Léon Blumek hilobian iraulka aritu behar duela adierazi du Macronek Nouveau Front Populaire koalizioaren sorreraren inguruan. Batzuek Gramsciren esaldi ezagunenari ematen dioten erabilera interesatua ikusirik, hau ere irudika genezake hilobian iraulka. Hiltzen ari den mundu zaharraren eta oraindik iristear denaren artean munstroen iritsiera identifikatu zuenak ez zukeen sekulan irudikatuko faxismoaren fenomenoa eskuin muturreko alderdietara mugatzea, gaur bere izena oroitzen dutenen kontrara. Kapitalismoaren eta faxismoaren arteko hariaz kontziente zen, eta baita otso batzuek ardiz mozorrotzeko duten gaitasunaz ere. Saia gaitezen beraz argi ikusten eta galdera egokiak egiten: zein dira munstroak?
Ezezko bikoitza
Macronek arrisku bat hartu du Frantziako Asanblada Nazionala disolbatuz, nahiz eta ez duen zalantzan jarri bera presidente gisa mantentzea. Berriz ere bere burua Bonaparte bezala amestu du, krisiaren eta diferentzia politikoen gainetik ordena ezartzeko gai den politikaria. Haatik, iduri du berriz ere historia fartsan errepikatzen dela eta pailazo guztiak parte hartzen ari direla. Bere inguruan antolatu nahi zuen "hesi errepublikarrak" ez du jende askorik konbentzitu. Bere ustetan asimilatuak ziren ezker eta eskuin tradizionalak berriz ere norabidez aldatu dute, ikusiz presidenteak haizea kontra duela. Nouveau Front Populaire batzuentzat eta Rassemblement National besteentzat; burgesia handiak ere kezka erakutsi lezake ezegonkortasun horrekin. Denok dakigu jendeak Macron egoeraren erantzuletzat duela, eta zaila da problema sortu duena hautatzea salbatzaile izan dadin.
Egoeraren arduraduna da, alde batetik, Rassemblement National alderdia etengabe baliatzen duelako txorimalo bezala helburu pertsonalen alde, bere antifaxismo faltsua agerian utziz. Alta, "hesi errepublikarrak" kolpe ederra jaso du, eskuin muturra etengabe hazi baita haren gobernu garaian. Beste aldetik, gehiengo absolutuaren ausentzian, eskuin muturreko alderdiak aliatu garrantzitsu izan dira gobernuaren politika erreakzionario eta xenofoboa gauzatzeko; immigrazio legea, langabeziarena, segurtasunaren ingurukoak etab. Azken finean, zailtasunak badira bata eta bestea ezberdintzeko eta balizko kohabitazioa ez litzateke inondik inora oztopo gaindiezin bat izango gaur egungo joera politikoarentzat. Estatuaren erreforma autoritarioaren bultzatzaile gisa ere bada arduraduna; salbuespen-egoera etengabe batera kondenatzen baititu atzerritarrak, eta krisien ondorioen inguruan sorturiko edozein erantzun sozial edo disidentzia kriminalizatzen baitu. Are gehiago, estatuaren beraren eta gizartearen militarizazioaren eta faxistizazioaren arduradunetako bat da, ideologia erreakzionariotik etekina atera eta hura elikatzen duen heinean. Gainera, horrek denak eskuin muturrak gobernatzeko posibilitatea legitimatzen du. Faxistek ezin zezaketen alfonbra gorri ederragorik espero.
Eskuin muturreko alderdiei dagokienez, iduri du populazioaren parte bati oroitarazi behar zaiola: eskuin muturra ez da erantzun-boto bat liberalismo autoritarioaren kontra. Baina garrantzitsuagoa dena, RNk ez du programa alternatiborik oligarkia finantzarioaren bide-orritik kanpo; erran nahi baita, gerra, austeritatea eta askatasun politikoen deuseztatzetik kanpo. Ez dugu ahaztu behar burgesia handiak menperatu eta asimilatzen dituela bere egituretan alderdi faxistak eta ez alderantziz, Italian Meloniren adibideak erakutsi digun moduan. Zentzu horretan, RNk bere normalizazio-prozesua burutu du, ohikoa zuen Europaren aurkako jarrera baztertu eta NATOren aldeko posizioa hartuz. Aipatu beharra dago, gainera, bere fase populista bukatutzat jo duela, pentsioen erreforma den bezala mantenduko zuela erraterakoan. Modu horretan, burgesiaren ahalerazko babesa erakar lezake. Gainera, eskuin erreakzionarioaren erakarpen-polo bilakatu da, Eric Ciotti (Les Républicains) eta Marion Maréchal Le Pen (Reconquête) influentzia-esparrura erakarriz eta Zemmour baztertuz, boterea gauzatzeko momentuan ezegonkorregi izan ahalko litzatekeena. Apustu egin liteke, beraz, Bardellak ez lukeela inolaz ere aldatuko gaur egungo agenda politikoa, krisiaren aterabide erreakzionarioa, orain arte ere hala egin baitu. Gainera, proletalgo migratzailearen, gutxiengo ezberdinen eta militante politikoen aurkako salbuespen-politiketan sakonduko luke, eta talde faxista bortitzen normalizazioa bultzatu.
Bi bloke menderatzaile horien kasuan, gaitz txikiaren xantaiak ezin lezake iraun. Batez ere, jakina baita elkar babestuko luketela ezkerraren aurka balira. Orduan, bi hautu txarren artean, ez da hauturik egin behar, edo hobe erranik, antolakuntzaren hautua da aukera bakarra, hautu txarrik egiteko beharrik berriz ere izan ez dadin. Beraz, abstentzioa akusatzen duen diskurtsoak norabidez aldatu behar du, eta errealki faxismoaren hedapenaren arduradun direnak seinalatu behar dira.
Fronte Popular Berriari buruz
Faxismoaren kontra batzearen garrantzia nehork ukatzen ez badu ere, ez genuke edozein modutara egin behar. Zentzu horretan, zilegi da proposatzen den fronte popularraren izaera antifaxistari buruz zalantzak aurkeztea, duen (interbentzio-koadroa) esku-hartze politikoa eta frontea osatzen duten indar politikoak aztertuz. Bide beretik, zilegi da batasun horren alde defentsiboaz gain gaitasun ofentsibo bat garatzeko eta instituzio burgesen baitan faxismoa ahalbidetzen duten baldintzak suntsitzeko dituen aukerak ere zalantzan jartzea.
Gainera, ezkerreko alderdiek modu guztiz oportunistan jokatzen dute benetako fronte popularraren garaiaren oroitzapen zoriontsuak zeharkatutako iruditeria kolektibora deituz. Izan ere, langile-klasearen eskubideen aurreratze aldi bati lotua da, hala nola bi asteko oporrak edo 40 oreneko astea. Erran gabe doa bi fronteek zerikusi gutti dutela, ekuazioan falta direlako garai hartako langileria ordezkatzen zuten alderdi komunista handiak eta, batez ere, Sobietar Batasuna. Bestetik, posible delako garaian egia izatea burgesiaren parte bat aurrerakoia izan zitekeela oraindik, nahiz ta orduan ere oso dudagarria izan zitekeen.
Zoritxarrez, fronte popularraren programak ezin ditu gure kezkak lasaitu. Programa horri inperialismo basatiena dario: NATOrekiko subordinazioa, Frantziaren berrarmatzea, tentsio belikoen handitzea...
Palestinari dagokionez, ezkerreko alderdiek zuzenbide internazionalari eta bi estatuen proposamenari men egiten diote. Hori Palestinako Estatuaren aitortzaren bidez eginen litzateke. Baina, ohikoa den bezala nazioarteko erreformismoan, Israëlgo Estatu genozidaren existentzia ez da zalantzan ezartzen, eta, beraz, elkartasun horrek ez ditu sinbolismoa eta oportunismoa gainditzen. Hori ez da harritzekoa, jakinik fronteko indar politiko gehienak Israelgo Estatuaren babesleak direla, eta Palestinarekiko elkartasun-mugimenduak jazartzearen partaideak.
Ukrainaren kasuan, FPBk armen bidalketa babesten du, hau da, eskalada militarista. Ildo beretik, Putin gerraren erantzule bakartzat duen diskurtso atlantista erreproduzitzen du, Ukrainako elementu faxisten hedapenaren aurrean ezikusiarena eginez. Glucksmannek, PS alderdiko kandidatuak, gerra-ekonomiaren beharra ere babestu du publikoki, eta hura da Europako hauteskundeetan boto gehien jaso duen ezkerreko hautagaia. Zer espero daiteke, beraz, bloke liberal autoritariotik ezin bereizi daitekeen fronte popularraz? Badakigularik, gainera, horrelako fronteetan eskuin hegalak jartzen dituela aliantzaren mugak. Kanakyaren kasuan ere, ez dute ausardiarik erakutsi eta ez da nehungo deskolonizazio-prozesu egingarririk proposatu.
Eraikuntza europarra ere programako puntu negoziaezin bat da. Baina zer da Europar Batasuna ez bada oligarka internazional handien interesak babesten dituen instituzio burokratiko eta antidemokratiko multzo bat? Zer da Europar Batasuna ez bada estatuen politikak burgesia handiaren agendara subordinatzen dituen aginte-estruktura bat? Gainera, ez dugu ahantzi behar fronte horrek proposatzen dituen politika keynesiarrak eginezinak direla Kapitalaren krisi garai honetan, zeinak ez duen ahalbidetzen ongizate garaiko aberastasunaren birbanaketa bera. Horiek bete ezean, Europatik datorren finantzaketak ezin dira espero. Horretaz konbentzitzeko, Syrizaren eredua gogoratu besterik ez dago. Melenchoni, baina, gustatzen zaio erantzutea Frantzia ez dela Grezia Europar Batasunari gauzak inposatzeko orduan. Ahaztu egiten du, ordea, gainzorpetutako herrialde batean dagoela, hutsetik hurbil den hazkunde-tasa bat duen herrialde batean.
Lehenago eskuin muturrak Europar Batasuna onartu duela erran badugu, ez da soilik interes elektoralarekin egindako mugimendua izan. Europar Batasunaren politika, eskuin muturraren programarekin gero eta bateragarriagoa da: migrazioari buruzko akordioa, palestinarren genozidioari babesa, nazien armatzea Ukrainan...
Puntu horiek frontearen izaera antifaxistari eta balizko "hausturari" buruzko zalantzak sor ditzakete. Programa horrek ezin die buru egin gerrari, handitzen ari den miseria sozialari eta proletalgoaren gutxiengo zaurgarrien kriminalizazioari. Fronte hori iraganean faxismoari jaten eman zioten politika eta esperantza faltsuak erreproduzitzera kondenatua da. PS alderdia François Hollande aurkezteraino iritsi da, zeinaren agintaldiak eskuin muturraren gorakada ekarri zuen.
Esperantza La France Insoumise alderdian dutenentzat, frontearen ezker erradikal instituzionalarentzat, mugimendu horren abantaila bakarra nehoiz gobernatu ez izana da. Hor ere, begiak Espainiar Estatuari botaz ikusiko genuke Podemosen ibilbidea nolakoa izan den. Baina, hori egin gabe ere, aski da programazio militarraren legearen inguruan hartu zuen posizioa aztertzea. Defentsarako diru-partida ikaragarria aurreikusten zuen horrek, eta LFIk gehiago igotzea proposatu zuen. Besteak beste, mugimendu hori konskripzio hiritarraren eta armak erabiltzeko formakuntza minimo baten beharraren aldekoa da. Errealki, molde kamuflatu eta posizio "ez alineatu" baten aitzakiapean, LFI frantziar interes inperialisten babeslea da, Errepublikaren babes negoziaezina lekuko. Parisko Komuna, hedapen koloniala eta langile-mugimenduaren etengabeko jazarpena ezaugarri dituen Errepublika.
Zein antifaxismo?
Lehenik eta behin, faxismoa ezin dela dinamika sozial kapitalistatik kanpo ulertu azpimarratu behar da; eta beraz, ezin dela faxismoa deuseztatu kapitalismoa suntsitu gabe. Zehazkiago, ezin da faxismoaren berpiztea krisi kapitalistatik kanpo eta horrek sortzen dituen miseria eta ezegonkortasun sozialetik kanpo ulertu. Horrela ikusi du burgesia txikiaren zati handi batek faxismoan bere bizi-baldintzak eta estatus soziala mantentzea bermatuko dion programa. Nahiz eta horrek proletalgoaren sektore ahulenak sakrifikatzea eskatu. Horri, gainera, programa sozialdemokrataren porrot historikoa gehitu beharko litzaioke, erdi-mailako klasearen gizarte-eredu alternatibo bezala. Programa horrek ezin izan ditu bete ongizate orokortuaren eta gatazka sozialaren desagerpenaren promesak. Orduan, ez beteriko promesa multzoen gainean, faxismoak hazteko baldintzak aurkitzen ditu, ilusioa galdu dutenen botoak beregana ekarriz.
Hortaz, beharrezkoa da faxismoa ezkerraren aldeko botoen bidez borrokatzera bideratzen gaituen sozialdemokrazia antifaxistaren mitoa lurperatzea. Faxismoa maskarada elektoraletik eta instituzio burgesetatik kanpo borrokatu behar dugu. Horregatik da inportantea faxismoa ez mugatzea adierazpen instituzionalera, baina mugimendu integral bezala ulertzea, gizarte zibilaren baitan geroz eta sustraituagoa dena. Zentzu horretan, faxismoa ere modu integralean borrokatu behar da, borroka antifaxista hegemonia komunistaren aldeko borrokarekin artikula dezaketen alderdi komunista handien antolakuntzaren bidez. Komunismoaren beharra langile-klasearen sektore guztietara zabaldu beharra dago, munduaren ikuskera, jarrera eta gizartea era komunista batean antolatzeko aukerak zabalduz. Azken finean, sozialismoa baita aberastasuna eta askatasuna denon ondare izanen dituen zibilizazio bakarra, eta faxismoa berpizten duten baldintzak suntsi ditzakeen proiektu bakarra.
Abstentzioaren datuak begiratzea aski da ohartzeko haien egoera hauteskundeen bidez hobetzeko esperantzarik ez dutenak direla bozkatzen ez duten proletalgoaren segmentuak. Zehazkiago erranik, gazteria eta proletalgo migratzailea. Gaur egungo egoerarekiko errefusa handitzen doa, eman diezaiogun zentzu bat horri.
Urgentea da datozen bi asteetan antolatzea, baina baita epe luzera ere. Macronen adierazpenekiko erantzunak bidea erakusten digu, ez diogu nehungo eremurik utzi behar faxismoari, eta horien alde bozkatu dutenak borrokatu behar ditugu. Momentu hau erabili behar dugu antolakuntza-koadro iraunkorrak sortzeko, eskuin muturraren aurkako erresistentzia antolatzeko balioko dutenak, baina baita eskubide politikoak zabaltzeko ere. Hau da, independentziaz antolatzeko eta estatuaren boterea mugatzeko balioko diguten eskubide politikoak handitzeko. Baldintza horiek interbentzio politiko iraultzaile bat ahalbidetu lezakete, kapitalismoa suntsitu ahal izateko.
Bide horretan, antolakuntza independenterako espazioak sortuko ditugu ondoko egunetan, ezker instituzionalaren aliantza elektoraletik kanpo, faxismoa bere forma guztietan borrokatzeko ezindua den heinean. Antolakuntza horren bitartez, gizartearen faxistizazioa modu integralean borrokatu nahi dugu, baina baita antolakuntza iraultzaile posible egin ere, Ordenaren Alderdiarekiko independenteak diren mobilizazioetan ikusgarri eginez.
Guk ere faxismoaren kontra elkartzea beharrezkoa dugula uste dugu, eta borondate iraultzailea dutenekin egitea hori, antifaxismo erreal bat helburu izanik. Zentzu horretan, borondate antifaxista erreal bat duen oro gonbidatzen dugu dei honi erantzutera.