Berehala itxiko dute Sunsundegui enpresa Altsasun (Nafarroa), eta azken hilabeteetako prozesua nahiz horren emaitza salatzeko agerraldi bat egin zuten atzo arratsaldean Sunsundeguiko Langileok Borrokan asanbladak eta Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). "Sei hilabetez luzatu den prozesu mingarri honetan 340 kaleratze baino gehiago izan dira, eta beste 200 lanpostu daude arriskuan enpresa hornitzaileetan", laburbildu zuten.
"Zuzendaritzak eta instituzioek langileen baldintzen gainean duten ardura falta" gaitzetsi zuten prentsaurrekoan, LASek xehatu duenez: "Argi geratu da enpresariek haien interesak soilik babestu dituztela, ia 400 langile aldi baterako erregulazio egoeran utziz erabateko ziurgabetasunez, enpresa itxi den arte, eta zuzendaritza kalte-ordain handiarekin joan den bitartean". Jakinarazi du, gainera, antzekoa dela egoera Sakanako beste lantoki batzuetan, eta "langilegoa dela beti krisi industrial hau ordaintzen duena".
Enpresako zuzendaritza eta Nafarroako Gobernua, errudun
Langile-asanbladak eta LASek atzokoan gogora ekarri zutenez, duela bi urte eskas, Sunsundeguin ehunka lanpostu sortuko omen zituen akordio bat iragarri zuten Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek, Sunsundeguiko zuzendari Jose Ignacio Murillok eta Volvo enpresak, besteak beste. "Gaur, aldiz, horiek guztiak isilik daude; ez dira hemendik ageri, kaleratuok izan garen langileak baizik", esan zuten Sunsundegui aurrean egindako agerraldian.
Are, azaldu zuten Murillok eta Sunsundeguiko zuzendaritza osoak, "kudeaketa tamalgarriaren ondorioz euren urteetako irabaziak txikitzen ikusi bezain pronto", ez dutela "zalantzarik egin ihes egiteko eta ehunka langile-familia kalean uzteko". Enpresa-zuzendaritzakoek "kalte-ordain dirutsuak kobratu dituzte" itxieraren harira, baina beharginek jaso beharreko kalte-ordainak "kolokan daude" momentuz, gaitzetsi dutenez.
Enpresariez gain, Nafarroako Gobernua ere seinalatu zuten errudun gisa Sunsundeguiko Langileok Borrokan asanbladak eta eskualdeko LASek: "Erantzule zuzena izan da, enpresa itxierara eraman duen zuzendaritza izendatu eta diru publikoko milioika euro bat ere kontrolik gabe eman izanagatik". Gaineratu dutenez, gobernuburuek "enpresarien poltsikoak puztera bideratu dute diru publikoa, eta langileon lan-baldintzak okertu dituzte, azkenean kalean bukatzeraino".
Manifestazioa maiatzaren 24an, Altsasun
Bestalde, prentsaurrekoan ohartarazi zuten "Sunsundeguik eta eskualdean itxi diren gainontzeko lantegiek Sakanako langileon egoera txarra islatzen" dutela. "Horren aurrean, Sakanako langileontzat etorkizuna soilik langileon borrokatik etorriko da, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da batzea eta gure bizi- eta lan-baldintzen alde borrokatzea". Oraingoz, datorren asterako hitzordu baten berri eman dute langile-asanbladak eta LASek: manifestazio bat egingo dute Altsasun maiatzaren 24an, fabrikaren itxiera eta beharginen egoera salatzeko. 18:00etan hasiko da Foru Plazatik.