ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Gaur Errobiz hitz egin nahiko nizueke, gure ondare kulturalaren parte, ezagutu beharreko taldea baita ene ustez. Izan ere, lehen euskal rock taldea izan zen, Mixel Ducau eta Anje Duhalde musikari lapurtarrek 1973an sortua.

Arrakasta handia izan zuen Errobik. Hegoaldean, esaterako, haien kantak garaiko dantzaldietako errepertorioen parte bihurtu ziren. Hori guti balitz, Ametsaren bidea euren laugarren diskoa izan omen zen aditu batzuen ustez, Euskal Herriko disko progresistarik onena. Errobik Euskal Herrira proposamen musikal berria ekarri zuen. Hitzei erreparatu nahi nieke nik, ordea.

Gure lekukotasuna kantua aipatu behar dugu hasteko, bertan azaltzen baitute taldekideek eurentzat kantatzeak duen zentzua. Lehen ahapaldian, Euskal Herriaren zapalkuntza giroan kokatzen dute euren kantua. Olerkiak ezer guti direla aitortzen dute, baina herria nolabait zerbitzatzeko xedez, iraultzaren lan-banaketaren parte ulertzen dute horien ekoizpen artistikoa. Kantu honen azken partean, eurei, eskertua izaten den ardura tokatu zaiela aitortzearekin batera, beharrezkoa lana egitea dela azpimarratzen dute. Euren kantuak lekukotasuna izan nahi duela adieraziz, borrokarako deiarekin bukatzen dute abestia.

Errobiren hainbat kanturi klase ikuspegia darie. Lantegiko hamar manamenduak da horietako bat. Laneko kondizioa agertzen zaigu, nagusiaren errendimendurako, nagusiak langileriari pairarazten dion sumisioa azaleratzen da kantuan, nagusiarentzat esklabo bizitzea, alegia. Mezu antzekoa du Nagusiaren nigarrak kantuak, zeinetan nagusiaren eta langilearen kondizioen kontrasteak azaleratzen zaizkigun. Argi geratzen da zertara kondenatzen duen langileria nagusiak eta nola nagusiaren zerbitzuko egotearen mentalitatea sartzen dion. Baina harrigarria da mezu hau transmititzeko hautatzen duten moldearen indarra. Bi kanta horiek, bai hitzetan bai musikalki, ironia eta sarkasmoz beteriko abestiak dira, errepikapenez egituratuak eta modu apurtzailean musikatuak, horrela, molde inpaktantean iristen da mezua entzulearengana.

Xileko langileria kantak langile borrokaren lekukotasuna dakar, Txileko gogo iraultzailea nola bortizki zapaldua izan den kontatzen du: «Uste ukan dute bai eguzki gorrail hori gorriagotuz joanen zela ta zuzen den bezala klase gabeko gizarte bat, eginen zutela». Errepresio latzaren kontakizuna egiten da kantuan, eta jarraian formulatzen da zuzentasuna ez dela zerutik lortzen, borrokatuz baizik. Langile borroka eta internazionalismoaren ideiak topatzen ditugu abestiaren azken zatian: «Xileko langileria lurrera eroriak eta Euskadiko langileria zutitzen hasiak, zein diren elkar iduriak».

 Kuia lilien erromeria kantuak bestalde, barregarri uzten ditu hauteskundeak. Bozkatzeak zentzurik ez duela da abestiaren mezu nagusia, amaierako trufazko metaforak ezin hobeki adierazten duen gisan: «kuia lilien erromerian, beti berak gara asto».

Nora goaz? kantua ere aipa genezake, zeinetan herriaren heriotza dakarten lege arrotzak salatzen dituzten, baita nolabait antzinako bizibidearen bortxazko suntsiketa ere: «Itsas bazterra hartu dute bai eta etxe zaharrak, artzain borda edo etxolak, arbasoek utzi lurrak. Eta orain nahi digute mendia ere ebatsi, nola deabru beharko dugu hemendik aintzina bizi?». Turismoaren garapenaren salaketa eginez,  «Atzar hadi! Atzar hadi! Ene euskaldun haurride» mezuarekin bukatzen dute abestia.

Azkenik, beste hainbat gairen artean, gudariei zuzenduriko Hi kantua aipatuko genuke, hona zati bat: «Hi: gau iluneko gudari, izen gabeko gudari. Hi: bihotz haundiko gudari, amodiozko gudari. Hi: herria, herriagatik gudari. Hi: langilea, langileagatik gudari». Ez dira gudarien goraipatze hutsean erortzen, ordea, kantuko azken esaldian dioten bezala, gudariak kidetzat baitituzte.

Horrelako edukiak transmititzen zituzten Errobi taldearen kantuek, baina, egiari zor, Daniel Landartek idazten zizkien hitz gehien-gehienak. Kanta ausartak ziren formari eta musikari dagokienean, molde horrek haustura baitzekarren garai hartan. Arrakastari begira. alta, erran genezake irisgarria izan zela musika eta jendea identifikatzen zela hitz horietan. Izan ere, hartzaileak zuk bezala pentsatzen duenean baizik ez dute funtzionatzen, trufa, ironia eta sarkasmoa bezalako baliabideek, borrokarako deiek eta ideia politikoki hain engaiatuek bezala.

Errobi Euskal Kantagintza Berriaren eta Euskal Rock musikaren garaien artean kokatzen da, batetik besterako jauzian nolabait. Euskal Kantagintza Berria, besteak beste, ETAren eta ikastolen sorrera garaiko kantaldi politikoek ezaugarritzen dute, euskal kulturaren edo Euskal Herriko borrokaren alde konprometituta zeuden musika taldeek, hain zuzen. Halako ilusio bat nabari zen giroan, autoafirmazioa eta borrokan sinestea. Garai hartan, Arestiren olerki bat musikatua honela kantatzen zuen Oskorri talde ezagunak: «...eta orduan,/ orain hasi den burruka luze honetan/ nork bere lekua/ kontzienteki eta erresponsableki hartu ondoren,/ oferta eta demandaren erreinua/ abolituko dugunean,/ gizonak ez dira langosta-plato bategatik salduko,/ andreak ez dira ez gau baterako/ eta ez gau guztietarako/ erosiko,/ Euskal Herrian ez da klase sozialik izango,/ eta euskaldunak/ zoriontsuagoak izango gara». Frankismoaren azken urteetan eta borroka indartsuaren testuinguruan, zapalkuntzarik gabeko gizartea da ortzimugan dagoena, eta garai hartako kanta askok itxaropen horixe islatzen dute.

Argi da inguruarekin batera aldatzen direla ideiak; artista ingurune jakin batean sortzen da eta ingurune horri kantatzen dio. Ekoizpen artistikoa, garaiaren argazki gisa har liteke, sortua den garaiko prozesu politikoek osatzen dute, eta prozesu horiek elikatu eta indartu ditzakete artistek. Errobi taldearen kantuak ekarri nahi izan ditut hona, batzuek estralurtarrak bagina legez begiratzen gaituzten arren, gure ideiak ez baitira zerutik etorritakoak. Badaukagulako ondare kulturalik, eta gaur egungo proposamen artistikoek asetzen ez bagaituzte, atzera begira eduki genezakeelako zentzu berriturik zer geureganatua.

Errobiren abestiek ez lukete berdina transmitituko, gaur egun, kantari horien beraien ahotan edo ideia horien alde borrokan ari direnenetan. Izan ere, ingurunea birpolitizatu ezean, kanta horiek ez dute zentzurik, jendeak ez baititu sentitzen. Kontrara, izugarria zatekeen garai hartako kantaldi politikoetan sentitzen zen ilusioa: kantarien, kantatu kantuen eta entzuleen amets, borroka eta sentipenen bat etortzearen indarrez elikatua. Orduko kantei balio sozial handia aitortzen zitzaien, besteak beste, kontzientziak pizteko balio baitzuten.

Ez al digu aberri egunean Txoriak txori  kantatu izanak, borrokaren bilakaera adierazteaz gain, garai hartan kantek zuten zentzua eta balioa zenbat aldatu den erakusten?

Gisa berean, «kultur sortzaileek», greba digital baten bidez, euren sorkuntzaren balioa aldarrikatzeko beharra sentitzeak, hain zuzen ere, horrexen galera adieraz diezaguke. Baina are gehiago, aldarrikapen hau diru sarrerarik gabe gelditu direnean egin izanak, ez al digu bada asko esaten sorkuntza artistikoari esleitzen zaion balioaz?