2019/05/31
Ez gaude
feminismoaren aurka, ezpada, feminismo burgesaren aurka: kapitalismoa bere
horretan uztea helburu duten petatxuak jartzen dituen, emakumea subjektu
unibertsal gisa ulertzen duen, zein ezberdintasunak politikoki aurrez aurre
jartzen dituen eta iraultzaren xedea borondate indibidualaren baldintza gabeko
gauzapena dela defendatzen duen feminismo burgesaren kontra, hain zuzen. Aldiz,
errealitate burgesa errotik eraldatzea ahalbidetuko diguten pausuak
egikaritzea, kapitalismoak ezartzen dizkigun bereizgarriak deuseztatzea, zein
norberaren berezitasunak askatzea eta kolektiboaren gaitasunak antolatuz
guztion beharrak asetzea helburu duen feminismo horren alde gaude. Langile
feminismoaren alde, alegia. Zu ez ala?
Aurkakotasuna
egon arren, badakit askotan zaila izaten dela, begirada-kolpe bakar batez, bi
korronte hauen arteko kontraesana ikustea. Guk geuk ere askotan zalantzak
izaten ditugu egiten dugunaren zuzentasun mailarekin edo inguratzen gaituzten
espazio postmodernoen ekintza batzuk egokiak izatearen aukeraren inguruan.
Arrazoi mordo batek bultzatzen gaitu ezbai horretara: hitzen erabilera okerrak,
baita manipulazioak ere; geure egitasmoekin kontraesanetan egoteraino eramaten
gaituen programaren eta praktika politikoaren arteko loturarik ezak;
perspektiba historikoa duten balorazioak egiteko ezintasunagatik, baita
zuzenean ezgaitasun politikoagatik ere, egiten dugunaren ondorioen dimentsioaz
ez ohartzeak... Adibidez, egunerokotasuna militantzia eredu kontrairaultzailea
sustatzera bideratzen duen eragile batek bere burua langile feminismoaren
ordezkaritzat hartzen duenean, emakume langile guztiak bertan biltzen, eta
horrenbestean, mendean hartzen ahalegintzen denean, emakume langileok bizitzen
dugun talkaren definizio ezegokia sortzen du. Bestela esanda, langile
aristokraziako emakumeek haien burua langile feminismoaren ikur bilakatzeko
egiten duten saiakerak, klase borroka desitxuratzen du: gure ikuspuntua lohituz
eta potentzialtasuna antzutuz.
Era batekoak
ala bestekoak izan, errealitatea lausotzen duten bitartekoek nahasmen
politikora bultzatzen gaituzte. Emakumeon askapenaren izenean egiten den
edozein adierazpen bere bat-batekotasunean epaitzen dugu, eta horien ustezko
asmo onak itsutzen gaitu. Amarru ilunenak erabiliz, gu liluratzea lortzen dute,
alegia. Adibidez, etxekoandreen auziari dagokionean, emakume hauek oinarrizko
beharrizanak asetzeko zein sozializatzeko gaitasuna edukitzea guztiok
beharrezkoa ikusten dugunez, maiz, behar hori ikusteak, etxekoandreentzat
soldata bat eskatzen duen aldarri historikoarekin bat egitera bultzatzen gaitu.
Jarrera hau, ordea, gehienetan intuiziotik garatzen dugun jarrera izaten da,
alde batera uzten baitugu: batetik, etxeko giroan egiten diren lanak
perspektiba sozialista batean antolatzeak zer esan nahi duen, bestetik, emakume
hauek dauzkaten beharren konplexutasun maila eta, azkenik, etxeko lanak era
orokortu batean soldatapeko bihurtzeak dakarren eragin soziala. Ondorioz,
emakume langileen ustezko defentsan eta borroka feministaren izenean, gure
harreman pertsonalak truke balioaren baitan gauzatzea sendotzen dugu; itxura
proletarioa hartzen duen, baina, egiaz proletalgoa soldataren kateetara estutu
baino egiten ez duen feminismo burgesa babestuz.
Feminista
goitizena daraman edozer onuragarritzat hartzen den anabasa honetan galduta
segi nahi ez badugu, berehalakoan ageri zaiguna arakatzen hasi behar dugu:
sustraira, sakonera jo. Ikusten dugun edozein mugimendu, baita feminista ere,
berau eratzen den testuinguru politikoarekin lotu behar dugu. Adierazpen horiek
nondik datozen ikertu behar dugu, nora garamatzaten aurreikusteko eta, ahal den
neurrian, guztia ontzat hartzen duen
uholdeak gu berarekin eraman ez gaitzan. Kapitalismoa eraisteko saiakeran,
beste behin, beharrezkoa zaigu gure jardun feministak dauzkan ondorio sozialak
neurtzea, kolokan jartzen dena gu geu izan ez gaitezen.
Mugimendu
Feminista bitan banatzen duena ez da berau osatzen duten kideen borondatea,
asmoa, ezta klase soziala bera ere. Bere baitan aurkakotasuna sortzen duena,
ekinbide feminista bakoitzak errealki indartzen duen botere soziala da: hau da,
zapalkuntzen aurkako borroka gauzatuz, errealitatea kapitalista elikatzen ala
berau irauliko duen indar politikoa elikatzen duen. Beraz, gure praktika
politikoaren klase izaera, ez du kapitalismoa errotik suntsitzeko eduki
dezakegun borondate iraultzaileak, guztiontzat bizigarria den harreman sozial
bat eraikitzeko asmoak edo geure langile izaerak determinatzen; baizik eta,
hain zuzen, praktika horren bitartez errealki sortzen dugun eragin politikoak.
Kontraesana honakoa dugu beraz: praktika politikoa kapitalismoari naturala edo berezkoa zaion harreman
eredu indibidualista mantentzera zein betierekotzera bideratzea, ala kontrara,
harreman eredu indibidualistaren jatorriaren konplexutasuna (ekoizpen prozesuan
kokatzen diren bi klase sozial antagonikoen existentzian eta euren arteko indar
harremanetan oinarria duena) ulertzetik abiatuz, eredu honen etengabeko
erreprodukzioa bermatzen duten baldintzen aboliziora bideratzea. Horrenbestean,
nahimenik zintzoena izanda ere, bere militantzia norbere burua sendatzeko
jardun isolatura bideratzen duenak, nahiz oharkabean izan, langile feminismoa
indartu beharrean, feminismo burgesa hauspotzen du. Zentzu honetan, militanteon
arteko harremanak urgentziaz hausnartzeari eta lantzeari uko egiten dionak ere,
sozialismoaren eraikuntza trabatzen eta feminismo burgesa elikatzen bukatzen
du.
Hau kontuan
hartuta, feminismoaren baitan azpi modalitate asko dauden arren, korronte
guztiak, guzti-guztiak, bi korronte nagusiren baitan bildu daitezkeela baiezta
dezakegu: harreman kapitalistatik at langileok daukagun biziberritzeko
gaitasuna elikatzen dutenak, edo alderantziz, burgesiaren logikan are gehiago
hondoratzen gaituztenak. Langile feminismo bat behar dugu, orain eta hemen bizi
garelako, gu geu zurrunbilo batean bihurtzen gaituzten presioek testuinguru
historiko zehatz bat dutelako. Sistemak zapaltzen gaituela esaten dugunean,
kapitalismoa gainditzeko beharraz ohartzen garelako; genero zapalkuntza
kasualitatea ez dela diogunean, kausalitatea argitara ateratzeko premia
dugulako. XXI. mendeko Euskal Herrian hezitako emakume gazteak garelako, eta
gure zapalkuntzak inguruabar honi erantzuten dionez, gure praktika politikoa
arazoen sorburuari eta honek gurean hartzen dituen ezaugarri bereizgarriei
aurre egiteko antolatu behar dugulako. Gure lurraldean bizitzeak sortzen
dizkigun berehalako premiak iraultza antolatuz asetzeko betebeharra dugulako;
hots, oinarrizko beharrizanei sozialismoaren eraikuntzaren baitan aterabidea
emateko zeregina dugulako.
Barrena
ihartzen digun sumin guzti hau itzali nahian, noraezean, hara eta hona
trabatuta gabiltzan honetan, langile feminismoa behar dugu gure baitan
daramatzagun kezkak hauspotu, zalantzak erantzun eta muinera iristeko. Gure
ikuskera sakonduz eta jarduna zorroztuz, grin iraultzailea praktika iraultzaile
bihurtzeko.
Beste behin,
gure jardunak defendatzen dituen klase interesekin zalantzati bagaude, galde
diezaiogun geure buruei: egiten ari garen honek nor indartzen du?