Gaur landuko dudan ikuspuntua langile kontrolpeko espazioen izaeraren inguruko zirriborro eskematikoa da. Eskematismoa erabiliz, egungo alienazio instantzia garrantzitsua den unibertsalismoaren aferaz ere zenbait puntu ekartzea ebatzi dut.
Lehenengo: jabetza eta haren gaineko kontrola ez da, inondik ere, pribatutasun, publikotasun eta komunizazio abstraktuetara mugatzen. Jabegoak, berez, esperientzia-harreman baten berri ematen du. Leku oro toki material bat da, eta lekukotze oro, era berean, bizipen eta konkrezioa. Langile kontrolpeko espazioak ez dira izenpetze (nomenklatura) batzuen arabera finkatzen diren horiek. Langile kontrolpeko espazioak gizakiaren beharrizanaren arabera okupatutako espazioak dira. «Beharrizan» dugu, hemen, kontzeptu inportantea. Honen inguruan esan dezagun, bada, honakoa: «beharrizana» kontzienteki edo inkontzienteki zerumuga komunistaren baitan txerta daitekeen gauza oro da, gizarte komunista beharrizanen arabera egituratutako gizarte bat den neurrian. Zentzu horretan, gizarte komunista bat beharrezkoa izatekotan, gizakiaren beharrak asebetetzeko gai izan beharko du, eta era berean, langile kontrolpeko espazioak potentzialki komunistak izango dira baldin eta beharrizanak asebetetzeko prozesuan beharrezko badira.
Behin kontu horiek argi utzita, egin dezadan azalkizun dizuedan puntuen argitze eskematikoa:
I. Langile kontrolpeko espazioa ordena burgesarekin edo espazioen gaineko kontrol burgesarekin hausten duen esperientzia oro izendatzeko erabiltzen dugun kategoria orokorra da.
II. Esperientzia hori politikoa, edota aurre-politikoa izan daiteke. Esperientzia aurre-politikoari, hemen, «etika», edota «etiko» deituko diot. Kontrol etikoaz ari garenean, komeni da Hegelek ezagun egin zuen kontzeptu banaketa ekartzea. Gauza bat errealitatearen pertzepzio subjektiboa da, gazteleraz, «para sí» deritzona, euskaraz, esan dezagun «norberetzat». Beste kontu bat da baldintza objektiboen arabera finkaturiko errealitatea: hori, gazteleraz, «en sí» gisa aurkeztu ohi izan da; euskaraz, izenda dezagun, «berezko». Hau argiturik, bota dezagun, bigarren tesia: langile kontrolpeko espazioak «norberetzat» eta/edo «berez» eskuratutako espazioak dira.
III. «Norberetasunak» eta «berezkotasunak» fenomeno ezberdin asko barnebiltzen dituzte. Kontzientzia politikorik gabeko behardunak espazio bat okupatzen duenean, «berez» behar duelako okupatzen du. Okupazio horrek ez du autokontzientziarik exijitzen. Okupazio hori ez du sortu behardunak bere burua komunistatzat eduki izanak, baizik eta beharrizan konkretu batek. Okupazio hori ez da politikoa. Hala ere, beharrizanak gidaturiko akzioa den heinean, langile kontrola ezartzen du. Hirugarren tesia: langile kontrola ez dute, derrigorrez, langile-ordezkari ei direnen ekintzek egituratu beharrik; langile-esperientzia duen ororen okupazio oro da langile kontrolpeko espazio.
IV. Laugarren tesia: okupazioa, bere abstraktutasunean, ez da langile-ekintza. Espazio okupatuak, bere abstraktutasunean, ez dira langilearen kontrolpeko espazio. Okupazioak fenomeno ezberdin asko barnebiltzen ditu. Okupazioa izan daiteke, esentzia berean, burgesiaren lurralde konkretu baten gaineko okupazio militarra, gerra testuinguruan posizioak aurreratzea suposatzen duena. Kasu hori burgesiak gidaturiko okupazio bat litzateke, bertan garatzen den aginte modalitatea aginte burgesa izanik. Gauza bera gertatuko litzateke neonazien etxe okupatuekin. Bertan garatzen den aginte modalitatea, espazioaren izateko arrazoia, unibertsaltasunaren printzipio politikoaren aurka doa, eta beraz, ezin esan genezake bertan langileriaren kontrola ezartzen denik.
Luzakinak jabetza sozialistaren printzipio elementalaz: unibertsaltasunaz.
V. Izatez, unibertsaltasuna komunismoaren printzipio elementala da, balio sistema eta bizi forma komunalaren baitan giza generoaren batasun praktikoa, langile klasearen klase kondizioaren emantzipazioa eta azkenik, esplotaziorik gabeko bizitza suposatzen dituelako. Politika burgesak eta balio sistema burgesak modu abstraktuan bizitza-printzipio elementalen unibertsaltasuna predikatzen badute ere, errealki giza arrazaren zatiketa eragiten dute.
VI. Umberto Cerronik dioenez, politika burgesa kontradikzio esentzial baten oinarritzen den huraxe da, hau da, gizakiaren unibertsalizazioa dela pentsatzen du, giza generoaren ordezkari dela uste du, eta hala adierazten, baina egiaz gizadia bera zatitu baino ez du egiten. Zatiketa hori aski ezaguna da guretzat: ahaldunak eta ahalgabeak, burgesia eta proletariotza. Politika burgesa, kontradikzio hori ezkutatu nahi, eta unibertsaltasun faltsuarekin jarraitzen duen huraxe da.
VII. Politika printzipio burgesen baitan eraikia den artean, ezingo dugu bera termino unibertsaltzat jo. Esan dezagun politika burgesa zatiketa eragiten duen instantzia unibertsala dela, unibertsalizazio anti-unibertsalistaren esparrua, hain justu, eta politika burgesak gizadia unibertsalizatzeko ezintasuna irudikatzen du.
VIII. Politika burgesa egungo alienazio forma garaiena dugu. Izan ere, giza arrazaren batasun abstraktua predikatzen du, baina bitartean bera derrigorrean zatikaturik mantentzeko ahaleginean ari da arnasten ari den une oro.
Hala:
IX. Unibertsaltasuna jabetza eredu sozialistaren printzipio fundamentala da, eta hiru ezaugarri barnebiltzen ditu:
i. Zapalkuntza ororen gaindipena: jabetza eredu sozialistaren printzipio fundamentala unibertsaltasuna bada, bertan ez dute tokirik izango jarrera zatitzaile zein azpiratzaileek. Esan dezadan hobekiago: espazioaren funtzio soziala ezin da diskriminatzailea edo zapaltzailea izan. Adibidez: putetxe bat ez da inoiz langile kontrolpeko espazio izango, emakumeak azpiratzen baititu bera kontsumo matxistarako objektu bilakatuz.
ii. Berdintasun erreala: bizitzeko behar diren baliabideetarako sarbidea, guztientzat maila berean eta behar sozialen arabera banatuta, pribilegiorik gabe.
iii. Langileriak (gizadiaren hipostasi den heinean) espazioaren gaineko kontrol zuzena eduki behar du. Unibertsaltasunak ekoizpen/bizi bitartekoen sozializazioa inplikatzen du. Gizarte kapitalistari berezko zaion klase-mailaketarekin kontraesanean sartzea esan nahi du. Kontu hau botere-banaketa burokratikorik gabeko antolakuntza-eredu ezberdin baten bitartez soilik gauza daiteke.