ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

« Bizitzeko behar ditugun ondasunak, geure baitan ez ditugunak, zer-nola geureganatzen ditugu ? Horra hor, oinarri-oinarriko giza galdera. »[1]

Behin eta berriz errepikatu dugu jabetza pribatua deuseztatu nahi dugula, ondasunen ekoizpen eta banaketa modu kapitalista suntsitu nahi ditugula. Nolako harremana nahiko genuke bada ondasunekin? Jabetza kolektiboaz jardun izan dugu, baina zertan datza horrek zehazki? Nolako gizarte antolaketak egikaritu dezake norbanako bakoitzak bizitzeko behar dituen baliabideak edukitzea?

Hain egiten da zaila, kapitalismo betean, etorkizunean eraiki nahiko genukeen bestelako gizarte antolaketa oso bat irudikatzea.  « Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu» dio esaera zahar batek. Aurrea iragana da euskaraz, gure « aurrekoak », gure arbasoak dira. Eta tira, uste dut haiei so egiteak balio digula irakasgai interesgarri batzuk ateratzeko bederen.

Zentzu horretan, interesgarria egin zaidan Patxi Juaristiren « Euskaldunak eta ondasunak »[2] lana aipatu nahi nuke. Ikerketa lan horretan, Justo Mokoroak 1990an argitaratu zuen Repertorio de locuciones del habla popular vasca, 92.167 esaeraz osaturiko bilduma oinarri harturik, euskaldunek ondasunekiko zituzten harremanak aztertzen dira. Juaristiren lanetik, esaera zaharrek gorpuzten duten gizarte errealitatea laburki azaltzen saiatuko naiz.

Etxeak izigarriko garrantzia du gizarte errealitate honetan, ikusten dugu, etxea gizarte eta ekonomiaren antolaketaren erdigunean kokatzen den instituzioa dela. Esaera zaharretan, ondasunak etxeko eta etxerako bezala agertzen dira.

Ondasun iraunkor eta ez-iraunkorren arteko ezberdintasuna nabaria da baina. Ondasun iraunkorrek (etxea, oihana, mendiak...), belaunaldiz belaunaldi etxean bizi direnen zerbitzura egon behar dutenez, etxeko atal zatiezinak dira, hauen salmenta gaitzetsia da. Ondasun ez-iraunkorrak aldiz, (elikagaiak, etxe-abereak, arropak...), etxeko badira ere, momentu horretan etxeko direnen zerbitzura daudenez, etxeko arduradunaren esku dago hauek nola erabili erabakitzea.

Ondasunekiko harremanetan erdigunea den etxea, gizakien arteko harremanetan ere erdigunean aurkitzen da. Gizartekideek, ondasunek bezala, etxeko eta etxerako agertzen dute beren burua besteen aitzinean (“Nor zara?” galderari, “Bordaberriko alaba” erantzuten zitzaion. Norekin ezkondu baino “nora ezkondu da?” galdera egiten zen. Horregatik ezin zen edonorekin ezkondu, “etxerako modukoa” zen pertsonarekin baizik). Nor izatea, nonbaitekoa izateari, etxeren batekoa izateari loturik dago, eta uler genezake, honek pertsonak etxearekin erantzukizunez jokatzera eramaten dituela. Etxeak etxekoei ematen dien babesa, hauek etxea aurrera ateratzeko eta zaintzeko duten erantzukizunaren ondorio zuzena baita.

Etxeko ondasun iraunkorrak bezala, herriko ondasun iraunkorrak ere, momentu horretan herritar direnen, izan direnen eta etorkizunean izanen direnen erabilerarako dira. Herritarrek edo garaian garaiko buruzagiek ezingo dituzte nahieran erabili. Herriari lotuak diren heinean, hauen salmenta, ustiaketa gehiegizkoa edo komunitatetik urruntze erabakiekiko gaitzespena agertzen da.

Ondasunak herriko eta etxeko izateak azaltzen du eurekiko harremanetan gure eta zuen kontzeptuak erabiltzea (gure basoak, zuen etxea, gure borda;..). Gisa berean, pertsonak, etxeko direnez eta etxea komunitate ondasuna denez, gure eta zuen kontzeptuei loturik ageriko dira (gure Kattalin, zuen semea...: gure (etxeko/komunitateko) Kattalin).

Komunitateek, zehazkiago, herriak eta etxeak garrantzia duten gizarte antolaketa baten lekukotza dakarkigute esaera zahar hauek. Ondasun iraunkorrak ez dira norbaitenak edo norbaiten propietate. Pertsonek, komunitate bateko kide direlako (etxeko edo herriko kide direlako), lortzen dute ondasunak erabili eta gozatzeko eskumena.

Zuzenbide Erromatarrean eskubide guztiak ematen zaizkio lurraren jabeari. Esaeretan agertzen den araubidean aldiz, mugak ezartzen zaizkio jabeari, etxekoen eta herritarren onerako: gizabanakoek ondasun iraunkorrez gozatzeko eta gozamen horren ondorioz sortzen diren fruituak jasotzeko eskubideak badituzte ere, ezin dituzte arduragabekeriaz erabili, ez etxearen eta etxekoen nahi eta interesen aurka jarri, ezta familiatik kanpora atera ere.

Ondasun iraunkorrei dagokienez, hauek behar den bezala zaintzeko konpromisoa hartzen dute pertsonek, euren erantzule bilakatzen dira. Nabardura ez da nolanahikoa; izan ere, gizarte mailako inplikazio argiak ditu: alde batetik, garai bakoitzean herriko edo etxeko ondarearen arduradunak ezingo du ondasunekin nahi duena egin, datozen belaunaldiei ere baitagokizkie. Beste aldetik, ardura hori egoki betetzeko gai izanen den gizartekide bakar bat hautatuko da garai bakoitzean. Herriaren kasuan alkatea bezala, etxearen kasuan berezitasun onenak dituen seme-alaba etxearen jabe eginen da. Datozen belaunaldiekiko dagoen erantzukizuna ziurtatzeko molde egokiena da hau (“Nagusi askoren astoa, goseak hil”, “Etxeak ate bat eta nagusi bat”).

Ondasun ez-iraunkorrak aldiz, momentuko komunitate kideei dagozkie, euren bizitzeko beharrak asetzeko dira. Etxeko jaun, buru, jabe, nagusi edo ugazaba bezala dagienaren esku dago haiei buruzko erabakiak (salmenta, trukea eta ematea barne) hartzea, momentuko komunitatearen onenerako.

Ondasun iraunkor eta ez-iraunkorren erabilpen ezberdin honek ondasunekiko harremanen oinarrian lana eta besteekiko erantzukizuna zeudela pentsatzera garamatza. Izan ere, ondasun iraunkorrak aurreko gizartekideek utzitakoak dira, norbere zuzeneko lanik gabe lortuak. Ondasun ez-iraunkorrak aldiz, norbere zuzeneko lanaren ondorio dira eta ez dute ondoko belaunaldiekin neholako loturarik.

Etxeko arduradunak bere eta bere etxekoen lanaren etekinekiko aginte osoa badu ere, aurreko gizartekideengandik jaso dituen ondasunekin ezin du nahi duena egin. Etorkizuneko gizakiekin dituen erantzukizunen ondorioz, ondasunak eskuratu dituen modu berean edo hobetuak emateko konpromisoa hartu du, eta honek hauen edonolako erabilera mugatzen du.

Zuzenbide Erromatarrak ondasunak nahi bezala erabili, edo erabilerarik gabe uzteko ere, botere ahalguztiduna ematen dio jabeari; aztertzen gabiltzan gizarte errealitate honetan aldiz, lanak eta besteekiko erantzukizunak ematen dute ondasunen erabileraren neurria.

Etxerako hautatua den pertsonak, aurreko belaunaldietatik etxe eta lurrekiko administrazio betebeharra hartzen du. Gizarte funtzio bat betetzeari lotzen du bere burua, azken finean (“gurasoak urtetan aurrera samartuak ziralako seme zarrenak artu-bearra zuan etxeko ardura”). Etxearen jabe egitea, etxearen ardura hartzea da. Ondarea hartzeak betebeharren ardura hartzea erran nahi du, ondasunak hartzea baino gehiago.

Gizarte errealitate honetan ardurak propietatearen tokia hartzen duela erran daiteke: ondasun iraunkorrak, norbaitenak izan beharrean, gizartearen zerbitzura daude eta garaian garaiko beharren arabera erabakiko da zertarako erabili edo noren eskuetan jarriko diren.

Juaristiren esanetan, euskaldunek ondasunekin izan ohi zituzten harremanek funtzio zehatza betetzen zuten: lurra urri eta populazio gehiegi sortzen zen lurraldean herri baten biziraupena belaunaldiz belaunaldi ziurtatzea. Horregatik, hain zuzen ere, gizakia herriko zein etxeko ondasunekin arduradun izatera eta, era berean, erabilera guztiz mugatzera bultzatzen zen. Ondasunei, mendez mende zerbitzua ematea zegokien eta zerbitzu horri jarraibidea emateko, ondoko belaunaldien biziraupena ziurtatzeko alegia, beharrezko araua zen etxea eta lurrak behar bezala zainduko zituen pertsonaren ardurapean ezartzea. Arduragabekeriak edo zatiketak etxearen burujabetza ekonomikoa hautsi eta bizibide guztia jarriko zukeen arriskuan.

Egin berri dugun azterketan, iraganeko, gaur eguneko eta etorkizuneko belaunaldiek osatzen duten komunitatearen ongizatea beste edonolako interesen gainetik jartzen duen mundu ikuskera agertzen zaigu, beraz. Eskubideetan oinarritutako gizarteetan ondasunak errespetatu beharra azpimarratzen da, ekiteko askatasun eta berdintasun abstraktua; arduran oinarriturikoetan aldiz, erantzukizuna. Euskal Herrian besteekiko eta ondasunekiko arduran oinarrituriko gizartea genuela erran genezake. Herri, auzo, etxe zein gizartekideen arteko harremanak elkarrenganako zor, erantzukizun edo betebeharrean oinarritzen ziren.

Bestalde, lanari garrantzia ematen zion mundu ikuskera ageri zaigu. Ondasun iraunkorrak nehorenak ez ziren heinean, lanak edota erabilerak berak ematen zuen hauetaz gozatzeko eskumena. Alferkeriarako toki gutxi uzten zuen gizartea zen beraz. Lurraren propietaterik ez zen, lana baitzen ondasunen oinarri eta iturburu bakarra. Horrela ulertzen da lanak gizarte honetan zuen mirespena.2

Ororen buru, komunitatearen ongi izatea interes indibidualen gainetik jartzen duen gizarte antolaketa gorpuzten dute esaera zaharrek. Ondasunak eskuratzearen oinarrian komunitatearen lana egonik, zaintza, betebehar, ardura eta erantzukizunari loturiko jabetzaren ulerkera bat azaldu zaigu.

Non geratu zaizkigu bada esaera zahar hauek? Ederki hartu digute honezkero hautsa.

Nola erabiliko ditu baina esaera zahar hauek, guztiz bizi lege ezberdinak dituen euskal gizarteak? Euskaldunok ba al dugu jada inguruko kulturetatik bereizten den bizi legerik?

Sortu beharko ditugu nahitaez kultura kapitalistarenak baino hobeak.

Arbasoen kultura hau, iragan mitifikatu bat baino, izan bedi etorkizuna eraikitzeko ikasleku.



[1]              Pako Garmendiak Patxi Juaristiren Euskaldunak eta Ondasunak liburuan idatzitako hitzaurretik.

[2]              Juaristi.P. (2001), Euskaldunak eta Ondasunak. Pamiela.