ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA


Zertaz idatziko lehen testua eta, data hauetan, duela 20 urte Serbiaren aurkako NATOren bonbaketa-aldia izan zela gogora ekartzea aitzakia ederra iruditu izan zait kazeta honi lehen ekarpena egiteko. Aukera ederra diot, ezen bai bonbaketaz beraz, zein hau justifikatzeko/desenkusatzeko sortu zen ideologiaz, eta azkenik, kazeta honek eskaturiko aurkezpena egiteko balio dit.

1999ko martxoan hasi zen Serbiaren aurkako erasoa, Kosovoko albaniarrak babesteko aitzakipean. NATOk bi hilabete eta erdiz, 73 egunez, bonbatu zuen Jugoslavia. 15.000 eta 20.000 artean tona bonba jaurti zituztela kalkulatzen da, hots, 160 eta 226 kilo artean Serbiaren azalerako kilometro karratu bakoitzeko. Egunean 250 aire-irteera egin zituzten, NATOk edo edozein nazioarteko koaliziok 1990tik aurrera inoiz egindako zenbakirik handiena. Tartean milaka zibil hil zituzten, estimazio zehatzik ez dagoelarik. 1937ko Gernikako suntsiketaren arabera, Belgraden ur-ponpaketa sistema ere txikitu zuten. Eta hura bezala, populazio zibilaren aurkako bonbaketa bat izan zen (eskolak zubiak). Bestetik, bonbaketa guztietan bezalaxe, azpiegitura ekonomikoak ere eraso zituzten, gerora herrialde kolonizatzeko asmoz (Asier Blasek, Serbiaren "berreraikuntzaren negozioan" hainbat euskal enpresek ere parte hartu zutela esan du hitzaldiren batean). Debekatutako armak ere erabili egin zituzten; sortazko bonbak eta eskastutako uranioa kasu: Srdjan Aleksić abokatuaren arabera, 15 tona eskastutako uranio bota zituzten Jugoslavian. Beste paralelismo bat Gernikarekin: hain zuzen, gutxien kaltetutako azpiegiturak militarrak izan ziren (bai ezkutatzen trebezia zela eta, eta bai bonbaketa zibilen gainekoa zela eta): guztira soilik 14 tanke suntsitu zituzten, eta kontrara, 200 eskola eta erietxeak, trenak, zubiak eta abarrak. Azkenik,  Ahtisaari finlandiar bitartekariari mehatxuari kasu eginik (“Belgrad xapala bihurtuko dugu”) jugoslaviar Gobernuak errenditzea erabaki zuen.

Tartean, zibilak hiltzeaz gain, drama humano izugarrizkoa ekarri zuen honek (Wesley Clarkek esan zuen “eraso egitera eta dena suntsitzera goaz”). Adibidez, bonbaketa horren ostean gertatu zen populazio serbokosovarraren erabateko kanporaketa eta garbiketa -pixkanakako moduan, aurreko hamarkadetan hasia zena-, NATOren indarrek baimendutakoa. Kolaborazio honen adibide gisa gudu gertakari honen aurrean Prizren hirian ezarri ziren tropen alemaniar komandanteak esan zuena: “Guk ezin diogu inori esan zer egin. Serbiarrek hiritik alde egitea erabaki badute, libre dira horretarako”. Baina hemen inork ez du apenas hori gogoratzen, parte batean “ahaztuta” dugun gatazka bat delako; bete betean asmatuko zuen beraz Jamie Shea NATOren bozeramaileak “lasai bonbardatu ditzakegu serbiarrak, urte batzuen buruan inork ere ez du hau gogoratuko” esan zuenean.

Zer dela eta ekarri dut hau hona? Batez ere bi arrazoik egiten dute garrantzitsua guda hau inperialismoaren gaia ulertzeko: egun hain modan dauden “fake news” delakoek, eta beste alde batetik, inperialismoak Giza Eskubideen ideologiaz egiten duen erabilpena. Azkenik, aztertutako fenomeno hauen segidan, Euskal Herrian eraso honen aurka izan zen erantzun eskasa azaltzeko zeinbait hausnarketa egingo ditut.

Fake news delakoak eta gezurrak lehen minututik hasi ziren; bai egoera harekiko (“Kosovon albaniarren kontrako genozidioa geratzeko esku hartu du NATOk”) eta bestetik gudaren nolakotasunarekiko (“ez da guda erasokor bat, guda moral bat baino”). NATOren bozeramaile Jamie Sheak halako argibideak eman zizkien NATOren informatzaileei: “kazetariak entretenitu itzazue, garrantzirik gabeko berrien uholdea eman etengabe, horrek sakontzea galaraziko die”. Hala ere, gezur batzuk pisu berezia hartuko zuten; zehazki, bonbaketa hasieratik hasi zirenak guda justifikatzeko erabakigarriak izango zirenak. Horietako bat dugu Kosovon garbiketa etnikoa edo ara genozidioa egiten ari zirenerako zabalkundea, hots, “interbentzioa beharrezkoa da serbiarren albaniarren kontrako genozidioa saihesteko” (ikusiko dugun arabera, ez zegoen inolako genozidiorik, are gehiago, alemaniar inteligentziaren txosten baten arabera “(bonbaketa aurretik) borrokak ez dira Kosovo osora zabaldu; Kosovo Ekialdean bizitzak normal jarraitzen du (…) ezin daiteke esan albaniarra izate hutsagatik jendea jazarria denik”).

Beste gezur propagandistiko handi bat, Zaldiferra Plana zen, orduko Alemaniako Joschka Fischer kanpo ministroak (“ekopazifista” berez) zirkulazioan jarritakoa: honen arabera, Kosovon albaniarrak garbitzeko plan bat zegoen. Prentsak gezur hau erabat errepikatu zuen, nahiz eta halako planik ez egon: esaterako, NATOko indar militarren buru Wesley Clarkek esan zuenez “ez zuen halako planik ezagutzen”; eta bonbaketa gertatu eta hurrengo urtean, 2000an, Britainiar Parlamentuaren txosten batetan ere agertu zen ez zela halako planik existitzen (are gehiago, Hayden edo Wheeler bezalako adituen arabera, 1998 eta 1999ko martxoaren –bonbaketa hasteko unearen- artean, UÇK gerrilla albanokosovarrak jugoslaviar armadak baino hildako gehiago probokatu zituen). Esan beharra dago UÇKko lider militar batzuek, Agim Çeku jaunak adibidez, NATOren eta UÇKren arteko elkarlan militarra aitortu zutela, bai gudan zehar eta baita ere gudaren aurretik, UÇKk NATOren interbentzioaren justifikazioa errazteko istiluak eta borrokak probokatzen zituela esan baitzuen. Azken gezurra Račak herriko masakrea izan zen, non martxoko –bonbaketa hasi baino aste batzuk lehenagoko- armadaren eta UÇKren arteko borrokaldi bat zibilen masakre bihurtu zuen Mendebaldeak, “xok psikologikoa” bilatuz (eta lortuz).

Gezur hauek urraketa juridiko batetarako aitzakia ere izan ziren. Ez dakit norbaitek gogoan izango ote duen, baina bonbaketa hori mugarri izan zen nazioarteko zuzenbideari dagokionez; izan ere, ustez “defentsarako” sortua zen NATO bezalako erakunde baten aldebakarreko erasoa baitzen (orduko NBEren Asanbladako lehendakari Opertti uruguaiarrak “mundu-mailako estatu-kolpe” bezala definitu zuen interbentzioa). Hubert Védrine frantziar ministroak esan zuen “Balkanak NATOrentzat ez dira “kanpoa”, “Ingurua” baino”; hau da, NATOren “aliantza defentsibo” kontzeptuaren erabateko malgutasuna erakusten zuen adierazpenak ditugu horiek. Honetarako erabili zen beste gezur propagandistiko bat, noski, Holokaustoarekin eta Auschwitzekin erabilitako erkaketa faltsuak izan ziren, non Rudolf Scharping defentsa ministro alemaniarra edo Robin Cook britainiar kanpo ministroa nabarmendu ziren: batzuetan Prištinako futbol-zelaia edo besteetan Trepčako meatzeak ziren kontzentrazio edo esterminio eremu ustezkoak (ez batean ez bestean ez zen gorpurik agertu). Azkenik, 1999ko martxoko “negoziazio” batzuk abiarazi zituzten Frantzian, non Serbiari NATOren tropen sarrera librea planteatu zitzaion; praktikan, ukoa bilatzen zituzten baldintzak planteatu zizkion Madeleine Albrightek (Clinton berak ere esan zuen “Nik sekula ez nuke halako akordio bat sinatuko”). 1999ko ultimatum inperial horrek 1914an Austria-Hungariako Inperioak bidalitako edo 1941an Hitlerrek bidalitako ultimatumaren antza handiegia zuten.

Bestetik, ideologiaren ikuspuntua dugu. Noski, gutxi izan ziren Joe Bidenen moduan “alemaniar-japoniar moduko okupazioaz” mehatxatu zituztenak, diplomazia sotilagoa baita (izan ziren halako batzuk, Robert Kaplan kazetari estatubatuarra kasu, zeinak “inperialismoa da Balkanen salbazioa” esaten zuen, edo The Guardian Ingalaterrako egunkaria, zeinak “soilik erregimen kolonial ongarri bat da orain bideragarri Jugoslavian” idatzi zuen). Finean, Tony Blairren ildoa erabili zuen Mendebaldeko propagandak “Ongiaren eta gaizkiaren arteko guda” bezala planteatu, “guda moral” kontzeptua behin eta berriz azaltzen den; eta horrekin batera, beste kontzeptu bat: Giza Eskubideak. Kosovoko guda izan zen “Giza Eskubideak” izeneko konstrukto ideologikoaren izenean hasitako lehen guda (1995ean NATOk serbobosniar indarrak bonbardatu zituen, baina hori behin guda gertatuta izan zen). Vaclav Havel txekiar antikomunista historikoak “Giza Eskubideen Europaren hasiera” zela esan zuen, “Giza Eskubideak” edozein nazioren subiranotasunaren gainetik jarri zitezkeelako. Hots, Giza Eskubideak, mendebaldeko kontzeptuaren arabera (Mendebaldeak baitu beste edozein herrialde antiinperialistaren gainetik “Giza Eskubideak” zer diren definitzeko hegemonia ideologikoa), interbentzioetarako artefaktu unibertsal moduan agertuko zen kontzeptua (Mendebaldeak definitzen baitu, bere irizpideen arabera, nork “urratzen” dituen Giza eskubideak, eta zein “urraketa” diren garrantzitsuenak definitzeko, eta baita ere horien kontra aritzeko indar militarra). Bernard Henri Levy frantziar filosofo faxi-sionistak (68aren semea ere badenak), laburbildu du filosofia hori: “Europarra da munduko zibilizazio ekumeniko bakarra, beraz beste tokietan eskusartzeko eskubidea eta are betebeharra du”. Hots, nazio ezberdinen subiranotasunaren urraketa beste aitzakiarik gabe zilegiztatzen zuen ideologia bilakatu ziren Giza Eskubideak. Giza Eskubideen inguruko “inperialismo humanitarioa” (edo “guda justuaren”, Michael Walzer ideologo inperialistaren arabera) aroa hasi zuen guda izan zen hau.

Gogoratu behar dugu –eta gero bueltatuko gara honetara-  ezkerraren parte batek ere entusiasmo osoa izan zuela bonbaketa horrekiko, adibidez, Slavoj Žižek esloveniar filosofoak: “beranduegi eta bonba gutxiegi” zeritzon bonbaketa honi; Günter Grass alemaniar idazleak ere argudio hau partekatu zuen. Susan Sontag kritiko eta idazle ezagunak ere txalotu egin zuen bonbaketa: “serbiarrak dira Balkanetan erasotzaileak”. Edo azaldu bezala, berde ezberdinak, Danny Cohn-Benditengandik hasita. NATOk berak aipatu zuen Frantzian eta Italian ezkerreko gobernuak egoteak interbentzioa erraztu egin zuela. Adibideak kontaezinak dira: Ralf Dahrendorf politologoaren arabera, 1999koa izan zen “ezkerretik egindako lehen guda inperialista”.

Datuak hala jarrita, bonbaketa honek defendaezina eta lotsagarria dirudi. Hala ere, aurreko hamarkadetako interbentzio inperialistekin konparatuz, ez zuen horrenbesterako suminik ez mobilizaziorik eragin, ez eta Euskal Herrian. Zer dela eta gure memoria ahula?

Bueltatu gaitezen aurkezpenera. Duela urte batzuk hasi nintzen Euskal Herriko ezkerrean nagusi den kultura politikotik (edo orain esan bezala, “komunitatetik”, semantikak ezkutatzen duen karga ideologikoaz beste batean arituko gara) ideologikoki aldentzen, edo honen oinarri ideologikoak zalantzan jartzen. Oinarri horietako bat (ez bakarra) internazionalismoa edo internazionalismoaren inguruko praxia izan da. Ez bedi gaizki ulertu. Ez naiz ari erakunde propioki internazionalistetan aritu izan diren militanteez, herrialde ezberdinetan brigadak egin dituztenez, kasu. Beste zerbaitez ari naiz, Euskal Herrian internazionalismoaren ideologiaz (izan ohi) dugun kontzeptuaz baino, gure ekintzarengan halabeharrez eragina duenaz. Internazionalismoa “herrien arteko xamurtasun” kontzeptu batera murrizteaz eta honen bidez langileriaren askapena nazioez gaindiko kontzeptu eta ekintza bezala ulertzea ordezteaz ari naiz. Ideologia hau, esango nuke, erreferente sozialista handiak erori ostean hedatu zela; ez halabeharrez erakunde jakin batzuek edo zuzendaritza jakin batzuek kontzienteki hala erabakita, baizik eta paradigma oso baten gailentzearen produktu gisa. Honen bidez, klase-borrokaren zentraltasuna alboratu da, ez soilik Estatu sozialistekiko balorazioari dagokionez, baizik eta baita internazionalismoa beraren praktika egikaritzerakoan.

Kontzepzio berri honen arabera, internazionalismoaren ideologia (berriz, ideologiaz ari naiz) bi puntutan aldatzea suertatzen da: alde batetik, internazionalismoa, “Nazioez gaindiko langileen ekintza” hartu gabe (horizontala) “Naziotik naziora” (bertikala, interklasista) ematen da; hots, nazio ezberdinen borroken arteko aliantza gisa ulertzen dugu. Bigarrenik, ezkerreko ideologietan arituz gero, “nazio edo herri aurrerakoien” borrokak soilik kontuan hartzea izan dugu ondorio; herri batzuk, berez “aurrerakoi” (eta beste batzuk berez “atzerakoi”) bailiran. Hots, “etxeko” internazionalismoa, “etxekoak” ditugun herriekiko (ez langile klasearekiko) elkartasun mota batetan geratu zaigu ideologia internazionalista. Honek, batere dudarik gabe, “elkartasunetik” (“xamurtasunetik”) zenbait herri kanpoan uzten ditu, “gure baloreak” partekatzen ez dituztenak edota “gurekin antzekotasuna” topatzen ez diegunak –guda honen aurrean Euskal Herriko sektore askoren ixiltasuna azaltzen duen arrazoietako bat “azken finean, independentistak, gu bezalakoak, albaniarrak dira” pentsamendua zela pentsatu dut behin baino gehiagotan; erakunde politikoen zuzendaritzek esplizituki esan ez arren-. Internazionalismoa edo elkartasuna jada ez da inperialismoarekiko erresistentzia edota inperialismoak erasotuekiko babesa, inperialismoaren analisia kritika eta indar antiinperialisten goratzea, baizik eta “hurbilekoekiko” elkartasuna. Hala utzi ziren atzean 90ko hamarkadatik aurrera Sobietar Batasunarekiko –ustez “autoritarioa”!- Estatu ezberdinen independentziaren txalotzea, adibidez. Eskema hori erabili zen Kosovoko gudan: serbiarrak “ez dira gureetakoak” (sozialismo “zaharkitu” baten ordezkariak, “independentziaren aurkakoak”, “tradizionalistak”, “eslaviarregiak”…), hots, eurekiko elkartasuna mututu egin zen.

Zoritxarrez, 1999ko guda hau ez da salbuespen bat izan, joera honek berdin jarraitu dugu Libia, Donbass, Jemen eta Siriarekin (“ez dira aurrerakoiak”, “borrokalariak”, finean “gureetakoak). Apenas ikusi ditugu herri horien banderak gure balkoi, instituzio edo herri-bazkari edo liturgia politikoetan. Urruti geratzen zaizkigu, nahiz eta inperialismoaren eta antiinperialismoaren arteko borroka han jokatzen den, analisi zuzenik gabe ekintzarik ez dagoelako.



-Kosovoko gudaren gaineko bibliografia laburra (zoritxarrez, ez dut aurkitu euskarara itzulitako lanik, beraz erdaraz emango ditut tituluak):

-Laura Perez Rastrilla: Kosovo: la primera operación de ataque de la OTAN. Información y propaganda en los medios de comunicación españoles (doktorego-tesia, esteka honetan deskarga eskura).

-Francisco Veiga: La fábrica de las fronteras. Guerras de secesión yugoslavas, 1991-2001. Alianza argitaletxea. Madril, 2011.

-Jean Bricmont: El imperialismo humanitario. El uso de los derechos humanos para vender la guerra. Marcial Pons. Bartzelona, 2008.

-Aleksandar  Vuksanović, Isaac Rosa eta Pedro Lopez: Kosovo. La coartada humanitaria. Vosa. Madril, 2001.