun eta epe laburreko ikuspegi horretatik atera behar garela. Beraz, determinazioa, pazientzia eta, azkenik, umiltasuna. Ez dugu ezer egin, dena dugu egiteko.

Guk determinazioa dugu, eta uste dugu mahai gainean jartzen ari garen proposamen politikoak eta eredu estrategikoak benetan aukera eman diezaguketela gure porrot-egoeratik ateratzen hasteko

«Dena egiteko» horretan ziur gaude gure esparru politikoa osatzen duen jatorri militanteen aniztasun zabala faktore positiboa izan daitekeela. Bestela esanda, heterogeneotasun horren ondorioz, kohesio ideologikoaren prozesua mantsoagoa da lehendik dagoen egitura zehatz batekin blokean haustura bat eragin duen talde batean gerta daitekeena baino, baina, aldi berean, gure prozesuaren berezitasun horri esker ikuspegi-dibertsitatea dugu, eta ikuspegi hori oso aberasgarria izan daiteke kohesio-prozesua behar bezala egiten bada. Zentzu horretan, antolakunde desberdinetako koadroak izan diren kideen gaitasun espezifiko askotarikoak ditugu, hala nola komunistak eta anarkistak, baina baita beste espazio batzuetakoak ere, hala nola, etxebizitza asanbladetakoak edo gazte antolakundeetakoak. Uste dugu aniztasun horrek batzuetan erritmoa moteltzen duela, baina, kasu honetan, faktore positiboa izan daitekeela.

Bestalde, aurrera egiteko oso erabilgarria izaten ari den beste puntu bat estatuko beste leku batzuetan abiatzen ari diren era horretako prozesu batzuen erreferentzia da, adibidez Herrialde Katalanetan, baina batez ere Euskal Herrian. Hor gertatzen ari dena ikusteak indarra ematen digu. Adore handia da bultzada historiko beraren parte garela ulertzea, zenbait tesitan bat egiten dugula ikustea, etsai komun bati aurre egiten ari garela jabetzea, eta hurbileko kide batzuek antzeko testuingurutan aurrerapauso garrantzitsuak ematea lortu dutela ikustea, berezitasun historiko guztiak gorabehera.

Aurrera egiteko oso erabilgarria izaten ari den beste puntu bat estatuko beste leku batzuetan abiatzen ari diren era horretako prozesu batzuen erreferentzia da, adibidez Herrialde Katalanetan, baina batez ere Euskal Herrian

Amaitzeko, jar gaitezen etorkizunari begira. Nola ikusten duzue?

Oso zaila da galdera horri erantzutea. Etorkizuna beti da zalantzazkoa eta beti dago irekita. Nahiko garbi daukagu ez dagoela aurrez zehaztutako eredurik, ez dagoela formula magikoen estiloan funtzionatzen duen eskema finkorik. Iraultzaren formula magikorik ez dago, iraultza ezin baita aldez aurretik plan perfektu eta erabat taxutu gisa planifikatu. Nolanahi ere, iraultza egin egiten da. Eta gure ustez, antolaketa sozialistaren oinarriak eraikitzea da lehen eginbeharra; izan ere, sozialismoa prozesu gisa hartzen badugu, hark hasiera-hasieratik eta modu germinalean biltzen ditu bere baitan azken helburuaren elementuak, eta progresiboki garatu behar ditu.

Zentzu horretan, egungo egoeran, badakigu mugimendu iraultzailea erabateko porrotetik berrosatu behar dela, baldintzak sortzeko borrokatuz, gero beste belaunaldi batzuk iritsi eta erasoaldi-fase berri bat ireki ahal izateko. Horregatik da hain garrantzitsua borroka kulturala hasierako une honetan, MSko kideak erakusten ari zareten bezala. Borroka politiko integral gisa planteatutako borroka kulturala egin behar da, non pixkanaka etorkizuna irekita dagoela erakutsi behar dugun. Gure klasea dagoen egoera honetatik irtetea lortu behar dugu, ze badirudi «errazagoa dela munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoaren amaiera baino», esan ohi den bezala. Hori erabateko ideologia burgesa da, eta gazte langileen antolakuntza sozialistak egunez egun erakutsi behar du bere praktika politikoarekin, borroka zehatzetan erakusten duen eraginkortasunarekin, badagoela hondamendi kapitalistaren aurrean benetako alternatibarik.

Horretarako, funtsezkoa da koiunturaren irakurketa egokia egitea. Orrialde hauetan beste batzuetan jorratu ahal izan duzuenez, koiunturaren doktrina efektibo eta egokia eskaini behar dugu etengabe, eta, horretarako, prestatuta egon behar dugu, eta gure errealitatea egituratzen duten joerak ondo irakurtzen jakin. Zeren, etorkizuna zalantzazkoa bada ere, badira sakoneko joerak. Eta joera horiek irakurtzen jakin behar dugu, horiek berek ematen baitizute aukera zein gatazkatan esku hartu eta nola esku hartu erabakitzeko. Hori ondo erakutsi zenuten zuek [Euskal Herriko MS] pandemiarekin eta estatu burgesen «salbuespenezko neurriekin». Hor agertzen da argien politika komunista jakintza estrategiko eta hipotetiko gisa, ezta? Politika komunista egiten den modu berean pentsatzen da: borrokan, teoriaren eta praktikaren arteko inolako banaketarik gabe, erabaki bakoitzak gure ekintza-estrategiari tresnak emateko dimentsio taktikoa duelarik.

Horrela, inolako determinismorik gabe eta aldez aurretik aurrefabrikatutako eredurik gabe, modu sendo eta koherentean egin behar dugu aurrera antolaketari dagokionez, eta programa komunista gai zehatzetan eta egungo arazoetan lurreratu behar dugu; horretarako, oso ondo ulertu behar dugu bizi garen mundua. Independentzia ideologikoa eta politikoa berreskuratzeak, sortzen zaizkigun gatazken aurrean eta aurre egin behar diegun arazoen aurrean jarrera politiko zuzenak eta indar burgesetatik argi eta garbi bereiziak hartzea eskatzen du. Pandemiaren kasua adibide ona da berriro ere. Hori da klasearen benetako independentzia une honetan. Hori horrela, beharrezkoa da borroka-taktika oro gure orainari egokitutako estrategia sozialista berrituarekin lotzea. Eta horregatik da beharrezkoa indarrak metatzea eta Prozesu Sozialistaren nazioarteko antolaketa-dimentsioan aurrera egitea. Uste dugu hori dela EPSko jende guztiak egiten dugun apustua.

Inolako determinismorik gabe eta aldez aurretik aurrefabrikatutako eredurik gabe, modu sendo eta koherentean egin behar dugu aurrera antolaketari dagokionez, eta programa komunista gai zehatzetan eta egungo arazoetan lurreratu behar dugu

EZ DAGO IRUZKINIK