Eusko Jaurlaritzaren menpean dauden kartzeletan euskal preso politikook gure senide eta lagunekiko komunikazioari dagokion arloan asko galdu dugu. Hilabeteroko aurrez aurrekoen kopurua txikiagoa da eta iraupenez laburragoak dira. Beraz, hurbilago badauzkagu ere, denbora gutxiago ematen dugu gertukoekin.
Bistakoa da preso ororentzat bere ingurukoekin harremana mantentzea eta gozatzea garrantzitsua dela, oinarrizko eskubidea delako. Are gehiago preso politikoon kasuan, Herriarekiko daukagun konpromisoari bizirik eusteko ezinbestekoa baita lotura hori.
Gure etxeko eta lagunek ez digute sekula huts egin, eta hamarkadetan zehar indarrean egondako sakabanaketari aurre eginez, kontaezinak diren kilometroak eginez, ekonomikoki eta fisikoki latz ordainduz. Ezin ahaztu errepide horietan bizitza utzitako hamasei lagun eta senide, beti hor, gure ondoan egon dira.
Sakabanaketaren helburuak ez zituzten bete, Herriarekiko lotura ez da inoiz eten, elkartasuna eta kemena astebururo heldu zitzaigun preso gintuzten tokietara, gaur egun gertatzen den bezalaxe.
Baina, egun, Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan gauzkatelarik, beste tresna bat sortu dute lotura hori apurtu nahian: Salbuespeneko neurria.
Dozenaka dira gurekin komunikatzeko debekua ezarri dieten lagunak. Azken hilabeteetan neurri bidegabe hau pairatu ostean eta, besteak beste, judizialki helegiteak bideratu eta gero, ondorio honetara heldu gara: Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda beltz batez baliatuz lagun ugariri debekatzen diete kartzelara sartzea, izan gurekin komunikatzera, izan bertan antolatzen diren kirol nahiz kultur ekitaldietan parte hartzera.
Salbuespen-neurri hau, sektore iraultzaileetakoa izatea leporatuz eta haientzat deseroso diren edo haiek etsaitzat hartzen dituzten lagunei ezarri diete. Hau argi eta garbi ikus daiteke, adibidez, Auzitegi Nazionaletik gure helegiteei emandako erantzunetan konpromiso militantea edukitzeak apartheid bat pairatzea dakarrela.
Idazki hau sinatzen dugunok egoera latz hau jakinarazi nahi diogu Herriari, salbuespen-neurri hau salatuz eta ozen esanez sakabanaketarekin lortu ez zutena ez dutela honekin ere lortuko. Herriaren maitasunak eta indarrak gure bizigai izaten jarraituko dute. Oraingoan ere denok batera egingo diegu aurre eraso hauei.
Errepresiorik ez!
Salbuespen neurririk ez!
Julen Atxurra Egurrola
Oskar Barreras Díaz
Aitor Cotano Sinde
Orkatz Gallastegi Sodipe
Xabier García Gaztelu
Fernando García Jodra
Beatriz Etxebarria Caballero
J.M. Etxeberria Garaikoetxea
Garikoitz Etxeberria Goikoetxea
Daniel Pastor Alonso
Jon Kepa Preciado Izarra
Patxi Ruiz Romero
Jon Mirena Sampedro Blanco
Mikel Sansebastian Gaztelumendi