AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Maria Fuentes
2024/03/27 11:55

EAErako hauteskundeak iritsi dira eta nabari da. Gaur egungo osasun-sistemaren kolapso horren aurrean, alderdi politiko guztiek gai horri buruz hitz egitea lehenetsiko dutela aurreikus liteke. Ikus dezagun, beraz, zer proposamen estrategiko eta zer muga dituzten osasungintzaren aldeko promesa politikoek.

Has gaitezen EAJtik, egungo kudeatzailea eta azken urteetan Osakidetzako osasungintzarekin gertatu dena erakusteko adibidea. Pribatizazioa, itxaron-zerrendak, kalitatearen okerragotzea, osasun-langile falta eta lan-baldintzen okerragotzea bezalako hitzak burura etor dakizkiguke egungo egoera definitzerakoan. Horren aurrean, promesa berri batzuekin aurkeztu da EAJ, osasungintza publikoarekiko eta kalitatezko arreta medikoarekiko konpromisoa berretsiz. Medikuen gabeziari modu "eraginkorrean eta iraunkorrean" aurre egiteko estrategiaz hitz egiten dute, jarduera publikoaren eta pribatuaren arteko halabeharrezko bateraezintasuna zalantzan jarriz, adibidez. Gainera, dagokien agintariekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen dute, eta osasungintza publikoaren balantze positiboaren banderapean jartzen dira, Osakidetza osasun-zerbitzu onenetako bat dela esanez. Osasungintzara bideratutako aurrekontuak hazkunde iraunkorra izan duela ere baieztatzen dute, 2024an 4.896,6 milioi eurora iritsi baitzen. Hori guztia gorabehera, eta Pradalesek "osasungintzaren zauriak sendatzeaz" hitz egiten badu ere, zaila da bere hitzen asmo ona sinestea. Izan ere, orain arte beraiek izan dira osasungintzaren arduradunak, eta horren okerragotzea besterik ez dugu ikusi. Beraz, aurreikus liteke egungo egoera hurrengo legegintzaldian errepikatu edo okertu litekeela.

Azken urte horretatik aurrera, aldi berean, 2023-2025erako estrategia berri batekin dator Osakidetza, hurrengo helburuekin: osasuna sustatzea, pertsonen eta komunitatearen prebentzio aktiboa, kronikotasunari eta morbimortalitateari heltzea, humanizazioa, iraunkortasuna, ezagutza sortzea... Oro har, planaren eta lengoaiaren zehaztasunik eza nabarmentzen da. Nolanahi ere, gai jakin batzuetan, zenbait asmo erakusten ditu estrategia horrek. Adibidez, paziente baten gaixotasunaren autokudeaketa sustatzea, hori "pazientearen ahalduntze" gisa mozorrotuta eta osasun-irisgarritasun unibertsala planteatu gabe, patologia jakin batzuk gainetik kentzeko saiakera gisa uler daiteke, helburutzat izango lukeena asistentzia-gainkarga nolabait arintzea. Gauza bera gertatzen da desburokratizazio-proposamenarekin; funtsean, esan nahi du medikuei lan batzuk kentzea beste batzuei emateko, kontuan hartu gabe zein problematikoa litzatekeen, adibidez, osasun-irizpidedun medikuak bajen kontroletik kentzea eta hura enpresa-interes argiak dituzten Mutuei ematea. Datozen urteetako erretiroak direla-eta, osasun-langileak ugaritzeari buruz ere hitz egiten dute, baina egoera bera konpontzeko benetako asmorik izan gabe eta etorkizuneko ikasleen doako eta kalitatezko prestakuntzarako egiturazko neurri eraginkorrik planteatu gabe egiten dute hori.

EH Bildu, bere aldetik, kolapsoa eta EAJren azken urteetako osasun-kudeaketa aprobetxatuz, aurkariari egindako kritiken buru bihurtu da, pribatizazioaren eta lan-baldintzen okerragotzearen errua EAJri egotziz. Horrela, Begirada Osasungintzari. Osakidetza zutik jartzeko proposamena aurkeztu du, memoria ekonomikorik gabeko dokumentua, baina gastu publikoa eta aurrekontua handitzeko promesa jasotzen duena. Dokumentuan, adibidez, osasun-politiketan aurreratuen dauden Europako herrialdeen BPGra hurbiltzeaz hitz egiten dute, lehen mailako arretara bideratutako inbertsioa pixkanaka handitzeko. Pribatizatutako zenbait zerbitzu (garbiketa, anbulantziak...) publiko bilakatzea proposatzen dute, eta osasun-zentroen kudeaketa berriaz ere hitz egiten dute (Etengabeko Arreta Guneak irekitzea, Asuncion Klinika publiko bihurtzea...).

Baina horrek benetan konpontzen al du osasungintzak jasaten duen egiturazko arazoa? EH Bilduk ezin ditu bere gain hartu benetako osasun-sistema unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa lortzeko oinarriak jarriko lituzketen auziak. Alde batetik, bere programak ez duelako zalantzan jartzen sistema kapitalista bera, non gutxi batzuk gehiengoaren lanetik aberasten diren, osasunarekin ere negozioa egitea eraginez. Gainera, ez du mahai gainean jarri osasun-erabakiak hartu eta lege jakin batzuk agintzen dituzten enpresariekin eta nazioz gaindiko erakundeekin hausteko eta horiei aurre egiteko politikarik. Bestalde, kontuan hartuta gaur egun erdi-mailako klaseak zuzenean etekina ateratzen diola osasungintza pribatuari, EH Bilduk ezingo luke hura desagerrarazi. Izan ere, alderdi horrek zuzenean egiten dio hitz eta dei bizi-maila altuagoa duen gizarte-sektore horri, zeinak osasungintza publikoko itxaron-zerrendak saihestu eta pribatuan erresonantzia edo kolonoskopia bat egiteko ahalmen ekonomikoa duen, gerora arreta jasotzeko. Baina dirurik ez duten pazienteek, ordea, gero eta gehiago izanik erdi-mailako klasearen degradazioa dela-eta, ezin izango dute ez probarik ez aseguru pribaturik ordaindu, eta horrek osasungintza publikoa bihurtzen du haiek artatzeko leku bakarra. Berehalakoa eta joerazkoa den kolapsoaren aurrean, beraz, diru gutxien dutenentzako leku bihurtu da osasungintza publikoa.

Estatu burgesaren mugen barruan egiten dena eta egin daitekeena ulertzeko beste adibide on bat Nafarroakoa da, non duela hilabete batzuk aurkeztu zuten Osasun Departamentuaren gasturako aurrekontua. Bertan ikus dezakegu nola 2014tik aurrera, oro har, aurrekontu-partida handitu egin den, EAEn edo Espainiako Estatu mailan bezala. Nolanahi ere, instituzioen propagandak dioenetik urrun, 2021etik aurrerako datuei ondo erreparatuz gero, gastu gordinaren eta deflaktatutako gastuaren arteko tartea gero eta handiagoa dela ikus dezakegu. Horrek esan nahi du, gastu gordinari inflazioaren eragina kenduz gero, bai murriztu dela benetako gastua. Beraz, horretan guztian interesgarriena ondokoa litzateke: per capita gastu erreala pixkanaka jaisteko joera dago. Eta hala ikusten dugu hainbat sektoretan: lehen mailako arretako gastua %10 txikiagoa da, %9 txikiagoa farmazian, %6 txikiagoa ospitaleko arreta espezializatuan eta %4 txikiagoa arreta psikiatrikoan.

Nafarroak arlo honetan izan duen azkeneko urteetako kudeaketari dagokionez, 2015ean UPNk hauteskundeak galdu zituenean eta "gobernu aurrerakoiari" bide egin zionean, eta zehazki Geroa Bairen Osasun Departamentuaren agindupean, guztira 29 osasun-konpromiso zituen programa bat jarri zuten mahai gainean. Hainbat neurri hartu zituzten legegintzaldi horretan, egiturazko aldaketarik egin ez izana neutralizatzeko balio izan zutenak: ospitaleetako sukaldeen publifikatzea, Nafarroako Unibertsitate Klinikako langileak Osasunbidera pasatzea... 2019an, Osasun Departamentua Geroa Bairen eskuetatik PSNren eskuetara igaro zen, eta bere akordioak 41 konpromiso jarri zituen mahai gainean (osasun-plan berria, osasun-garraiorako enpresa publikoa, aurrekontuak BPGaren %6,5era iristea...), baina proposamen guztiak murriztu egin ziren, besteak beste, COVID-19aren ondorioz. Horrekin, bere planak bide berri bat hartu zuen, profesionalen kudeaketa txarrera, antolaketa kaotikora eta osasun-baliabideen kolapsora bidean. Orain, departamentua Geroa Bairen eskuetara itzuli da 2023-2027rako, kontseilari berdinekin. Deigarria da, oraingoan, bere programa-akordioaren zehaztasun urria, askoz ere orokorragoa eta laburragoa baita. Oraingoz, mespretxagarriak dira kontseilariek egindako adierazpenak, beren departamentuaren adostasunarekin edo adostasunik gabe eginak eta, bide batez esanda, programa-akordioan agertzen ez direnak. Dena den, etorkizun nahiko zalantzagarria edo problematikoa iragartzen dute itxaron-zerrendei, pribaturako desbideratzeei, lehen arretaren ereduaren erreformei eta abarrei dagokienez. Aurrekontuen adostasunarekin, gainera, arreta publiko-pribatua nola betikotzen den ikus dezakegu, eta horren adibide dira San Juan Ospitalea edo Medicis enpresarekin dagoen lankidetza publikoa, proba osagarriak egiteko. Nafarroako egoerak, beraz, agerian uzten du kolapsoaren izaera estrukturala, "aldaketaren gorbernuaren" esku egon arren, ez baitira gai izan egoerari buelta emateko. 

Hainbat mailatako osasun-kudeaketen adibideekin amaitzeko, 15/97 Estatu-Legeari edo Osasun Legearen 90. artikuluari buruz hitz egin nahiko nuke, osasungintza publikoaren gaur egungo pribatizazioa ahalbidetzen baitu. 2020-2023 urteetatik, datu objektiboen bitartez ikusi ahal izan dugu zertarako gai izan den "historiako gobernurik aurrerakoiena", PSOEren eta Elkarrekin Podemosen eskutik. Dirudienez, alderdi horietatik batek berak ere ez du 15/97 legea zalantzan jarri, ez eta itun pribatuak ere (osasun-gastuko 8 euroko, euro 1 eskuratzen dute itun horiek). Orain, PSOE-Sumarri berriz bete zaie ahoa osasungintza salbatzeko asmoz; hori bai, beraiek propioki pribatizaziorantz marraztu dituzten marra gorriak gainditu gabe. Gainera, esanguratsua da nola Espainiako Estatuko lurralde bakar bat bera ere ez den gai izan lege horrek dakarren arazoa mahai gainean jartzeko, ezkerreko alderdien aginpean egon arren.

Beraz, hau izango litzateke gaur egungo egoera: lurralde guztietan, oraindik ere, jarraipena ematen zaio kudeaketa publiko-pribatuari. EAEn Tolosaldeko pazienteak Asuncion Klinikara joaten dira, erresonantzia magnetikoak Osateken egiten dituzte eta ekografiak Bihotzen. Nafarroan osasun-enpresekin akordioak mantentzen dira, hala nola OPUS Klinikarekin edo San Juan Ospitalearekin. Pribatuarekin hitzarmenak izatea, pribatizazioa bera eta zerbitzuak azpikontratatzea egunerokotasunaren parte bilakatu dira, eta modu esponentzialean baldintzatzen dituzte bai langileek osasun-zerbitzuetara duten sarbidea, bai zerbitzuen kalitatea, bai eta lan-baldintzak ere. Era berean, inork ez ditu aipatzen estatu mailan pribatizazioa ahalbidetzen eta oinarritzen duen lege-aparatua, 15/97 legea edo Osasun Legearen 90. artikulua. Dirudienez, alderdi guztiek onartzen dute baliabide publiko-pribatuak egotea eta horien banaketa, eta zerbitzu publikoak desegiten doazen heinean, pribatuen atzean dauden bankuek, enpresaburuek eta politikariek dirua irabazten jarraitzen dute. Artikulu honen bitartez, agerian utzi nahi izan dut krisi kapitalistari erantzuten dion kolapso prozesu bat bizitzen ari dela osasungintza publikoa, eta borondate politikoetatik haratago doala hori. Hortaz, arazoaren erroa konpontzen ez duen erantzun orok iraunaraziko du egungo sistemaren egoera. Osasun-baliabideen sozializazioaz hitz egin beharko genuke, beraz; bai baliabide publikoena bai pribatuena, benetako osasun-sistema kalitatezkoaz, unibertsalaz eta doakoaz mintzatu ahal izateko.

Hau guztia jakinda, oraindik ere batzuek pentsa dezakete hauteskundeak esanguratsuak izan daitezkeela datozen urteetako osasun-egoera baldintzatzeko. Horren aurrean, seinalatu nahiko nuke alderdi politiko guztiak (izan PSOE edo EH Bildu, izan PP edo EAJ) direla estatu kapitalistaren diru-laguntza bidez funtzionatzen duten estatu-organoak, eta horiek lotura zuzena dutela elite ekonomikoekin eta finantza-oligarkiarekin. Zaila da pentsatzea enpresaburu handiek zer interes izan ditzaketen langile-klasearen erabateko osasun-ongizatea bermatzeko. Izan ere, haientzat ez da inola ere lehentasunezkoa batez ere produktiboa ez den biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzeko baliabideak gastatzea, egituraz defizitarioa den estatuaren balorizazioa kaltetuko bailuke. Kezkagarria da, beraz, EH Bildu edo PSOE bezalako alderdiei egiten zaien aurpegi zuriketa, indar aurrerakoi posibletzat hartuta eta aditzera emanda egungo osasungintza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa bermatzen dutela, haiek ere egungo osasun-egoeraren erantzule ez balira bezala. Gauza bera EAJrentzat, Osakidetzaren pribatizazioaren aldeko enpresa-interesak erakutsi izan dituelako eta erakusten dituelako.

Datozen asteetan ikusi ahal izango dugu nola bi alderdiek hitz egiten duten publifikatzearen inguruan eta nola seinalatuko dituzten enpresa jakin batzuk. Progresiboa izango da programari dagokionez biak berdintzeko joera, eta, azken finean, posizio burokratiko jakin batengatik borrokatuko diren bi erakunde bilakatuko dira; besterik ez. EH Bilduk probetxua aterako dio EAJk azken urteetan gobernatu izanagatik duen higadurari. Bere buruari leku egiteko promesekin etorriko da EH Bildu, baina promesa horiek guztiz bat datoz erdi-mailako klasearen interesekin eta ez daukate aldaketarako inolako potentzialik. Hori esanda, amaitzeko, esan genezake alderdi horien guztien helburua dela estatu burgesa bere mugen barruan kudeatzea, berehalako joera batzuekin: langile-klasearen pobretzea eta erdi-mailako klasearen degradazioa, osasungintzan barne. Beraz, alderdi politikoak: nor utziko duzue gaixotzen hauteskundeen ondoren?

EZ DAGO IRUZKINIK