Agatonek gaur egun literatur sariketa izendatuko genukeen norgehiagoka bat irabazi du bezperan, eta ospatze aldera, bere etxean oturuntza egitera gonbidatu ditu bere lagun jakintsu agurgarriak. Fedro, Pausanias, Aristofanes, Eriximako eta Sokrates dira aipagarrienak. Barrenak ondo berdindu eta batera, hasi da Eriximako esanez behin eta berriro jarduten zaiola Fedro galdezka, zergatik poetek, beste hainbat jainkori ereserkiak eskaini dizkioten horiek, Eros jainkoari gorazarrerik egiten ez ote dioten. Eriximakok, Fedrok arrazoi duela iritzirik, gainontzeko afaltiarrak konbentzitu ditu: maitasunari buruzko diskurtsoak botako dituzte banan-banan eta Eros jainkoa merezi duen neurrian ondratuko dute.
Hartu du hitza Fedrok eta, Hesiodo eta Parmenides autoritatezko argudio gisa erabiliz, esan du ez dela ezagutzen Eros baino jainko zaharragorik, hura dela antzinakoetan antzinakoena eta hori badela goresteko aski motibo eta, hori gutxi balitz, Erosek eragindako adoreagatik egiten diren ekintza bertutetsu eta ederrek ere ez daukatela parekorik, ostantzean, begiratzeko Akiles, oin arinekoa, zeinak Patrokloren heriotzagatik mendeku hartu baitzuen, bazekien arren mendeku hartuz gero hil egingo zela.
Pausaniasek hartu du hitza ondoren, eta erantzun dio Fedrori Eros ez dela bakarra, bikoitza baino. Badagoela Eros eder eta goresgarri bat ederkiro eta bertutez maitatzera garamatzana, baina, badela, halaber, beste maitasun bat zatarra dena, gizon trauskilek erabilia eta Eros trakets batek eragina. Bakarra zen Eros Fedroren hitzetan, bikoitza Pausaniasenetan, eta hara non etorri den Eriximako medikua esanez gizonengan soilik ez, existitzen den ororengan eragina duen indar unibertsala dela Eros, hala jainkoengan nola hilkorrengan, hala medikuntzan nola musikan eta landareetan. Atzetik etorri da Aristofanes eta mito ero bat kontatu du. Ez gara sartuko.
Agatonek hartu du hitza gero eta, Fedrorekin desados, gauza interesgarri bat esan du: Eros ez da eta ezin zitekeen izan jainkoetan zaharrena. Antzina-antzina, Ateneak ehungintza eta Apolok medikuntza asmatu aurretik, Zeus gizonak eta jainkoak gobernatzeko artean trebatu zedin baino lehen, gauza lazgarri eta beldurgarri asko gertatu zen jainko-jainkosen artean (adibidez, Kronosek barrabilak moztu zizkion Uranori eta itsasora jaurti zituen eta eragin zuen aparretik jaio zen Afrodita), Beharrizana edo Beharrezkotasuna (Anánkē) zelako jaun eta jabe. Eros jaio zenean, ordea, kosmosaren printzipio egituratzailearen desplazamendu bat gertatu zen, eta gauza ederrenganako maitasunaren printzipioaren arabera sortu ziren jakintza eta ondasunak, Beharrizanarenaren arabera sortu beharrean.
Diskurtso hauen guztien ondoren iritsi da Sokratesek afaltiar guztiak aho zabalik uzteko unea. Sokratesek, ironia kutsua daukan umiltasunez, bere diskurtsoa Diotima izeneko emakume jakintsu bati ikasia dela adierazi du. Sokrates-Diotimarenak, oro har, gainontzekoen hitzaldiak hankaz gora jarri ditu, baina guk puntu bati soilik erreparatuko diogu. Eros gauza eder eta onenganako maitasuna bada, eta ezagutza, esaterako, ona eta ederra bada, zergatik ez zaio maitale deitzen ezagutzarako joera duenari? Bada, hain zuzen, maitasun mota partikular bat besteetatik bereizi eta osotasunaren izena esleitu diogulako, beste motentzat beste izen batzuk erabiltzen ditugun bitartean. Gainera, hau ez da soilik maitasunarekin gertatzen:
“DIOTIMA: Zuk badakizu «sorkuntza» (poíēsis) ideia anizkoitza dela, izan ere, edozein gauza ez-izatetik izatera igaroarazten duen kausa oro baita sorkuntza eta, beraz, arte guztietan egindako lanak dira sorkuntza, eta horien artifizeak sortzaile (poiētaí).
SOKRATES: Arrazoi duzu.
DIOTIMA: Baina, badakizu, baita ere, ez zaiela sortzaile esaten, beste izen batzuk dauzkatela, eta sorkuntzaren multzotik parte bat bereizi dela, musikari eta bertsoari dagokiona, eta osotasunaren izenarekin izendatzen dela. Hain zuzen, soilik horri esaten zaio «poesia», eta, «poeta» sorkuntzaren zati horren habe denari.”
Honaino kontatu ditudanak Platonen Oturuntza (ezagunagoa jatorrizko grezieraz To Symposion edo gazteleraz Banquete) dialogotik atereak dira, eta honaxe aldatu ditut estetikari eta sorkuntzari buruzko ohar pare bat egiteko lagungarri izango direlakoan. Atentzioa ematen duen lehenbiziko aspektua zera da, Platonen kosmobisioan eta oro har garaiko Greziako kosmobisioan, dimentsio estetikoa, etiko/politikoa eta epistemikoa teilakatuta edo inbrikatuta ageri direla normalki, edozein diskurtso eta praktikaren osagai gisa. Egiazkoa dena ederra eta ona ere izan ohi da; Erosek, ederra dena maite izateko, bertutetsua dena ere behar du maite izan. Halandaze, azpimarragarria da Aristotelesek tragedia grekoari egozten zion funtzio katartikoa, komunitate politikoaren hezitzaile gisa, edo, Platonen testuetan forma dramatikoa eta eduki epistemikoa zenbateraino ageri diren bat-eginda. Ikuspegi garaikidetik, ordea, kode etiko bati edo legedi zehatz bati eder iriztea, Sokratesek Oturuntzan lerro batzuk beherago egiten duen gisan, zentzugabekeria edo intromisio kontzeptuala irudituko litzaiguke kasurik onenean, Duchampen txizatokiari buruz justua eta bertutearen araberakoa dela esatea lekuz kanpo legokeen era berean. Prozesu sozial material beraren efektu izanda ere, ukaezina da esfera estetikoaren, etiko/politikoaren eta epistemikoaren arteko urruntze behintzat formal bat gertatu dela.
Urruntze behintzat formalekin jarraitzeko, egun hain modakoa den sortzaile kontzeptua interpretatzeko ere argigarri gertatzen da kosmobisio klasikoaren eta garaikidearen arteko alderaketa. Diotima eta Sokratesen arteko elkarrizketak garbi erakusten du garai hartan ere ohikoa zela sorkuntza hitzarekin sorkuntza mota bakan batzuk soilik izendatzea, gaur egun sinekdoke deituko genukeen figura erretorikoaren bitartez, hots, zatiari osotasunaren izena emanez. Dena den, artearen eta artisautzaren erro komuna oso presente zeukaten, biak ala biak baitziren gauzak ez-izatetik izatera igaroarazteko ariketak: zentzu hertsian rapsoda bat ez zen altzarigile bat baino poetago. Gaur egun, ordea, ekoizpen arruntaren eta arte ekoizpenaren erro komuna lausotuta soilik ez, ia ezabatuta ageri dela esango nuke, arte ekoizpena ekoizpen arruntaren antitesi gisa aurkezteraino. Ekoizpen eredu kapitalistan indar plastikoa edo forma emateko gaitasuna daukan subjektua, ekoizpenaren nondik-norakoak eta emaitza determinatzen dituena, hitz batean esanda, sortzailea, ez da inondik ere ekoizle zuzena, ekoizpen bitartekoen jabe den klasea baizik. Kontrara, arte ekoizpenean, ekoizle zuzena eta sortzailea bat eta bakarra direla irudi luke eta, gainera, ostantzeko langileek, Eros jaio aurretiko jainko-jainkosa grekoek nola, Beharrizan erregimen batean ekoizten duten bitartean, artistek edertasunaren printzipio erotikoaren arabera dihardutela, objektuari beren lege propioa inposatuz.
Dena den, badirudi idealki baino ez dela arte ekoizpena edertasunaren printzipioaren arabera soilik funtzionatzen duen ekoizpen eredu bat; izan ere, gero eta ugariagoak dira mundutxo horretan Beharrizanaren presioak muturra gehiegi sartzen duelako asaldatu direnak, normala den moduan. «Kultur sortzaile» autoizendatuen proletarizazio prozesua ageriko egitate gordin bat da eta ez dut inondik ere inoren lepotik barre egiterik gura, baina, sektore honetako langileen existentzia eskubidea balizko funtzio sozial edo izpiritual baten izenean aldarrikatzea, in abstracto, partida jokatu aurretik galtzea da -eta, agian, BPGan sektore honek ordezkatzen duen zati ñañoaren isla inbertitua-, batetik goratze izpiritualik eragiten ez duena ez litzatekeelako sorkuntza eta, bestetik, ez dagoelako oso argi goratzeak eta izpirituak zehazki zeri egiten dioten erreferentzia (nahi bada, jarri «izpiritu» ordez «barne mundu» eta «goratu» ordez «elikatu»). Badirudi, berriz mahai gainean dela Platonek berak Errepublikan mahaigaineratu zuen auzi hura: poetaren existitzeko eskubidearen auzia.
Masentzako kultur industriaren aurrean ekoizle txikiek daukaten babesgabetasuna kontuan hartzen badugu eta horri gehitzen badizkiogu azken aldiko indize ekonomiko apokaliptikoak eta Europar Batasunaren gainbehera geopolitikorako joera geroago eta nabariagoa, zaila da hurrengo metaketa ziklorako diru laguntza sistema publiko batean eta kontsumitzaileen erosahalmenean oinarrituriko «kultur ekosistemarik» irudikatzea. Sistema ekonomiko eta sozial honek soilik bere buruari aitortzen dio existitzeko eskubidea eta, gainontzekooi, hura betikotzeko funtzionalak garen heinean baino ez. Horregatik, ekoizpenaren gaineko kontrolaren borrokan jokatzen da hemen benetako bataila poetikoa, poíēsis-aren gaineko kontrolarena, eta, poetek, Benjaminek zioen moduan, ekoizpen prozesuan daukaten posizioaren arabera hautatu beharko dute bandoa, ez gizatasunari ustez egiten dioten ekarpen izpiritualaren arabera.
Artistak, proletario gisa, bere bizi baldintza inmediatoen hobekuntza borrokatzen du, baina, proletarioak, artista gisa, bizi baldintzen estetizazio unibertsalaren aldeko borrokari heldu beharko lioke, komunismoaren aldeko borrokari.