Datorren maiatzaren 31n, larunbatez, topaketa bat egingo du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Donostian (Gipuzkoa) izango da, bertako Zentro Sozialistan, goizetik hasiko den egitarau batekin. 10:00etan izango da harrera eta sindikatuko kideen hitzartze politikoa, eta horren ondoren hasiko dira hitzaldiak, formakuntza politikoa izango baitu oinarri topaketak.
11:15ean, hiru hitzaldi egingo dituzte aldi berean: Gentrifikazioaren arazoa aztergai, Atzerritartasun Legea eta proletalgo migratuaren eskubide politikoak, eta Nola egin aurre etxejabeen amarruei. Gero, 12:30ean, solasaldi bat izango da Pablo Carmona historiagilearekin, Etxejabegoaren konposizioa eta artikulazio politikoa izenpean. Saio horrekin bukatuko dira hitzaldiak, eta arratsaldeko 15:00etatik aurrera, umore-bakarrizketa bat eskainiko du Manex Astigarragak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, itzulpen-zerbitzua izango da hitzaldi guztietan, eta Donostiako Zentro Sozialistan bertan bazkaltzeko aukera egongo da.