Kongresuan justiziaren antolaketa-eraginkortasunari buruzko legea onartu izanak, eta horrekin batera usurpazioaren aurkako neurria, ez du inor epel utzi. Okupazio kasuak bide azkarretik epaitzeko EAJren emendakinak ERC eta EH Bilduren babesa jaso du, okupazioaren aurkako beteranoak diren Junts edo PPrekin batera. Baina oharkabean igaro den azken gertaera bat ere egon da: legea Kongresura itzuliko da, aurrera jarraituko duen ala ez behin betiko erabaki dadin. Abenduaren 19an beste bozketa bat egingo dute legeari betoa jartzen zaion ala ez erabakitzeko. Horrek bide berri bat irekitzen du, alderdi instituzionalak hainbeste kezkatzen omen dituzten eragile guztiek beren exijentzia argi eta garbi helaraz dezaten: okupazioaren aurkako neurriaren kontra bozka dezatela.
Hainbat espaziotatik eta ikuspegi juridikotatik, prentsan zegoen kaosa garbitu dute eta neurria bera erlatibizatu dute. Alde batetik, legearen irismena kolokan jarri dute, tipo penaleko okupazioetan indarkeriaz larriagotutako kasuei bakarrik eragingo ziela esaten baitzen. Hari beretik, kasu gehienek haren eraginik jasango ez zutela azpimarratzen zen, okupazio kasu baketsuek orain arte bezala beste prozedura bati, delitu arinen prozedurari, jarraituko diotelako. Horren aurrean, komeni da seinalatzea emendakinak bi usurpazio kasuak jasotzen dituela, ez bakarrik lehena, eta beraz, ikusteke dago zein izango den "anbiguotasun" horrek hartuko duen forma. Hau da, emendakinak konpondu beharreko arazo juridiko bat planteatzen du, eta nahiz eta bi tipo penalei buruz egindako argipena egia izan, horrek ez du esan nahi automatikoki usurpazio baketsuak delitu arinen prozeduraren bitartez epaitzen jarraituko dutenik, epailearen balorazio subjektibo ezberdinak egiteko aukera zabalik geratzen delako. Bestalde, dagoeneko epaile batzuen ahotsak altxatu dira, eta beharrezkotzat jo dute puntu hori argitzea, neurria bere osotasunean aplika dadin. Hau da, haien ustean, irtenbidea formula legal eraginkorrak garatzea da, aipatutako kasu horiek ere benetan tramitatu ahal izateko epaiketa azkarraren prozeduraren bidez. Azken bide hori borrokatzeko askoz ere zailagoa da, eta batez ere indar antolaturik ez duen kasu oro babesgabe utziko luke.
Horrez gain, kontuan izan beharko genuke neurri zehatzaren irismen juridikoak ez lukeela izan beharko eman beharreko erantzun politikoa markatzen duen irizpidea; ez bakarra, ez nagusia. Are gehiago neurria erlatibizatzen bada, hori kaleetako desmobilizazioaren sinonimo baita. Ikusten ari gara okupazioaren gaia izaten ari dela langile-klasea kriminalizatzeko eta zatikatzeko ageriko aurpegietako bat, eta okupazioaren aurkako dozena bat lege dira horren erakusgarri. Horren itzulpen politikoa hurrengoa da: klase menderatzaileak okupazioari ematen dion erabilera politikoa seinalatu eta aurre egingo dion oposizio argirik gabe, indarra hartzen duen kontakizun bakarra haiena dela. Eta kontakizun hori krisi orokorraren, gerraren, erdi-mailako klaseak pribilegioak galtzen dituen, biztanleriaren zati handi bat eskuinerantz eta jarrera erreakzionarioetarantz erradikalizatzen den testuinguru batean eraikitzen da.
Alderdi politiko aurrerakoiak ez dira kontakizun horren oposizioa. Okupazioari buruz eztabaidatzean, haien kausei begiratzen dietelako itxura egin nahi dute, baina eztabaida ez doa jabetza pribatuak inposaturikotik haratago: ondasun eta jabetzarako sarbidea ordaindu egiten da, eta hori ez da eztabaidatzen. Egin behar dena hori erregulatzea da. Ezkerrekoa bazara, sarbidea "errazagoa" izan dadin arautuko duzu; prezioen igoera arautuko duzu, parke publiko handiago bat izaten saiatzeko arautuko duzu, edo jabe handiei karga fiskal handiagoak ezarri ahal izateko arautuko duzu. Hau da, funtsean, joera leuntzen dute, baina joera horren beraren aplikazioa kudeatzen dute.
Horiek horrela, okupazioa defendatzea ez denez beren programa politikoaren parte, unean uneko interes elektoralaren arabera moldatzen den gai bat da. Eskuinari oposizioa egiteko ongi badatorkie, okupazioa defendatzen dute (defendatzen dutela esan badaiteke), eta beste zerbait hitzartu ahal izateko okupazioa zigortu behar badute, kriminalizatu egiten dute. Alderdi instituzionalen oportunismoa ezin da nabarmenagoa izan. Izan ere, esan bezala, beren programa politikoa ez dago proletalgoari zuzenduta, baizik eta deskonposizio-prozesuan dauden erdi-mailako klaseei.
Horrek definitzen du hartzen dituzten politiken zentzua, erdi-mailako klasearen pribilegioen iturria mantendu behar baitute, nahiz eta aldi berean den bere egoera degeneratiboaren iturri. Hau da, erdi-mailako klasea defendatu behar dute goikoei enbarazu gehiegi egin gabe. Eta, horregatik, langile-klasea da hori guztia pairatu behar duena: soldata lapurtzen diote eta, horrez gain, zigor- eta xantaia-politikak inposatzen dizkiote. Okupazioa adibiderik onenetariko bat da, erdi-mailako klasearen pribilegioak, neurri handi batean, higiezinen sektoreak mantendu dituen estatu batean.
Horregatik guztiagatik, okupazioaren aurkako legeak egiteko joeraren izaera politikoa salatu behar dugu, eta horrekin batera, okupazioaren aurkako neurri oro, izan moderatua edo erradikala. Eta kasu konkretu honetan ere bai: soilik okupazio kasu batzuen aurkako lege bat bada ere, interpretazio eta etorkizuneko ukitu sotilago batzuetarako aukera irekitzen duena, okupazioa bere horretan zigortu egiten duelako. Neurriak juridikoki zer dakarren argitzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da proposatzen ari diren politiken izaera eta horren ondorioak salatzea. Horregatik guztiagatik, hasieran aipatutako aukera baliatu behar da. Legea berriro bozkatuko da Kongresuan eta exijentzia argia da: ezezko botoa eman diezaiotela okupazioaren aurkako legeak egiteari!