AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Maria Fuentes
2023/07/19 11:29

Pentsatzen dut fenomenoak ez duela atzera-bueltarik, hilik dagoen pertsona batek, alokairu sabel "haurdun" baten bidez (bere terminologiaren arabera) ume bat izatea lortu badu, amatasunari lotutako konnotazio oro kenduta. Industriaren etorkizunerako potentzial handia duen eta gero eta erabiltzaile gehiago dituen merkatu-hobi bat sortzen duen fenomeno berri baten aurrean gaude, gero eta onarpen politiko eta sozial handiagoa duena. Iritzi-artikulu honen bitartez alokairu sabelei buruzko datuen, legeen eta ondorio politikoen hainbat gako aurkeztu nahiko nituzke, emakume langileon aurkako indarkeriaren forma berrien inguruan hausnarketa bat sustatzeko asmoz.

Testuinguru legala eta epidemiologia

Mundu mailan hainbat estaturen legediari erreparatuz gero, oso egoera desberdinak aurki ditzakegu estatuaren arabera. Horien artean, ezagunak dira bai subrogazio altruista bai komertziala (diruaren truke) legeztatu dituzten estatuak, Ukrania eta AEBak, kasu.

Espainiako Estatuan 14/2006 Legeak (1) "ordezkapen bidezko ernalketa" kontratuak baliogabeak direla adierazten du, eta amatasuna erditzean zehazten dela. Horren aurrean, praktika hori legeztatuta dagoen estatu batean, zerbitzu horiek kontrata daitezke; hori bai, zenbait zailtasunekin. Demagun familia batek atzerrian alokairu sabel bitartez jaiotako adin txikiko bat Espainiako Estatura ekarri eta legeztatu nahi duela. Behin adin txikikoa jaiota, lehenengo pausoa atzerriko estatuko auzitegietara jotzea da, han, sententzia bidez, adin txikikoaren eta haien arteko filiazioa, eta beraz, guraso-ume izaera hori onartuz. Ondoren, sententzia hori Espainiako Estatuko Erregistro Zibilean aurkeztu beharko lukete, eta baldintza guztiak betez gero, filiazio-harremana aitortuko litzaieke.

Hala ere, prozesu hori ez da hain erraza; izan ere, estatu bakoitzean baldintzak une oro ari dira aldatzen. Ukrainan, adibidez, gero eta neurri zorrotzagoak jarri dituzte: ezkondutako bikote heterosexuala izatea, haietako batek adin txikikoarekin lotura genetikoa edukitzea eta, beraz, dohaintzan emandako obuluak erabiltzea (2), eta abar. Horrek neurri malguagoak dituzten estatuetara jotzea eragin du, besteak beste, AEBetara. Nazioarteko egoera anitzaren erradiografia horri jarraituz, txanponaren beste aldean Erresuma Batua legoke, non alokairu sabel altruista onartuta dagoen, bikoterik ez dutenak aukera horretatik kanpo utziz (haurdun geratzeko gaitasunik ez duten emakumeak salbu) (3). Portugalen, 2016tik aurrera egindako aldaketa legalen ondoren, alokairu sabel altruistak baimentzen dituen legea onartu zuten 2021ean; emakumeak erditu ondorengo hogei egunetan damutzeko aukera du (4).

Egoera hain aldakorra izanda, ikusteke dago estatu bakoitzak zer neurri hartzen dituen eta horiek zer eragin duten gure inguruan. Bide horretan, aipatzekoa da Europar Batasunean eztabaidatzen ari diren filiazio-agiriaren sorrera. Kontuan hartuta estatu kide bakoitzean erregimen juridiko ezberdina dagoela, horren onarpenak, nahiz eta Espainiako Estatuan haurdunaldi subrogatua alegala izan, Europar Batasuneko beste estatu batean egitea posible izatea ekarriko luke. Hau da, praktika hori legala den estatu kide batean prozesu hori gauzatzeak (Grezian, adibidez, non alokairu sabel altruistak onartuta dauden), hau da, filiazio-harremana onartzeak, gainerako estatu kideetan automatikoki onartzea ekar lezake. Europako Batzordeko zuzendari den Ursula von der Leyen mediku alemaniarrak hitz gutxian laburtu zuen txio batean: "Estatu batean guraso bazara, guztietan izango zara guraso". 

Nahiz eta haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako adin txikikoen kopuru zehatza ez ezagutu, praktika horren bitartez, munduan 20.000 adin txikiko jaiotzen direla uste da. EAEri dagokionez, Diario Vasco-k argitaratutako informazioaren arabera, 250 adin txikiko erregistratu ziren 2018an. Estatu mailan, 2010. eta 2021. urteen artean, 3.273 adin txikiko izan zirela kalkulatzen da; gehienek AEBetan, Ukrainan eta Mexikon zuten jatorria. Merkatu horretan, atzerrira joatea "turismo erreproduktibo" moduan ari da ezagun egiten (6). Hala eta guztiz ere, datu horiek guztiek ez dute errealitatea bere osotasunean islatzen, modu legalean egindako inskripzioetara mugatzen baitira, legez kontrako bideak ezkutatuz. Irabaziei dagokienez, Global Market Insights kontsultariak aurkeztutako datuen arabera, mundu mailan 14.000 milioi dolarrekoak ziren 2022an. Are gehiago, baby business deritzon horren irabaziek urtean %25 gora egingo dutela adierazten du, 130.000 milioi dolarreko irabaziak aurreikusiz 2032. urterako (7).

Kontraesankorra dirudien arren, nahiz eta irabazien hazkunde bat egon, Espainiako Estatuak badirudi alokairu sabelei aurka egiteko politikak martxan jarri dituela. Zehazki, urte honetan onartutako lege batek bi neurri ezartzen ditu (8): lehenik eta behin, haurdunaldi subrogatuaren sustapen komertziala, hau da, publizitatea debekatzen du (33. artikulua); eta bestetik, prebentzio-neurri bezala, kanpaina instituzionalen bitartez praktika horren legez kontrako izatearen  inguruko informazioa zabaltzeko asmoa adierazten da (32. artikulua). Zoritxarrez, neurri horiek ez dute eragin errealik auzi horretan. Publizitatea debekatu arren, interneten web-orri ugari daude praktika horri publizitatea egiten eta horren inguruko informazio erakargarria eskaintzen. Gainera, pertsona famatuen polemikak direla eta, dimentsio handiko eragina lortzen du gaiak. Bestalde, nahiz eta gobernuak behin eta berriz aipatu alokairu sabelen legez kontrakotasuna eta praktika hori emakumeon aurkako indarkeriarekin lotu, alegala izaten jarraitzen du: debekatuta egongo balitz, zigortua izango litzateke.

Agentziak eta alokairurako baldintzak

Praktika horren inguruan dagoen bibliografia urria den arren, informazioaren gehiengoa maila pertsonalekoa edo praktika horren aldekoa da, eta argitaratu izan diren zenbait datu laburtu eta aztertu nahiko nituzke. Horrekin batera, kontuan hartu behar da kontratuen betetze eta ez-betetzeari buruz ari garenean, horren ondorioak ez dituela askotan estatuak ezartzen, baizik eta kontratu zehatz bakoitzak. Zaila da, horrela, modu erregular batean eta zehazki egoera marraztuko duten datuak aurkitzea eta ordenatzea.

Orokorrean, zerbitzu hori kontratatzeko orduan, bitartekaritza-agentzia batera jotzen da, eta horiek arduratzen dira prozesu osoaz: kontratatzaileak emakumea dagoen estatura eraman, zerbitzu mediku eta juridikoak, emakumearen ezaugarrien aukeraketa, obozitoen dohaintzaren kudeaketa eta abar. Emakumeak sinatzen duen kontratu horretan erregistratuta geratzen dira funtzio erreproduktiboaren, ama izatearen nolakotasunaren edo prozesuan parte hartzeko baldintzen inguruko klausulak. Aurkitu ditudan kontratuen adibideetan (9) (10) (11) (12), besteak beste, emakumeari ezartzen zaizkion neurri hertsatzaileak ageri dira: erretzearen, sexu-harremanak izatearen, medikazioa hartzearen, baimenik gabe bidaiatzearen, eguzkia hartzearen edota igerilekuetara joatearen inguruko debekuak. Emakumeek haien egoeraren berri eman behar dute astero, eta kontratzailearekin bildu beharko dira agentziak horrela adierazten badu. Adin txikikoen defentsarako elkarteek, gainera, prozesuaren barneko informazio falta salatzen dute, erabiltzen den idazkera juridiko konplexua edota kontratuaren hizkuntza dela eta. Gainera, gai horietan formakuntza falta dutenez, emakume askok ezin dituzte kontratuetako baldintza ekonomikoak negoziatu. Horien artean, zehaztu gabe geratzen dira, adibidez, haurdunaldia lortu arteko epea zein izango den, askotan lehenengo ernalketaren bitartez ez baita haurdunaldia lortzen, edo sor daitezkeen arazoen konpentsazioa zein izango den. Erditzearen aurretik emakumeak amatasunari uko egin behar dio, eta dagozkion izapideak formalizatu ahal izateko, adin txikikoaren ematea gauzatu behar da. Kontratuaren ez-betetzeak zigor ekonomikoa ekar diezaioke emakumeari, eta, kasu batzuetan, adin txikikoaren kargu egitera behar dezakete, kontratuan hori zehaztu ez arren.

Posizio politikoak eta ondorioak

Gizarte-berregituraketa forma berri baten aurrean gaude, zeinetan hainbat faktorek eragiten duten: jaiotza tasen jaitsiera, haurdun geratzeko adina atzeratzea horrek ugalkortasun tasan duen eraginarekin eta ezegonkortasun soziala, besteak beste. Horri familia-egituraketa berrien formak gehitu behar zaizkio; izan ere, "karga genetiko" bera duen ume bat izatearen nahiak alokairu sabelak erreprodukzio-forma normalizatu bat izan daitezen eragiten du. Era berean, kapitalismoaren krisiaren ondorioz ugarituz doazen egoera zaurgarrian dauden emakume langileek haien biziraupenerako lan-forma horretara jo dezaten bultzatzen du; eta, gainera, zentzu komunean praktika hori sozialki gero eta onartuagoa egoteak ere emakumeak horren alde lerratzea edota begi onez ikustea eragiten du. Joera hori guztia alokairu sabelen aldekoek sustatzen dute, beraientzat aitatasuna eta amatasuna erreprodukzio-mailako garapen zientifiko eta teknologikoari esker eskubide bezala konfigura baitaiteke, prozesuan zehar gauzatzen den sexu-esplotazioa ukatuz.

Esplotazioaren zentzu horri kontrajarrita agertzen da modalitate altruista, haurdunaldi subrogatua justifikatzeko, iritzi publikoa erakartzeko, eta, gainera, politikari profesional batzuek "etikoki onargargarri" bezala definitzen dute honako praktika. Aurretik aipatu dudan Erresuma Batuaren adibidean argi ikusten da alokairu sabelen legeztatze altruistak ez duela dagoen eskaria asetzen; izan ere, akordio ekonomikorik gabe (preziorik gabe), prozesu hori aurrera eramango luketen emakumeen ehunekoa baxua da, eta, beraz, bikote askok atzerrira jo beharko lukete. Zentzu horretan, altruismoaren aldeko politikek ere, beste proposamen politikoen antzera, beren merkatu-estrategiari erantzuten diete,  kontzientzia-kritikoa apaltzeko funtzioa betez. Ondorioz, modalitate horrek alokairu sabelen merkataritza-forma sustatzen duela ikus daiteke, irabaziak lortzeko aukera hori sortuz.

Alokairu sabelen aldekoek erabiltzen duten bestelako justifikazio bat "emakumearen askatasunari" erreferentzia egitea litzateke, "Nire gorputza, nire erabakia" leloaren bidez. Horrela, kritikoak paternalistatzat edo moralistatzat hartzen gaituzte, prozesuarekin ados dauden emakumeen iritzia alde batera uzten dugula argudiatuz. Gai honetan haurdunaldi subrogatuaren forma altruistak garrantzia handia hartzen du, ondorengotzarik izan ezin duten bikoteen egoera karikaturizatuz eta sabela alokatzeko nahia ekintza solidario bilakatuz. Bide beretik, emakume horiek ontasun berezia duten izaki bezala ezaugarritzen dituzte, guraso izateko ametsa duten horiei lagunduz autoerrealizatzen direnak. Horrek guztiz baztertzen ditu prozesuak emakumearen osasun fisiko zein mentalean sortzen dituen ondorioak, eta gainerako emakumeengan dituen ondorioak ere ukatzen ditu.

Horrek guztiak honakoa galdegitera narama: bakoitzaren erabakiak faktore sozialen arabera baldintzatuta badaude, nola da posible norberaren borondateak maila sozialean hainbeste ondorio sortzen dituen praktika hori legitimatzea? Denak balio du borondatearen izenean, nahiz eta horrek albokoa zapaltzea eragin? Lan konkretuko forma guztiak ez direla onargarriak azpimarratu nahiko nuke. Gainera, lelo nahasgarri horiek, irabaziaren alde esplotazioa justifikatzeari hel diezaioketenak, ez dute onartzen fenomeno horrek sortzen dituen ondorio sozialen erantzukizuna, emakume langileon aurkako indarkeria sozialki normalizatu baizik.

Emakumeon gaitasun erreproduktiboaren salerosketak amaitu egin behar duela uste dugunok, ez dugu inondik inora ere beharrizan ekonomikoengatik bere sabela alokatzen duen emakumea epaitu nahi: erosleak eta esplotazio-forma berri hori sortzen eta sustatzen duen sistema seinalatu nahi ditugu. Ezinbestekoa da, gainera, egoera horretatik irabaziak lortzen dituzten eta emakumea kontsumo-objektu gisa normalizatzen duten enpresak eta negozioak seinalatzea; kasu batzuetan, alokairu sabelei Black Friday beherapenak ere aplikatu izan dizkietenak (14). Horretaz gain, nahiz eta askotan gai arrotza edo urrutikoa iruditu, erreprodukzio-forma horrek, bere horretan, salerosketa eta indarkeriarik gogorrena ezkutatzen ditu. Amatasun Subrogatuaren Aboliziorako Nazioarteko Koalizioak argitaratutako datuen arabera (15), alokairu sabelak era araugabe eta ez-isolatu batean ere gauzatzen dira gugandik ez hain urruti. Europara haurdun geratzeko asmoz atzerritik ekartzen diren emakume umedunen trafikoa egon badago, eta, ziurrenik, iturri ofizialek adierazten dutena baino ohikoagoa da. Aipatutako dokumentuan, adibidez, Europa mailako kasu ugari azaltzen dira; besteak beste, Bartzelonako bikote baten 2018ko kasua. Adin txikiko haur bat emateko, Venezuelatik emakume bat ekarri izanagatik atxilotuak izan ziren.

Instituzioen eta alokairu sabelen aurkako legeen saiakera oportunistak eta aurpegi zuriketak argi uzten dute indarkeriaren arautzerako eta legalizaziorako proposamenek emakume langileon egiturazko sexu-indarkeria sozialki normalizatu besterik ez dutela egiten. Hori horrela, kapitalismoaren garapenak, garapen teknikoak barne, merkatu-hobi berriak irekitzen ditu etengabe, eta horri erantzuten dio alokairu sabelen normalizazioak; eta urrun dago politikarien, agentzien eta enpresen ekarpen onbera bat izatetik, ulertzera eman nahi diguten modura.


ERREFERENTZIAK

(1) La Ley 14/2006 sobre técnicas de reproducción asistida

(2) BBC news mundo: Vientres de alquiler: cómo Ucrania se convirtió en la nueva capital internacional de las madres substitutas

(3) La Sexta: El mapa del vientre de alquiler en el mundo: dónde es legal y cúales son los requisitos

(4) Gestlife. Ventajas e incovenientes de una gestación subrogada Portugal ¿Gestación subrogada en Portugal para extranjeros?

(5) Propuesta de REGLAMENTO DEL CONSEJO relativo a la competencia, al Derecho aplicable, al reconocimiento de las resoluciones y a la aceptación de los documentos públicos en materia de filiación y a la creación de un certificado de filiación europeo: https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:52022PC0695

(6) El Diario Vasco: En Euskadi nacen 250 niños al año por gestación subrogada

(7) Surrogacy Market by type (gestational surrogacy, traditional surrogacy), by technology (intrauterine intrauterine insemination (IUI), in vitro fertilization (IVF)), by age group, by service provider & Forecast, 2023-2032. Global Market Insights

(8): La reforma de la Ley Orgánica de Salud Sexual y Reproductiva y de la interrupción voluntaria del embarazo (LO 1/2023)

(9) El País. Vientres de alquiler: el deseo de ser padres convertido en industria

(10) ¿Cúales son los requisitos para ser madre subrogada? Reproducción Asistida ORG

(11) Extraordinary Conceptions International Surrogacy & egg donation

(12) El Diario: Las cláusulas de los vientres de alquiler: quien paga tiene derecho a mantener viva a la gestante en muerte cerebral

(13) La Vanguardia: Indignación por los descuentos de Black Friday que ofrece una empresa de gestación subrogada

(14) Abolition-ms.org: Cases of human trafficking related to surrogacy in European Union

EZ DAGO IRUZKINIK