ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

1990ean, makinen bigarren aroa hasi zenean, potentzia informatikoaren hazkunde esponentzialak, Internetak eta teknologia digitalaren botere zein bizkortasunak ezaugarritu zuten. Ikusi ahal izan dugu hamarkada horrek zabaldu zuen aro digitalean produkzio ereduak nola fagotizatu duen informatika, eta nola pairatu duen lanerako erraminten informatizazioaren eragin kulturala. XIX. mendean, lurrun-makinak eskulanaren ezaugarritzearen logika beretik (eskulan kualifikatuaren beharraren agerpena, adibidez), teknologia informatikoaren garapena jakintza- eta produkzio-egitura guztien transformazioan ezinbesteko engranajea izan da. Giza logikaren parametro berriak ezarri ditu. Baina 90eko hamarkadan hasitako makinen aro oparoa 2007. urtean hasi zen krisiak determinatuko zuen. Izan ere, krisi garaian akumulazioa bermatu dadin, merkantzien zirkulazioa eta produkzioa eraberritu behar izaten dira, eta baldintza berrietara moldatu; zuzenbide-egiturari dagozkion jabetza pribatua moldatuz zein aldaketa tekniko-produktiboak emanez, besteak beste. Horrek guztiak aldaketa kultural handiak eragiten ditu: bizi eredua errotik aldatzen du, elementu berriak txertatuz eta emankorrak ez direnak ezabatuz. Krisian, gainbalioa metatzeko ezintasunak eta ongizate estatuaren gainbeherak eragindako aldaketa kulturalek langileriaren proletarizazioa izan dute ondoriotzat; lan-baldintzen zein bizi-baldintzen okertzea, alegia.

Elementu berriak gizartearen baitan txertatzeko, lan-indarraren izaera berritzeko, langilerian esku hartu behar izatea dakar. Interbentzioa modurik homogeneoenean egiteko ezaugarriak gazteriak betetzen ditu, batez ere, bi faktoreren ondorioz: batetik, etorkizun berehalakoenean lan-merkatura txertatuko den lan-indarra delako eta, bestetik, gaztaroa deritzon fasea izaera eta identitatea garatzeko aroa delako, erro sendorik gabekoa, baldintza horien baitan aldaketetarako erraztasun gehiagorekin.

Millennial deritzon gazte langile belaunaldiaren nolakotasuna lan-merkatura inkorporatzeko ezintasunak ezaugarritu zuen, 1980. urtetik aurrera jaiotako gazteok 2007. urtean hasi zen krisiak bete-betean harrapatu gintuen, hain zuzen, lan-merkatura inkorporatzeko garaian, eta Europan millennial izenez bataiatu zen belaunaldi honek Espainiar Estatuan «nini» izena hartu zuen. Gazte Behatokiaren arabera, EAEn 2013an, «nini»-en langabezia-tasa %42an zegoen (Europar Batasuneko bataz-bestekoa %19an), epe luzeko (12 hilabetetik gora) langabezia-tasak 2003koa bikoiztu zuen, eta aldi bateko lanaldiak EAEko gazteriaren kontratuen %70a ziren. Argi dago ekoitzitako eskulana lan-merkatura inkorporatzeko ezintasuna zuela burgesiak. Gazteria langilearen ezaugarriek ez zuten bat egiten merkatuaren beharrizan inmediatoekin, hau da, garaiko lan-merkatuaren baldintzak ez zetozen bat ongizate estatuak eskaintzen zituen baldintzekin eta baldintza berrietara moldatu beharra zegoen..

Aldaketa kulturalak bultzatzeko beharrizanen nondik norakoak akumulazio ziklo berriaren ezaugarriek nolakatu zuten. Aldaketa horien emaitza izan da Z belaunaldi edo Postmillennial izenaz ezagutzen den gazte espektroa; 1995. urtetik aurrera jaiotakoena bezela ezagutzen dena. Esaterako, Europar Batasuna bloke ekonomiko moduan indartzeko nahiak, edo behar baino gehiago ez ahultzekoak, lan-indarra ekoitzi behar zen Europan barna mugituko zena, oro har, bidaiatzeko prestutasuna eta gaitasuna izango zuena. Hori, millennialek «migratzea behar izan» (hala deskribatzen du Gazte Behatokiak) gisara pertzibitzen zuten, Z belaunaldiak, aldiz, «atzerrian lan egiteko aukera»-tzat jotzen du. Horretarako, gaitasun akademiko batzuen hauspotzea bermatu zen, esaterako, internazionalizazioa ahalbidetzeko gazteria hirueleduna heztea; edo kulturan, harreman eredu kolektiboak eraiki ordez, norbanako atomizatuak ekoiztearenak, lehiakorrak eta erro sendorik gabekoak, inguru hurbiletik alde egin eta migratzeko arazorik izan ez zezaten. Horren adibide garbia da ere teknologia informatikoekiko ditugun loturak, mundua eta lan-merkatua logika informatikoen baitan interpretatzea ahalbidetu duena, eta burgesiari edo lan-eredu berriei merkatu berri bat zabaltzea ahalbidetu die, hala nola, telefonoen bidez aldi baterako eta berehalako lanei erantzuteko auziari irtenbidea aurkituz. Esku-hartze mediatikoa ere nabarmena izan da ideologiaren eraldaketan, batetik Hermano Mayor moduko programekin «nini» gazteriaren kriminalizazioan izandako eskuhartzeagatik disziplinamendu bat posibilitatuz eta bestetik, Gandia Shore bezalako programekin hauspotutako aisialdi eredu eta gazte izaerekin, besteak beste.



Asko dira ziklo berrira egokitzeko exekutatutako interbentzioak, horregatik diot ziklo ekonomiko berdinaren seme-alabak izan diren millennial (1980-1994) eta Z (1995-2005) belaunaldien arteko desberdintasuna dela, bigarren hori krisiak irekitako lan-merkatura moldatzeko interbentzio ideologikoaren ondorio izan dela. Biak ala biak ezaugarri ekonomiko antzekoetan hezitakoak dira: langabezia-tasa handiak, mugikortasuna, aldi baterako kontratuak, ikasketa kualifikatuak eta jakintza zein kontrol teknologiko handia, halere, horiek ulertzeko moduan desberdintasun handiak dituzte. JobToday-ren arabera, Z belaunaldiaren lan-munduaren pertzepzioa orain artekoarekin alderatuz oso bestelakoa da, esaterako, %66ak enpresa batek honako ezaugarri hauek izatea lehenesten du: enpresak eskaintzen dituen ikasteko aukerak, ordutegi malguak eta «balore etikodun» lanak, ingurumenarekin engaiatuak, kasu. Ezaugarri horien gailentzeak badu zer ikusirik interbentzio ideologikoarekin, izan ere proletarizaziora moldatzeko eraldaketa ideologikoaren emaitza dira.



Beharrezkoa da gazte problematikaren nolakotasuna eta horrek botere burgesarekin duen harremana aztertzen dugunean, plano ideologikoaren, gizartean ematen diren aldaketen eta ofentsiba kapitalistaren arteko loturak zehaztea. Plano ideologikoan, gizartearen antolakuntzan ematen diren berrikuntzek eta nolakotasunean eragiten dituen aldaketek ofentsiba kapitalistaren baitan zer helburu edo zer funtzio betetzen dituen determinatzeak borroka-lerroen nondik norakoak zehaztu ditzake. Botere burgesa ahuldu eta indar-korrelazioan aurrerapausoak emateko, gazte esparruan egiten den interbentzio ideologikoa neutralizatzeak, hortaz, botere burgesaren ahultzea ekar dezake. Bi arrazoi nagusirengatik borrokatu behar dugu gazterian esku-hartzearen auzia: batetik, eta aurreko testuan aipatzen nuenari tiraka, gaur egun gazteriari egiten zaizkion interbentzio ideologikoek suposatzen duten gizarte-antolakuntza moldaerak eta produkzio-baldintza aldaketak etorkizuneko proiekzioz egikaritzen dira; proletarizaziorako ezaugarriak orainean txertatzen dira, eta etorkizuneko langile-klase osoa baldintzatu dezake horrek. Bestetik, ezaugarri horiek gainbalioaren metaketaren baitan ematen direnez eta hor dagoenez botere burgesaren koxka, metaketa hori ahalbidetzen duten dinamika eta interbentzioak neutralizatzeak indar-korrelazioan aurrerapausoak ematea ahalbidetuko digu.