ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Harrabotsa sortu du lehengoan CUPeko kide eta Arran gazte erakundeko bozeramaile Núria Martík TV3n esan zituenak: “guk badakigu arrazoi dugula, eta hori horrela ez gara eskubide indibidualetan geratuko”. Denetik entzun behar izan ditu Martí andereak, Giza Eskubideak ukatzen dituela, eta baita ere diktadura bat ezarri nahi duela, “totalitarioa” dela, “faxista” dela, eta beno, modu automatikoan ezartzen direnek botatzen dituzten irain eta asoziazio maltzur andana osoa.

Nik ez dakit CUPek eta Arran Katalunian sozialismoa ezartzeko, Kataluniako langile klasea boterera eramateko eta kapitalean oinarritutako klaseen arteko harreman-sistema suntsitzeko gai diren edota bide onetik ote doazen, ezta ere horretarako estrategia efektibo bat ote duten. Beraz ez dakit Martík eta bere kideek arrazoia ote duten –nire ustez aipatutako hori baita historiaren gudu-zelaian arrazoia nork duen ebazteko modu bakarra-. Harritu izan nauena izan da, hainbesteko “ezkertiar erradikala”, sindikalista zein okupa mundutik etorritakoa, “norbanakoaren eskubide” delako horiengatik hainbeste asaldatu izana. Zenbaiti entzun diot asaldapen hori Kataluniako joko politikoan sartzen dela, berez Arranen edo CUPen izaera independentista izan dela arrazoia. Ez naiz horretan sartuko, baina bai munduaren ulerkera marxistari gehiago eragiten dion “eskubideen” aferan.

 “Norbanakoaren eskubideak” ez dira gauza berria eta ezta ere betidanik onartutako zerbait; baizik eta ibilbide luzea egin dute egun ezagutzen ditugun moduan ezagutu arte. Eskubide indibidualak ez ziren jaio 1949ko Giza Eskubideen Adierazpenarekin, ez eta Frantziako Iraultzean aldarrikatu zen Gizon eta Hiritarraren Eskubideen Adierazpenarekin, baina bai dela hauek sorrarazi zituen klase sozialaren magal berekoa, hau da, burgesiarena. “Eskubide naturalez” aspaldi hitz egiten zuen burgesiak. Hain zuen ere, feudalismoaren kontrako borrokan aitzineratu zuen kontzeptu bat izan zen. Eugenijus Pašukanis boltxebike lituaniarrak esan zuen “eskubide naturala” Ilustrazioaren garaiko burgesiaren ideologia zela: “eskubide naturalak eta zuzenbide naturala, burgesia klase iraultzaile moduan agertu zenean azaldu ziren”. Pēteris Stučka letoniar jurista boltxebikearen arabera “iusnaturalismoa –zuzenbidearen iturri gisa eskubide “naturalen” baieztapenean oinarritutako dotrina- kronologikoki erabat bat dator jabetza pribatuaren agerpenarekin”. Ideia honek lege –positiboen- aurretik “eskubide” batzuk zeudela aurrez jotzen zuen, hau da, nahiz eta lege feudalek onartu ez, gizakiak berezko eskubide –aurrejuridiko- batzuk bazituela. Egun, XXI mendean, jada burgesiak ez du paper iraultzailerik jokatzen, hori dela eta iusnaturalismoaren birformulazio bat ezartzen dute ideologo liberal handiek. Hori dela eta, egungo egile liberalek, adibidez Isaiah Berlinek (Askatasunari buruzko lau entsegu) eskubideen auzi honetan bi eskubide mota bereizten dituzte: eskubide positiboak, hau da, aukeraketa eta aintzatespena ekartzen dutenak, eta eskubide negatiboak, mugaketa, edo bestela esanda, boterearen eta borondatearen murriztea (eskubideen eremuen mugaketa) ekartzen dutenak. Berlinek bigarren eskubide moten nagusitasuna defendatu zuen, honen bidez, norbanakoen elkarrekiko ez-interferentzia (beraz gizaki pribatuaren nagusitasuna) defendatuz. Hori da egun “eskubide indibiduala”, hau da bestelako “norbanakoen eremu pribatua” eskurik ez sartzea.

Baina ikusiko dugun moduan, “eskubide” hauen inguruko eztabaida handia izan zen XVI eta XVII mendeetan; batez ere eskubide horien eta jabetza-eskubidearen harremanaren inguruan. Izan ere batzuek, adibidez, Tomas Deun Akinokoak eskubideen naturaltasuna defendatzearen orduan, Jainkoak denak berdinkide sortu gintuela eta ondasunak denon esku utzi zituela (hori dela eta “eskubide naturalen” ideiak, hasiera batean funts erlijioso bat izan zuen) defendatzen zuen (nahiz eta gerora amankomuntasun horren funtzioa “denon askitasuna bermatzea” zela esan, beraz jabetza amankomuna ez zen halabeharrezkoa).

Eztabaida hau gertatu zen, adibidez, Ingalaterrako iraultzan zehar, batez ere iraultzaileek Putney herriko elizan izandako eztabaida famatuan “eskubideen izaeraz” aritu zirenean. Bertan, Henry Ireton deitutako jeneral batek, korronte erradikalaren kontra, hau da “levellers” (parekatzaileak) deitutakoen kontra eztabaidatu zuen, eta lehen aldiz “eskubide gizatiarrak” eta “Jainkozko eskubideak” kontrajarri zituen. Iretonen arabera, “eskubide jainkozkoak” edo “Naturalak” defendatuz gero, hau da, gizakien eskubide-berdintasun osoa –gizakiak berdin jaiotzen baitziren-, “gizaki orok edozein jabetza hartzeko eskubidea” izango zukeen, hau da, norbanakoaren jabetza pribatua, instituzio bezala, hautsia izanen zen. Hori dela eta, “gizatiar eskubideak” defendatu behar ziren, hau da, gizakiak sortutako instituzioak –jabetza kasu- defendatuko zituztenak, eta beraz ezberdintasun ekonomikoarekin bateragarri izango zirenak. Lehen aldiz, “norbanakoaren eskubideak” eta “ororen berdintasuna” elkarren kontra paratu ziren maila teorikoan.

Iretonen ideiak geroago John Stuart Millek, liberalismoaren gurasoetako batek, bere egin zituen. Millek argi eta garbi esan zuen 1861an (Ordezkaritza-Gobernuaren inguruan) botoa jabedun klaseen esku geratu behar zela, ez masaren esku, bestela txiroek euren esku erabiliko zuketen bozka “gehiengoaren despotismoa” ezarriz. Hemen bestelako arazo bat planteatu zen, alde batetik “berezko eskubideak” eta eskubide hauen “gehiegikeriaren” kontrako mugak –“jabetza eskubidea babesteko”- nola lotu; eta bestetik “natur eskubideak” indibidualak edo kolektiboak ote ziren, bien arteko mugaz edota naturaz kanpoko izaki batez edo orden batez justifikatu beharko ziren ala ez (eta arazoa zailagoa bilakatu zen Ilustrazioarekin batera naturaz gaindiko izakien sinesmena geroz eta txikiagoa izan zenean).

Arazoaren lehen zatia ebazteko modu bat jabetza eskubidea “eskubide natural” bezala ulertzea izanen zatekeen, hau da, jabetza berezko eskubide urragaitza izango zatekeen. Lehenik Hugo Grotius holandarrak teorizatu zuen hori, bere arabera, “eskubideen naturaltasuna” gizakiari lotuta izanen zen, ez “amankomuntasunari” edo “naturari”. Beraz, nolabait jabetza pribatua eskubide bezala hartzeko bidea zabaldu zuen. Norbanakotzearen ildo honetan, arrazionalismoak paper garrantzitsu bat izan zuen, hau da, giza arrazoimena neurgailu bakar moduan ezartzeak, batez ere Kantek eta honen “kantiar printzipioak” [1], zeinak pertsona bera “helburu” moduan ezartzen zuen[2]. Baina Kantek ez zuen gizakien arteko harremanen arautzeari buruzko teoria zuzen batekin ituan jo: “askatasunaren lege unibertsala” besterik ez zuen sortu, beraz “jabetza” bezalako kontzeptuak justifikatzeko ez zen nahikoa. John Locke izan zen hura gehien teorizatu zuena: Lockeren arabera, Estatuaren boterea mugatu beharra zegoen, batez ere jabetzarren eskubidearekiko, jabetzak bihurtzen omen baitzuen burujabe eta buruaski pertsona. Hau da, “Jainkoak denoi emandakoa”, ondasunak eta hauen gozamena, “naturalki” pribatu bezala birmoldatu behar dugu “buruaskitasunerako eskubidea” berma dadin. Honela, “gizakizko instituzioa” den jabetza “naturarekin” parekatzea lortu zuen, eskubide aurre-politiko gisa[3]. Horrela askatasuna batez ere “jabetzarako askatasuna” bilakatu zen.

Bigarren auziak hainbat ertz izan zituen. Jabetza –jada eskubide bihurtuta- eskubideen bestelako irakurketen aurka babesteari buruzko arazoa, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko harremanen arautzearena. Norbanakoen gainetik egonez baina hauen arteko “ordena” berretsiko zuen botere bat egikaritzetik gaindituko zuten: Hobbesen Leviathan delakoa –praktikan askatasunaren gehiegikeriak murrizteko modu bat zena, hau da Berlinen “askatasun negatiboaren” magal bereko kontzeptu bat-, gerora Rousseauk, honekin puskatu gabe, termino “demokratikoagoetan” “Kontratu Sozial” gisa berriz formulatu zuena[4]. Hau izan zen Hobbes eta Lockeren ideien arteko ezkontza, iusnaturalismoaren eta kontraktualismoaren arteko ezkontza, norbanakoaren eskubideak “natural” bihurtuta eta “gizatiartuta”, “des-teologizatuta” –arrazionalizatuta, hau da Jainkozko justifikaziorik gabe-[5], sokak XX mendeko liberalengana eramango gaituelarik[6]. Ikusten dugun moduan “eskubide naturalek” ere naturatik gutxi eta eraikuntzatik asko dute.

Adibidez, Frantziako Iraultzaren garaian, norbanakoen eskubideak santifikatu egin ziren Chapelier legearen bitartez, zeinak “Lanerako eskubidea” eta “ekoizpen askatasuna” defendatzen zituen –bai feudalismoarengandik, baina baita ere piketeengandik babestuz-. Lege horrek, politikoki gorantz zihoan klase burgesa babestu zuen, iraultzarako babes-klase izan zuen baina botere-postutik “erradikalizatzaile” paperean mesfidantzaz ikusten zuen klase herrikoiarengandik. Chapelierren legeak “norbanakoaren eskubideen” izenean, antolaketa kolektiborako oztopoak jartzea onartu zuen. Marxen arabera, 1793ko Frantziako Konstituzioan agertzen da boterea eskuratu eta klase gailendu bezala estreinako aldiz agertu zen burgesiaren askatasunaren ideia: 2. artikuluak “askatasuna, berdintasuna, segurtasuna eta jabetza-eskubidea” aintzatesten zituen, baina 6. artikuluan askatasuna “edozer egiteko ahalmena, beste gizon baten eskubideak urratu ezean” zela agertzen zen, eta 16. artikuluan jabetzarako eskubidea “gizon bakoitzak bere ondasunez, bere errentez, bere lanaren fruituaz eta iharduerez aske gozatzeko eskubidea” bezala definitu zuten. Hau da, norbanakoa zen askatasunaren subjektu, eta hain zuzen ere, jabetza-eskubidearen definizioak lan-kontratuak sinatzeko baimena (hau da, soldatapeko lana) barnebiltzen zuen[7]. Egungo Giza Eskubideen adierazpen handiek, bai 1949ko Giza Eskubideen Adierazpenak eta baita ere XVIII mendeko Gizonaren eta Hiritarraren Eskubideen Adierazpenak hain zuzen gizakiaren emantzipazio politikoa bermatzen dute, baina sekula ez soziala, Marxen hitzak erabiliz “komunitateaz eraitsirik (…) gizon hauek, berengandik alienatuta geratzen dira, komunitatearen karikatura bihurturik”. Marxek Konstituzio hauek, gizarte burgesa, “eskubide naturalen” forman,  sendotzeko balio zutela soilik zioen; izan ere, bere ustez “droits naturals bezala agertzen direnak droits de l’homme dira, gizon ez-politikoaren eskubideak (…) berezko subjektu pasiboa gizon berekoia da” [8]. Horratx Isaiah Berlinen askatasun negatiboen kontzeptuaren aurrekari bat, testu juridiko batean ezarria



[1] Kant zenbait ingurutan ezagunagoa da “Arrazoi Mugagabearekiko Kritika” dela eta, hemen arrazoia soilik mundua ulertzeko ezgai dela zioen; baina hau ez dugu hemen jorratuko.

[2] Hala ere, norbanakotasunaren eraikuntzak tradizio luzeagoa zuen. Adibidez, Martin Lutherrek Wormseko Parlamentuan, 1521an, bere sinesmenak argitzeko eskatu ziotenean, “bera Jainkoaren aurrean ezartzen zenez (…) bere eta Idazki Santuen artean artekaririk onartzen ez zuela” esan zuen, honela Eliza Katolikoaren Idazkien interpretatzeko gaitasuna ukatuz.

[3] Lockerekiko kritikoa izan zen Marxek eta Leninek miretsitako Winstanley; zeinak ondasunen gaineko erabilpen naturala mutualismoan eta lan kolektiboan oinarritzen zuen.

[4] Uste batzuen kontrara, Hobbesen eta Rousseauren ideiak ez daude elkarrengandik hain urrun. Nahiz eta batentzat boterea herriarengandik, “borondate orokorretik”, sortu behar, eta bestearentzat herriaren gainetik ezarritakoa den; biek justifikatzen dute pertsonaren eskubideen bermaketarekin. Biek azken finean Estatua “bermatzaile” bezala ezartzen dute (Erdi Aroko Estatu erlijioso “misionalaz” at) eta biek gizakiaren “berezko izaerari” so egiten baitiote harremanen teoria eta Estatuaren beharra justifikatzeko oinarri gisa.

[5] Gustavo Daniel Abraldesen arabera, eskubideen “desteologizazio” hau pixkanakako prozesu bat izan zen, Locke, Kant, Bentham eta Mills honetarako urratsak izan zirelarik.

[6] Andrea Beatriz Rodrigues de Barcelos ikerlariaren arabera, Hobbes eta Lockeren arteko bereizketarik handiena, lehenak jabetza pribatuaren agerpena bortxazkoa izan zela onartzen zuenean eta bigarrenak baketsua izan zela esaten zuenean zetzan.

[7] Konstituzio honen 8. artikuluak, gainera, “segurtasuna” pertsonen “askatasuna eta jabetza” babestearekin lotzen zuen. Marxek honi ebatzi zion “segurtasuna zela burgesiaren ondasun sozial gorena”.

[8] Marxek “giza eskubideen” eta “herritarraren eskubideen” artean bereizten du, azken hauei komunitatezko zentzua ematen dielarik.