ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano 

Pasa den azaroaren 1ean aukera izan nuen Salda Badago jardunaldi feministetara gerturatzeko. Han nengoela, jardunaldiei hasiera eman zien mahai-inguruan ezin sinets nitzakeenak entzun nituen. Eta horiek dira, nire eskema guztiak hautsi zituzten baieztapenak, ikuspuntu honetan jorratu nahiko nituzkeenak. Izan ere, nire harridurarako, Bilgune Feministako kidea, bere hitzartzean, krisi kapitalistak utzitako ondorio lazgarriei erantzuteko metodo analitikoak eguneratzearen beharraz mintzatu zen: zehazki, erreprodukzio sozialaren markoari aitortzen zion erronka horretarako potentzialitatea.

Zinez uste dut jardunaldi feministetan horrenbeste txalo jaso zituen baieztapen horrek Bilgune Feministaren maniobra politiko oportunista bati baino ez diola erantzuten. Oportunista diot, prozesu sozialistaren gorakada izan delako, zalantza izpirik gabe, klase terminoen erabilpen behartura bultzatu dituena. Baina testu honetan frogatzen saiatuko naiz, erreprodukzio sozialaren tresna analitikoak erdi bitarteko klasearen fundamentu politikoei onargarria zaien marko teoriko bilaka daitezkeela, baldin eta horiek ez badira lotzen prozesu sozialistan agertzen zaizkigun erronka taktiko nagusiekin. Hau da, baldin eta ekintza teorikoaren abiapuntua ez bada optika proletarioa.

Erreprodukzio sozialaren teoriaren (EST) bultzatzaile nagusietako bat dugun Tithi Bhattacharyarentzat[1] [2] gizartearen funtzionamenduari heltzeko gakoa, ekonomiaren azaleko agerkuntzak gainditzean eta ekonomia gainerako espresio sozialak baldintzatzen dituen dominazio harreman bat bezala ulertzean datza. Lehenengo baieztapen analitiko hori garrantzi politiko handikoa da. Izan ere, ekonomia bat-batekotasunean atzematen dugun eratik abiatzen bagara, ondoriozta genezake esfera politikoak eta hartu-eman ekonomikoek esparru autonomoak osatzen dituztela. Hori horrela, kapitalistek langileok zapaltzeko dituzten moduen inguruan pentsatzean, mekanismo ekonomikoak besterik ez litzaizkiguke burura etorriko (lan orduak igotzea, soldata jaistea...). Horren moduko pentsaerek goitik behera baldintzatzen dute gure praxi politikoa. Mekanismo hertsatzaileen aspektu ekonomikoa besterik ez badugu kontuan hartzen, argi dago balizko borrokek soilik ekonomiko gisa identifikatzen den hori izango dutela jo-puntutzat. Ikuskera horren adibiderik garbiena erdi bitarteko klasearen sindikatuak ditugu, euren interbentzio eremua asko jota lan baldintzen hobekuntza baita. Hots, soldataren negoziaketa hutsa baino ez dute bilatzen (soldata bera inoiz zalantzan jarri gabe).

Bhattacharyarentzat, ordea, ekonomikoa eta politikoa denaren arteko banaketaren ideia kapitalismoak berak sortu eta zilegiztatutakoa da. Itxurazko uste hori gainditu eta ekonomikoa harreman sozial modura hartzera gonbidatzen gaitu, dominazioa eta koertzioa berezkoak dituen harreman sozial modura. Hain zuzen ere, koertzioan oinarritutako boterearen erabilpen horren helburua da kapitalistak lan indarraren balioa (soldata) baino handiagoa izango den balio-kantitatea eskuratzea: gainbalioa. Lan indarraren balioa langilearen erreprodukzio kostuek baldintzatzen badute, bistakoa da honakoak etengabe jaistea interes burgesen funtsezko elementua dela. Xede hori eskuratzeko, ohartu behar gara hertsiki ekonomikoak diren mekanismoez harago (ekoizpen prozesuaren teknifikazioa, kasu), burgesiarentzat ezinbestekoa dela langileen ohituretan aldaketak eragitea (dieta merkeagoak bultzatzea, adibidez), edota hori zilegituko duten zapalkuntza modalitate ezberdinez baliatzea (esate baterako, emakumearen ardura soziala izatea lan-karga bikoitza edukitzea: soldatapekoa eta senideen zaintzarena). Horrela, langileriaren erreprodukzio-kostuak nabarmenki jaisten dira. 

Bestalde, nire ustez, ESTren tesirik garrantzitsuena hauxe da: erreprodukzioa eta kapitalaren ekoizpena loturik operatzen duten prozesuak direla. Are gehiago, Marxi jarraiki, burgesiaren boterearen dinamikaren fundamentua erreprodukzioaren eta ekoizpenaren arteko aldean dago: ekoitzitako produktu sozial osotik zenbat bereganatzen duen burgesiak (irabazia) eta zenbat bideratzen den langileen erreprodukziora (soldata). Gauzak horrela, Battacharyak ohartarazi nahi gaitu langileonganako ofentsibak lanpostua bera gainditzen duela, eta gure lan indarraren erreprodukzio-prozesuak ere hartzen dituela: elektrizitatearen edo etxebizitzaren prezioaren igoera, bizi-kalitatearen beherakada...  

Marko honek prozesu sozialistaren egungo auzi taktikoak argitzen lagun diezagukeen arren, ezin uka daiteke erreprodukzio sozialaren autoreek proposamen politiko ezin lausoagoa uzten digutela. Zentzu horretan, BFren tesi politiko gehienekin bateragarria iruditzen zait. Izan ere, Battacharyarentzat erreprodukzioaren esfera klase borrokarako eremua dela baieztatzeak honako hau defendatzea ekartzen du: langileen erreprodukzio sozialaren kalitatea aztertu eta hobetzea, hitz gutxitan esanda, langileei dagokien “zibilizazioaren zatia” biderkatzea (sic). Horri tiraka, aldezten du mugimendu feminista, ekologista, bakezale zein eskubide sozialen aldekoek (beren izaera politikoa edozein izanda ere) langileen bizitzetan erdigunekoak diren auziak mahai-gaineratzen dituztela.

Azken finean, autoreak hamarkadotan ezkerreko mugimenduen (EA barne) praxi politikoa marraztu duen Laclau-ren tesi hegemonistaren hain bestelakoa ez den politikagintza du buruan: marxismo klasikoak bateratu ezin izan dituen langileriaren askotariko beharrak bere baitan bilduko dituen proiektu politiko totalizatzailea eratzea. Laclauren arabera, ez da subjektu aprioristikorik, elementu diskurtsibo anitzen artikulazioaren bidez eraikitakoak baizik. Ezkerreko proiektu hegemonistaren helburua, beraz, neoliberalismoari aurre egingo dioten borroka demokratikoak artikulatzea da (emakumeen eskubideak, askapen sexualaren aldeko borroka, besteak beste), aldarrikapen horien arteko arteko baliokidetasun harreman bat ezarriz. [3]

Intersekzionalitatea dugu aldarri demokratikoen uztartzearen aldeko proposamen politikorik argienetakoa. Hain zuzen, Bilgune Feministak bere hitzartzean erreprodukzio sozialaren markoaren hautua egin eta minutu bira defendatutakoa. Zalantzan jartzen dut erreprodukzio sozialaren sakoneko azterketarik egin izana; izan ere, autore hauen hausnarketekiko interesik izan duen edonork jakin beharko luke pentsalari hauek ezagunak direla ere intersekzionalitateari egindako kritika gogorrengatik[4].

Edozein kasutan, susmoa daukat ESTren autoreek intersekzionalitatearekiko erakutsitako ukapena, euren marko teorikoak onar ezin ditzakeen ondorio politikoen bazterketa baino ez dela, a posteriori egindakoa. ESTren tresneria analitikoari berariazkoak zaizkion muga logikoek ekarri dituzte akatsok: esate baterako, erreprodukzioaren zirkuituak kapital-metaketaren prozesua zehazki nola indartzen duen gaizki ezagutzeak eraman gaitzake ez ulertzera zeinen estrategikoa den burgesiarentzat lan-indarraren erreprodukzio-kostuak etengabe gutxitzea. Hortik abiatuta, erreprodukzioaren zirkuituaren baitako edozein borroka ontzat ematea ager daiteke ondorio gisa (aldaketa klimatikoaren aurkako mugimenduak hauspotzetik pobreziaren aurkako kanpainak indartzera).

Hori guztia dela eta, ESTk, baldin eta prozesu sozialistan agertzen zaizkigun erronka taktikoekin lotzen ez bada, uste dut ulerkera partzialak onartzen dituela eta, beraz, esan daitekeela ez duela balio proletalgoaren askapen prozesuan. ESTk lagun diezaguke lan-indarraren erreprodukzio prozesuek kapital-metaketaren mekanismoa betikotzeko duten garrantziaz jabetzen, hau da, dominazio burgesaren egituraren konplexutasunaz jabetzen. Baina abiapuntuko gako hauetatik hasi beharrean gaudela deritzot (esan gabe doa BFk alboratutako auziak direla hauek): nola lortzen du egungo krisiaren koiunturan burgesiak langileriaren erreprodukzio-kostuak gutxitzea? Xede horrekin, zein paper betetzen dute langileriaren baitako zapalkuntza-modalitate ezberdinek? Zein botere posiziotan dago langileria bere etsaiarekiko? Zein defentsa fronte zabaldu behar dira konfrontazio horretatik geure botere posizioa indartzeko? Zein tresna politiko behar ditugu proletalgoaren boterearen eraikuntza prozesuan?

Ausartuko nintzateke esatera prozesu sozialista auziok askatzeko norabide egokian doala!


 

[1] Ikus testua osorik: https://marxismocritico.com/2018/03/05/reproduccion-social-del-trabajo-y-clase-obrera-global/