AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Karla Pisano eta Adam Radomski
2022/12/22 17:54

Pandemia global bat, guda odoltsu bat Europako ateetan, aldaketa klimatikoak eragindako suntsiketak… gertakari horiek milioika pertsonaren bizitzak baldintzatu dituzte, eta aurrerantzean ere baldintzatuko dituzte. Aldi berean, burgesia handiarentzako aitzakia ezin hobea dira krisi egoera gainditze aldera komeni zaizkion berregokitze politikak inposatzeko, nahiz eta krisiaren jatorria gertakari horiek baino lehenagokoa den. Kapital-metaketaren krisi honen aurrean, burgesia handiak ofentsiba ekonomiko eta politiko bat abiatzea hautatu du langile klasearen bizitzako fronte guztien aurka. Jokoan dagoena, beraz, ez da ekonomiaren arrazionalizazioa unean uneko gertakarien aurrean –gerrak– edo sistemarekiko exogenoak diruditen gertakarien aurrean –lehorteak, epidemiak…–, ezpada prozesu sozial guztiak Kapitalaren akumulazioaren beharrizanetara subordinatzea,  hots, proletalgoaren bizitzak are gehiago estutzea.

Ofentsiba horren aurrean, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak proletalgoaren defentsarako gaitasuna indartzeko instituzioak sortzen hasteko eta prozesu hori bere independentzia politikoaren sendotzearekin lotzeko apustua egin du. Izan ere, bere bizi baldintzen kontrako erasoaldiaren aurrean, proletalgoak  ezin du bere programa politikoa  klase ertainen menpe utzi, programa hori indargabetzen baitaude eta dekadentzian baitaude. Kolaborazio honekin koiunturaren gainean egiten dugun irakurketa ezaugarritzea eta gure proposamen politikoa azaltzea dugu xede.

Ofentsiba burgesa: soldatari erasoa.

Burgesia handia gauzatzen ari den ofentsibaren dimentsio ekonomikoa deskribatzeko, esan dezakegu bere irabazi marjinak langileen soldaten kontura handitzen ari dela eta horretarako era guztietako erreformak bultzatzen ari dela. Hala ere, prozesu horren dimentsioaren ideia bat izan dezagun, soldata bere osotasunean izan behar dugu kontuan, hau da, lan indarra erreproduzitzera bideratzen diren bitarteko sozial guztien multzo moduan ulertu behar dugu.

Alde batetik, azken hamarkadetan lanaren edota soldata zuzenaren esparruan –lan indarraren truke zuzenean jasotzen den dirua– ikusi diren joera batzuk indartu dira. Inflazio altuak gure erosahalmenaren galera modu agerikoagoan ikusarazi badigu ere, ezin dugu ahaztu soldata zuzenak urteak daramatzala izoztuta.  Gure soldatak ez badira prezioen erritmo berean igotzen, de facto debaluatzen dira, nominalki murrizten ez diren arren. Hortaz, murriztu egiten da nomina batekin eskuratu daitezkeen ondasunen kopurua, eta, gainera, nomina horrek familien ekonomian duen pisu erlatiboa ere aldatu egiten da. Duela hamarkada batzuk soldata batek familia-unitate oso bat baldintza nahiko erosoetan mantentzeko balio bazuen, gaur egun ia ezinezkoa da halakorik imajinatzea.

Gainera, prekarizazioa eta lan merkatuaren malgutasuna orokortzen ari dira, eta  lan baldintzak azpitik ari dira berdintzen: langileen gehiengoaren lan baldintzak gero eta gehiago hurbiltzen dira baldintza okerrenak dituzten horien baldintzetara. Egiturazko langabezia azpienpleguarekin osatzen da, hau da, lan merkatura aldizka sartu eta irten dabiltzanekin. Eta, testuinguru horretan, bai langabetu ejerzituak eta baita azpienplegu egoeran daudenek ere soldatak eta lan-baldintzak okerragotzeko presioa eragiten dute.

Horregatik guztiagatik, proletalgoak aldizkako miseriazko nominak zeharkako soldata osatzen duten bestelako laguntza eta subsidioekin osatzen ditu. Bestela esanda, proletalgoaren kontsumorako aukerak gero eta baldintzatzen dituzte bere lan indarra saltzearekin zuzenean lotuta ez dauden diru sarrerek: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI), langabezia-prestazioa, larrialdi sozialeko dirulaguntzak… Errenta horiek gizartean miseriazko baldintzak mantentzen dituzte eta tramite burokratikoen bidez bakarrik lor daitezke. Burokrazia ez  da laguntzak eskuratzeko sarbide kontrol hutsa, soldatapeko diziplina partzialki ordezkatzen duen langileen bizitzaren gaineko kontrola ere bada. 

Zeharkako soldatak, «zerbitzu publiko» forma burgesaren baitan, langile klaseak eskuratzen dituen errenta eta zerbitzuak ere biltzen ditu. Esparru horretan pobretze orokortua oso argi ikusten da. Haren espresio agerikoenetako bat zerbitzu publiko eta pribatuen arteko dualitatea da, hau da, zerbitzu publikoen endekatze geldiezina eta zerbitzu horietako batzuk sektore pribatuaren esku geratzea –onura handienak ematen dituztenak–. Horren adibide da pentsio sistemaren eskuragarritasuna murriztu izana, zeina plan pribatuen hedapenarekin batera gertatu den.

Ikusten ari gara nola ari diren oinarrizko zerbitzu batzuk ezabatzen –larrialdietako  osasun arretako hainbat zerbitzuren itxiera–, lehen doakoak ziren beste batzuengatik orain ordaindu egin behar dugula –bidesari berriak autobideetan–, edo zerbitzu eta azpiegitura asko eta asko kaltetzen ari direla. Garrantzi gutxikoak diruditen gauzetatik hasita (eraikin publikoetako berogailuaren erabilera murriztea), ondorio ikaragarriak dituztenetaraino, osasun-sistema dugu horren adibide: ebakuntzetarako hilabeteetako itxaron-zerrendak, gaixotasun hilgarrien detekzioak murriztea…

Labur esanda, soldataren kontrako eraso horren ondorio zuzena kontsumoaren polarizazioa da, alegia, luxuzko kontsumoaren eta pobreen kontsumoaren arteko bereizketa geroz eta argiagoa egitea. Ordaindu ditzakeenarentzako, batez ere burgesiarentzako, hezkuntza eta osasun pribatuak, etxebizitza, elikadura eta kalitatezko mota guztietako baliabideak daude. Bestalde, proletarizazio betean dauden klase ertainek, zeharkako soldataren jaitsierari aurre egiteko, euren soldata zuzenetik lortutako aurrezkien parte handi bat xahutuko dute. Baina, hala ere, ondorio okerrenak proletalgoak jasango ditu, beste behin. Bizi baldintzen okertzearen bidez langile klasearen erreprodukzio kostuak murriztea eta miseriazko bizi eredu bat normalizatzea lortzen da: normalizatzen da zaborra jatea, lurraldean gure mugikortasuna minimoetara jaistea, katarroa dugunean artatuak ez izatea, etxean hotza pasatzea edota gure seme-alabek DBH bukatu ezina.

Horren guztiaren normalizazioa abiadura bizian ari da gertatzen. Bada, burgesiak bere ofentsiba ekonomikoa kulturalki onargarria bilakatzea behar du, eta horrek inolako oposizio antolaturik egoteko aukera deuseztatzea dakar. Langile klasearen bizi baldintzen kontrako erasoaldi orokortuak marko juridiko, politiko eta kultural aproposak behar ditu. Komunikabide handiek, industria kulturalak eta politikari profesionalek ofentsiba burgesaren  beharrezko erreminta moduan jarduten dute normalizazio prozesu horretan. Zentzu horretan, langileriaren subordinazio politikoa du esplotazioaren aurrebaldintza; bestela esanda, ofentsiba ekonomiko oro, aldi berean, proletalgoaren antolakuntzarako aukeren kontrako ofentsiba da, eta inongo indar politiko antagoniko antolaturik ez dagoen honetan, basakeriak aurrera jarraitzen du. Ofentsiba politikoa, gainera, ez da soilik disidentzia antolatuaren aurka zuzentzen, proletalgo osoaren kontra baizik. Azkenaldian etxe huts bat okupatzeagatik edota ogi barra bat lapurtzeagatik jasan daitezkeen errepresio kostuak igo nahi dituztela ikusten ari gara, eta horrek gehiago mugatzen ditu proletalgoak bizirauteko dituen aukera murritzak, eta de facto, izate proletarioa ilegalizatzen du.

Ezker parlamentarioa, sindikalismo klasikoa eta sindikalismo soziala.

Burgesia handiaren ofentsiba basatiaren aurrean, ezkerra guztiz inpotente ageri da, ofentsiba horren konplize ez denean, bederen. Esparru instituzionalean, ezker parlamentarioak aberastasunaren birbanaketaren proposamenari eusten dio. Sozialdemokraziak sinesten du Kapitala Estatuaren itxurazko borondate demokratikoari subordinatzeko gaitasuna duela. Aldiz, borondate hori mugatuta dago bi zentzutan: lehendabizi, Estatua klase borrokaren gainetik dagoen izaki neutro moduan ezaugarritzen dute. Erreformismoak, baina, ahaztu egiten du Estatua, ezagutzen dugun bezala, gizarte kapitalistaren produktu dela, hau da, Estatuaren zeregina gizarte hau bere oinarrien baitan erreproduzitzea dela, Kapitalaren akumulazioa bermatzeko. Ondorioz, edozein gobernu, edozein koloretakoa izanda ere, derrigortuta dago burgesiaren irabazia arriskuan ez jartzera, bere birbanatze-politiken bideragarritasuna akumulazio kapitalistaren menpe baitago.

Bigarrenik, proposamen horiek gauzatzea ezinezkoa da, are gehiago egungo koiunturan, politika sozialetarako marjina txikitzen ari baita. Akumulazio krisiaren testuinguruan, dirua izaera aurrerakoiagoko neurrietara ez bideratzeari zorpetzearen bidez egiten zaio aurre. Neurri horiek, epe ertainean, dirua maileguan eman duen kapital finantzarioaren erabakiekiko subordinatuago egotea eragiten dute. Proletalgoak badaki horrek guztiak zer dakarren: murrizketak eta austeritate neurriak. Gogora ekar dezagun mailegu-emaile horiek ez dutela lotura elektoralistarik, eta, hortaz, ordainketak euren interesen arabera eskatuko dituztela.

Edozein kasutan, gaur egungo ezkerreko gobernuek bultzatutako neurriak urrun daude birbanatzaileak izatetik. Euste sozialerako politika gehienek  ez dute arazoa konpontzen, eta argi geratzen da ez direla nahikoa arazoaren tamainaren aurrean –etxegabetzeen eta hornidura mozketen moratoriak; ABEEak (ERTE), azken lan-erreformak hedatu dituenak; gasolioa ordaintzeko dirulaguntzak; DBE, BGD (IMV) eta bestelako prestazioak areagotzea etab.–. Kontrara, funtzio ideologiko bat betetzen dute kea saltzen eta kolpeak gozatzen, ofentsibaren parte txiki bat soilik neutralizatzen baitute. Ezkerra horregatik da krisi garaietako kudeatzaile egokia. Aipatutako neurriekin urak baretzea eta mobilizazio soziala desaktibatzea lortzen dute, hondamendi ekonomikoa denboran desplazatzen duten bitartean, eta horrek zorpetzea handitzen du.

Oposizioan dagoenean, Kapitalaren ezkerra aldarri populisten pean mobilizatzen da Gobernura heldu asmoz; kapital ankerraren aurrean zentzuzko agente moduan aurkezten du bere burua, gai dena hari aurre egiteko. Alderantziz, gobernatzea lortzen duenean, boterera iristea ahalbidetu dioten aldarriak gauzatzeko ezintasuna erakusten du, eta horrek eragin desmobilizatzailea dakar berarekin. Ez denez programa sozialdemokrata aplikatzeko gai, krisi garaian posible den programa bakarra aplikatzen amaitzen du: ofentsiba antiproletarioa. Horrela, posizio berri horretan proletalgoaren kontrako erasoak ezkutatzen saiatzen da, eta «euste sozialerako neurriak» benetako garaipen popular gisa saltzen ditu. Aspektu ekonomikoari dagokionez, ogi apurrak zilarrezko platerean aurkezten dituen bitartean, arlo politikoan marko legalaren eta errepresiboaren erreformak ahalbidetzen ditu, zeinak proletalgoa are gehiago estutzen duten. Aukera txarren artean onena hobesteko politika horrek ez du soilik sozialdemokraziaren izena zikintzen, politika orokorrarena ere belzten du. Alternatiba gabezia horrek despolitizazioa edota politikarekiko mesfidantza hedatzeko aukera ematen du, eta faxismoa hazteko baldintzak ezartzen ditu.

Soldatari lotutako borrokak ugaritu egingo direla aurreikus dezakegun testuinguru honetan, egungo sindikalgintzak ematen dituen aukerak eta dituen mugak aztertu behar ditugu. Agente nagusiak sindikatu klasikoak dira; orokorrean antolakunde handiak dira, bitarteko askorekin, profesionalizazio maila altukoak eta afiliatu kopuru esanguratsuak dituztenak. Ondorioz,  gai dira lan indarraren salmentaren baldintzetan zenbait aldaketa lortzeko. Gaur egun, ia-ia monopolio politikoa dute lan esparruan, oso instituzionalizatutako esparrua bera, eta Kapitalak solaskide gisa onartzen ditu.

Beren indarra duten tamaina handiaren ondorio da, baina horrek muga politikoak ere ezartzen dizkie. Irizpide ia enpresarialei erantzunez beren zereginetan eraginkorrak direla erakutsi behar dute. Hori dela eta, antolatzeko eta ordezkariak lortzeko erraztasunak dituzten tokietan jarduten dute: afiliazio maila altua dagoen tokietan, irabazteko tarte handia dutenetan edota Estatuarekin lotura dutenetan. Sektore zein enpresa berean ere ikus ditzakegu sindikatuok lanpostu hobe eta egonkorragoetan dauden langileak lehenesten (langile aristokraziari lotutako sektoreak). Hala, lan-molde berrietara egokitzeko eta sektore prekarizatuetan egonkortzeko ezintasun nabaria dute.

Ondorioz, geruza proletarizatuenak eta langile klaseko geruza gero eta zabalagoak ez daude sindikatuetan. Argitzearren: sindikalizazio altuagoa duten sektoreetan lan baldintzak hobeak direla esatea egia erdia baino ez da, baldintza okerragoak dituztenek maila sindikalean antolatzeko zailtasun handiagoak baitituzte. Horrek geruza altu eta baxuen arteko arrakala handitzea eragiten du, eta sindikalismoak horretan sakontzen du, klase batasuna sustatu ordez. Noizbehinka, geruza baxuagoetara heltzea lortzen dutenean, garaipen horien eragin erreala puzten dute, eta propagandarako baliatzen. Hartara, proletalgoa politikoki langile aristokraziaren esanetara dagoela frogatzen da berriz ere.

Formari dagokionez, funtzionamendu guztiz burokratizatuak mantentzen du zutik sindikatu klasikoen egitura; zerbitzu enpresak balira bezala, dituzten liberatuekiko eta abokatu bulegoekiko menpekoak dira egitura horiek. Hala, langile klasearen antolakuntzarako, eztabaidarako eta aktibazio kolektiborako espazioak izateari uzten diote, eta afiliatuak, lan militantearekin antolakunde sindikalari ekarpena egin ordez, sindikatuen bezero bihurtzen dira. Gainera, hainbat mailatan Estatu burgesarekiko menpekoak diren egiturak dira: sindikatuen jardunaren parte handi bat estatuaren dirulaguntzei esker mantentzen da, marko legal burgesak haien praktika mugatzen du, gatazkei aterabide judiziala emateko joera dute... Abian jar ditzaketen mobilizazio eta agitazio dinamikek ere ezker parlamentarioarekiko independentzia falta dute, eta  jadanik instituzionalizatuta dagoen «kaleak-instituzioak» formulari erantzuten diote –alderdi bati zuzenean lotuta egon zein ez–, eta haren bidez,  kale mailako mobilizazioa instituzioetatik egindako presioarekin uztartzen dute. Horri lan merkatu geroz eta malguago eta prekarioago baten eraginak gehitu behar zaizkio, eta horrek guztiak afiliazio mailak txikiagotzea eta sindikatuen negoziaziorako gaitasuna kaltetzea eragiten du.

Sindikatu txikiagoek ere muga horiek dituzte, baliabide ekonomikoei, ordezkaritzari, joko instituzionaleko pribilegioei eta abarrei dagokienez gainontzekoen estatusetik urrun egon arren. Etengabe erabaki behar izaten dute ea betiereko subalternitatean jarraituko duten edo, sindikatu handiekin lehiatzeko, haien geroz eta antza handiagoa izan behar duten. Zentzu horretan, haien jarduna ez dagoenez estrategia iraultzaile bati lotuta, lehiakide indartsuagoek izandako burokratizazio prozesu berbererako joera izaten dute, Lanaren eta Kapitalaren arteko bitartekari papera modu eraginkorrean bete nahi badute, bederen.

Sindikatuen arteko desberdintasuna, hala ere, ez da tamainara mugatzen. Eredu sindikalari dagokionez, badira paktuak eta kontzertazioak eskuratzeari lehentasuna ematen dioten sindikatuak, baita izaera borrokalariagoa eta mobilizazioekin lotuagoak daudenak ere. Bigarren ereduaren emaitza hobeak edota nagusitasun etikoa onartzetik haratago, esan beharra dago bi ereduek muga berberak dituztela fundamentu estrategikoan: ikuspegi ekonomizista dute, soldatari lotutako borroken ulerkeratik abiatzen baitira. Borroka ekonomikoa bere horretan gainditzea helburu duen estrategia iraultzailearen norabidean ekarpena egitetik urrun, ad eternum erreproduzitzen dute soldatari lotutako gatazka. Haien jarduna lan indarraren salmentarako baldintzen hobekuntzara mugatzen da, eta, gaur egun, ez dira lan baldintza parekideen ezta doakoak eta kalitatezkoak diren beharrezko baliabideen eskuragarritasun unibertsalaren aldeko propaganda politikoa egiten saiatzen ere; «duintasun» abstraktua bat aldarrikatzera mugatzen dira, zeina ezinezkoa baita kapitalismoaren baitan.

Soldatapeko lanaren garrantzia erlatiboki murrizteak eta gatazka soziala zeharkako soldataren bestelako esparru batzuetara  desplazatzearen ondorioz –osasunera, hezkuntzara, edo etxebizitzara, esaterako–, aipatutako sindikatuek zenbait saiakera egin dituzte ekinbide soziala lanpostutik haratago antolatzeko. Hala ere, sindikatu klasikoetatik kanpoko sindikalismo forma berri batek geroz eta garrantzi handiagoa hartu du: lurraldean antolatzen den sindikalismo mota, «sindikalgintza sozial»  izendatu dezakeguna eta batez ere etxebizitzaren problematikari lotuta agertu dena. Aspektu batzuetan, praktikoetan bereziki, mugimendu sozialen eta herri plataformen mugak gainditzen saiatzen dira, borrokak diseinatzean herri aldarrikapenen logika soila gainditzeko beharrizanari heltzen baitiote. Intuizio zuzenez jokatzen dute borroka ekonomikoa soldata zuzenera mugatzeko ikuskeran, eta, ondorioz, zenbait sektore proletarizatutara heldu, eta, borroka praktikoen bidez, antolakuntza formak sortzera iritsi dira, Estatua etengabe interpelatzeko joera duten mugimendu sozialen protesta-forma gaindituta.

Ostera, beste muga batzuen zama dute aldean: ez dute egitura sendorik, gatazkak batez ere termino negatiboetan planteatzen dituzte, dagoeneko existitzen den zentzu komuna birproduzitzen dute gatazka partikularretan mobilizatuz… Era berean, beren fundamentuak ekonomizista izaten jarraitzen du, hainbat arrazoi direla eta.  Estrategia argi baten faltan eta agente txikiak izanik, alderdi eta sindikatu sozialdemokratek haien lana fagozitatzen dute. Programa politikoa gehitzen diote –elektoralista, nola ez– halakorik ez zuen praktika sindikal bati. Horretara daude kondenatuta baita diskurtso erradikalagoak dituzten edota dominazio kapitalistaren kategoria nagusiak –jabetza pribatua, soldatapeko lana– seinalatzen dituzten sindikalgintza sozialaren espresioak ere, ez baitute ez forma sozial horiek gainditzeko proposamen estrategikorik, ezta hura sustengatzeko beharrezkoa den antolakuntza mailarik ere, gatazka ekonomiko txikien bidez metatu dezaketen izaera gatazkatsutik harago. Bestela esanda, ez dago esaten dutenaren eta egiten dutenaren arteko loturarik. Ondorioz, azkenean gatazka partikularrak helburu bilakatzen dira, eta kasik erresistentziara mugatze horrek haien praktika politikoa asistentzialismo bihurtzeko joera izan ohi du. Hemen asistentzialismoa gatazka partikularrei konponbidea bilatzera mugatzen den praktika moduan ulertzen dugu, ez posizio moral moduan.

Gabezia horiek ez lirateke konponduko gatazken intentsitatea igoz edota asistentzia lanak kontzientziaziorako ere balio duela esanez; antolakuntzak zentzu integral bat eman behar die soldatari lotutako borrokei, zentzua izan behar du forma sozial kapitalista modu eraginkorrean gainditzeko indar akumulaziorako ereduaren baitan, eta, are garrantzitsuagoa: horrek guztiak antolakuntza forman islatu behar du.  Zentzu horretan, sindikalgintza soziala bere izaerak ezinbestean lokalismora eramaten du –edo hirietan hartzen duen espresiora, barrionalismora–, eta horrek gaitasunak maila handian antolatzeko duen ezintasuna erakusteaz gain, bere burua agente txikien gatazka ekonomikoak kudeatzera kondenatzen du. Partzialitateak kudeatzera bideraturiko egiturak izateaz aparte, talde zatikatuak izaten dira, horizontalismoaren ondoriozko zailtasunekin etengabe topo egiten dutenak. 

Autodefentsa sozialista.

Langile klasearen bizi baldintzen kontrako eraso orokortuaren aurrean, ezin gaitezke soldataren inguruko borrokak zentzu kontserbadorean ulertzera mugatu. Soldataren inguruko borrokek, bizi baldintzak okertzearen kontrako borroka izateaz gain, programa benetan eraldatzaile bat bultzatzeko balio behar dute. Ekoizpen indarren garapenak, historian lehenengo aldiz, kalitatezko bizi maila unibertsal baterako aukera gauzatzea ahalbidetzen du. Ez da abstraktua, ez da utopikoa; aukera hori harreman sozial kapitalisten baitan dago gordeta, giltzapetuta, eta askatu egin behar da, hau da, aurrekaririk gabeko baldintzak daude ongizate soziala berma dadin, betiere gaitasun sozial eta produktiboen antolaketa arrazional planifikatu batzuen pean egiten bada. Ez gara galerarik, sufrimendu pertsonalik edo zailtasunik existituko ez den sistema ideal batez ari, erreprodukzio sozialerako bitartekoen kontrola izango duen eta horiek dauden beharrizanen arabera antolatuko dituen sistema batez baizik.

Potentzialtasun hori, baina, dominazio ekonomiko eta politikoa oinarri dituen sistema kapitalista gainditzean datza. Kapitalismoan ezinezkoak dira doako eta kalitatezko etxebizitza, garraio eta elikadura sistema unibertsalak, baita lanaren banaketa parekidea edota lan baldintza berdinak ere. Horiek guztiak Estatu Sozialista baten bidez soilik berma daitezke. Zentzu horretan, langile klasearen bizi baldintzen aldeko borrokak Estatu Sozialista eraikitzearen beharra seinalatu behar du «soldatapeko lanaren problematika» edota «etxebizitzaren problematika» desagertzerako berme bakar modura.

«Eta bitartean zer?» galdetuko du batek baino gehiagok. Zein da borroka sindikalaren lekua estrategia iraultzailearen baitan? Auzi sindikalaren puntua erabakigarria izan da proletalgoaren tradizio politikoaren baitako eztabaida historikoetan. Borroka ekonomikoa bere kabuz ez dela nahikoa ulertzen dugu, ez dela iraultzailea per se. Hortaz, gure zeregin politikoa ezin daiteke erresistentziara mugatu borroka sindikalei gure denbora guztia eskainita, horiek ezin baitute esplotazioarekin amaitu; behin-behinean lausotzea lor dezakete asko jota, hura birproduzitzen baitute, eta etengabe errepikatzera kondenatzen. Aldi berean, borroka defentsiboak beharrezkoak dira proletalgoaren biziraupenerako, eta beti egongo dira hor, klase borrokaren oinarrizko adierazpen forma eta proletalgoaren berehalako elkargunea osatuz. Horregatik, ezin ditugu alde batera utzi. Kontrara, borroka defentsiboak, dituzten muga eta potentzialtasunak kontuan hartuta, estrategia sozialistan nola txertatu daitezkeen eta hari nola erantzun diezaioketen planteatu behar dugu. Instituzio sozialistek ondo betetzen asmatu behar dute soldatari lotutako borroketan sortzen den kontzientzia espontaneoaren eta estrategia sozialistaren artean jokatzen duten bitartekari papera. Hala, azken helburua ez da behin-behineko hobekuntza ekonomikoak lortzea; kontrara, helburua zera da, proletalgoaren instituzio independenteen garapenaren bidez proletalgoak borroka bakoitzean duen botere-posizioa hobetzea.

Hortaz, antolakuntza komunistak berehalako zeregin bat du: autodefentsa sozialista antolatzea. Existitzen diren gaitasunetatik eta horiek izan dezaketen garapen potentziala kontuan hartuta, autodefentsa sozialistak bere egiten ditu hiru zeregin nagusi: programa komunistaren hedapena, bizi baldintzen defentsa eta hobekuntza efektiboa, eta instituzio proletarioen sorrera eta egonkortzea.

Proletalgoa antolatzeko balioko duten defentsa mekanismoen sorrera bere programa historikoaren, hots, komunismoaren, zabalpenari lotuta egon behar dela ulertzen dugu. Proletalgoaren independentzia politikoaren eta komunismoak  indar antolatu gisa dituen gabeziak nabarmenak diren une honetan, borroka plano kulturalean garatuko da nagusiki. Izan ere, egun, ez dago ekoizpenaren eta distribuzioaren gaineko kontrol osoa langileriaren esku ezartzeko baldintzarik, hura burutzeko, finean, botere-hartze eszenatoki bat behar baita. Ostera, prozesu hau progresiboa den zerbait bezala ulerturik, eta antolakuntza komunistak bere kontrol kuotak handitu ahala, handitu egingo dira aipatutako kontrol sozialista hori desiragarri eta beharrezko gisa planteatzeko lan ideologikoa baldintzak ere.

Une defentsibo hutsetik haratago, beharrezkoa izango da esparru bakoitzetik Estatu Sozialista batean bakarrik gauzatu daitezkeen aldarrikapenak planteatzea, izan kalitatezko eta doako etxebizitza unibertsala, bizi bitartekoak baldintzarik gabe eskuragarri izateko aukera, lan baldintza kalitatezkoak eta berdinak izatea edota gutxiago lan egitea guztiok lan egin dezagun. Horrekin ez dugu inor engainatu edota irtenbiderik gabe utzi nahi: helburu horiek ezin daitezke modu isolatuan lortu eta ez dira posible kapitalismoan. Aldarrikapen horiek hertsiki lotuta joan behar dute sozialismoaren eraikuntzarekin, Estatu Sozialistaren aldeko propaganda-bitarteko izanez.

Alta, borroka kulturalaz hitz egiteak ez du hura hitz hutsetan geratu behar dela esan nahi. Are, ez dago inongo bereizketarik borroka kulturalaren eta haren aurrerapenari dagokion antolakuntzaren garapenaren artean; batasun hori hasiera-hasieratik dago indarrean, baita hasierako une soilik defentsiboan ere. Bestela esanda, programa komunistaren zabalpena estuki lotuta dago autodefentsa planteatzean komunistek erakusten duten eraginkortasunarekin eta nagusitasunarekin. Horretarako ezinbestekoa dugu borroka forma egokiak garatzea eta ditugun gaitasunak eta antolakuntzaren indarra handitzea, prozesu sozialistak aurrera egin dezan posizio politikoak hobetzea helburu izanik. Hortaz, forman bezala edukian ere asmatzea beharrezkoa izango da: planteatutako borrokek irabazia birjabetu eta sozializatzeko norabidea izan behar dute, klase arteko antagonismoa eta burgesiari aurre egin gabe hobekuntzak lortzeko ezintasuna esplizitu eginez. Berdintasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioari erantzun beharko diote, langile klase osoaren interesak ordezkatu eta batzeko forma bakar modura. Gainera, gaur egun soldatari lotutako borroken sakabanaketari eta zatiketari modu bateratuan egin beharko zaie aurre, eta,  hortaz, esparru guztietan antolatu beharko gara, alde batetik lortutakoa beste batetik ken ez diezaguten.

Azkenik, gaurdanik norabidetu behar dugu soldataren inguruko borroken antolaketa ekoizpenaren eta banaketaren gaineko gero eta kontrol handiagoa izatera bidean. Kontrol horrek gatazka bat dakar, eta gizarte osoaren gaineko kontrolik izan gabe modu eraginkorrean gauzatu ezin den arren, prozesu sozialistaren ardatz praktiko nagusi moduan planteatu behar da, momentu erabat defentsibotik haratago. Hain zuzen, soldatari lotutako borrokek proletalgoaren antolakuntza independenteak prozesu sozialen gainean duen kontrola geroz eta handiagoa izatea ahalbidetu behar dute. Kontua ez da hobekuntzak aldarrikatu eta Estatuak mantenduko dituela pentsatzea, hobekuntza horietako bakoitza gizartearen antolaketa berri batean integratzea baizik. Beraz, autodefentsa sozialista borroka politikoaren eta ekonomikoaren arteko zatiketa gainditzean datza  soldatari lotutako borrokak bizitzako esparru guztietan instituzio proletarioak (diziplina sozial berri batek arautuko dituenak) eraikitzeko bidean kokatzen baititu.

Ez da erronka makala, eta burgesiaren ofentsiba krudelak urrats handiak ematera behartzen gaitu. Basakeriaren tamainak batzuk «lortutakoa defendatu» besterik egin ezin daitekeela pentsatzera eramaten baditu ere, ez da orain egin beharrekoa biharko uzteko momentua; ez da aukera txarren artean onena aukeratzeko doktrinari eusteko garaia. Ahalik eta esparru gehienetan autodefentsa sozialista antolatzeko garaia da.

2 IRUZKIN
  1. BC
    Buscando caminos 2023/08/06

    Me gusta el análisis y también la propuesta. Enhorabuena!.
    Para llegar a más gente estaría bien una "hoja de ruta" o concreción detallada de próximos objetivos y tareas a corto, medio y largo plazo. Lo dejo como propuesta para quienes habéis escrito este excelente artículo

    Me gusta el análisis y también la propuesta. Enhorabuena!.
    Para llegar a más gente estaría bien una "hoja de ruta" o concreción detallada de próximos objetivos y tareas a corto, medio y largo plazo. Lo dejo como propuesta para quienes habéis escrito este excelente artículo

  2. J
    jxrdii_ 2023/09/22

    Creo que es un análisis muy acertado, especialmente la parte en la que se señalan las limitaciones del sindicalismo alternativo/social. Me parece muy interesante la tesis de la autodefensa socialista, ojalá escribáis algo profundizando al respecto. ¡Mucho ánimo y a seguir!

    Creo que es un análisis muy acertado, especialmente la parte en la que se señalan las limitaciones del sindicalismo alternativo/social. Me parece muy interesante la tesis de la autodefensa socialista, ojalá escribáis algo profundizando al respecto. ¡Mucho ánimo y a seguir!