ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en Castellano

Urria ere aurrera doa eta konturatzerako sartu gara berriro ikasturte berriaren egunerokotasuneko errutinan. Ikasturtea aurrera joan ahala, unibertsitate eta ikastetxeetako mugimendu sozialista pixkanaka martxa hartu eta ikasturte honetako erronkak definitzen ere ari da. Erronka hauetaz eta ikasleok antolakuntza eta borrokarako pausua emateko daukagun beharraz idatzi dut ondorengo lerroetan.

Baliteke, testu hau irakurtzen ari den hori unibertsitateko lehenengo urtea hasi berri duen norbait izatea. Zorte gehiagorekin, irakurtzen ari den hori, bere intuizio politikoei jarraiki, ikasle dinamika edo antolakuntza moduren batean parte hartzeko aukeran pentsatzen ari den ikaslea da. Izan ere, lehenengo begiradan bitxia badirudi ere, unibertsitateko ikasle borroketan fenomeno orokortua da ordurarte politikarekin edo, konkretuago, militantzia politikoarekin harremanik izan ez duten ikasleek parte hartze aktiboa izatea. Sarritan inplikazio eta konpromiso hau urteetan mantentzen da gainera. Fenomeno hau zergatik gertatzen den jakitea ez da erraza. Baliteke  inguru eta bizi errutina berri batek intuizio edo egonezin hauek sortu eta bideratzeko erraztasunak eskaintzea. Hala ere, argi dago errepikatzen den fenomeno bat dela eta unibertsitateak arlo honetan langile antolakuntza eta borrokarako eskaintzen digun aukera ez da inolaz ere gutxiestekoa.

Fenomeno sozial honen jatorria edo zergatia ezagutzeari ekarpena egiteko intentziorik gabe, ikasle dinamika eta borrokekiko jakin-mina duen ikasle horri idatzi nahi diot, antolakuntzarako pausua eman eta bere ekarpena egitera ausartu dadin. Edo gutxienez, norabide horretan gauzak argitzeari ekarpena egiteko helburuarekin.

Baina, zertarako antolatu? Edo galdera hobeto kokatuta, zergatik egin beharko genuke politika? Sarri errepikakorrak izaten diren galdera hauek dira agian argitzen saiatu beharreko lehenengo galderak. Errepikakorrak diot, militanteoi behin baino gehiagotan bururatzen zaizkigun galderak direlako, testuinguruaren arabera forma positiboan edo negatiboan adierazi daitezkeenak.

Burgesiak politika bere boterea bere instituzioen bitartez kudeatzea dela sinestarazi nahi badigu ere, guretzat, politika proletalgoaren indarren antolakuntza eta aplikazioa da, burgesiaren boterea lehiatzeko helburuz gauzatua dena. Definizio orokor hauek ordea gutxirako balio dute euren baitan dauden inplikazio zehatzak ulertzen ez baditugu. Mugimendu sozialistarentzat, politikaren ulerkera honek unibertsitateko langile sektoreen (ikasle, garbitzaile, ikerlari, administrazioko langile...) antolakuntza eta ekintza batasuna antolatzea du jomuga, sektore horien bizi baldintza hobeak borrokatu eta unibertsitatearen kontrol edo botere kuotak irabazteko helburuarekin. Finean, unibertsitateko proletalgoaren defentsa antolatzeaz ari gara. Horra hor auziaren funtsa, ikasle langileon antolakuntza bidez ez baditugu gure interesak bermatzen, politika burgesera kondenatu nahi gaituzten ikasle eragileen edo unibertsitateak aurpegia zuritzeko dituen ikasle instituzioen esku utziko dugu gure interesen aldeko borroka. Esan gabe doa, hauengandik espero dezakegun bakarra gure interesen etengabeko traizioa baino ez dela. Are gehiago bizi ditugun krisi garai hauetan, aurreikusgarria bezain erreala delako ikas baldintzen zein lan baldintzen okertze sistematikoa, baita unibertsitatea eremuan ere.

Aipatutako bidegurutze horretan, duintasunaren posizioa borrokarena da: proletalgoaren interesen defentsaren bitartez bizi baldintzak hobetzeko eta etorkizuneko generazioen baldintzen alde borrokatzea da duin bizitzeko egokitu zaigun aukera bakarra. Garai historiko baten eta Euskal Herriko aurreko ziklo politikoaren dekadentzia prozesuan bizitzea egokitu zaigunontzat, militantzia politiko proletarioa da aukera duin eta ausarta, mundu zaharrarekin arlo politiko eta pertsonalean hautsi eta berrirako oinarriak jartzea alegia.

Era berean, proletalgoaren defentsaren borrokan murgiltzea da ezarri zaigun gazte izaera burgesetik arnasa hartzeko modu bakarra. Erantzukizun eta konpromisuei fobia dion gazteriaren (ondorioz ikasle ere bai) eredu burgesaren aurrean, bere erabakien ondorioen kontzientzia duen gazteria da proletalgoen intereseko borrokan eraikitzen dena. Duintasunaren adierazpena izateaz gain, heldutasun eta erantzukizunaren eraikuntza prozesuan murgiltzea ere bada proletalgoaren defentsarako pausua ematea.

Printzipio hauen baitan ez bada, ezin da ulertu, esaterako iaz EHUko kanpus guztietan, fakultate batzuekin elkartasunez, 12.2 artikulua aldatzearen alde antolatu ziren dinamikak. Baita ere Tolosako Orixe institutuan ebaluazio irizpideak hobetzeko egin zen manifestaziora Euskal Herriko hamaika txokotatik hainbat ikasle zein langile mobilizatu izana. Berdin Txantreara Eunate institutuko bideo-bigilantzia kamerak kentzearen alde mobilizatzea.

Ez dago zalantzarik iazko urtean aurrera pausu nabarmenak eman genituela ikasle langileon interesen defentsan. Borroka esperientzia hauetatik eta, nola ez, hamarkada luzeetako borroka kulturaren ondareetatik gureganatu ditugun irakaspen eta indar guztiekin gatoz aurten ere. Pausu sendo eta handiagoak emateko helburua daukagu, eta bide horretan gaitasunak biderkatu eta garaile izango garen borroka berriak abiatzeko, zure indarrak ere batu nahi ditugu. Ongi etorri!