AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Peio Ormazabal
2024/04/16 20:10

EAEko hauteskundeen atarian gaude eta horrek berekin dakar alderdi politiko bakoitzak bere proposamen garrantzitsuenak aurkeztea. Kasu honetan industria-politikak izango ditugu hizpide, zehazki bi: orain arte indarrean egon dena (EAJ) eta alternatiba gisa saltzen zaiguna (EH Bildu). Lehenengoak, etorkizuneko industriaren trenera igo behar dela dio. Bigarrenak, berriz, orain arte indarrean egon den industria-eredu zaharkitua atzean utzi behar dela. Bide horretan, biek euren industria-programak atera dituzte mahaira eta, ondorengo lerroetan, hauteskunde hauetarako bi lehendakarigai nagusien proposamenei erreparatuko diegu.

Bi proposamenak sortu diren testuinguruaren arabera ulertu behar dira, beren betebehar eta mugekin. Gaur egungo testuingurua krisiak ezaugarritzen du, eta, horrekin batera, desindustrializazioak. Premisa horietatik abiatuta garatu dituzte bi proposamenak. Politika ekonomikoak orokorrean eta politika industrialak konkretuan, bi helbururen artean aritzen dira etengabe: batetik, tokian tokiko ekonomiak mundu mailako lehiakortasunean txertatzea eta, bestetik, krisiak eragin ditzakeen barne-tentsioak apaltzea eta horiei erantzuna ematea. Beraz, bi industria-politika horiek prozesu gatazkatsu bati erantzun beharko diote, bozkatuko dituztenen aurrean konpromezu sozialak berretsi beharko dituztelako, nazioarteko lehiari eusten dioten bitartean. Azken hori hasia da EAJri kalte egiten, eta EH Bildu, berriz, oposizio gisa eta konpromezu horiek betetzeko indar gisa agertzen da desindustrializazioak agintzen duen garaian.

EAJk, hainbat hamarkadatako gidaritzaren ostean, euskal industrian bertuteak eta indarguneak ikusten ditu, "industria berriaren" trenera igotzeko. Espero izatekoa zen rol hori hartzea, bere gestioa defendatzea egokitzen zaio eta. Segurtasuna saltzen du; egonkortasuna eta fidagarritasuna. Beraz, Pradales ez da gidoitik irten. Rol banaketan "berrikuntzarik" izan bada, aldiz, EH Bilduren kasuan izan da, azken urteetan ikusi den joeraren berrespen gisa. Izan ere, ezker instituzional erradikalaren programa albo batera utzita, enpresa-mundura gerturatzen ari delako konfirmazioa eta horren sakontzea da Otxandianoren hauteskunde-kanpaina; bai maila sinbolikoan, bai programatikoan ere. Enpresarien onarpenik gabe agintzerik ez dago, eta horretaz kontziente da Otxandiano. Horiek lasaitzeaz eta haien konfiantza irabazteaz arduratu da, eta programa industrialaren eszenaratzea ere ez da kasualitate bat.

Hauteskundeen lehia horretan, kudeaketa ekonomikoan eskarmenturik eta zuhurtziarik ez duen alderdiaren irudia atxikitzen dio EH Bilduri EAJk; aldiz, Otxandiano bereak eta bi egiten ari da EAJren irudi zaharkitu bat eman nahian, nolabait, modernizazioaren beharra zaharrarekin hausturan aurkitzeko. Halere, kanpainako marketinak eta bereizteko beharrak, aurkakoaren gaitzespenek eta kritikek ezkutatu ezin dutena berretsi dute programek: proposamenak, funtsean, berdinak dira.

Lau dira EH Bilduren eta EAJren industria-politikaren ardatzak:

  1. Enpresen internazionalizazioa edo balio-kateko eta merkatu globaletako posizionamendua.
  2. Ikerketa, garapena eta berrikuntza.
  3. Trantsizio energetikoa.
  4. Enpresa pribatuaren finantzazio publikoa.

Bi programak ezinbesteko baldintza batek ezaugarritzen ditu: hazkuntzak eta enpresa pribatuaren arrakasta ekonomikoak ekarriko du ongizatea, eta estatuaren zeregina da irabaziaren birbanaketa hori sustatzea eta antolatzea. Aipatzekoa da, era berean, ardatz horiek eta zentzu orokorra bat datozela Europako blokeko organismoek eta zuzentarauek markatutako bidearekin. Bide horrek EAEn izango lukeen aplikazio konkretua da, kasu batzuetan, bi programak bereizten dituena.

Enpresen internazionalizazioa

Bai EAJ bai EH Bildu jakitun dira, lurraldean estatuak egun eskaintzen digun ongizate maila eskaintzen badigu, hein handi batean, euskal ehun industrialak munduko merkatu- eta balio-kateetan duen posizionamenduari esker dela. Hala dio EAJk: "Euskal enpresen internazionalizazioa funtsezko elementua da industria-garapenerako eta euskal ekonomia-sarearen lehiakortasunerako, kalitatezko enplegua eta ongizatea sortzen baititu". Bere aldetik, EH Bilduk "mehatxu" gisa ikusten du "balio-kateen nazioarteko berregituraketa", eta enpresa ertainen nahiz handien nazioarteko posizionamendua hobetzea beharrezkoa dela dio.

Hau da, bi programetan oinarrizkoa da "balio-kateen nazioarteko berregituraketa horretan" EAEko industriak zentro inperialistan duen kokapena indartzea. Are gehiago mundu mailako gerra lehertu daitekeen testuinguruan, non potentzia nagusi guztiek lehengaiak erauzi, hornidura-kateak egonkortu eta merkatuak ziurtatu behar dituzten. Horrela, industria-politika oro, politika abstraitu gisa baino, bloke geopolitikoari lotuta doa; hau da, NATOren barnean Europar Batasunak duen proiekzioari.

Ikerketa, garapena eta berrikuntzan oinarritutako industria

Osagai teknologiko eta zientifiko altuko industria nahi dute, bestalde, biek ala biek. Izan ere, balio erantsi altuko industria bat da teknologia-garapen handiko industria, aurreko puntuari jarraiki, balio-kate globaletan irabaziaren zati handiago bat bereganatzea ahalbidetzen duena. Berrindustrializazio-prozesuak abangoardiakoa izan behar du, punta-puntako teknologia euskal ekonomia mundu mailako merkatuan posizio ezin hobean kokatzeko. Horretarako, I+G+B arloko inbertsioa eta sustapena indartzea eta ezaugarri horiek dituen atzerriko Kapitala erakartzea dira helburuak.

Halere, Europan atzerriko kapital teknologizatua erakartzea diru publikoko diru-laguntza erraldoien eta zerga murrizpenen bitartez gertatzen ari da. Horrek, ordea, ondorio garrantzitsuak izan ditzake, hala nola, zerbitzu publikoen desegitean, soldaten debaluazioan edo lan-baldintzen okerragotzean. Gainera, industria modernizatzeak bere ekoizpen-unitate ahulenetako batzuen gainbehera ere badakar (merkatuan lehiatzeko gaitasun txikiena dutenena) eta, horiekin batera, lanpostuen eta horien mende dauden eskualdeen gainbehera.

Enpresa pribatuaren finantzazio publikoa

Auzi zentral bat da enpresa pribatuen finantzazio publikoarena bi programetan. Izan industria modernizatzeko eta indartu nahi diren adarrak bultzatzeko, enplegua eta enpresen lurraldetzea bultzatzeko, edo ehun industrialak errentagarria izan dadin behar dituen azpiegiturari eta behar orokorrei aurre egiteko, funts publiko kantitate handiak bideratu nahi dituzte EH Bilduk zein EAJk beraien agintaldian. Aberastasuna sortzeko eta birbanatzeko aitzakiarekin, enpresen finantzazio publikoan bat datoz biak ala biak.

Bide horretan, bai Otxandianorentzat bai Pradalesentzat, enpresen errotzea bermatzea da eginbide nagusia, eta hori bermatzeko konponbidean bat datoz: funts "subirano" bat sortzea eta hori indartzea. Funts subirano horren finantzaketan ere ados daude bi lehendakarigaiak: diru publikoaren bidez eta BGAE gizarte-aurreikuspeneko finantza-erakundeen diruaren parte baten bidez finantzatuko litzateke. Hori bai, bietako batek ere ez digu esaten, arlo honetara diru publikoa bideratuz gero, nondik kenduko duten. Egin dezakegu ideia bat.

Trantsizio energetikoa

Bai EH Bilduk bai EAJk garrantzitsua ikusten dute prozesu industrialen deskarbonizazioari ekitea. Horretarako bide-orri zehazki egingarririk ez badago ere, hiru printzipio oinarrizko konpartitzen dituzte: prozesu industrialen elektrifikazioa, elektrizitatearen ekoizpen berriztagarria eta energia garbien garapenerako (hidrogeno berdea kasu) ikerkuntzan inbertitzea. Hortik aurrera, bi programetan aurki daitezkeen ezberdintasunak ondorengoak dira: EH Bilduk ekonomia zirkularrari eta energiaren autokontsumoari garrantzia ematen dio, eta EAJk, aldiz, energia-trantsizioaren ikerkuntza aupatzeko eskala handiko inbertsio publiko bat defendatzen du. Horren bi oinarri nagusiak izango lirateke, batetik, unibertsitate-programa espezifiko bat sortzea, gaiari lotutako talenturik handienak erakartzeko; eta, bestetik, Net-Zero Basque Industrial Super Cluster delakoa, teknologiaren garapenaren bidetik, I+D+I arloan berrikuntzak bilatzeko.

Esan daiteke trantsizio berdearen plan orokorraren gidalerroa jarraitzen dutela bai Pradalesek bai Otxandianok, eta alor horretan bien arteko alde nabarmenik ez dagoela. Prozesu industrialen deskarbonizazioa, teknikaren eta teknologiaren garapenaren fase honetan, ezinezkoa den prozesu bat da. Hortaz, bi programetan da agerikoa ez dagoela prozesu hori gauzatzeko bide zehatzik. Are gehiago, estatuz gaindiko instantzia politikoetatik datozen oinarrizko mandatuei jarraiki, deskarbonizazioa gauzatu ahal izateko, ikerkuntzari eta energiaren instalazioari lotutako kontuek eragiten diote euskal industria-eredu potentzialari, deskarbonizazioak berak baino gehiago.

Enpresarien eta langileen arteko kontziliaziorako formula

Nolabait, EAJk nahiz EH Bilduk, bakoitzak bere erara egin arren, euskal lurraldean kokaturiko enpresei euren konfiantza eskatzeko eta lasaitasuna helarazteko programak osatu dituzte. Biek elkarrizketan oinarritutako negoziazioak eta langileen nahiz eragile sozialen parte-hartzea ongizate eta ekonomia osasuntsuago baten iturri gisa irudikatzen dituzte, eta nola ez, elkarrizketa hori sustatzeko erabateko konpromezua hartzen dutela diote. Horrela, lehendakaritzan egonda, lehenengo greba eta grebalariak kriminalizatzen ditu batek; ondoren, bere burua enpresen eta eragile sozialen arteko gatazkan bitartekari gisa plazaratzeko. Besteak, aldiz, nahiz eta ahoz langileen grebak defendatu ohi izan dituen, begia beste leku batean jartzen du industria-programan: Euskal Enpresa Ereduan (EEE).

EAJk honela dio: "Grebak herrialde honetako langileoi geratzen zaigun azken tresna saihetsezina izan behar du, elkarrizketa- eta itun-agertokia agortu ondoren baliatu beharrekoa. Era berean, defendatzen dugu lan-harremanen esparru propio horren indarraldia ere. Gizarte-eragileekin parte hartzen duen eredu bat, paritarioa, estatuko esparruaren gainetik dagoen negoziazio kolektiboko esparru autonomoan oinarritua; hala, negoziazio-eskala propio bat osatuko du enpresan, sektorean, lurraldean eta autonomia-erkidegoan, eta kalitatezko enplegua eta lan-baldintza ezin hobeak bultzatuko ditu".

EH Bilduk, berriz, enpresa demokratizatzeaz hitz egiten du, eta ekoizpena eta lana behar bezala ez antolatzeagatik eraginkortasun-gabezia handiak dituztela dio. Nolabait, antolaketaren eraginkortasun falta hori konponduz gero, produktibitate-igoera garrantzitsuak lor daitezkeela dio, edozein ekonomia kapitalistarentzat nahitaezko baldintza dena.

Azken finean, EAJrengandik bereizteko proposamenak behar ditu EH Bilduk, eta, teorian, esan daiteke horretara datorrela Euskal Enpresa Eredua: EH Bilduren zigilu propioa jartzera. Halere, aipatu behar da EEEren proposamena kolore guztietako politikarien interesekoa dela. Hau da, egiten diren proposamen gehienak Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak (ALE) zuzendutako mintegien esparruan osatu ziren, eta, horren ondorioz, Euskal Enpresa Eredu Inklusibo eta Parte-hartzaileari buruzko Legez Besteko Proiektu bana onartu ziren Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Talde parlamentario guztien babesarekin onartu zen hori.

Bestalde, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko bozeramaileak, Juan Manuel Sindek, honela zioen Berria-ri eskainitako elkarrizketan, langileen parte-hartze enpresarialaz aho bizarrik gabe hitz eginda: "Enpresarientzat ona da langileak enpresen jabetzan sartzea". Sinderen hitzek batetik, eta arku parlamentarioko alderdi eskuinekoenek ere programa horren proposamen nagusia onesteak bestetik, zer pentsa eman behar lioke langileen aldeko neurri bat espero duenari.

Baina zergatik dio Sindek enpresarientzat ona dela langileak enpresaren jabetzan sartzea? Bada, langileek enpresaren kudeaketan parte hartzen dutenean, jabetzan eta irabazien banaketan parte hartuta ere, enpresaren interesak bere egiten dituztelako ezinbestean.

EH Bilduren industria-programara itzulita, horren haritik, honela dio dokumentuak: "[...] Langileen parte-hartzea hiru arlotan sustatzea: kudeaketan, emaitzetan eta jabegoan". Horrela, bada, soldatapeko langileak enpresako zuzendaritzan ordezkatuta (neurri batean behintzat) egotea lortu nahi da; ez langile huts gisa, baizik eta baita enpresaren "jabe" gisa ere. Dena den, langileek enpresaren kudeaketarako eskubidea izateak, akziodun gisa edo Kapitalaren beste edozein jabetzaren bidez, errealki, kapitalistek enpresa-gidaritzapean duten eskubidea justifikatu besterik ez du egiten.

Bere adierazpen historiko ia guztietan, parte-hartzearen tesi hori produktibitatea handitzeko helburuarekin agertu da, hemen bezalaxe, klase-etsaitasuna baretzen duen aldi berean. Izan ere, langileen eta enpresarien interes komunak bateratzeko saiakera bilakatzen da.

Dokumentuan harago ere badoa EH Bildu, eta honela aipatzen du: "Langileen eredu inklusibo bat oinarrizko baldintza da kudeaketa-eredu aurreratu bat sortzeko, lan-harreman egokiak ahalbidetzeko, absentismoa doitzeko eta malgutasun funtzionala ahalbidetzeko". Horra hor proposamena: langileria otzana eta bake soziala. Zein hobeto gizartean bakea bermatzeko, klase-borrokaren despolitizazioa lortzen duena baino?

Langileen parte-hartzearen proposamena guztiz bat dator EH Bilduren planteamenduarekin, enpresak modernizatzeko eta errentagarriago egiteko enpresari, sindikatu, langile eta instituzio publikoen esku-hartze bateratua eskatzen baitu: "Teknologian eta berrikuntzan oinarritutako garapen-ereduaren aldeko apustua egin beharko dute enpresaburuek eta sindikatuek. Azken batean, gizarte osoak eta gizarte-egitura guztiek hartu behar dute jarrera aktiboa erronka horren aurrean". Adierazpen hau ere esanguratsua da: "Ulertu behar da ekonomia aurreratuak eta enpresa-jardueran lurralde-faktorea txertatzeak hazkunde teknologikoa eta ezagutza areagotzea eskatzen duela, bai eta langileek pixkanaka erantzukizuna hartzea ere enpresa-jardueran".

Badirudi langileen boteretze itxura duen eredu horren atzean honakoa dagoela: irabaziak handitzeko, enpresen errentagarritasuna hobetuz, langileen integrazioa sistema kapitalistan muturrera eramatea, soldatapeko lana betikotuz.

Ondorioak

Lehenik eta behin, EAJren eta EH Bilduren programek muinean antzekotasun handiak dituztela ikusten da. Ezberdintasun nagusia, edukiari baino, formari dagokio. Alegia, gaurdaino bakoitzak izan duen posizio politikoaren araberakoa da, batez ere. EAJ lehendakaritzan egotearen esperientziatik (higaduratik) abiatzen da, eta EH Bildu "oposizioan" egotetik. Hori bai, argi geratu da azken hori ez dela izan bestearekiko kontrabotere bat; ez hitzetan, ez proposamenetan.

Bigarrenik, programetan ikus daitekeen bezala, bi proposamenen gakoa zentro inperialistan EAEko industriak duen kokapena indartzea eta enpresen deserrotzea ekiditeko nahiz sektore estrategikoetako enpresak errotzeko funts "subirano" bat sortzea da.

Hirugarrenik, izatez, egon daitekeen bereizketarik handiena EH Bilduk proposatzen duen Euskal Enpresa Ereduari lotuta dago. Nolabait, enpresa-eredu kooperatiboago bat sustatu eta langileek enpresaren kudeaketan eta jabetzan esku-hartze handiagoa izan dezaten proposatzen du. Halere, langileen ahalduntzerako proposamen bat baino, ikusi da gehiago dela jabeen eta langileen arteko kontziliaziorako proposamen bat. Horrela, bere erara baina, muinean, helburu berak adierazi ditu alderdi bakoitzak.

Laugarrenik, aipatu behar da, orokorrean, Europako blokeko organismoek eta zuzentarauek markatutako bidearekin bat egiten dutela biek. EAJk Europaren bide-orria guztiz erosten du. EH Bilduk, berriz, Europarekiko jarrerarik ez du adierazten. Eskala handiko berregituraketa industrialak ezartzeko subiranotasun fiskala eta monetarioa Europar Batasunak duela kontuan izanda, horren bide-orriari inolako etsaitasunik ez adierazteak esaten du zerbait.  Are gehiago horren inbertsio-plan publiko nagusia armagintza-industria indartzea denean.

Eta, azkenik, esanguratsua da hauteskunde hauetan nola bi hautagai nagusiek industria-programa oso paretsua atera duten. Bietako batek ere ez du euskal Kapitalarekin liskarrik nahi, hau modernizatzea baizik. Nolabait, bere betiko bidetik jardun du EAJk, eta Kapitalaren kudeatzaile bat gehiago izatetik EH Bilduk. Are gehiago, EH Bilduren proposamen industrial kapitalistak programa bakar baten baitan lerroak ixtea dakar: enpresarien irabaziak bermatzen eta langileriaren miserian sakontzen duen programaren baitan, alegia. EH Bilduk Kapitalaren ezker hegala ordezkatzen du, baina, finean, langileriaren esplotazioa betikotuz. Argi dago, esanak esan, urak bere betiko bidetik jarraituko duela hauteskundeen ostean.

EZ DAGO IRUZKINIK