Sarritan diogu antolakuntzarik ezean proletalgoa berea dena defendatzeko baliabide faltan ageri zaigula. Langile kontrolpeko espazioak sortu bai, baina, nekez mantendu ahalko direla menderatzaileen interesekin talka egiten badute. Jabeenak dira legea, polizia eta komunikabide handiak. Boterea dute haien eskuetan, klase boterea. Lurralde baten gaineko kontrola ezartzea ahalbidetzen dien boterea. Prozesu sozialak haien interesen arabera antolatzeko gaitasuna ematen dien boterea.
Proletalgoak aldiz, ez du botererik. Ez dauka antolatutako, egituratutako, ahalmenik bizi den lurraldearen gainean erabakitzeko, proletalgoak ez du bere bizitzaren gaineko kontrolik, horiek kapitalaren balioaren sortze prozesu orokorraren menpeko baitira.
Bi klase sozialen artean salbagaitza den interesen arteko gatazka inherente bat existitzen da. Alde batetik, ahalik eta irabazi tasa handiena mantentzeko beharra. Bestetik, bizitzeko beharrezkoak diren bitarteko material eta sozialak bermatuta izateko beharra.
Logika berbera ageri zaigu espazioen gaineko gatazkan. Alde batetik, jabetza pribatua dugu, kapitalaren behar ekonomikoei funtzionala zaien jabetza forma, proletalgoak bereganatu dezakeena baldin eta horretarako baldintza ekonomikoak biltzen baldin baditu, merkatuaren gaineko logikaren baitan egituratzen den jabetza forma da. Beste aldean, proletalgoak bere bizitzaren erreprodukziorako beharrezkoak dituen espazioetara sarbidea bermatuko dien eskubide unibertsala oinarri duen jabetza forma sortzearen beharra. Logika proletarioa litzateke hau, jabetza forma sozialistaren lehenengo oinarria.
Bizi dugun sistema ekonomiko sozialean, bi klaseetako adierazpen ezberdinak gatazkan sartzen dira espazioaren gaineko kontrolagatik. Gaztetxeak, etxebizitzak, fabrikak, etab. Okupatzen dira okupatzen duen norbanako edo kolektibo konkretuaren gaineko bizi baldintzetan zuzenean interbenitzeko. Zentzu horretan, fenomeno isolatu modura ematen da hau. Esaten dugu, langile kontrolpeko espazioak «forma lokal fragmentatuan» ageri direla antolakuntza estadio baxuenean. Espazioaren gaineko langile kontrola ezartzen da, baina aldi berean, norbanako edo kolektibo okupatzaileak espazioa defendatzeko ahalmen urriak ditu. Antolakuntzarik eza edo eskala txikiko antolakuntza espontaneoa dira estadio hau definitzen duten aldagaiak.
Proletalgoa eta burgesiaren bitartekariak espazio baten gaineko kontrolarengatik gatazkan sartzen direnean borroka prozesu bat irekitzen da, bien arteko indar korrelazioaren bitartez borrokatzen dena. Indar korrelazio hau da, ezkutukoa edo agerikoa izan, espazioaren etorkizuna determinatzen duen elementua. Alde batetik botere burgesaren aplikazio konkretua dugu: Desalojo agindu bat eskuratu eta estatuaren indar armatuen bitartez gauzatzea, indar parapolizialak kontratatu eta espazioa modu zuzen batean utzaraztea, udaletxeen kasuan langile kontrolpeko espazioen gaineko gestioa itxuraz herritarrei zabaltzea prozesu partehartzaileen bitartez, kolektibo okupatzailearen legitimitatea zikintzeko helburu bakarrarekin etab. Beste alde batetik langile indarra dugu. Proletalgoak espazioaren gaineko kontrola eskuratzeko duen ahalmen konkretua: Okupatzea, desalojo aginduak desobeditzea, langile kontrolpeko espazioaren gaineko legitimitatea irabazteko edo eta espazioaren jabe juridikoa desprestigiatzeko kanpaina komunikatiboak, etab.
Proletalgoak, nahiz eta baldintza okerragoetan aurkitu, espazioaren gaineko gatazka bere interesekiko modu positibo batean ebazteko ahalmena duela erakutsi du. Zentro sozialak, auzo birjabetuak, etxe okupatuak eta denboran irauten duten antzeko esperientziak horren isla dira. Hala ere, gehienetan langile kontrolpeko espazioak espazio periferikoak dira, haien funtzio soziala agortuta duten espazioak, gehienetan zaharkituak, jabe juridikoarentzat balio gehiegirik ez dutenak eta merkatuan errentagarri izateko aukerarik ez dutenak[i].
Proletalgoak espazioaren gaineko gatazkan duen indar posizioa determinatzen duen aldagaia da antolakuntza. Esan bezala, langile kontrolpeko espazioak forma lokal eta fragmentatuan ageri zaizkigun honetan antolakuntzaren beharra berebizikoa da, eta horri erantzuteko interbenitzen du ERRAKI langile kontrolpeko espazioen babes sareak.
Antolakuntzari dagokionez, baxuena den estadioan ERRAKI-k eginbehar estrategiko fundamental batzuk ditu:
1. Jabetzaren eta espazioaren gaineko kontrolaren auzia optika iraultzaile batetik, hau da, langileriaren independentzia politikoaren ikuspuntutik ulertzea eta lantzea ahalbidetuko digun kontzeptu estrategikoak sortzea.
2. Eskala handiagoko antolakuntzaren efikazia erakustea, horrela, langile kontrolpeko espazioek denboran irauteko ahalmena irabaz dezaten.
3. Espazioen gaineko aferari dagozkion gatazkak ebazteko gaitasun tekniko eta politiko espezializatuak eskuratzea. Koadro politikoen formakuntza.
4. Burgesiaren aurkako gatazkak irabaztea. Horien artean espazioen gaineko langile kontrola ezartzea zailtzen duten legeen modifikazioak eskuratzea, adibidez.
Agerikoa da denbora eta inteligentzia politikoarekin garatu beharreko eginbehar handiak direla hauek. Zaharra berriarekin debatitzen dabilen garai hauetan, zeinetan, geroz eta indar gehiagorekin, borroka forma berriak sortzen ari diren, ERRAKI errealitatea ulertu eta bertan ekiteko forma berriak esploratzen lagunduko digun erreminta organizatibo bat da. Jabetzaren auzia optika proletario batetik garatzera etorri dena. Ongi etorri, bada.
[i] López, M. A. M. (2013). The squatters' movement in Europe: a durable struggle for social autonomy in urban politics. Antipode, 45(4), 866-887