ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Lehen atalean norbanakoen eskubideen inguruan aritu baginen, oraingoan honekiko kritika marxistan zentratuko gara.

Marxek eskubide naturalen ikusmoldea gogor kritikatu zuen, baita alor ekonomikoan ere. Adibidez, 1843an Errenaniar Kazetan atera zituen artikulu batzuetan, lege komunal batzuen alde agertu zen. Baina segituan Judutar auzia deitutako artikuluan -aurreko atalean, Frantziako 1793ko Konstituzioa kritikatzen zuen artikulua dugu-, bere pentsaera askoz ere landuago agertu zen. Izan ere judutarren askatasuna Estatuaren eta erlijioaren arteko bereizketak automatikoki ekarriko zuela zioen ustea gogor kritikatzen zuen Marxek. Marxen arabera, ituan ez zen “norbanakoak” –judutarra bazen ere- eskubide pertsonal gehiago lortzea, baizik eta askatasun hori zerekin harremanetan eskuratzen zen. Marxek dioenez, erregimen burgesek, “gizakiari” ematen zizkioten eskubideak, “beste gizakietatik eta komunitatetik bereiziz”. Hau da, errenaniar komunistaren ustez, “gizaki berekoia” zen eskubideen jabea burgesiaren ikusmoldearen arabera; honekin gizakia aurreko forma juridikoetatik askatuko zen, baina ez beste komunitate parekide batzuk osatzeko, baizik eta bere izate indibidualean. Gizaki indibidualaren eta “gizarte zibilaren” artean ez zegoen beste tarteko figurarik; gizakia taldekatze orotatik –tradizionalak edo berriak, zanpatzaileak edo askatzaileak- “askatu” egiten du burgesiak. Baina askapen hori soilik “politikoa” da, ez “soziala”. Horrek esan nahi du praktikan lan-kontratuak, hau da, gizaki batzuek beste batzuei lan-indarra saltzeko duten beharra izango dela gizakiak batzeko modu bakarra. Hain zuzen ere, Judutar Auzia da Marxek jada merkantzien elkartrukea gizarte burgesaren iharduera sozial nagusi gisa ezartzen duen lehen idatzia, beste gizakiengandik juridikoki jada bereiziak dauden norbanako “politikoki askeak”, bizirauteko bere produktuak diruaren truke besterendu behar dituela esanez.

1844ko Alemaniar-Frantziar Almanaka lanean ere kritikatzen du Marxek eskubide naturalen ikusmoldea, “gizarte zibilaren izaera ekonomia politikoan soilik aurki daitekeela” esanez. Marxen ondotik, Engelsek berak esan zuen Familia Sakratua lanean “antzinako Estatuaren oinarria esklabutza da (…) egungo Estatuaren oinarria gizarte burgesa da, hau da, gizaki independentea beste gizakiei interes pribatuaren arabera batzen zaiena”[i]. Engelsek oinarrizko beste lantxo batean, Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora deitutako lanean, (norbanakoaren) arrazoiaren mugagabetasunak, aurreko instituzio osoak kritikatu eta erautsi zituela eta “arrazoiaren eta burmuinaren neurria ezarri” zuela zioen. Alta, “betiereko egiak, betiereko eskubideek eta gizakiaren eskubide besterengaitzetan oinarritutako berdintasunak definitutako (…) arrazoiaren erresuma, burgesiaren erresuma idealizatua bezala azaldu zen, betiereko eskubidea justizia burgesa bezala azaldu zen, berdintasuna legearen aurreko berdintasun burges gisa, jabetza eskubidea oinarrizko eskubide burges gisa finkatu zen (…)”[ii].

Azkenik, baina ez bazterrean, Marxek Kapitala lanean askatasun indibidual mota hau kapital-harremanaren oinarri bezala ikusten zuen, kontzeptu juridiko-politiko hau eta kapitalismoa lotuz: “Merkantzien trukearen edo kapitalaren zirkulazioaren esparrua, lan-indarraren erosketa eta salmenta barne hartzen dituena, berezko giza eskubideen paradisua da. Askatasuna, parekidetasuna, jabetza eta Bentham[iii] ditu oinarri. Askatasuna, erosleak eta saltzaileak merkantzia, adibidez lan-indarra, borondate askez trukatzen dutelako (…) Parekidetasuna merkantzia-jabe bezala elkartzen direlako eta hala trukatzen dituztelako merkantziak, parekoa, parekoaren truke. Jabetza bakoitza berearen jabe delako. Eta Bentham bakoitza bereaz soilik arduratzen delako, elkartu badira soilik beren interes pertsonalagatik izan delako (…)”. Ikusten dugun bezala, Marxek kapitalismoaren oinarriko harreman mota eta giza eskubideak (norbanakoarenak), hau da, emantzipazio indibiduala, erabat lotzen ditu. Marxen arabera, emantzipazioa osoa izateko, soziala izan behar da.

Stučka letoniar boltxebikearen arabera, praktikan burgesiaren garaipena “iusnaturalismo iraultzailearen heriotza” izan zen, eskubide naturalak bene-benetan jada gehiago aldarrikatu ez zirelako: “burgesiaren hipokresia azaleratuz (…) batetik herriaren ordezkaritzaren izenean hitz egiten zuten, baina klase txikieneko bat ordezkatzen zuten (…) eta maila juridikoan ere hau gertatu zen” (Pašukanisek kritikatu egin zuen ikuspegi hau, ikusiko dugun moduan, hala ere, bai honek zein Stučkak “eskubideen naturaltasunaren” betierekotasuna kritikatzen zuten).

Eskubide hauen inguruko beste puntu polemiko bat eskubideen inguruko ikuskera “unibertsalista” da. Izan ere, eskubideak “naturaltzat” jotzen direnez, edonork edonoiz egikaritu ditzake, hau da, beti,  edonon eta etengabean daude indarrean –beno, Gobernuak alarma-egoera denean hauetako batzuk “behin behinean” bertan behera uzten ez dituenean behintzat-. Baina eskubideak zalantzan ez dira soilik ezohiko egoeretan jartzen kili-kolo, baizik eta etengabe jartzen ditugu, ez soilik Gobernuek, guk geuk baizik. Adibidez, nahiko ezaguna den adibide bat jartzearren, Donostiako turismoaren inguruko auzian, donostiar batzuek euren hirian bizitzeko eta bizimodua izateko eskubidea turismo industriak erasoa ikusten dute, baina industria honen atzean beste eskubide batzuk badaude, beste donostiar batzuen merkataritza-eskubidea edo kanpotarren bidaiatzeko eskubidea (Pašukanisen arabera, eskubideen antagonismo honek ekartzen du zuzenbide burgesaren agerpena; ez da kasualitatea Europako hizkuntza askotan “zuzenbide” eta “eskubide” kontzeptuak etimo bera izana: derecho, droit, right, pravda…). Bi aldeek euren “eskubidea” aldarrikatu dezakete zilegitasun beraz, eskubideen berezkotasunaren, unibertsaltasunaren eta orobiltasunaren ikuspegia ontzat emanez gero.

Bestetik, ezaguna da, Bloke Sozialistan Estatuaren programen bidez ikasitako langile kualifikatuek, soldata altuago baten truke Mendebaldeko Blokera pasatu nahi izatea; hor ere norbanakoaren eskubideen eta kolektibitatearen eskubideen arteko talka ikusten dugu. Hala, Pašukanisen arabera, eskubidearen “naturaltasuna” eta “unibertsaltasuna”, juridikoki zein ideologikoki “borondatez, edonon eta edonola” elkar trukatzen den merkantziarekin eta nortasun juridikoarekin lotuta dago; horregatik eskubideen –eta zuzenbidearen- “naturaltasuna” eta “unibertsaltasuna” burgesiaren ideologia espezifikoa da. Izan ere, merkantziaren inguruko izaera juridikoari eta elkar trukearen “borondatezko” izaerari forma “Naturala” eman nahi baitio[iv].

Imre Szabo hungariarrak jada esan zuen “eskubideen kontzepzio indibiduala” eta “eskubideen kontzepzio soziala” antagonikoak zirela. Ikusten dugun moduan, ertz handiko arazoa dugu eskubideena, guztiz binomikoa ez dena, guztiz “berezkoak” eta betierekoak ez diren kontzeptu bati buruzkoa. Zoltan Zigedyk dioen moduan, eskubideak unibertsalak -toki orotan berdinak- eta orotarikoak diren kontzepzioa, kontzepzio idealista burges bat da: hain zuzen ere, eskubidearen kontzeptua errealitatea sozialarengandik “askatzen” duelako (gerora errealitatearengan inposatuz). Pašukanis aldiz erradikalagoa da, beretzat Estatua ideologiaz gain errealitate materiala bada, zuzenbidea eta eratorritako eskubideak (ius) “ideologia eta soilik ideologia” dira, “forma sozial konkretu baten forma mistifikatua”.

Gerora, batez ere “mendebaldeko marxismoa” deritzanak aldatu zuen honi buruzko kontzepzioa. Adibidez, Ernst Blochek marxismoa “eskubide naturalen erabateko gauzapena” izan zela esan zuen, eta ildo horretatik joan ziren Frankfurteko Eskolako hainbat pentsalari. Blochen ustez, marxismoa Frantziar Iraultzako “eskubide natural erradikalen” egikaritzea izan zen. Ikuspegi hau jada Stučkak bere garaian kritikatu egin zuen, “burgesa” zeritzon. Jakin badakigu Blochen pentsaera esaldi hau baino zabalagoa zela. Baina praktikan honek marxismoa “eskubideen” esparrura eramateko eta klase-borrokan oinarritutako ikusmolde dialektikotik ohiltzeko atea zabaldu zuen. Hau da, marxismoaren ikusmoldea mundua eremu gatazkatsu gisa (klase borroka ardatz duena) eta historia gatazken jarraikortasun gisa ikustea bada eta politika klase borroka horretan subjektu historiko iraultzailearen –proletalgoaren- boterea egikaritzea bada; “eskubide naturalen egikaritzearen” ideiak marxismoa bere ikusmolde “tradizional” gatazka zaletik apartatu egiten du, izan ere marxismoa helburu edo “berezkotasun” harmoniatsu bat (eskubide naturalak hain zuzen) berreskuratzeko edo honen ukapena deusezteko tresna bihurtzen baitu.

Aipatu gabe utzi behar dugu azken urteetan “norbanakoaren eskubideak” edota “giza eskubideak” –besterengaitzak, unibertsalak, berezkoak-, Mendebaldeak definitu dituen arabera (beste inork ezin baitezake definizio unibertsal bat sozializatu egungo testuinguru geopolitikoan), gudarako tresna propagandistikoa izan direla, bai Guda Hotzean zein ostean, “balioen ekumenismoaren inperialismoa” sustatuz. Gai hau aski ezaguna da, eta oraingoan ez gara hemen luzatuko, hemen eskubideen –eta euren sakralizazioaren- erabileraz baino izaeraz ari bainaiz.

Badakit gai hau soka luzekoa eta artikulu hau baino askoz ere zabalagoa dela, badakit hainbat hariri tira egin gabe bukatu dudala artikulua; behintzat artikulu luze bat (edo hainbat) behar direla “norbanakoaren eskubideen” inguruko kontzepzioaren ertz historiko eta filosofiko guztiak aztertzeko eta eraikuntza ideologiko honen atzean dagoen klase-erlazioa, Pašukanisek zioen moduan “ideologia gisa”, ageri arazteko (eta baita ere ageriarazte horretarako bide logikoa sendo osatzeko). Baina espero dut artikulu honek “norbanakoaren eskubideen” desakralizazioari ekarpena egin izana. Berriz eskubide hauek Núria Martík kolokan jartzen dituenean, hauen defentsa egin edo “hedapena” besterik gabe eskatu ordez, eskubide hauen izaeraz hausnartu dezagun.

 

[i] Kontserbakorrek eta tradizionalistek ere kritikatu zuten gizarte burges liberalak zekarren indibidualismoa, Estatuaren eta gizakiaren arteko tartekari edo “oztopo” denak deusezteak komunitate tradizionalak desagertzea ekarriko zuela pentsatuta. Marxek ordea, iraganeko komunitatean gorde baino, kolektibotasun berri bat eraiki nahi zuen, etorkizunera proiektatzen zuen.

[ii] Stučkaren arabera, Marx eta Engels materialismo dialektikora –arlo juridikoan- Hegelen eta honen “mugimenduan ari den filosofiaren” bidez heldu ziren. Hegelen arabera printzipio juridikoak ere ez ziren betierekoak, zaharkitzearen “ernamuina” bere baitan zeramaten.

[iii] Jeremy Bentham (1748-1832) filosofo ingelesa izan zen, “Utilitarismoa” deritzon korrontearenaren fundatzailea, askatasun pertsonala erlijio- zein ekonomi-arloan defendatzen zuena.

[iv] Pašukanisek hemen Stučka kritikatzen du, Stučkaren ikuskerak zuzenbideak nagusigoaren harreman sozialak estaltzen baditu ere, “edozein forma” estaltzen dituela esaten omen duelako, forma burgesen konkretutasun hau adina kontutan hartzen ez duelarik.