ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Frantsesezko bertsioa / La version en français

Gure produkzio artistikoak nolakoa izan beharko lukeen hausnartu beharrean bagaude, uste dut merezi digula Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereari begira jartzeak. Ene bizipenetatik azaltzen saiatuko naiz.

Irailaren 7a da, Itsasun, larunbat arratsaldea, eta Itsasuko plaza jendez gainezka. 17:00ak punttuan direlarik hartu du plaza musikak, eta sartu dira zaldizkoak, bi marixal eta bi andere xuri, atzetik datoz makilariak, oilarrak, zapurrak, banderariak, bolantak, basandereak, andere xuriak, kaskarotak, musikariak, dantzariak, epailea, prokuradorea, abokatua, uxerra, eta bukatzeko, zirtzil tropa ederra, oihu eta jauzi. 130 dantzari eta 30 antzerkilarik astinduko dute hurrengo 3 orduetan herriko plaza.

Baina hau bukaera baizik ez da. Duela bi urte hasi zen dena. 20 urteko lau gazteri sartu zitzaien buruan Itsasun kabalkada behar genuela muntatu 2019rako. Hasi ziren herritarrak mobilizatzen.

Herritar multzo bat elkartu zen ideia zaparrada egiteko.  Zertaz idatziko dugu antzerkia? Zein dira azken urteetan herri hau mugiarazi duten gaiak? Ideia batek besteari egiten dio leku, eta badoa egitura bat marrazten, andanaka txiste, irudi batzuk buruan, hainbat pertsonaia. Hautatu eta multzokatu. Umore eta kritikaren harilkatze finean idatziko ditu gero batek. Eta ondotik hasiko dira antzerki errepikak. Antzerki taldean, belaunaldi desberdinak. Batzuk aitzineko kabalkadetan arituak, besteren bat ihauterietako zanpantzarren auziko antzerki laburretan trebatua. Itsasura bizitzera etorri berri direnen lehen kabalkada izanen da eta antzerkira animatu diren 16 urteko gaxteak motibazioz blai daude. Testua gurekotuko dugu, zati batzuk kendu, funtzionatzen duena landu. Errepikaz errepika bururatuko zaizkigu ideia berriak, errateko modu irringarriagoak, eta badoa gorpuzten testua. Rolak hautatuko ditugu. Ikasiko dugu zirtzil izaera ero eta bihurria hartzen (zirtzilak kabalkadako antzerkiko pertsonaiak dira, korrika alde batetik bestera, saltoka, zozo, bihurri eta zirikatzaile. Izaera zoro eta askea. Edonolako jantzi xelebre eta zikinduak dituzte soinean).

Bitartean lanean dihardute dantzariek, hainbat dantza sortu eta birmoldatu dituzte. Ez dira dantza errazak. Itsasuko plazan ikuslea zirraraz gainezka utziko duten fandango eta arin-arin ikusgarriak bi urteko sorkuntza eta ikasketa prozesuaren emaitza dira. Urte oso batez jardun dute belaunaldi ezberdinetako dantza klaseek, 18 urtetatik 75 urtetara, 5 talde.

Musikariak, horien aldetik, ere hasiak dira jada aireak sortzen, dantza sorkuntza ederrak musika sortu berri ezin ederragoak lagun ditzan.

Herritar batek kantu bat idatzi du Kabalkadarako eta kantu taldea ere sortu da. 20 bat pertsona bilduko dira ostegunero plazan kantuz. Hitzak buruz ikasi, boz bat, bi boz, hiru boz; hiru bozetan kantatuko dute, nola ez. Abestiaren azken zatia kabalkadan parte hartu dugun herritar guziek kantatuko dugu. Herri bat bere iragana, oraina eta etorkizunari kantuz.

Batzuk dantzarien jantziak josten ari diren bitartean, beste batzuk animaleko katapulta bat eraikitzen ari dira antzerkirako. Erromatarren jantzi eta erredolak fabrikatu behar dira eta beste hainbat mozorroren bila hasi. Aldiro bururatzen zaizkigu egin behar ditugun apaingarri berriak, a ze eskulanak! Herritarren arteko sorkuntza arrats goxoak.

Urte bat eta zenbat irri, zenbat elkar trukatze, ze sorkuntza. Bakoitzak badu bere ekarpena egiteko lekua, ikaslekua, trukalekua.

Badugu antzerki bat, kritika sozialez betea, umorez. Hor agertuko dira aldamu baten gainean epaile, abokatu eta prokuradore gisara, Trump, Macron eta Michel Alliot Marie (kabalkadek auzi bat irudikatzen dute: herritarren auzia, klase altukoak epaitzen dira, boteredunak erridikulizatzen). Han agertuko da herriko alkatea, hartz pelutxe batekin galtzontzillotan. Herriko trinketa erosi nahi zuen burgesa zerri forman marraztua…

Plazaratu dugu hain presente dagoen etorkinen gaia. Gure herrian duela urte batzuk egon zen urre ustiaketa proiektua salatu dugu, erromatarrak eta alemanak Itsasun egon ziren garaia parodiatuz. Azken urteko polemika gai izan den herriko trinketa, azkenean hetsirik gelditu dena, okupatzen dugula antzeztu dugu, herriko pilotari famatuen prentsaurreko armatu eta guzti. Bizi antolakunde ekologistaz trufatu gara.

Lur baten inguruan sortu den Itsasuko kooperatiba baten eta laborarien arteko hika mika, hainbat abertzale elkarren aurka ezarri dituen gai minbera, rap battle moduan irudikatu dugu. Tentsiodun gaia, irri artean sanotzeko balio izan du honek. Inguruko herrien alusio franko, bertako entzuleak interpelatuz. Jaka horiak eta G7a ere etorriko dira kabalkada moztera, nola ez.

Egin dugu kritika soziala, plazaratu ditugu herria astindu duten gaiak, eta posizionatu gara, zirikatu dugu jendea eta gure buruez irri egin.

Bertsolarien txanda da. Izugarrizko garrantzia izan dute kabalkadaren familiakoak diren libertimendu eta toberetan bertsolariek. Autorik ez zen garaian, herri txiki eta bakartuetan, toberak antolatzen omen zituzten herriko gaiekin, bertsolariak etor zitezen horien iritzi, ideia eta inguruko herrietako ibilietatik zekarten aire freskoaz gozatzeko. Bertsolariak dira toberetako egiazko epaileak. Ez dira herri horretakoak. Herri horretan bizirik diren gaiak antzeztuak zaizkie plazaren erdian eta zirtzilen erokeri, kritika eta ziriken aitzinean erreakzionatu behar dute. Bertsolariak izanen dira zirtzilen kaos hau eta dantzarien xuxentasun, dotorezi eta xuritasunaren arteko oreka. Soberakeria doitu, erdi ilortua salbatu, muturrekoa soildu eta lausoa erradikalizatzen asmatu beharko dute. Jokatzen den gatazka birtual horretan bidea atzeman behar dute jendartea aitzina dadin. Izugarrizko garrantzia dute bertsoek, toberan plazaratuak jendearen gogoan egon eta bertan ez zeudenei errepikatuak izan daitezen.[1]

Herri ospakizun hauek, noski, eraldaketak jasan dituzte urteetan zehar. Itsasun 1849 urteaz geroztiko kabalkaden lekukotasunak ditugu (1849, 1853, 1859, 1865, 1876, 1883, 1892, 1899 eta 1937an egin ziren eta horietaz gain, 1889an jokatu beharrekoa, debekatua izan zena). Gerlen garaian eta ondotik, iparraldean desagertzekotan zeuden tobera, libertimendu eta kabalkada hauek berpizteari ekin zitzaion 90. hamarkadan. Itsasun 1992an hasi ziren berriz kabalkada muntatzen, geroztik 1994, 1997, 2001, 2007, 2012an egin ditugu kabalkadak. Atzo bezala gaur, gazte belaunaldia herrian hau dinamizatzeko motibatzen denean muntatzen da kabalkada.

Libertimendua gehienbat Nafarroa Beherean egiten da. Honetan ez da herri guztia mobilizatzen, gazteek egiten dute. Formatu antzekoa du baina kode eta pertsonaia ezberdinak azaltzen dira. Zuberoan Maskaradak egiten dira. Urtero herri ezberdin bateko gazteriak antolatzen ditu eta Zuberoako herriz herri ematen dute astebururo. Herri bakoitzaren arabera moldatzen da antzerki joko kritika eta zirika, lekuko erreferentziei hertsiki loturik doalako. Pastorala ere egiten da Zuberoan. Hau kabalkadaren antzera, herri osoak muntatzen duen ikusgarria dugu, bere berezitasun propioekin. Pertsonaia baten bizia kontatzen du ikuskizunak. Bertso kantatuz egiten da antzerkia, hitz egitera doanak makilaz lagunduta urrats eta itzuli neurtuak egiten dituelarik. Pertsonaiak desberdinak dira: xurien (on eta kristauak) eta gorrien (turkoak, gaiztoak) arteko jokoan datza trama. Dantza eta kantu zuberotar ederrak.

Toberak desagertzekotan egon ziren, dantza taldeak elizaren eskutik turistentzat dantzatzera bideratu ziren eta bertsoa abertzaletasunaren eskutik gai jartzailedun saio eta txapelketetara eraman zen. Antzerkia profesionalizatu… Baina herri ohitura hau berreskuratzeari ekin zioten batzuek. Azken urteetan, kabalkada eta libertimenduen loraldia bizi dugu iparraldean. Zuberoan, nahiz eta euskararen ezagutzaren beherakada handiaren arazoa egon badagoen, ondoko 10 urteetako maskarada eta pastoralen herriak hautatuak dira.

Interes kapitalistetatik guztiz kanpo, hainbesteko herri mobilizazio, energia eta denbora eskatzen badu ere, urtero-urtero animatzen dira herriak elkarlanean ikuskizun handi hau gorpuztera. Oraindik funtzio sozial handia duen seinale.

Euskalduntasunaren azken arnasgune delako agian? Izan ginenaren hatsa? Agian sinpleki, jendeak elkarrekin egoteko beharra daukalako. Elkarrekin zerbait sortzeko gogoa, herriko gaiak modu sano eta umoretsuan ateratzekoa. Kritika eta zirikarakoa. Agian jendea ongi pasatzera baino ez doa, aisialdirako. Hainbesteko poteo kulturarik ez den iparralde honetan, herritarrekin biltzeko parada ederra baita. Baina erran dagigun, horrelakoetan hartzen diogula euskarari zentzua. Herriari zentzua. Herri harrotasun moduko bat sortzen da, herri nortasun eta komunitate sentimendu bat.

Ez dugu jada gure amatxi-aitatxiek zuten bizitza komunitariorik, baina produkzio artistiko honek bizirik dirau eta gure herrietan bizitza komunitarioa indartzen du. Urte osoko aisialdia da bestalde eta egun bateko jai izugarria. Igande arratsaldea jai handi bat izan zen guretzat, herri jai izugarria.

Aisialdiaz eta jai ereduaz hausnartzen jardun dugu azkenaldian eta ez al da hau komunitatea egiteko jai eredu aberats bat ?

Ikusten ditut euskal produkzio artistikoaren gailurrak omen diren Durangoko Azoka eta BECeko bertso finala. Ikusten ditut antzokietan antzerkilari profesionalak. Dantza txapelketak. Eta kantu lehiaketak telebistan. Eta uste dut gai izan beharko ginatekeela aitortzeko euskal kultura formazio sozial kapitalistaren produkzio artistikora bideratu dugula. Indibidualismo, ego, lehia, eta diruan oinarritzen da molde horretan produzitutako artea.

Eta uste dut bidez erratu garela.

Baina ea nork jakinen duen iparraldera begiratzen folklorea baino zerbait gehiagoren bila.


[1] Libertitzeaz, Antton Luku