ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa / Versión en Castellano

Lehen zatian azaldu dugu foru instituzioetan euskarak presentzia oso txikia izan zuela. Zer gertatzen zen Udaletan ordea? Batzuen arabera, adibidez Serapio Mujikaren arabera, Udal erakundeetan euskaraz askatasun handiagoz egin zitekeen, eta Euskaltzaindiak hori berresten du, izan ere, batez ere euskara ia hizkuntza bakarra zen herrietan Udal-akordio gehienak “ahoz” hartzen omen ziren, herrian bestelako baldintzarik ez zegoen-eta. Baina Euskaltzaindiak berak berresten du erregistroak idatziz hartzen zirenean, Udalek ere, erdaraz idazten zutela. Baliteke Udal mailan, agintariak herriarekiko gertuago egotearren, euskara ahozko mailan gehiago erabili izana, baina horrek ez du esan nahi halako politika baten existentzia izan zenik. Beste alde batetik, datuek diote euskal agintaritza foralak ere Udal mailan erdara bultzatzen saiatu zirela. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 1571an, Errenterian, alkate eta zinegotziei erdaraz jakiteko beharra ezarri zieten, halako zonalde euskaldun batean ezinezkoa zelarik (1583an idatzitako Gipuzkoako Foruan, III tituluaren 20. legean, beharrezkotasun hori bildu zen). 1682an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ikusirik herri askotan alkate eta zinegotzi euskaldunak aukeratzen zituztela, hautetsi izateko erdaraz jakiteko derrigortasuna berretsi zuten, zigorrekin mehatxatuz (zenbait alkate salatuak izan ziren[1]). Nafarroan, Gorteek Udal-karguak erdaraz jakitera derrigortzen zituen lege bat onartu zuten 1628an. Hala ere, Nafarroan “biltzar itxiko” herrien (hiribilduak gehienetan) eta “biltzar irekiko” (batzarren bidez funtzionatzen zutenak) herrien arteko ezberdintasuna zegoen; lege hertsitzaile honek, batez ere “Biltzar itxiko” Udaletan eragin zuen. Bizkaian ez dugu Udal-mailan halako lege murriztailerik ezagutzen, baina kontutan izan behar da herrialde horretan ere Batzar Nagusietan aukeratua izateko erdara jakin beharra zegoela. Beste alde batetik, Bizkaiko herriak elizateetan eta urietan bereiziak zeuden –Nafarroaren antzeko bereizketa bat-. Lehenak auzokideen asanbladez funtzionatzen zuten; baina bigarrenetan asanblada orokor bat eta ordezkaritzako kontzejua edo “erregimendua” zeuden: azken honetan parte hartzeko nolabaiteko jabetza-maila izatea behar zen, hau da klase-bereizketa bat bazegoen, eta honek praktikan herri xehea (euskaldun elebakarra) Udal-kargu horietatik baztertzen zuen de iure euskararen aurkako legerik egon ez arren. Araban ere ez dugu euskararen kontrako legerik ezagutzen, hala ere, lehen komentatu dugun moduan, XVIII mendean atzerapauso handia izan zuen euskarak bertan. Egia da, zenbait funtzionariori euskara jakitea exijitu zitzaiela, batez ere itzultzaile gisa aritzeko edo herritarrekin komunikatzeko[2] –Tuterako albaitari harena edo tribunaletako abokatu eta itzultzaile batzuenak dira agian kasurik ezagunenak-, gehienetan herriak hala eskatuta; baina horrek ez zuen egoera nagusia aldatu: hizkuntza kultua, idatzizkoa, gaztelania zen, aktak eta bandoak hizkuntza horretan ematen ziren, eta herritarren presioa bazen, euskarara ahoz itzultzen ziren.

Udal- zein foru-erakundeetan Euskararen baztertze honen froga, euskaraz idatzitako akta edo aginduen kopuru urria dugu. Imanol Trebiñoren arabera, euskal instituzioen euskarazko dokumentuak –bando militarrak eta agindu militarrak kenduta, esan nahi dugu- oso gutxi izan dira mendeetan; agian nabarmenena XIX mendean Bizkaiko Batzar Nagusiek akta batzuk (dozena bat edo) euskaraz ere jartzeko egin zuten ahalegina izan da (1841ean hartu zuten erabaki hori, agian euskara idatziz modu iraunkorrean jartzea behartzen zuen lehen akordioa). Serapio Mujikaren arabera, Udaletan euskaraz aritzen ziren baina aktak erdaraz idazten zituzten. Posible da, baina Mujika berak dio Gipuzkoako aktetan ez zuela bakar bat ere topatu euskaraz idatzita zenik[3]. Juan Madariagak ere ontzat ematen du XVIII mendea arte euskaraz aritzen zirela Udaletan, baina “joera erromantzea geroz eta gehiago erabiltzea izan zen” –Madariagak ere, biltzar irekien edo elizateen eta biltzar itxien edo “erregimenduen” arteko bereizketa egiten du, lehenak euskararen aldekoagoak zirelakoan, eta bi instituzioak zituzten herri edo hiribilduetan, bigarren instituzioek, klase filtrazioa zekarten ordezkaritza moduan funtzionatzen zutenek, zonaldearen arabera euskaraz edo erdaraz funtzionatzen zutelarik-. Beraz, bi faktore zeuden “ahozko komunikazioan” erabiltzeko hizkuntzaren inguruan: herriaren kokalekua eta konposizioa eta herriaren Udal-erregimena. Hala ere, arlo honetan ere, foru instituzioek egin zuten euskararen defentsa bakarra herritarrekin komunikatzea beharrezkoa zuten funtzionario batzuei euskara exijitzea izan zen, aktak ia beti erdaraz idazten zituztelarik.

Honen inguruan hainbat arrazoi eman daitezke. Noski, horietako bat, euskal oligarkiaren edo “nobleziak” Gaztelako Gortearekin izan zuen harremana izan da, Euskaltzaindiak 1977an edo Madariaga Orbeak esan bezala. Honek euskal klase oligarkikoen artean erdararekiko atxikimendu bat eragin zuen (batez ere Amerikan negozioak zituztenen artean) eta kolonizazioan aritu ziren euskaldunek erdararekiko are atxikimendu handiagoa garatu zuten (gogoratu Habsburg dinastiak jada Amerikan Inperioaren hizkuntza gisa erdara inposatu zuela, eta hara joan nahi zuenak –euskaldun batzuentzat irteera ekonomikoa hori zen- erdara jakin behar zuela). Beste faktore bat izan daiteke Euskal Herria kanpo-merkataritzarekin lotuta egotea, Euskaltzaindiak bai 1977ko liburuan zein 1979ko liburuan esan bezala. Euskaltzaindiak ere esan zuen Euskal Herrian hiribilduak sortzea erdalduntzeko faktore bat izan zela. Juan Madariagak “oligarkizazio” prozesu bati lotzen du euskararen baztertzea, hau da, oligarkiak bere boterea gotortzeari eta herri xehea baztertu nahi izateari. Eta honek, Madariagaren arabera azalpen bat du, euskara zenbat eta gehiago klase apalekin lotu, goi klaseek edota klase “heziek” euskararekiko are distantzia handiagoa hartu zuten. Esan bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, euskaldunen portzentajea jaitsarazi zutenak XIX mendeko lege homogeneizatzaileak izan ziren. Hala ere, kontuan izan behar dugu euskal instituzioen halako jarrerarik gabe, mendeetako desprestigiorik gabe eta honek egonkortu zituen aurriritzirik gabe halako erdalduntze maila ezin izan zitekeela eman. Izan ere burokrazia eta administrazio publikoa, Euskal Herrian, bertakoa izan arren beti izan da erdalduna, beste herri batzuetan geratu ez bezala. Katalunian katalana “botere-hizkuntza” izan da, behintzat XVIII mendean Planta Berriko dekretuak sinatu arte eta, gerora ere, zenbait zirkulutan bere prestigioari eutsi zion. Honek esplika dezake hango literatura, prentsa eta abar ugari katalanez maiz idatzi izana.

Hipotesiak jar genitzake lege hauek zein puntu arte bete zirenenaren gainean (Udal mailan seguru ez zirela guztiz betetzen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek legea “betearazteko beharra” berretsi izan behar zuten-eta), baina gauza bat argi dago: euskal agintariek euskarari bizkar eman zioten, euskara gutxietsi egin zuten. Honetan bat datoz Juan Madariaga Orbea eta Xabier Zabaltza: honen atzean klase-nagusikeria programa bat zegoen, hau da, goi-mailako klaseek euren posizioa mantentzeko saiakera baten parte izan zen, behe mailako klaseak (euskaldun elebakarrak ia beti) aginte edota ordezkaritza posizioetatik kanpo utziz. Koldo Mitxelenak behin esan zuen “instituzio foralak, omisioz, euskararekin onberak izan ziren”, eta beste behin “euskararentzat hondamendia izan zen 1876an foruak galtzea, gure instituzioek euskararen alde gutxienez (kanpoko oldarraldien aurreko) indargetzaile moduan egiten baitzuten”. Egia da ez zela herriaren gaineko inolako debekurik, ezta ere saiakerarik egin herriari hizkuntza aldatu arazteko (XIX mendetik aurrera espainiar nazio-Estatu modernoaren instituzioek egin bezala), baina berdintasunaren kontrako politika honetan, herria baztertzeko honen hizkuntza baztertu zuten. “Berdin zitzaien” herriak zein hizkuntza zerabilen, herria politikoki baztertzen bazuten. Horregatik ez ziren saiatu herriaren hizkuntza hauspotu eta hizkuntza kultu bihurtzen. Hots, klase apalek nahi zuten hizkuntza erabili zezaketen baldin eta botere guneetatik at bazeuden. “Axolagabekeria” honek azaltzen du XIX mendea arte Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere zergatik zegoen hain elebakar tasa altua; baina baita ere zergatik izan zen euskararen aldeko hain ekimen gutxi, hain produkzio literario txikia. Diglosia oso kontu zaharra izan da gurean. XIX mendearen osteko Estatu modernoa bai “axolatu” zela klase apalen hezkuntzaz eta hitz egiten zuten hizkuntzaz, baina kasu honetan jada instituzioak ez ziren bertakoak edo euskaldunak, espainiarrak baizik. Nazionalizazio prozesu espainiarra abiatu zuten eta honen barne, noski, jendeari hizkuntza aldaraztea zegoen.

Izan ere, Xabier Zabaltzak dioen moduan, Euskal Herrian, euskal agintari eta politikari foruzaleek euskara gehiago zerabilten “argudio” gisa, hau da, euskal herriaren “berezitasun” moduan eta beraz euskal herrialdeen autogobernuaren justifikazio moduan komunikazio hizkuntza baino: euren liburu politikoak (Larramendiren salbuespenaz agian, honek euskaraz ere idatzi baitzuen) erdaraz idatzi ohi zituzten[4]. Garbi ikusten da hau argitaratutako liburu kopuruari so eginez gero: 1545an Etxeparek lehen liburua atera zuenetik 1879 arte, hau da foruak galdu eta gutxira arte, euskaraz soilik 101 liburu argitaratu ziren, horietatik 89 erlijio gaiei buruzkoak[5]. Ekoizpen literarioa oso txikia izan zen, beste herri batzuekin konparatuz. Honetan ere agintariek ez zuten lagundu: XVII mendean Gipuzkoako batzarrek Martin Yañez Arrieta azpeitiarrari dotrina-liburu bat euskaraz ateratzeko subentzioa ukatu zioten, eta Behe Nafarroako Gorteek Txomin Bidegarairi euskarazko hiztegi bat ateratzeko subentzioa baita. Nafarroa Garaian urrutiago joan ziren, Erret-Kontseiluak 1766an euskarazko liburuak inprimatzea debekatu zuen. Euskaltzaindiaren arabera, XIX mendea etorri arte, euskal agintariek euskal literaturaren alde egin zuten gauza bakarra, Leizarragaren Biblia kenduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Larramendiren hiztegia subentzionatzea eta 1727an Bizkaiko Foru Aldundiak Larramendiren El imposible vencido euskararen aldeko –baina erdaraz idatzitako- lana subentzionatzea izan zen.

Hezkuntzari dagokionez, autogobernuaren galeraren aurretik ere zigorra pairatu zuten ikasle euskaldunek. Kontutan izan behar dugu, foru-erregimenak iraun artean, Hego Euskal Herriko hezkuntza-sistema Udalen eskuetan izan zela. 1839ko foruen mugatzearen ondoren, mendebaldeko hiru probintzietan hezkuntzaren eskuduntza herrialdeko aginteen esku geratu zen (Nafarroaren eskuduntzak 1841ko legeak ia ezabatu guztiz zituen), baina “batasun konstituzionalari kalterik egin gabe”[6] atxiki ezagunak lagunduta: beraz oso argi ez zegoen nora arte ziren baleko eskuduntza propioak (1876an foruak abolitzearekin batera galdu zituzten eskuduntzak). Honek azaltzen du –modernizazio prozesuarekin eta Estatu nazionala agertzearekin batera- Estatuak 1857 hezkuntza plan integral (eta erdaltzaile) bat ateratzea, 1766ko Karlos IIIaren Zedula erdaltzailea baino integralagoa. Beste alde batetik egia da euskal mendebaldeko hiru Aldundiak Moyano Legearen ezarpenaren aurka ezarri zirela, adibidez, 1859an hiru probintzietako Ahaldun Nagusiek Irakaskuntza Batzorde Probintzialetako kide izatea erabaki zuten lege foral baten bidez; hau da, eskuduntzen gaineko tirabira bat planteatu zuten Estatuaren kontra, aldi berean irakasleek euskaraz jakin zezaten exijituz. Baina galdapen hori ez zen hainbeste euskarazko irakaskuntza bat bermatzeko asmoz egin, baizik eta irakasleen (eta hezkuntza irakaspenaren) gaineko kontrola bertako instituzioen pe egon zedin baino, edo asko jota, materiak hobe ikas zitzaten; hau da, irakasleek ikasleen hizkuntza jakin beharko zuten erakunde foralen arabera, kurrikuluma (erdarazkoa) hobe ikas zezaten. Ez zuten euskarazko irakaskuntza planik abiarazi. Hots, botere politikoaren handitzea, kasu honetan ere ez zen hizkuntzaren onurarako erabiltzen.

Baina, 1839 arte behintzat, euskal tokiko instituzioen (Udalen) esku zeuden eskolak. Zein zen orduan egoera? Egia esan, foru osoen garaian ere, egoera ez zen batere onuragarria, Udal askok umeei gaztelania ikastea derrigortu baitzieten. Adibidez, Goierriko eskualde euskaldunean, Beasainen, 1730an jada “eraztunaren zigorra”[7] agertu zen (maisua Beasaingo Udalak kontratatu zuen); eta jakin badakigu Gipuzkoako beste herri batzuetan erabiltzen zela. Agustin Kardaberaz apaiz hernaniarrak ere aipatu zuen Gipuzkoako irakaskuntzan euskararen kontra zen jazarpena orokortua zela: zigorrak aipatzen zituen, ikasleak jo egiten zituztela euskaraz aritzearren eta eraztuna ere erabiltzen zela ere esaten zuen. Euskara “Munduko hizkuntzari zorigaiztokoena” bezala deskribatu zuen, eta “irakasleei eta gurasoei” dei egin zien egoera hau aldatzeko[8]. Guzti hau, 1768ko Karlos IIIaren Erret-Zedula debekatzailearen aurretikakoa da, foruen garaian, euskal instituzioek “Pase forala” (Estatuaren lege antiforalen kontrako betoa) euren eskuetan zutenekoa. Hau Gipuzkoako populazio osoa euskalduna zela eta ia osoa elebakarra kontutan izanik argi dago eskolaren funtzioa erdaltzailea izan zela, hau da, “prestigiozko hizkuntza” irakastea. Prestigioduna = erdara, prestigio eza = euskara, ekuazioa jada eginda zegoen, izan ere, kasu denetan prestigioko lanak izateko erdaraz jakitea ezinbestekoa zen (euskaraz jakitea salbuespenezko kasuetan eskatzen zuten). 1830an, beste hernaniar batek, Agustin Pascual Iturriagak salatu zuen Gipuzkoako eskoletan euskararen kontra ematen zen “konjurazio sistematikoa”. Gipuzkoatik at ere, Pablo Mendibilek, 1829an, bere herrian, Dulantzin, eraztuna erabiltzen zela ere badiosku. Bizkaian ere metodo zigortzaile honen berri badugu, XVIII mende bukaeran, Pedro Pablo Astarloak Humboldti kontatu zionaren arabera (Humboldtek 1801an bisitatu zuen Euskal Herria). Juan Antonio Mogelek (eibartarra bera, baina Markinan aritu zena apaiz moduan) ere eskolan euskaraz aritzearren zigorren presentziaz hitz egin zuen: bere arabera, Bizkaian zein Nafarroan eman ziren halako praktikak. Oraindik 1839ko foruen mugaketaren legearen aurreko garaietan gaude.

Nafarroako Erresuman ere –Erresuma 1841 arte izan zen - bertako instituzioek erdara bultzatu zuten. 1766an (foruen galera baino lehenago, eta are Frantziako Iraultza baino lehenago, eta are Karlos IIIaren debekuaren aurretik) Nafar Erret-Kontseiluak euskaraz liburuak inprimatzea debekatu zuen. Era berean, nafar eskoletan ere, euskararen kontrako debekuak eman ziren. Aipatutako Nafar Erresumaren eskoletan, Moyanoren legearen aurretik ere, irakaskuntza gaztelaniaz izango zela ezartzen zen. Nafarroan ere XVIII mendean euskaraz aritzen ziren umeen aurka zigorrak izan zirela dokumentatuta dago, adibidez Agoitzen eta Deierrin. Fernando Mikelarenak esan bezala: “Espainian borbondarrak ezarri ostean euskararen kontrako oldarraldia handitu egin zen, baina kontutan izan behar dugu Nafarroa 1841ko Hitzartutako Legea arte Erresuma izan zela eta oso autogobernu maila altua izan zuela, euskara babesteko erabil zezakeena. Nafar eliteek ez zuten horretarako erabili”. Oro har, eskola publikoetan, euskararen gordeleku bakarra (hala zenean) dotrina kristauaren irakaskuntza zen, 1902ko legearen debekuak erakusten zuen bezala –euskara dotrina ere irakasterakoan debekatu beharra ikusi zuten espainiar agintariek-. Baina beste ikasgaietatik, hau da, “aurrera egiteko ikasgaietatik” foru-instituzio eta Udalek lehenago lekutu zuten euskara; “hezkuntza kultura”, “irakaskuntza berria” erdaraz egin behar zelakoan. Fenomeno hau Hego Euskal Herriko lau erakundeetan ematen zen[9].

Bestalde, XVII mendean, Azkoitian sortu zen Euskalerriko Adiskideen Elkartea, zeinak eskola sare propio bat garatu zuen. Elkarte honek “euskara eta gaztelania lantzea” helburu zuen, baina Madariaga Orbeak esan bezala, beren eskoletan soilik gaztelera erabili zuten irakaskuntza-hizkuntza gisa (nahiz eta egia den gerora, goi-mailako hezkuntzako Elkartearen eskoletan erretolikako azterketetan, Elkarteak euskarazko erretolika ere eskatu). Elkarteko bazkide askoren ideologia euskaltzalea gora-behera, Elkarte horretako kideak orduko eliteak bezala portatu ziren: hezkuntza kultuko hizkuntza, “gora egiteko hizkuntza”, gaztelania zen, eta euskara, asko jota folklorerako, herri-hizkerarako edo “gorde beharreko” hizkuntza.

Euskalduntzearen aldeko urratsak, oso apalak, XIX mendean hasi ziren ematen. Euskarazko lehen agerkari erregularra 1815an atera zen, Egunari eusquerazcoa, Jose Pablo Ulibarriren eskutik, baina hura aldizkari bat baino gehiago, almanaka bat izan zen[10]. Xabier Zabaltzaren arabera, euskarazko berri batzuk noizbehinka tartekatu zituen egunkaria 1834an ateratzen hasi zen El Correo del Norte liberala zen. Bestetik, Bizkaiko Aldundian 1841an aktak bi hizkuntzetan idazteko erabakia hartu zuen. Garrantzizko pausua izan zitekeen, baina Imanol Trebiñoren arabera ez zen erabat bete, izan ere saio guztietako aktak ez omen ziren bi hizkuntzetan ematen, eginiko saio kopurua baino euskarazko akta gutxiago aurkitu baititu. Euskarazkoa izan behar zuen lehen aldizkaria Ariel izan zen, Xahok atera zuena, 1848an, baina ez zuen askorik iraun. XIX-XX mende aldaketan agertu ziren euskarazko lehen aldizkari iraunkorrak, Euskal Esnalea, publikoarentzat, edo Euskalerriaren Alde, akademikoagoa. Hala ere, hurrengo hamarkadetan, egunkariek tarteka euskarazko berriak edo artikuluak atera zituzten. Zabaltzaren arabera, 20 hamarkadan Euzkadi eta La Voz de Navarra egunkari jeltzaleetan, nagusiki erdaraz idazten ziren egunkarietan, ohikoa zen euskarazko berriak agertzea. Alta, lehen euskarazko egunkariak izateko, Guda Zibilari itxaron behar izan genion, Eusko Jaurlaritzak atera zituen: buletina alde batetik eta berri-egunkaria, Eguna bestetik. 1936an geunden, konpara dezakegu ordurako Katalunian katalanez ateratzen ziren egunkari kopuru handiarekin.

Hezkuntzaren inguruan ere XX mendean izan zuen bultzada euskarazko irakaskuntzak. XIX mendean Iturriagak Gipuzkoan euskaraz irakasteko programa bat aurkeztu zuen, baina ez zen ezarri. Gipuzkoan bertan, Luis Astigarragaren hiztegi elebiduna eskoletan banatzea erabaki zuen Aldundiak, baina beharrezko egin gabe eta irakaskuntza euskaldundu gabe. Bigarren Guda Karlistan zehar, 1875ean, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundi karlistek (zonalde karlistan funtzionatzen zuten Aldundiek) egin zuten euskararen irakaspena barnebiltzen zuten “Hezkuntza Batzorde Foralak” sortzeko saiakera bat; baina guda segituan galdu zutenez, ahalegin horrek ez zuen jarraipenik izan. Lehen ikastolatzat hartzen dena 1914an sortu zuten Donostian –euskara hutsean irakasten zuena-, baina aurretik 1896 Azkuek Bilbon euskara ikasteko (soilik hizkuntza ikasteko) Euskal Ikastetxea jada sortu zuen, eta hiri horretan 1903an eta 1908an euskaraz ikasteko aukera ematen zuten ikastetxeak bazeuden. Garai horietan agertu ziren baita ere Eusko Ikaskuntza (1918an) eta Euskaltzaindia (1919an). Baita ere euskarazko lehen sare publikoa; Bizkaiko Aldundiak 1917an ezarri zituen “Nekazal auzoetako eskolak”, Gipuzkoakoak 1930ean ere ezarri zituenak.

Hau da, euskararen aldeko kezka euskararen transmisioa apurtzeko zorian zegoenean agertu zen. Euzko Pizkundea mugimendua ere garai horietan hasi zen, eta baita euskararen aldeko lehen mugimendu herrikoia ere: Euskaltzaleak. Prozesu honek hasieran nolabaiteko babesa izan zuen eta euskal agintariak nolabait ere inplikatu egin ziren: Jose Antonio Rodriguez Ranzek eta Jon Unanuek badiote Errepublikaren garaian Gipuzkoako Udal ia guztiek euskara betekizun edo meritu gisa eskatzen zutela lanean aritzeko. Mitxelenaren arabera, 1931 eta 1936 arteko Aldundien Komisio Gestoreak ere “geroagoko (frankismo peko) Aldundienen oso ezberdinak izan ziren”. Prozesu hori, jakin dakigunez, gudak eta diktadurak moztu zuten. Baina kontutan izan behar dugu baita ere kezka berandu etorri zela, hau da, inoizko autogobernu mailarik txikiena genuenean, eta euskara galbidean zegoenean eta desagertzeko arriskua zegoenean. Koldo Mitxelenak esan zuen bezala “euskarak indarra eta hedapena galdu ahala, herrialdearen bihotzean bertan galdu ahala, hasi zen bere irakaspenaren inguruko kezka handitzen”. Xabier Zabaltzak antzera hitz egiten du: “Euskal Herrian, nazio kontzientzia hizkuntzak baino, honen galeraren sentimenduak eragin zuen”. Mitxelenak ere antzera joten du “Euskararen aldeko defentsa erreakzio berantiar eta ahula izan zen”, eta baita “askotan nostalgiari lotutakoa”. Hau da, instituzioek ahal zutenean, ez zuten egin, galbidean zegoenean hasi zen gizartea euskararen alde modu aktiboan ekiten, hau adituek aho batez diote. Hau da, euskara “gordetzea” izan zen kezka, ez Euskal Herria berreuskalduntzea (argigarria da II Errepublikaren garaian aurkeztu ziren Estatutu proiektu guztietan euskara koofizial moduan agertzen zela, baina ez lurralde osoan). Euskaldun-berriaren kontzeptua oraindik ez zen planteatzen. Hori 60 eta 70 hamarkadekin bat etorri zen.

Modernitatean sartzeak, Estatu-nazioaren ideiarekin bat Estatu zentralei euren zerbitzuak hedatzeko eta baita ere euren arauak zein ideologia homogeneizatzeko aukera eman zion. Honek, Hego Euskal Herriaren kasuan, espainiar nazioaren inposaketa ekarri zuen, batez ere hizkuntza arloan (politika arloan ez hainbeste, izan ere foruak abolitzearen ostean sortu ziren mugimendu errebindikatiboek erakutsi zuten “populazioaren nazionalizazioa” Euskal Herrian ez zela guztiz arrakastatsua izan). Gainera, foruen sistemaren abolizioak, euskararekiko politika zuzentzeko aukera galarazi zion Euskal Herriari, honen gainetik beste aginte bat ezarri zuelako eta honela, sistema uniformizatzaile berria trabarik gabe ezarri zitekeelako. Baina egia da baita ere hizkuntzaren hondamendiak laguntzen duen, baina gehienetan honen aurretik ematen den hizkuntzaren prestigio galeran euskal agintari foralek erantzukizun historiko handia izan zutela, euren klasismoak euskararen hondamendia ekarri zuela. Ez da euskarak ez zuela balio mundu modernoan aritzeko, bai hizkuntzalaritza marxistak zein egungo errealitateak uste horren kontra jotzen du. Baina egia da euskal eliteengan uste hori oso errotua egoteak, eta beste batetik klase apal euskaldunekiko distantzia mantendu nahi izateak euskararen kontrako joera hau ekarri zuela, euskararen hondamendia ekarriz.


[1] Logikoki, izan ziren baita ere lege horren abolizioa eskatu zuten Udalerriak, baina ez zen abolitu. Kuriosoa da beste alde batetik, 1754an Eibarren, euskaraz idatzitako ordenantza batetan debeku hau agertzen zela.

[2] Agian exijentzia honetan gogorren jo zuena Behe Nafarroa izan zen. 1644an Paul Ivan Desbaratz jaunak erredaktatutako Behe Nafarroako foruan epaile eta epaitegi-kide guztiek eta notarioek zein erregistratzaileek “lô lengoadge deu Pays” edo “lô lengoadge vulgar deu Pays”, hau da, euskara jakin behar zutela biltzen zen. Hala ere, Gorteetako ordezkari izateko ez zen euskara galdatzen –eta Foru hori frantses zaharrez idatzita zegoela ere esan beharra dago-. Nafarroa Garaian, bazen nolabaiteko ohitura –ez legea- zonalde euskaldunetako epaileak edo erregistratzaileak euskaldunak izan beharrekoan, baina 1765an ohitura hori utzi eta turno bakarra ezarri zuten “euskaldun guztiek gaztelera ulertzen” omen zutelako.

[3] Trebiñok, horiez gain, Behe Nafarroako Gorteen akta bat eta Lapurdiko Biltzarraren akta bat kontatzen ditu. Juan Madariagaren arabera, Udal-mailan zenbait akta topatu dira, eta bere ustez “zirriborro” batzuk euskaraz egin ziren. Horietako akta batzuk Eibarren eta Azpeitian topatu ditu Madariagak, Serapio Mujikaren baieztapena ñabartuz. Hala ere akta hauek, Madariagaren arabera, kontatutakoak, “salbuespen oso-oso noizbehinkakoak” izan ziren erdaraz idatzitakoen kopuruarekin konparatuz.

[4] Gaitz honek euskaraz gai egiteko zirenei ere jo zien. Mitxelenak dioenez, “Mogelek soilik erdara erabili zuen gai polemikoez eztabaidatzeko, euskaraz eleberrietan erabili zuen (…) Luis Eleizaldek –euskara batuaren defendatzaile sutsua eta Koldo Zuazoren arabera “lehen euskal soziolinguista- ere euskara Landibar eleberria idaztean soilik erabili zuen”. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaile Xabier Maria Munibek El borracho burlado erdaraz atera zuen bere hitzetan “Tolosa-Hernani aldeko euskara erabili nahi nuelako, eta beldur nintzelako herriko (Azkoitiko) aktoreek ondo menperatuko ez zutela, orduan euskaraz soilik kantatutako partea jarri nuen”, baina Koldo Zuazok dio zitekeena euskararen prestigio falta izan zela, gero Munibek ezizenaren pean poesia liburu txiki bat, Gavon sariac, atera baitzuen. Pentsa Sabin Arana berak, euskara ikasteko atera zuen eskuliburua, Lecciones ortográficas del euskera bizkaino (1986) erdaraz atera zuela!

[5] Koldo Mitxelenaren arabera “erlijiozkoak ez diren gauzez euskarazko prosaz idatzi zuen lehena”. Juan Ignazio Iztueta izan zen, 1829ko Guipuzcoaco Provinciaren condaira edo historia lana idaztean. Egia da Juan Antonio Mogelek Peru Abarka eleberria lehenago idatzi zuela, baina Iztuetarena baino beranduago argitaratu zuten (debekuak tartean), eta gainera, nolabaiteko inguru erlijioso bat badu eleberri horrek. Gai politiko eta polemikoak, zuzenean tratatuta soilik kontutan hartuz, Iztueta da dudarik gabe aitzindaria.

[6] Honek azaltzen du adibidez 1857ko Moyano legearen arabera, probintzia gehienetan probintziako inspektore bat egon behar zela aurreikusten zelarik; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako bakarra aurreikusten zela. Nafarroan, 1841eko Hitzartutako Legeak ez zion erreferentziarik egin hezkuntzarekiko eskumenari, eta beraz Nafar Aldundiak aurretik sortutako eskolen (lehen hezkuntzakoak gehienak) ardurak bere horretan iraun zuen, baina Hitzartutako Legeak Nafarroa babes juridiko gabe utzi zuen; hala, bertan, geroagoko Moyano Legea osorik ezarri zen. Nafar Aldundiaren ardurapeko eskolek egoera horretan 1887 arte iraun zuten foru-eskumenen barruan, orduan disolbatu baitzen Nafarroako Hezkuntzarako Goi-Batzordea, honen eskolak Espainiako Hezkuntza Publikoko Goi-Batzordearen esku geratuz.

[7] Euskaldunak zigortzeko modu bat zen hau. Klasean euskaraz aritzen zen lehenari irakasleak eraztuna jartzen zion, egunaren (edo astearen, kasuen arabera), eraztuna oraindik bazeraman zigortu egingo zuela esanez. Beraz, zigorraz libratzeko, eraztuna zuen ikasleak beste ikasle bati pasatzea lortu behar zuen, hau da, hauetako bat euskaraz hitz egiten entzun eta hari pasatu. Honek bi ondorio zital zituen: alde batetik ikasleak euren artean euskaraz aritzen zenaren kontrako salatari lana egitearena eta bestetik euskaraz hitz egiten zuena marjinatzea: hala beste ikasleentzat eraztuna pasa ez ziezaioten modurik egokiena eraztuna zeramanaz (euskaraz aritzen harrapatua izan zenaz) urruntzea baitzen.

[8] Juan Madariagaren arabera, Kardaberaz izan zen euskararen alde gehien aritu zena, eta gainera euskararen kontrako jazarpena klase apalen kontrako politika batekin lotu zuena; hauen alde egiteak euskararen alde egitea galdatzen zuen bere arabera. Hala ere, Madariagak badio Kardaberazek idatzietatik at ez zuela euskararen alde egin, ezta aukera izan zuenean: 1751 urtean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergarako eskolarako programa bat idaztea enkargatu zion eta bertan ez zuen euskararik edo honen irakaskuntzarik aipatu.

[9] Madariaga Orbearen arabera, soilik hiru herritan exijitu zieten Udalek irakasleei “bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania ondo irakastea”: Galdamesen, Ordizian eta Otxandion.

[10] Napoleonen garaian, atera izan ziren Bizkaiko Gobernuaren Buletin Ofiziala (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa “Bizkaiko Gobernuan” sartu zituen Napoleonek) eta Nafarroako Gobernuaren Buletin Ofiziala. Biak bi hizkuntzan zeuden, frantsesez eta gaztelaniaz. Katalunian, frantses agintariek frantsesez eta katalanez atera zituzten euren buletinak. Frantses agintariek Euskal Herrian soilik bando bi idatzi zuten euskaraz. 


Bibliografia:

-DAVILA BALSERA, Paulí: “Fueros y política educativa en Euskal Herria”. Esteka honetan
-DAVILA BALSERA, Paulí; GARAGORRI YARZA, Xabier eta ZALBIDE, Mikel: “Educación en Euskal Herria”. 
Esteka honetan
-ERIZE ETXEGARAI, Xabier: Nafarroako euskararen bilakaera soziolinguistikoa. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamendua. Iruñea, 1997.
-EUSKALTZAINDIA: El libro blanco del euskara. Euskaltzaindia. Bilbo, 1977. 
Esteka honetan.
-EUSKALTZAINDIA: Conflicto lingüístico en Euskadi. Euskaltzaindia. Bilbo, 1979. 
Esteka honetan.
-LACARRA, Jose Maria: Vasconia medieval. Historia y filología. Gipuzkoako Aldundia. Donostia, 1957.
-LEONE, Santi: Euskal Herri imajinario baten alde. Elkar. Donostia, 2008. 
-MADARIAGA ORBEA, Juan: Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII. Euskaltzaindia. Bilbo, 2014. 
Esteka honetan.
-MADRILGO KAZETA (ESTATUAREN BULETIN OFIZIALAREN AURREKARIA): 1857-VII-22, 1857-IX-10, 1862-V-29 eta 1902-XI-23.
-MIKELARENA PEÑA, Fernando: “La evolución de la población vascoparlante de Navarra entre 1553 y 1936” in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 92. zkia. (181-197. orr.), 2003. -MITXELENA, Koldo: “El largo y difícil camino del euskara” in EUSKALTZAINDIA: El libro blanco del euskara (15-27. orr.). Euskaltzaindia. Bilbo, 1977. 
-RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio eta UNANUE LOPEZ, Jon: Hizkuntz politika, autonomia eta euskal administrazioa. Hizkuntz eskakizunak Gipuzkoako toki administrazioan II. Errepublikaren garaian. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz, 1994.
-STALIN, Iosif Visarionovitx: Marxismoa eta hizkuntzalaritzaren auzia
Esteka honetan.
-TREBIÑO, Imanol: Administrazio zibileko dokumentu historikoak. Herri Arduralaritzako Euskal Erakundea. Oñati, 2001.
-VELASCO, Ladislao: Los euskaros en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya
Esteka honetan.
-ZABALTZA, Xabier: Mater Vasconia. Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos. Hiria. Donostia, 2005.
-ZUAZO, Koldo: Euskara batua. Ezina ekinez egina. Elkar. Donostia, 2005.
-ZUAZO, Koldo: Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Elkar. Donostia, 2008.