Apirilaren hogeita batean eta hogeita bian, greba digitala egin zuten Euskal Herriko kultur esparruko zenbait langilek eta eragilek. Hainbat izan dira bi egun horietan, eta aurretik eta ondoren, gaiari heldu diotenak –hainbat deialdia defendatzen saiatu direnak eta beste hainbat kritikatu dutenak–, eta zalantza sor dakioke bati ea haren inguruan ezer berririk esan ote daitekeen honezkero. Greba-deialdiak, ordea, kulturaren gaiari gagozkionontzat interesekoak diren hainbat elementu jarri ditu mahai gainean, eta merezi du, beraz, begiratu bat ematea.
Nik neuk ez nuen grebarik egin: emandako pistei jarraika ulertu dudan grebaren subjektuaren barruan ez naiz sartzen. Idazten dut tarteka poemaren bat edo kanta solteren bat, boladaren arabera gehiago ala gutxiago; «sortzen ditut», nahiago baduzue, baina ez naiz hargatik «sortzaile» izenarekin identifikatzen. Gizakion berezko ezaugarria da «sortzaile» izatea, imajinatibo eta eraldatzaile, eta hortaz ezaugarri unibertsal bat dena talde oso jakin bat izendatzeko erabiltzerakoan, profesionaltasuna inplikatzen duela intuitzen dut. Profesionaltasunak ere esanahi asko izan ditzake, baina ni ez naiz haietako batean ere sartzen. Halaber, «kulturgile» izenari ere ez diot erantzuten, egia esateko: kultura ez baita «egiten», edo den-denok egiten baitugu. Egiten eta ulertzen eta sortzen duguna kulturaren baitan egiten dugu, indar produktiboen garapenak historikoki zehaztutako ulermen eta ekintza egitura horien baitan. Eta, jakina, greba egin nahi bada, bi adiera horiek derrigor behar dute produktibitate kapitalistaren baitako zentzurik, produkzioa zentzu kapitalistan gelditzea esan nahi baitu grebak. Ez naiz ni, inondik inora ere, grebara deitua izan, beraz. Hala ere, deialdiaren aurreneko puntua gogoeta eta eztabaida soziala eragitea zenez gero, saiatuko naiz puntu batzuen inguruan hitz egiten, eztabaida sustatze aldera.
Greba-deialdiaren oinarrian euskarazko kultur ekoizpeneko prekaritate sakona dago. Artisten sektorea berez da sektore berezia, bere izaeragatik beragatik: ohikoenak aldi baterako lan-kontratuak eta estatus berezirik gabeko autonomo-izaera dira, diru-sarrera oso baxuak eta irregularrak, Gizarte Segurantzarako sarbide urria, kontraturik gabeko lanak eta beltzeko ordainketak. Kultur ekoizpenaren ezegonkortasuna eta prekarizazioa herrialde gehienetan gertatzen da, nik uste. Horri, ordea, euskarazko ekoizpenaren berezitasunak gehitu behar zaizkio: publiko-kontsumitzaile murritza du eta baliabideak urriak, industria kultural indartsu bat osatzeko. Hortik areagotzen da euskarazko artisten pobretzea.
Pobretze hori osasun-krisiak areagotu egin duela azalduta, beste puntu batzuk proposatzen dituzte greba-deitzaileek. Produkzio kultural eta artistikoak duen balio soziala gogorarazten digute, esanez haientzat «entretenimendu hutsa baino, [euren] sormen lanek bestelako balioak» dituztela, «komunitate bateko kide» sentiarazteko balio digutela batez ere. Hortik abiatuta, egoera larriari erantzuteko premiazko neurriak eskatzen dizkiete erakunde publikoei, eta horretarako «euskal kulturaren ekosistema» osatzen duten eragileekin parez pare biltzea eskatzen diete, ekosistema horren hobebeharrezko neurriak adosteko. Deialdian «kultur ekosistema» zehazki zeri deitzen zaion argi ez badago ere, termino bera erabiltzen dutenen beste idatzi batzuei erreparauta, ikusi dezake batek artistak, antolatzaileak, kontsumitzaileak, kritikoak eta abarrak biltzen dituen taldeaz ari direla, eta hortik azkar ondoriozta daiteke ekosistemak «kultur merkatu» esan nahi duela erabat. Ondorioz, motzean, deitzaileek eskatzen dutena zera da: merkatua indartzeko neurriak hartzea hain zuzen merkatuak berak sortu dituen miseriak gainditzeko. Horretarako, «kolektibo» berean sartzen dituzte antolatzaileak, erakundeak eta artistak, kontratatzaileak eta kontratatuak, irabaziak ateratzen dituztenak eta proletarizatutako langileak.
Artisten lan-sektorearen jardun sindikalaren loraldi baten hasieran egon gaitezke gurean eta, alde horretatik, segur aski ez dago sobera artisten langile kondizioari erreparatzea. Artista langilea izan da «artea» gaur ezagutzen dugun bezala izan aurretik ere. Are, «artista» adierak «artisau» moduko zerbait esan nahi zuenean eta hori baino askoz lehenago ere, gizakiaren lanak, materia eraldatzeko gaitasunak, bazuen dimentsio estetiko bat. Kontua da, begi-bistakoa den bezala, arte-ekoizpena espezializatu egin zela eta artista, langilea ez ezik, soldatapeko langilea ere badela egun. Ez dezala inork pentsatu hori gure garaiko kontua denik: Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan dagoeneko esana zuten burgesiak «soldatapeko langile soil» bilakatu duela poeta, eta harekin artista oro.
Horrekin justifika daiteke esparru kultural eta artistikoko langileen sindikalgintza, zeina, bide batez, aurreko mendeko hainbat esperientziatan topa baitezakegu –AEBko Alderdi Komunistaren bueltan 30eko hamarkadan sortutako The Artists’ Union edo iraultza aurreko Errusian sortutako Gazteen Batasuna, interesgarri zaizkidan bi aipatzearren–. Baina zergatik zioen Manifestuak artista soldatapeko langile «soil» bilakatzen dela? Gailendu den diskurtsoak merkatua erregulatzearekin eta soldatapeko erregimena orokorki aplikatzearekin lotzen du produkzio artistikoa «duintzea», baina beharrezkoa da sakonago jotzea: argi adieraztea lan artistikoa soldataren legearen menera uzteak ekarri dituen eta oraindik ekar ditzakeen kalteak. Hain zuzen, artearen merkatu baten existentziak beharrezko egiten du soldataren truke garatzea lan artistikoa, baina era berean egiten du beharrezko artearen eta kulturaren merkantilizazioa eta giza dimentsio estetikoaren kosifikazioa.
Nago, oraindik ere, artearen eta kulturaren merkantilizazioa fenomeno anekdotiko gisa ulertzen dutela gehienek, batzuen gehiegikeria gisa. Kapitalismoa balioaren legearen erabateko nagusitasunarekin beharrean oligarkiarekin soilik lotzen dutenek bezala, artearen merkantilizazioa MTVren eta Amazonen kontua soilik da batzuentzat, eta ez, esaterako, liburu-denda txikiagoena. Hori, nire ustez, muturraren parean duzunari ez-ikusiarena egitea da. Merkantilizazioa gaur egungo ekoizpen artistiko guztia, kontzeptualki eta praktikoki, modu guztiz hegemonikoan definitzen duen fenomenoa da. Ez die soilik industria kultural handiei eragiten, baizik eta artea ekoizteko eta kontsumitzeko modu guztiei. Merkantilizazioaren ondorio gisa ulertu behar ditugu, esaterako, ekoizpen artistikoaren homogeneizazio gero eta nabarmenagoa, artistek beren lana aurrera eramateko derrigorrezkoa duten apustu enpresariala edo, jakina, artisten ezegonkortasun ekonomikoa. Zein arte mota ekoitzi dezake harekin irabaz dezakeen diruari begira egon beharra daukan artistak? Eta publikoari ere, «entretenitzeaz» gain, zein modutara egin diezaioke ekarpena askoren artean beste produktu bat den artelanak? Zein modutan elika dezake horrek «komunitatea»?
Merkantilizazioa kontuan hartu gabe egungo esparru artistikoaren arazoak ebatzi nahi izatea aitzurra zorroztuta arrokari kolpeka aritzea bezala da. Ez dut uste, hortik, goraipatzen den ekoizpen artistiko zabal, duin eta kritikorik etorriko denik, inolaz ere.
Artistek eta kulturako langileek borrokatu beharra daukate beren lan-baldintza prekarioak hobetzeko eta, alde horretatik, nik bederen gustura hartuko nuke sektore horretako borroka sindikalak areagotzea. Ondo diote greba-deitzaileek «paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da» diotenean. Ni re ustez, hala ere, aldaketak errotikakoa behar du izan. Ez genuke ahaztu behar Adam Radomskik behin kazeta honetan zioena; alegia, «berehalako baldintzen inguruko borroka bere baitan agortzen dela eta askapenaren bidean ez duela zentzurik, ez badago kapitalismoa suntsitzeko borondateari loturik». Artearen zinezko garapena ekoizpen-modu kapitalistatik askatuta lortuko da, merkantilizazioa eta soldataren erregimena suntsituta. Zentzu horretan, sektore artistikoko lan-baldintzen hobekuntzen aldeko borrokak bere baitan eraman behar luke kapitalismoaren gaindipenaren ortzimuga, gizarte sozialistarena. Artista proletarioen premiak eta kezkak proletalgo osoarenak dira, eta berdin dira langile guztien premiak artistenak. Beharrezkoa izango da, beraz, artisten sektorea ere klase-batasunaren eta -independentziaren printzipioen arabera antolatzea, gaur dituen arazoak errotik ebatzi nahi baditu.