(Itzulpena)
Duela gutxi, 2012ko lan-erreformaren ustezko indargabetzearen berri izan genuen prentsan, sinatzaileak PSOE, Podemos-IU eta EH Bildu ziren. Hala ere, ordu gutxiren buruan ikusi zen kontua titularrak agindutakoa baino gutxiagoan geratu zela, zalantzarik gabe hasieran hitz handiagoak ziruditen. Alabaina badira ezkutatuta diruditen gauza batzuk, hain zuzen ere gure muturren aurrean ditugulako, eta merezi dute aipatzea.
Errepaso labur bat lan-erreformei
Lehenik eta behin ulertu behar dugu Moncloako Itunen (1977) ondoren etorri ziren gobernuak hasi zirela lan-erreformak sortzen. Labur esanda, erreforma horiek adostasun nazional moduko bat ekarri zuten, frankismoko sektore irekienak eta parlamentuan ordezkaritza zuten indar politikoak, patronala, CCOO[1] eta UGT (hasieran aurka agertu zen arren) barne hartzen zituena. Testuingurua funtsezkoa da zergatia ulertzeko: alde batetik, krisi ekonomikoa zegoen, eta bestetik, otzantzea lortu ez zuten langile-mugimendu potentzialki iraultzailea. Bigarren horrek eragotzi egiten zuen hiperinflazio posible bati eta, ondorioz, kapitala metatzeko zailtasunei aurre egiteko beharrezko egokitzapenak egitea. Itunen ondorioen artean aipa dezakegu langile-mugimendua instituzionalizatu izana, zeinak haren baketzea ekarri zuen, eta ondorioz langileen kaleratze librea (gehieneko plantillaren % 5) eta orain oso ezaguna zaigun zerbait: aldi baterako kontratazioa. Orain ikusiko dugunez, gerora eragin handia izan du horrek.
Urteak pasa dira ordutik eta lan-erreforma ugari egon dira une hartatik hona. Sindikatuen parte-hartzea ―edo ez― izango litzateke aldagaietako bat; izan ere, kasuren batean negoziazioetatik kanpo utzi zituzten edo ez zituzten akordioak babestu. Esaterako, 1994an, Gonzalezek CCOO eta UGT sindikatuak kanpoan utzi zituen, eta haiek greba orokorrera deitu zuten gobernuaren aurka, erreforma gogorrenetako bati erantzuna emateko, hain justu, kontratazioa malgutzeari (mugikortasun geografikoa, praktika-kontratua…). Gainera, gazteak lan-merkatuan sartzeko lehentasunarekin[2], aldi baterako lanerako enpresak sortu ziren. Baina 1997an jada berriro eseri ziren mahaian, gobernuarekin eta patronalarekin batera, eta kontratazio finkoagatiko eta kaleratzeengatiko kalte-ordaina merkatu zuten.
Beste erreforma garrantzitsu bat 2008koa izan zen, hain justu, beste krisi bat iritsi zen garaian, atzeratu egin bazen ere negoziazioen ondorioz. Enpresa askoren porrot arriskuaren aurrean, kaleratzea merkatu egin zen (ondorioak ordaintzen aurrenak garelako), eta FOGASAri kalte-ordainaren zati bat ordainarazi zioten. Pentsioen erreforma ere sartu zen, erretiroa 67 urtera atzeratu zen eta, oro har, lanaldi partzialeko enplegua sustatzen zen «krisitik ateratzeko» neurri gisa. 2011n lehentasuna eman zitzaion enpresa-hitzarmenari, probintzia-hitzarmenaren gainetik.
2012ko erreforma zitala
Eta azkenean, indargabetu nahi omen den erreformara iritsi gara. Testuinguruan jartzeko: garai horretan, Espainiako Estatua krisi ekonomiko latzean zegoen, eta finantza-erreskatea eskatuko zuen; oraingoan, «elkarrizketa soziala» eskatu beharrean, PPk lege-dekretua erabili zuen, eta hori, jakina, ez zitzaien gustatzen sindikatuei, aurreko erreformetan parte hartu zuten «itun sozialetatik» kanpo kokatzen baitzituen. Baina zertarako kontatu behar zuen burgesiak sindikatuekin, azken horien mobilizatzeko gaitasuna askoz txikiagoa bazen? Datu pare bat: 1978an, Moncloako Itunak egin eta gutxira, ondoren etorriko zen desmobilizazio masiboaren aurretik, soldatapeko langileen % 54,37[3] afiliatuta zeuden. Aldiz, 2011rako % 15[4] inguruko zifrak ditugu. Orain, «itun sozialetik» kanpo utzi dituztenez, Moncloako Itunak aipatzen dituzte; ordea, sindikatuen urrezko garaiak igaro dira. [5]
Erreformak, oro har, soldaten debaluazioa ekarri zuen krisiari aurre egiteko modu gisa[6], kaleratze are merkeagoa (33 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta besteak beste, baita ekintzaileentzako kontratua ere (kontratu finkoa, baina urtebetez doan kaleratzeko aukera). Enplegu erregulazioko espedientea (EEE) eta aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea (ABEEE) erraztu ziren, enpresa-hitzarmenari lehentasuna eman zitzaion sektoreko hitzarmenaren gainetik, eta absentismoa zigortu zen[7].
Egiari zor, aitortu behar da gauden egoera ez dela PPren kontua. Izan ere, austeritate politikak ez dira ezerezetik sortzen; «itun sozialak» urte askoan zehar joan ziren osatzen, CCOO, UGT eta, noski, PSOEren parte-hartzearekin. Nola geunden eta nola gauden erakusteko: 1976an kaleratzeak justifikatuta egon behar zuen, eta ez bazen hala, langilea berriz hartu behar zen lanean. Kaleratzeengatiko kalte-ordaina 10 urte artekoa izan zitekeen. Gaur egun, gehienez 2 urte ditugu, eta kaleratze bidegabea kasurik onenean[8]. Pentsioei dagokienez, kotizatutako 10 urtetik (1985) 37 urtera (eta igotzen ari da) igaro gara 2020an.
Erreforma bat indargabetu?
Izan ere, zer lan-erreforma indargabetu dira orain arte? Konstituzioaren aurkakotzat jo direnak bakarrik, 2002koa adibidez (Aznarren «dekretutzarra»). Kontrara, indargabetu beharrean, aldaketak izan ziren erreformaren hainbat alderditan, baina bitartean egoera orokorrak okerrera egiten zuen langile klasearentzat. Sindikatuei dagokienez, greba orokorrak erreformekin alderatzen baditugu, ikus daiteke lehenak bigarrenei erantzuteko deitzen direla, eta ondoriozta dezakegu CCOOren eta UGTren ekintza, denborak aurrera egin ahala, gero eta ahulagoa izan dela haien aurrean. Are gehiago, Lan Ministroak urtarrilean adierazi zuen[9] teknikoki ezin dela lan-erreforma indargabetu, eta indargabetu izatera, erreformari aldaketak egiten joan beharko luketela. Egun bat ere ez zen pasa indargabetzearekin atzera egin zutenerako, eta horrez gain, lehen azaldutakoak arrazoiak ematen ditu eskuinaren eta ezkerraren arteko dikotomiaz haragoko gakoak bilatzeko, horrek boluntarismora eta iragarpen mekanikoak egitera eraman ohi baikaitu.
Ofentsiba iraunkor batez ari gara, eta horregatik, «hobekuntzak» (lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera, adibidez) gainerako neurriekin batera ulertzen baditugu, amarruren bat badagoela ikusiko dugu. Nora goazen ulertzeko, datu esanguratsua da PSOEren programak Motxila austriarra barne hartzen duela, hau da, banakako kapitalizazio-funts bat, erakunde pribatuek kudeatutako pentsio-funts bat, hilero dirua jartzen joango garena, gure soldatatik deskontatuta, kaleratzeengatiko gure kalte-ordainak ordaintzeko, edo, bestela, erretiroaren osagarri gisa, kaleratzeekin gastatzen ez bada. Beste era batera esanda, kaleratzea ia doakoa da, oso komenigarria atzeraldi eta enplegu-suntsiketa masibo garaietan, eta pentsio-sistema errentagarri bihurtzeko ahalegina. Erretiroei dagokienez, gogora dezagun kotizatu beharreko urteak igotzen ari direla, eta beraz, erretiroa lortzea gero eta zailagoa izango dela, lan gutxiago egongo baita. Are gordinagoa da egoera gizartetik kanpo kanporatutako proletarioentzat: beltzean kobratuz lan egiten dutenak edo zuzenean beti langabezian daudenak.
Ondorioa
Zinismo hutsa da PSOEk lan-erreforma indargabetzeaz hitz egitea, gainerako erreforma guztietatik independentea balitz bezala, are gehiago aurreko erreforma berea denean. Ustezko indargabetzeak berez ez du ezer suposatzen, burgesiak egin nahi duena askoz kaltegarriagoa denean. Baina politika kontuetatik harago, Ongizate Estatua desegitea da gai nagusia. Laburbilduz, lan-erreformek erasotutako gizarte-prestazioak ez dira produktiboak balioari dagokionez, gastu garbia baizik. Hori dela eta, krisi garai honetan, desegin egin behar dira, edo errentagarri bihurtu, Motxila austriarra duten pentsioak bezala. Are gehiago orain, irabazi-tasak Ongizate Estatua posible egiten zuen atalasearen azpitik egoteko joera duenean. Beraz, Ongizate Estatua likidatzea ez da «kolore» kontua; kapitalismoaren egiturazko beharrei erantzuten die, desagerpen hori alderdi batek ala besteak kudeatu. PSOE proletalgoari eraso egiteko bide sozialdemokrata da, baina azken finean, ez dio eraso izateari uzten. Gainera, Estatuaren finantzaketaren zatirik handiena hartzekodun pribatuekin duen zorretik dator, zeinak defizit helburuak[10] inposatzen baitituzte, eta horrek herrialdeak de facto murrizketak ezartzera behartzen ditu. Horregatik, Covidaren krisiak gizendutako zorrarekin, gizarte-prestazioen ―eta, oro har, gure bizi-baldintzen― aurkako eraso gogor bat aurreikus dezakegu; bitartean, datozen miseria puskak garaipen gisa aurkezten zaizkigu. Azkenik, Ongizate Estatuaren krisia administratiboki arrazionalizatzen saiatzeak gizarte-laguntza kapitalaren beharren mende jartzea dakar, eta horregatik, irtenbiderik gabeko arazoa da. Kapitalismoa gizatasunez kudea daitekeela pentsa dezakegu, baina kapitalismoa da beti, bere legeekin, gu menpean eduki gaituena.
Gomendioak eta erreferentziak
Motxila austriarrari buruz:
Moncloako Itunei buruz:
Lan-erreformen kronologia:
2012ko erreformari buruz:
Ongizate Estatuaren porrotari buruz:
[1] Une horretarako jada PCErekin lotutako sindikatu bat zen, eta ez mugimendu heterogeneo bat, hasieran bezala.
[2] 1988an saiatu ziren, baina greba orokor batek eragotzi egin zuen.
[3] Kertsin Hamann Afiliación, movilización y aliados políticos: las incógnitas del poder sindical español (1970-1988)
[4] https://www.rtve.es/noticias/20110303/afiliacion-sindical-espana-mas-bajas-union-europea/413217.shtml En 2019 se cifra la afiliación en un 13, 7 según la OCDE. https://www.lavanguardia.com/economia/20191222/472401008593/sindicatos-afiliacion-trabajadores-espana-espana-ocde.html
[5] Duela gutxi akordio bat sinatu zuten patronalarekin eta gobernuarekin. Horren ondorioz, sektore batzuetan ez dago enpleguari eutsi beharrik Alarma Estatua kendu eta hurrengo sei hilabeteetan. https://www.expansion.com/economia/2020/05/11/5eb8f301e5fdeabd518b456e.html
[6] Gogora dezagun Moncloako Itunetan helburu berarekin mugatu zela soldaten igoera, prekarizazioari atea irekiz.
[7] Badirudi puntu hori 2020. urtearen hasieran indargabetu zela. Bitxia da albisteetan indargabetu beharreko puntu bat balitz bezala saldu izana jada indargabetuta zegoenean. Langileen Estatutuaren 52. artikulua da. https://www.boe.es/eli/es/rdl/2020/02/18/4
[8] Kaleratzea baliogabea da jazarpen politiko edo sindikalaren edo diskriminazioaren kasuetarako; hau da, oso kasu bakanetarako.
[10] Ez da harritzekoa EH Bilduk Euskadin eta Nafarroan beste erkidegoetan ez bezalako defizit helburu batzuk hitzartu izana. Kolpea apur bat moteldu lezake, baina kolpea indar osoz iritsiko da lehenago edo geroago.