Generazioa giza multzo historiko konkretu bat litzateke, produkzio forma zehatz batek determinatutako garai berberean sozializatutakoak. Sozializazio horretatik, komunean ematen den jardun sozial horretatik, ezaugarri kultural eta subjektibo espezifikoak eratortzen dira. Izatearen osaketa fasean, sortzean, bereziki sentibera denean norbera, bereizgarri estruktural horiek asumitzen dira, generazio horri partikularra zaion izate bat gorpuztuz. Izate horretatik abiatuta garatzen du jarduna norbanakoak, interakzioan, norabide zehatz batean, garaiari dagozkion muga eta aukerekin. Plusbalioaren erauzketaren logikaren baitan marraztutako joko zelai horrek sortutako dinamika zehatzek, identitate kolektibo bat sortzen dute, aurreko ziklo politiko-ekonomikoetako generazioekin hausturan, eta horrek, nabariago batzuetan baina ia beti agerikoa den gazte mugimendu baterako aukerak sortzen ditu.
Sortu diren adina forma hartu dituzte gazte borrokek kapitalismoan, garai anitz zein aldarrikapen ezberdinekoak, bukaera eta ondorio diferenteak izan dituztenak. Baina borroka ezberdinak ikusita kapitalismoak gazte borrokekiko harreman ezberdinak garatzen dituela ikus daiteke, modu batera edo bestera, maiz borroka hauek bere logikaren baitan asumitu eta eraldaketarako aukera errealak ezabatzen dituelarik. Dinamika edo harreman horiek, gazte esparrutik haratagoko borroketan ere gerta daitezke, eta era berean ez dira gazte borroka guztietan egoten, noski.
Kapitalismoak, produkzio sistema hegemoniko gisa, dinamika sozialak bere logikaren baitan barne biltzeko gaitasuna du, eta askotan hori izaten da gazte borroken garapena. Borroka horiek kapitalaren logikaren baitan bi eratara asimilatzen dira: borrokaren esperientziak masa-kultura elementuetara murriztuz edo, bestela, instituzionalizatuz.
Masa-kultura elementuetara murriztea litzateke, esaterako, mugimendu edo korronte baten borroka espresio oro auzi estetiko batera murriztearena, adibidez, Mod-en edo Teddy Boys-en kasuak Ingalaterran. Horien espresio kulturalak, musika zein janzkera esaterako, guztiz bereganatu zituen merkatuaren logikak, gaur egun mugimendu horien arrasto bakarra ondare estetikoa delarik ia. Estetika hutsetik haratago edo arte espresio puntualetik aparte, borrokatik kultura alternatibista faltsua oinordekotzearena legoke. Borroka antikapitalistetatik etika iraultzaile erreala garatu beharrean, moral burgesa erreproduzitzea litzateke. 60eko hamarkadako AEBko matxinaden ondoren jaio zen kultura hippya litzateke horren adibide. Borrokarako grina eta proletariotzaren eskubideen defentsa aldarrikatzetik urruti, moralkeria merkea. Horrelako mugimenduek kultura iraultzailea neutralizatzen dute, sistema hegemonikoaren mesedetan, izan liteke, esan bezala, estetika iraultzailera murriztuz edo alternatibismo faltsua sustatuz.
Beste bide bat borrokaren integraziorako, instituzionalizazioarena da. Masa borrokaren integrazio politikoa ematea, zuzenean estatu aparatuetan integratuz eta proletariotzaren gehiengoa alboratuz. Adibide litzateke, etxebizitza eskubideen aldeko gazte borrokek alokairu sozial iritsezinetara izaten duten inboluzioa. Horrela, estatu aparatuek kaleko aldarriak lasaitzen dituzte eta borrokaren ordezkapen figura burokratizatuak sortzen dituzte (GKE, ministerioak...), eta horrela, berriro ere, klase borroka neutralizatzen da. Gainera, instituzioak zilegiztatzen dira horrela, aldaketa marko burgesen baitan posible denaren ilusioa sortzen baita.
Baina, integratzeaz aparte, burgesiak finantziatzen eta hauspotzen dituen gazte borrokak daude. Gazte borroka horiek kapitalismoa produkzio sistema bezala indartzeko, lurraldearen gaineko kontrola ezartzeko edo bestelako interes geopolitikoak exekutatzeko tresna gisara, zein kapitalaren modernizaziorako trantsiziorako baldintzak jartzeko balio dute. Izan ere, kapital harremanak berezkoa duen hazkunderako beharragatik, hots, esplotazioan sakontzeko beharragatik, esparru berrien merkantilizaziorako eta produktibitatea handitzeko eskura dituen aparatu guztiez baliatzen da burgesia. Zer esanik ez, kapitalaren akumulazioa behar besteko etekinik ematen ez duenean, edo produkzio sistema hegemonikoa ez denean. Mota horretako eskuhartzea ikusi ahal izan genuen 2014. urtean; oihartzun handiz zabaldu zen AEBko gobernuaren interbentzioa Kubako herrialdean, adibidez.
Azkenik, burgesiak merkatu berriak irekitzeko beharrizanari erantzungo dioten gazte borroken auzia azaldu nahiko nuke. Adibide moduan, azken aldian nabarmen hasi den ekologismoaren aldeko borroka hartuko dut. Greta Thunberg gaztea irudi den mugimendu mediatikoak, krisi klimatikoaren diskurtsoa urardotzeaz gain eta borrokatu beharreko auzi errealak azaleratzetik urruti, kapitalismo berdearen ideiaren egonkortzean eragin du. Ecofriendly merkatuak hedatu dira eta produkzio modu berriak txertatu dira. Auzi errealari heltzeko, hau da, produkzio kapitalistari seinalatzeko aukerak zaildu ditu, performancearen politika bultzatu da, eta kapitalismoa zein burgesia dira indarberrituta atera diren bakarrak.
Erraza da, logika burgesaren baitan, politika burgesaren eta horrek inposatzen dituen markoen baitan, borroka bat diseinatzea, nahi ez bada ere. Erraza da borondate iraultzailea izanda ere, kapitalismoak zeure diskurtsoa desklasatu eta erreforma instituzional soil bat edo masa kulturaren apendize bat bilakatzea. Horregatik, batetik, lana daukagu kapitalismoak bereganatzen dituen borroken nolakotasuna xehatzen eta kapitalismoak bere egiten dituen elementuak ezaugarritzen, baina argi dago, estrategiarik gabe, oinarri ideologiko sendorik gabe eta performance bidez masa akritikoen mobilizazioarekin errazago bereganatzen dituela borrokak kapitalismoak. Ez badago klase independentziarik eta ez badago klase antagonismoaren printzipiorik, kapitalismoak borroka irentsiko du. Izan ere, berebiziko garrantzia du, estrategia sozialistaren baitan gazteak mobilizatzea eta antolatzea. Errealitate osoaren gaineko ikuspegiak eta berau interpretatzen jakiteak, tartean etsaiari mesedegarri zaizkion posizioak eta garaiak identifikatzea eta borrokatzeak, baimenduko baitigu hurrengo pausua bide onetik ematen, batzuetan zuzenena ez bada ere, irentsi ez gaitzan.