Gasteizko (Araba) Gabonetako Haur Parkean (PIN modura ezaguna) eta izotz-pistan aritu ziren hainbat langile Gasteizko Laneko Autodefentsa Sarearekin (LAS) antolatu dira, "enpresarien abusuen eta udalaren konplizitatearen aurka". Izan ere, beharginek Gabonetako oporraldian egindako lan-egunengatik, bakoitzari 500 eta 900 euro artean zor dizkie oraindik Prismaglobal enpresak. Hura da Gasteizko Udalak azpikontratatutako konpainia, zerbitzua emateko.
Gasteizko LASek azaldu duenez, enpresak Langileen Estatutua aplikatu zuen, sektoreko lan-hitzarmen propioa (Aisialdi eta Animazio Soziokulturalekoa) ezarri ordez. Horri esker, langileei orduan 7 euro gutxiago ordaindu zizkien, iruzur eginez. Parkean jardun zutenei, egindako hamar lan-egunengatik, 500 euro zor dizkie enpresak; beraz, dagokien diruaren %60 besterik ez zuten kobratu. Hamasei egunez izotz-pistan aritu zirenei, berriz, 900 euro zor dizkie.
"Lanean egon ziren bitartean, enpresak gezurra esan eta informazioa ezkutatu zien. Nahiz eta langileek kontratua emateko eta Aisialdi eta Animazio Soziokulturaleko hitzarmena aplikatzeko exijitu, azken lan-egunetara arte ez zuten kontratua sinatu, eta enpresak esan zien ez zuela sektoreko hitzarmena aplikatzen [...]. Azkenean, kontratua amaitu ostean, enpresak onartu zuen Langileen Estatutua aplikatzen ari zela eta ez zegoela inolako enpresa-hitzarmenik", jakinarazi du LASek.
Hori gutxi balitz, beste hainbat gehiegikeria ere jasan behar izan zituzten beharginek: ordainketen eta nominen atzerapena, langileak ez ordezkatzea, lanaldi batean baimendutako lanorduak gainditzea, lan-ikuskatzaileei gezurra esateko presioa jasotzea, eta abar.
Udala ere erantzule
Prismaglobal enpresaren abusuak salatzeaz gain, udalaren ardura seinalatu du LASek: "Enpresak abusu hori egingo zuela zekien hasieratik, eta hori onartu zuen". Izan ere, gogorarazi du zerbitzuaren esleipen-akordioa proposamen zehatz batekin itxi zuela udalak, non Prismaglobalek adierazten zuen, hain justu, Langileen Estatutua aplikatuko zuela.
"Normalean, azpikontratek egiten dituzten abusuen aurrean, udalak bere erantzukizuna saihesten du, ez-jakintasuna edo bi aldeen arteko gatazka dela argudiatuz. Hala ere, kasu honen bitartez argi ikus daiteke udalak langile azpikontratatuen prekaritatearen gainean daukan erantzukizuna", dio LASek. Gaitzetsi du "garbia" dela "udalaren arrazoimena": "Enpresaren interesa ziurtatzeko aurrekontu estuek bermatzen ez duten mozkin-marjinak handitzeko aukera ematea, lan-eskubideen urratzeari bidea irekiz".
"Zor zaien dirua lortzeko bide legalak jarraitzeaz gain", autodefentsa-sareak ezinbestekotzat jo du halako gehiegikeriak "publikoki salatzea"; "enpresarien eta instituzioen inpunitatea borrokatzeko, alde batetik, eta abusu horiek desnormalizatzeko eta antolakuntzaren bitartez aurre egitea posible dela ikusarazteko, bestetik".