AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Sonia Belmonte
Ainhoa Jugo
2024/10/07 13:39
  1. 2015eko erreforma juridikoaren testuingurua. 4/2025 Lege Organikoa eta Zigor Kodearen erreforma
  2. 4/2015 Lege Organikoaren edo Mozal Legearen onarpena: atzera eskubide politikoetan
  3. Mozal Legearen balantze errepresiboa
  4. EH Bilduren eta PSOEren arteko ituna Mozal Legea aldatzeko
  5. Ondorioak

2015eko erreforma juridikoaren testuingurua. 4/2025 Lege Organikoa eta Zigor Kodearen erreforma

Ia hamar urte igaro dira Mozal Legea deiturikoa onartu zutenetik. Erreforma juridikoen garai batean promulgatu zuten neurria, eta erreforma horiek, Mozal Legea ez ezik, Zigor Kodearen erreforma ere ekarri zuten, terrorismo-delituen arloan. Testu honetan jorratuko ditugun erreformak (4/2015 Lege Organikoa eta Zigor Kodearen erreforma) 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren gobernuek eta patronalek aplikatu zituzten murrizketa ekonomiko eta sozialen aurkako mobilizazio garai baten ondoren iritsi ziren. Horren adibide izan ziren M15eko mobilizazio handiak edo Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren (PAH gazteleraz) bueltako mugimendua.

Interesgarria da aipatzea Mozal Legeak bi aurrekari izan zituela. Ordena publikoari buruzko 45/1959 Legea izan zen lehenengoa, Francoren diktadura-erregimenak promulgatutakoa eta, beraz, izaera zapaltzaile nabarmenekoa. Horren ostean, herritarren segurtasuna babesteari buruzko 1/1992 Lege Organikoa gehitu zuen espainiar sistema politikoak; "atean ostikada ematearen legea" deiturikoa.

Segurtasun-kontzeptua zuzenbide-estatuaren funtsezko elementutzat hartzen duten lege horiek pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten dituzte; izan ere, lege horietan ezartzen da nola egikaritu adierazpen-askatasuna, manifestazio-askatasuna edota eskubide sindikalak. Aldi berean, neurri horiek arautzen dute Estatuak nola gauzatu behar dituen berezkoak dituen bortxa eta indarkeria, bere agenteen bitartez. Gainera, Lege Organiko horretan, hainbat artikulu txertatu zituen PPk: batetik, pobreziaren kriminalizaziora bideratutakoak, kalez kaleko salmentaren edo drogen kontsumoaren aurkako zehapenak handituz; eta, bestetik, migrazioaren kriminalizazioari bideratutakoak, beroko itzulketak deiturikoak legeztatuz.

Lehen aipatu dugun bezala, 2015ean ere aldaketak egin zituzten Zigor Kodean. Aldaketa horiek yihadismoaren kontrako akordioaren babesean diseinatu zituzten. Frantziako atentatuek bizkortu egin zituzten hainbat eztabaida, terrorismoari aurre egiteko antolamendu juridikoa erreformatzeari eta elementu berriak sartzeko beharrari buruz. Beste behin ere, gobernuak alarma- eta segurtasun-gabeziako testuinguru bat baliatu zuen eskubideak eta askatasunak murrizteko.
Alde batetik, "faltak" ezabatu zituzten. Larritasunagatik delitutzat jotzen diren horiek, baina, Zigor Kodean sartu zituzten. Gainerako arau-hausteak, agian ez direnak hain larriak Estatuarentzat baina berdin-berdin zigortu daitezkeenak, Mozal Legearen bidez arautu zituzten.

Faltak desagerrarazteaz gain, aldaketa horrek eragina izan zuen, besteak beste, desordena publikoen eta agintaritzaren aurkako atentatuen delituetan, eta zigor larriagoak ezarri zituen desordena publikoen aurka, manifestazioen testuinguruan gertatzen badira. Hau da, tipo larriagotu bat gehitu zuen, desordena publikoak urtebetetik sei urtera bitarteko espetxealdiarekin zigor zitezen. Horrek era askotako protesta baketsuak zigortzea eragin zuen: hala nola, eserialdiak egitea edota administrazio-instituzioak zein jendeari irekitako establezimenduak unean-unean okupatzea; adibidez banketxeak, higiezinen agentziak edo supermerkatuak, batzuk aipatzearren.

Bestalde, sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik edo terrorismoaren biktimak umiliatzeagatik ezarritako zigorrak handitzea ere eragin zuen neurriak. Hainbat musikari eta artista kriminalizatzeko eta auzipetzeko erabili dute gero arau hori, Pablo Hasel eta Valtonyc kasu.

Gogora dezagun, gainera, PSOEren gobernuak erreforma berri bat adostu zuela 2022ko amaieran, sedizio-delitua aldatzen zela aitzakiatzat hartuta. Baina, erreforma horren bidez, zenbait larrigarri gehitu zituen, manifestatzeko, protesta egiteko edo adierazpen-askatasunerako eskubideari eragin diezaioketenak. Ez dut gai hau aztertuko gehiago ez luzatzeagatik.

4/2015 Lege Organikoaren edo Mozal Legearen onarpena: atzera eskubide politikoetan

Atal honetan legearen zentzu orokorra eta artikuluak aztertzen saiatuko naiz, batez ere, onartu zenetik eztabaidagarrienak izan direnak. Baliteke denak ez lantzea, edo norbaitek uste izatea funtsezko elementuak utzi ditudala testutik kanpo. Legea aztertzeko eta aldaketa-proposamen berriak zer muga dituen ulertzeko ahalegin bat baino ez da hau.

Hasieratik, legeak polemika handia piztu zuen, bere artikuluek pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten zituztelako, hala nola adierazpen-askatasuna edo manifestatzeko eskubidea. Zehazki, 4/2015 Lege Organikoaren 36.1, 36.2 eta 36.3 artikuluak aipatzen ziren. Artikulu horiek ordena asaldatzen duten adierazpen eta ekintza publikoak arautzen dituzte, beti ere, asaldatze hori ez denean delitu. Jokabideren bat bileren edo manifestazioen testuinguruan gertatze hutsak zigor bat eragin dezake, eta inola ere ez da azalduko edo argituko zeintzuk diren arriskuak, edo zein ondasun juridiko babestu nahi den. Lehen atalean aipatu dudan bezala, ordura arte arau-haustetzat hartzen ez ziren hainbat egoeratarako zehapenak gehitzen ziren: establezimendu irekien okupazioak, gobernu-erakundeen aurrean egindako manifestazioak, errepide-mozketak edo eserialdiak. Beraz, artikulu horiek manifestaziorako eskubidea gero eta marjina estuagoetara mugatzen zuten; Estatuak eta Poliziak kontrolatutako marjina batzuetara, hain zuzen ere.

Beste zehapen eztabaidagarri batzuk 37. artikuluan jasotakoak dira. Arau horren 4. puntuan, "segurtasuna babesteko eginkizunetan Segurtasun-Indarretako kide bat hartzaile duten errespetu eta begirune faltak" aipatzen dira, eta, azkenean, hori izan da datuen arabera gehien egin den arau-haustea, geroago ikusiko dugunez.

Gainera, bide publikoa okupatzeagatiko arau-haustea ezartzen da. Hori ez da komunikatu gabeko manifestazioak edo erakundeak seinalatzeko ekintza sinbolikoak zehatzeko soilik erabili: kaleko salmenta kriminalizatzeko ere baliatu dute.
Era berean, agindu horiek eta Mozal Legearen barruan araututako egoera guztiek tarte handia uzten dute Poliziak erabaki dezan zein egoeratan urratzen ari den ordenamendua. Zigortzen duenaren interpretazio askearen pean geratzen da. Polizia-indarrek erabakitzen dute egoera batek noiz ekar dezakeen arau-hauste bat edo ez. Ez bakarrik agintaritzarekiko errespetu-falten kasuan, baizik eta Mozal Legearen artikulu guztietan.

Administrazioko arau-hausteak ez doaz bide judizialetik. Hau da, gatazkan esku hartu duen poliziak edo gertakarien unean bertan dagoenak epaitzen eta proposatzen du zigorra. Ildo horretan, errepresio-indarrek diskrezionalitate-tarte handiarekin aplikatzen dituzte agintaritzarekiko errespetu falta, herritarren segurtasuna berrezartzea, herritarren segurtasuna asaldatzea, edota agintaritzarekiko desobedientzia eta erresistentzia.

Hemen "agintaritzaren" egiazkotasun-presuntzioaren elementua aipatu behar da. Printzipio horren arabera, polizia baten hitza a priori hartzen da egiatzat. Askotan, horrelako arau-hausteetan, Poliziaren testigantzak dira froga bakarra, eta zehatutako pertsonaren bertsioari kontrajartzen zaio. Poliziaren jokaera arbitrarioetara darama horrek, eta adierazpen-askatasuna edo modu baketsuan biltzeko eskubidea urratzen dira.

Beste puntu gatazkatsu bat da beroko itzulketen elementua. Mozal Legeak aldaketa bat sartu zuen Atzerritartasun Legean, itzulketa horiei babes legala emanez, eta mugetako euste-elementuak gaindituta Ceuta eta Melilla hirietara modu irregularrean sartzen diren pertsonei aplikatu beharreko "arbuioa" ezarriz. Horrela, pertsona horiek ez dute beharrezko prozeduretarako sarbiderik, eta ez dute eskubiderik egintza horri errekurtso judizial eraginkor baten bidez aurre egiteko.

Artikulu hori aplikatzeko protokolorik ez egoteak Melillako sarraskia bezalako gertaerak ekarri ditu, 2022ko ekainaren 24an, beroko 470 itzulketa egin baitziren. Eta Estatuko indar errepresiboek, jaurtigaiak erabiliz, gutxienez 37 pertsona erail zituzten. Bi urteren ondoren, ez da ikerketarik egin Espainiako eta Marokoko estatuen erantzukizuna argitzeko.

Mozal Legearen balantze errepresiboa

Legea onartu zenetik 2022ra, 1.871.478 isun jarri zituzten hura ez betetzeagatik, eta guztira 1.114.639 milioi euro bildu zituzten, Espainiako Barne Ministerioaren estatistiken arabera. Baina badakigu, 2024rako, bi milioi zigorren kopurua gainditurik zegoela, zehazki 2.155.990 zigor, 1.289,4 milioi euroko zenbatekoarekin. Egiazko kopuruak askoz ere handiagoak dira, polizia autonomikoek jarritako zehapenak ez baitaude zenbatuta batuketa horretan.

Are: gero eta gehiago aplikatzen da Mozal Legea. Barne Ministerioaren urteko azken estatistikaren arabera, 2023an 284.512 isun jarri zituzten, aurreko urtean baino 57.432 gehiago. Horrek esan nahi du zehapen-jarduera %20 handitu zela eta, batez beste, ia 780 isun jarri zituztela egunean.

Ezarritako isun kopururik handiena 37.4 artikulua urratzeagatik jarri da. Artikulu horrek Segurtasun-Indarretako kide bati bere eginkizunak betetzean errespetu eta begirune falta izatea zigortzen du, jokabide horiek arau-hauste penala ez direnean. 2023an, 22.260 zehapen ireki zituzten artikulu horrekin.

Bigarren arrazoi ohikoena agintaritzarekiko desobedientzia edo erresistentzia eta agente batek eskatuta identifikatzeari uko egitea da: 18.893 isun, 2022an baino %6 gehiago.

2015etik 2022ra arte, 250.300 zehapen proposatu dira 36.6 artikuluarekin (erresistentzia, desobedientzia eta identifikatzeari uko egitea), 37.1 artikuluarekin (manifestazio espontaneoak), 37.4 artikuluarekin (errespetu faltak) eta 36.23 artikuluarekin (segurtasun-indarren irudiak erabiltzea), hau da, araudi horri lotutako zehapen guztien %78. Hortaz, adierazteko eta manifestatzeko askatasunaren oinarrizko eskubideak argi eta garbi mugatzen dira.

Orain arte jorratutakoaren milaka adibide daude, baina deigarriak dira lege honen aplikazio batzuk, hala nola Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistari jarritako 70.000 euroko isunak; Ibaetako eta San Mameseko campusetako Herri Unibertsitatearen aurka jarritako zigorrak; Carabancheleko Etxebizitza Sindikatuaren kasua, 44.000 euro baino gehiago pilatu baititu isunetan 2021az geroztik soilik; Palestina Defendatzen Dugu taldeko ikasleei ezarritako 21.000 euroko isunak, Israelgo enbaxadorea Konplutentseko Unibertsitatean izan zenean egindako protestagatik, edo Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotzeko aginduaren aurka egindako mobilizazioengatik jarritako 133 isunak.

EH Bilduren eta PSOEren arteko ituna Mozal Legea aldatzeko

EH Bilduren eta PSOEren urriaren 3ko akordioa Mozal Legearen amaiera bezala aurkeztu dute alderdi abertzaleak eta bere inguru mediatikoak. Legea indargabetzeko bidean urrats bat dela esan digute. Pentsatzen dut mugimendu sozialetan parte hartzen duen edo langile-klasearen interesen alde antolatzen den edonor izugarri poztuko litzatekeela hori horrela izango balitz. Baina errealitatea, oraingoz behintzat, oso bestelakoa da. Itunak ez du legea indargabetzen: jasotzen dituen 54 artikulu eta xedapen gehigarrien artean, lau aldaketa proposatzen ditu. Nahiz eta teorian aurrerapauso bat izan, ez dugu ahaztu behar legeak indarrean jarraituko duela bere ia artikulu guztiekin.

Akordioak Mozal Legearen lau puntu aldatu nahi ditu. Lehenik, 37. artikuluaren 4. atala aldatzen du: "37. artikulua. Arau-hauste arinak. Arau-hauste arinak dira: […] 4. Irainak edo laidoak, horien hartzailea segurtasuna babesteko eginkizunak betetzen ari den Segurtasun-Indarretako kide bat denean, jokabide horiek arau-hauste penala ez baldin badira. Arau-haustetzat jotzeko, adierazpen esanguratsuak izan beharko dira, eta ezin izango da zehagarritzat jo agindu legitimo batekiko desadostasun hutsa edo adierazpen-askatasunaren funtsezko erabilera. Halaber, zehapena ondoriorik gabe utziko da zehatuak bere adierazpenengatik atzera egitea/barkamena eskatzea onartzen duenean".

Horrela, justifikatu gabeko edo interpretazio subjektiboetan oinarritutako zehapenekin amaitu nahi da: "irain edo laido esanguratsuak" direnean ezarriko da zigorra. Azken puntu horrekin, momentuko poliziaren interpretaziopean geratzen da iruzkinak garrantzitsuak diren ala ez baloratzea. Baina ez hori bakarrik: indar errepresiboen lekukotzak egiazkotasun-presuntzioa duenez, gure bertsioak baino froga-balio handiagoa izango du beti. Beraz, gure bertsioa babesten duen frogarik ez badago, mantendu egingo dira polizien diskrezionalitatea eta arbitrariotasuna.

Bigarrenik, larria izatetik (601 eurotik aurrera) arina izatera (100 eta 600 euro artean) igaroko da desobedientziaren arau-haustea, eta ezarri dute desobedientziak agerikoa, argia eta objektiboa izan behar duela. Gainera, legalitatearekin edo ordenamendu juridikoarekin bat baldin badator bakarrik zigortu ahal izango da, errekerimenduei eta zehapenei buruzko diskrezionalitatea eragotziz.

Kasu horretan ere, artikulua ez da desagertzen. Kontuan izan behar dugu errepresio-indarrek ordenamendu juridikoaren babesa dutela mobilizazio, ekintza sinboliko, protesta eta abarren testuinguruan aginduak emateko. Esan nahi dudanaren adibide ulergarria da, esaterako, agente batek mobilizazio bateko parte-hartzaile edo antolatzaileetako bati agintzea identifikatzeko. Identifikazioa Mozal Legearen 16. artikuluan ezartzen da; delituak prebenitzeko eta ikertzeko, edota arau-hauste administratiboen kasuan. Hau da, paragrafo honen hasieran aipatutako edozein testuingurutan, polizia-agenteek identifikazioa eskatu ahal izango dute, ordenamenduak babestutako zuzeneko agindu bat den heinean. Ezezkoa emateak zigor administratibo bat eragingo du aurrerantzean ere, orain arte bezala, baina txikiagoa. Agente batek edozein egoeratan eman dezakeen beste edozein agindurekin gertatzen da berdina; izan kalean, tabernetan edo lagunekin gaudenean.

Hirugarrenik, gomazko balak erabiltzeari utziko zaio. Horren kaltegarriak ez diren eta giza-eskubideen estandarren barruan sartzen diren beste bitarteko batzuekin ordezkatuko dira pixkanaka. Gomazko pilotak erabiltzeari uzteak poztu egin behar gaitu, batez ere oroimena dugulako eta eragin duten kaltea ezagutzen dugulako: Iñigo Cabacas eta beste 23 pertsona erail ditu Poliziak Espainiako Estatuan material horren bitartez. Baina kaltegarria dena ez da soilik indar errepresiboen materiala, horien erabilera ere kaltegarria baita. Eta sinesgaitza iruditzen zait Poliziaren materialak eta indar errepresiboek giza-eskubideen estandarrak bete ditzaketela pentsatzea.

Azkenik, sei hilabeteko epean, Atzerritartasun Legean egindako aldaketari helduko zaio. Balizko kanporatze-prozesuaren aurretik, nazioarteko babes-eskaeretarako sarbidea eta ebaluazioa ezarriko dira, mugako puntuen bidez. Ez dakigu zer protokolo ezarriko diren eta zer ondorio praktiko izango dituzten.

Ondorioak

EH Bilduk proposatutako lege-aldaketa baloratu aurretik, interesgarria da aipatzea gobernu aurrerakoiek dutela zigortze-kargarik handiena. 2015 eta 2018 artean, PPk gobernatu zuen garaian, 765.416 isun jarri zituzten. Eta hurrengo bost urteetan, 2019tik 2023ra bitartean, 1.390.574 zehapen erregistratu ziren, hau da, Mozal Legearekin ezarritako zehapen guztien %64,5. Era berean, gogora dezagun, alarma-egoera antikonstituzionalean, Mozal Legea modu zabalean erabili zutela langileria zigortzeko. Barne Ministerioaren datuen arabera, zigorren igoera nabarmen bat izan zen 2020an.

Araudi hori funtzionala izan da (eta da) gobernuarentzat, aplikatzeko ez baita prozedura judizialik ireki behar. Poliziak berak proposatzen du zigorra, eta administrazioak tramitatu besterik ez du egin behar. Horregatik, bizi-baldintzak nabarmen atzera egiten ari diren testuinguruan, estatuek mekanismo gero eta errepresiboagoak behar dituzte haserrea eta antolaketa otzantzeko. Mozal Legeak funtsezko zeregina betetzen du errepresioaren arloan: mugimendu eta antolakunde politikoak itoz, haiek zigorrei aurre egin ahal izateko dinamikak abiatzera behartuz, eta haien jarduera militantea oztopatuz.

Akordioaren bidez, aldaketa batzuk egitea planteatzen da. Baina mobilizatzen den, protesta egiten duen edota instituzioak eta haien Polizia seinalatzen duen oro zigortzen jarraituko du Mozal Legeak, ia bere osotasunean jarraituko baitu indarrean.

Ez da sozialdemokraziak bere erreformen aukera eraldatzaileak esajeratzen dituen lehen aldia, Etxebizitzaren Lege tamalgarriaren kasuan bezala, adibidez. Sozialdemokraziak badaki nekez hobetu dezakeela langileon bizitza, eta are gutxiago atzera-egite testuinguru batean, non kapital-metaketaren dinamikak gastu sozialaren eta soldaten murrizketak eskatzen dituen.

Gertakari horiek arriskutsu bihurtzen dira, alde batetik, babesgabetasun-sentsazioa eta politikarekiko atxikimendu falta eragin ditzaketelako langile-klasearen barruan. Eta, bestalde, garaipen-diskurtsoak disuasioa eragin eta atsekabea baretu dezakeelako. Izan ere, Mozal Legea "indargabetu" badute, arazoa beste bat izango da; esate baterako, Legea eraginkortasunik gabe aplikatzen dela. Baina, adierazi dugun bezala, legeak indarrean jarraitzen du eta oraingoz indarrean jarraituko du, eta gure zeregina da hura erabat indargabetu dezaten bultzatzen eta presio egiten jarraitzea.

Orain inoiz baino beharrezkoagoa da antolatzea; gizarte kapitalistaren oinarri den marko autoritarioa seinalatzea eta salatzea. Eta ulertu beharra dago kapitalak Estatuaren aparatu burokratiko-militar osoa duela proletariotza kontrolpean mantentzeko eta bere eskubide politikoak mugatzeko. Mozal Legea aplikatzearen bidez ez bada, Zigor Kodea aplikatzearen bidez, judizioz kanpoko jarduketak eginez edo eskura dituen bortxa- eta kontrol-mekanismo guztien bidez izango da.

Horregatik guztiagatik, Mugimendu Sozialistaren lehentasunezko zereginetako bat da eskubide politikoen aldeko borroka, horrela, proletariotzaren borrokarako baldintzak bermatzeko eta zabaltzeko. Horrek ez dakar berekin soilik Estatuaren mekanismo errepresiboak seinalatzea eta salatzea: batez ere, proletariotzaren antolakuntza independentea ahalbidetzen duten baldintza politikoak defendatzea eta hedatzea esan nahi du. Proletariotza antolatuak aurrera egiten jarraitu behar du, planetako txoko guztietara iristeko eta bere eginkizun historikoa gauzatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK