ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa

Artikulu hau aurrekoaren garai historiko berean kokatuko da, kapitalismoaren garapen eta hedapen fasean, hain zuzen ere. XIX. mendeko bigarren erdialdean kokatuko gara, zehazki Britainia Handiko kasuan, garai honek erakusten bait dizkigu gerora beste sindikatuetara hedatuko ziren garrantzia politiko handiko zenbait ezaugarri. Azaldu genuen bezala, proletalgoa sortzea ahalbidetu zuen desjabetze bortitzak berak, proletalgoa fabrika eta tailerretan biltzea ere ekarri zuen, haien artean modu ezberdinetan[1] elkartzea erraztuz. Antolakuntza forma anitz horiek denboran bat egiten dute, ezinezkoa delarik haien arteko garapena banatzen duen denbora lerro argirik irudikatzea. Honela, posible zen, une berean eremu batean artisauen gremio bat eta beste batean kualifikatu gabeko proletarioen sindikatu bat aurkitzea, borroka sindikalerako planteamendu ezberdin edota aurkakoak zituztenak. Honen arrazoi nagusia, klase kontzientzia eta antolakuntza zein  kapitalismoaren garapena bera linealak ez direla da; kontrara, momentu berean garapen maila anitzak izan ditzaketela erakusten du. Hitz gutxitan, garai historiko horri sindikalismo mota bakarra atxikitzea ez dela zuzena ulertu behar dugu, baizik eta mota ugariri buruz aritu behar garela.

Britainia Handiaren kasuan, Europako gainerako lurraldeekin alderatuz garapen industrial handiagoa ahalbidetu zuten zirkunstantziak antzeman daitezke: industriaren ikaragarrizko hazkundea eman zen, kolonietan eskuragarri ziren merkatuen nazioarteko hedapenari esker, honek monopolio industrial modura kokatzea ekarri zuelarik gainera. Era berean, honen ondorioz proletalgoaren baitan posizio hobea zuen estratu bat eratu zen: langile aristokrazia, Europa osoan borroka sindikalak izango dituen forma aldaketei eta borroka politikoari buruz duten ulerkerari dagokienean, gerora gertatuko zenaren aurrekari bat ezarri zuelarik. Gure aldetik, artikulu honetan tradeunionismoaren[2] fenomenoa sakonago aztertuko dugu, planteamendu horien adibide zehatz gisara.

Aurreko artikuluan, gorakadan edo hedapenean zegoen kapitalismoaz hitz egin genuen eta baita ekonomian ia esku hartzerik ez zuen baina langile elkarte oro gogor jazarri eta bortizki kolpatzen zuen estatu batez ere. Ingalaterran, 1799 eta 1800eko Combination Actsek langileen antolakuntza esplizituki debekatzen zuten, 1824 arte indarrean iraun zutelarik. Frantzia bezalako beste herrialde batzuetan berdina gertatu zen, esate baterako gremioetako elkarte eta korporazioak debekatzen zituen Chapelier Legearekin (1789), “pertsona oro aske izango da egoki ikusten duen negozio, lanbide, arte edo ofiziotan jarduteko[3] finkatzen zuen bitartean. Ondorioz, proletalgoaren borroka politikoa batez ere elkartzeko askatasuna eskuratzera bideratzen da.[4]

Britainia Handiko kasuak garrantzi handia du, era berean, elkartzeko debekuen derogazioarekin hasten delako batzeko askatasunetik haratago doan ekintza politikoa. 1836 eta 1848 urteen artean kartismoa sortu zen. Mugimendu honek, proletalgoak botere politikoa eskuratzekotan legeak bere interesetara moldatzeko aukera izango zuela defendatzen du bere hastapenetan, estatu burgesa klase gatazkaren epaile gisa kokatzen duen ikuspegi oso neutral baten adierazle. Ezarritako helburuak lortzeko ezintasunak eta bere barne mugek mugimenduaren porrota eragin bazuten ere, jauzi kualitatibo bat suposatzen du, proletalgoak ikuspegi orokorrago batekin heltzen baitio ekintza politikoari, lan hobekuntza soilen esparrua gaindituz. Ez litzateke zuzena mugimendu hau soil-soilik erreformista balitz bezala ezaugarritzea; lehenik, mugimendu kartista pretentsio ekonomikoagoak zituen hegal moderatu batean (W. Lovett eta Robert Owen) eta iraultza sozialean begiak jarri zituen hegal erradikal batean (Bronterre O’Brien eta Feargus O’Connor) banatuko baitzen eta, bigarrenik, erreformismoa[5] bere horretan ez zelako garai historiko horretan existitzen. Gehienez ere iraultza sozialaren beharra ezeztatzearen eta baieztatzearen inguruan mintza gintezke beraz.

1824rako antolakunde proletarioak jada klandestinoak ez diren arren, burgesiak begi txarrez ikusiko ditu oraindik ere. Hau mailaka aldatuko da ekonomia ezegonkor baten eragile ziren ohiko krisi biolentoek, 1856tik aurrera gauzatuko zen egonkortasun garaiari bide eman zioten heinean. Britainia Handiko ekonomiaren egonkortasuna burgesiak (eta hedapenez, estatuak) proletalgoaren aurrean duen jarrera aldaketa[6] baten eskutik dator: antolakuntza independentearen edozein adierazpen jazartzetik (irabazien hazkunde izugarria erraztuko duten) negoziazio, akordio eta kontzesio objektu gisa onartzera. Greba ez da beti gaizki ikusiko, jauntxo industrialek aurkari diren enpresetan enpresa arteko konpetentzia instrumentu gisa erabilia denean kasu. 1860an, Rosa Luxemburg-ek[7] jasotzen duenez, enpresari batek grebak “une berean lanaren erosketan ematen diren negoziazio komertzialen ekintza bitarteko eta emaitza saihestezina” direla ere esan zuen. Esaldi hau oinarrizkoa suertatzen zaigu mugimendu tradeunionistaren mugak ulertzeko, jarraian ikusiko dugun moduan, mugimendu honen izpiritua laburbiltzen baitu.

Tradeunionismoak, ofiziotan banaturiko langileen elkarte gisa, bere burua pragmatiko eta zuhur[8] gisa aurkezten du, sozialismoaren goranzko eraginaren pisua bere gainetik kentzera iritsiko balitz, ekoitzitako produktu guztien gaineko jabetza eskuratzeko adinako soldata igoerak eta lanaldi laburpenak eskura ditzakeela sinestera iritsiz. Iraultza sozialaren ideien aurrean erakusten duen apolitizismo hau, hobekuntzak lortzeko parlamentuan parte hartzearekin elkarlotzen da, aurrerakoiago edo atzerakoiago diren talde politiko burges ezberdinen gainean benetako influentzia sare bat ehuntzera iristeko planteamenduarekin. Honela antolaturiko proletalgoak eguneroko aldarrikapenetan soilik jarriko du bere jomuga eta, Owen-ek ekintza sindikala Grand Trade Union-ean batzeko eginiko saiakera baztertuz, elkarrekiko independenteak diren sindikatuetan banatzen amaituko du, bakoitzak bere aldetik tokian tokiko lana egingo duelarik. Langile mugimendu bereiztu bat da, (politikoki zein ekonomikoki) gizarte burgesaren joko zelaian erabat kokatutako Alemania edo Frantziarekin alderatuz. Ikus dezagun zergatia.

Bere presio metodoak, hala patronalaren aurkako borrokan nola parlamentuan, ebazpen sistema[9] batean oinarrituko dira, legearen markoan, marko komun batean. Beste hitz batzuekin esateko, legeak –estatua- klase borrokaren gainetik daude. Gauzak ulertzeko modu burgesak eragindako subjektibitate edo pentsatzeko modu honek, klase gatazka merkantzia erosle eta saltzaileen baitako gatazkara desplazatua izatea du emaitza gisa, soldata arautzen duena eskaria eta eskaintzaren arau ekonomiko burgesak direla onartzera eramanaz (eta ez adibidez, beste faktoreen artean, antolatutako proletalgoaren presioa bera). Horregatik ondorioztatuko dute lan eskaintza mugatu beharra dutela: ordu gehigarriak murrizteko borroka egingo dute, baina baita ikasle kopurua murrizteko edota migrazioa mugatzeko ere, besteren artean. Laburbilduz, lan esparrura sarrera artisau gremioen bereizgarri diren bitarteko korporatibisten bitartez mugatu nahi dute. Honela, trade-union-ak lan indarraren handizkako saltzaile bilakatzen dira eta proletarioen arteko norgehiagoka hautsi beharrean handitu egingo dute, langile elkartasuna bera ere hautsiz. Gainera –eta egungo egoerarekin duen antzekotasunagatik oso garrantzitsua da hau-, bere korporatibismoak sindikatutakoak eta sindikatu gabeko masak aurkakotasunean jartzen ditu.

Bere ustezko pragmatismoan, bere sindikalismo “soilak” osagai sozialista, edozein klase ikuspegi orokor, ahalik gehiena gutxiesten edo mugatzen du, modu honetan ideologia burgesaren influentzia handitzen delarik honi ez baitio modu independentean kontra egiten. Are gehiago, patroiekin aliantzak egiteraino iritsiko da (1890eko Birminghameko Aliantzan esaterako). Jada ez da ekonomia burgesaren kategorietatik haratago irits daitekeen klase elkartasunaren eskola bat, euren borroka kategoria haien barnean ulertzen baitute. Bide sindikal zein parlamentarioaren bidez konpondu nahi dituzten kezka materialetan soilik zentratuz, interes berezituak bultzatuko dituzte, tokian tokikoak, interes orokorren kaltetan. Ikusi dugu ustezko pragmatismoak begi laburra den klase gatazkaren ikuspuntu murriztu batera eraman zuela; ez zen soilik izan langile kualifikatuen tokian tokiko norberekoikeria klase antolakuntza moduan indarrak metatzeari gailendu zitzaiona, baizik eta trade-unionak sozialismoaren beharra baztertzera iritsi ziren ekonomiaren ulerkera burgesean erortzean, proletalgoa merkantzia trukatzaile soil izatera mugatuz, saltzeko duen bakarra bere lan indarra duela argitzen duen ulerkera alboratuz, hau da, desjabetu baldintza ulertzea ahalbideratzen dion ezagutza baztertuz. Hau ulertu gabe ez du bere arazoak konpontzerik. Kontua ez da proletalgoak bere berehalako interesen defentsari uko egin behar diola, baizik eta honetara soilik mugatzeak, sistema kapitalista etengabe berregituratzen dela kontuan hartzen bada, lor daitezkeen hobekuntzak aldi batekoak besterik ez direla ulertzera garamatzala, epe luzeko ikuspegi batetik planteamendu hau negatiboa dela agerian gelditzen delarik.

Agian goranzko kapitalismo fase batean hau ez zen hain ikusgarri suertatuko, egonkortasun handiagoa zela medio iraunkorragoak izan zitezkeen hobekuntzak lortzeko aukerak egon zitezkeelako. Hein batean, honek azal dezake garai historiko hartako zenbait adierazpide proletarioren balizko pragmatismoa eta marko kapitalistara mugatzearen aukeren ustea. Baina gure garaian, dekadentzia eta krisi fase jarraituaren garaiotan, argi dago kapitalismoa ez dela gure beharrak asetzeko gai. Gainera, ez da iraultzarako aukerarik borroka politikorik gabe, hau da, borrokak izaera global eta orokor bat hartzen ez duen heinean, osotasun soziala klase arteko gatazkara eramango duena.

Klase arteko gatazka ez da merkantzia erosle eta saltzaileen arteko gatazka bat: interes ezberdinduak dituzten jabeen eta desjabetuen arteko gatazka baizik. Horregatik ezin da borroka ekonomikora mugatuz borroka politikoa alboratu, dominazio kapitalista modu globalean, eskala sozialean ulertzera –eta borrokatzera- iristearen beharraz jabetu behar bait gara. Gainera gure berehalako baldintzen aldeko borroka tokian tokiko interesen eta interes korporatibisten bidez gauzatzen bada, antolakuntza eta ekintza batasuneko eskola izatetik, zatiketa sustatzera pasako da, egun sindikatuta dauden proletarioen eta ez dauden masen artean ematen denarekin nabarmen ikusten den bezala. Oraindik ere ustezko pragmatismo miopeak dominazio kapitalistaren ulerkera globala galarazten du eta, beraz, modu eraginkorrean borrokatzeko aukak zaildu.

Amaitzeko, “Soldata, prezioa eta irabazia” laneko zita bat berreskuratzea gustatuko litzaidake, Marx-ek borroka sindikala eta osagai politikoa banatzeko egitasmo hauen inguruan duen ikuspuntua jasotzen duena: “Sindikatuek kapitalaren erasoen aurkako erresistentzia zentro bezala lan ona egiten dute; baina beren indarraren ulerkera desegokia dela medio nolabaiteko eraginkortasun falta ere erakusten dute. Orokorrean euren bidean huts egiten dute unean-uneko sistemaren eraginen aurkako gerrilla gerra batera mugatzen direlako, honekin batera horien transformaziorako lan egin beharrean, euren indar antolatua langile klasearen behin betiko askapenerako, hau da, soldataren sistema behin betiko erauzteko palanka gisa erabili beharrean”   

[1] Honen inguruan aurreko artikulua kontsultatu: proletalgoaren bizi baldintzen antolakuntza defentsiboa, goranzko kapitalismoa, garai honetako antolakuntza forma ezberdinetaz mintzo dena

[2] Trade-union, ingelesetik: ofizio sindikatua. Etimologia kuriosoa da proletalgoaren merkantzia saltzaile soil egoera interpretatzeko modua islatzen baitu, ‘trade’ “pertsona, enpresa edo herrialdeen artean ondasunak (idazlearen oharra: merkantziak) edota zerbitzuak saltzeko, erosteko edo trukatzeko jarduera” bezala itzuli baitaiteke (Collins English Dictionary).

[3]Honen inguruan aurreko artikuluan (proletalgoaren bizi baldintzen defentsarako antolakuntza-goranzko kapitalismoa), merkantziak saltzeko ‘berdintasunaren’ inguruko hausnarketak kontsultatu.

[4]Oraindik ere berehalako baldintzengatik kriminalizatzen dira langile borrokak: Txinan klase sindikatuek klandestinoak izan behar dute askotan, legalak ere badiren arren, borroka proletario onargarri eta onartezin baten arteko banaketa bat behartuz. Aurrekari arriskutsu bat ikus daiteke era berean Gijonen indarkeriagatik CNTren aurka eman diren azken sententzietan edota Euskal Herrian LABen aurkako kartzela eskaeretan. Aurrekari politiko bat ezartzen dute klase batek bestearen aurka darabilen indar juridikoaren erakusgarri diren heinean  

[5]Hemen XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako mugimendu gisa identifikatua, Eduard Bernstein bezalako erreferenteak zituena. Bere postulatuek proletalgoa boterera iristeko iraultzaren beharra ukatzen zuten, honen ordez bide parlamentarioan oinarritutako erreforma metaketa bat proposatzen zutelarik. Kartismoa edo tradeunionismoa zentzu honetan ulerturiko erreformista ez izateak ez du esan nahi tendentzia eta ulerkera hauek erreformismoaren beraren oinarrian aurkitzen ez direnik. Are gehiago, Bernsteinek tradeunionismotik edango du, pragmatikoa kontsideratzen duelako.    

[6]“Duela gutxirarte deabruaren lan moduan ulertzen ziren sindikatuak, industrialek zaindu eta babestuak ziren, zilegitasun osoa zuten instituzio gisa eta langileen artean doktrina ekonomiko osasuntsuak zabaltzeko bitarteko eraginkor moduan. 1848rarte jazarriak izan ziren grebak ere, batzuetan oso erabilgarriak izan zitezkeenaren ondoriora ere iritsi ziren, bereziki une egokia zeritzotenean jauntxo ekoizleek eragindakoak baziren” (Engels, Ingalaterrako langile klasearen egoera-ren alemanierazko 2. edizioaren hitzaurrea)  

[7]Rosa Luxemburg “Betaurreko ingelesak”. Leizpiger Volkszeitung, 1899ko maiatzak 9.

[8]Zentzuzko enpresaburua eta hainbesteko zentzua duen langile sindikatua, ondo hezitako kapitalista eta langilea, bihotz oneko bugesa, langileen laguna eta izpiritu zikoitz hertsiki burgesa duen proletarioa, elkar baldintzatzen dira, ez dira harreman bakar eta berberaren fenómeno osagarriak besterik, oinarri komuna XIX. mende erdialdetik aurrera ingalaterran emaniko egoera ekonomikoan aurkitzen dutenak: industria ingelesak mundu mailako merkatuan zuen egonkortasun eta nagusitasun eztabaidaezina”. Rosa Luxemburg “Betaurreko ingelesak”. Leizpiger Volkszeitung, 1899ko maiatzak 9.   

[9]1845ean sindikatuen biltzar nagusiak “ekintza sindikaleko método berri bat, ebazpen politika eta ebazpen bidezko epaiak” aldarrikatzen ditu.