ARGAZKIA / Mikel Barberia eta Zoe Martikorena
Kolitza
@kolitza_
2021/09/02

Inoiz ez da behar beste azpimarratzen borroka kulturalak klase-borroka iraultzailerako duen garrantzia. Eta kontuan hartuta kulturak zehazten dituela ulermen-moduak eta gizarte-mailako jardunbide orokorrak, eta, era berean, gogoeta jatorria duten ekintzak, jardunbide orokorretatik bestelakoak, oso noizbehinkakoak direla aintzat hartuta, kultura maila politikoan arma indartsua dela esan dezakegu. Ez da harritzekoa, beraz, erakunde komunista gutxi egotea eta sortzen diren lekuetan geroz eta iraupen eta tamaina txikiagokoak izatea. Burgesiaren hegemonia kulturalak egiten du gainerakoa masa proletarioen artean. Baina estrategiaren egungo berrosaketan gai zentral honek duen kokapena ikusteko, mugimendu iraultzailearen XX. mendeko prozesu historikoa eta emaitzak ikusi behar ditugu, laburbilduta bada ere. Jarraitu aurretik, argipen legez, problematizazio-testu honek gaurkotasuneko arazo eta galdera estrategikoak bideratzea du jomuga eta ez du erantzun taktikorik ematea helburu modu orokortuan ez bada.

Hasteko, historiak erakutsi du alderdia eta estrategia antolatzeko eredu boltxebikea dela orain arte nazioarteko mugimendu sozialista iraultzailearen formarik aurreratuena. Forma horri esker, iraultza politiko ugari egin dira munduko periferiako nekazaritza-gizarteetan edo gizarte erdi industrializatuetan. Koadro politiko-militarrak eta eredu hierarkikoa baliagarriak izan dira gerrate krisian dauden gizarteen desantolaketaren aurrean (ikus Errusia eta Txinako kasuak) edo zilegitasun sozialik gabeko erakunde burges ahulen eta gizarte desegituratuen aurrean (iraultza afrikarrak, kubatarra, etab.). Hala ere, egia da eredu politiko militar boltxebikea, gerora M-L izenez ezagutua, erabateko porrota izan dela zentro inperialistan, eta, beraz, Munduko Iraultza Sozialista erdiesteko eredu amaitu gisa nahikoa ez dela frogatu du. Gertakari horrek, XX. mendeko indar produktibo sozialek izan zezaketen heldutasun ezarekin harreman dialektikoan, nazioarteko mugimendu komunista porrotera eraman du.

Bada, egungo «porrot-egoera» desblokeatzeko, ezinbestekoa da jasandako porrot horren elementuak behatzea. Alde batetik, argi dago M-L ereduak porrot egin duela erdigune global industrializatuan; bertan burgesiaren erakunde ekonomiko, politiko eta kulturalak sendoak ziren, eta alderdi komunistak ez dira iraultza politiko-estatalera iristeko gai ere izan. Erdigune global horretan, M-L eredua ezgauza izan da posizio iraultzaileek aurrera egin dezaten.

Bigarrenik, iraultza M-L baten bidez lortutako estatu kapitalistaren kontrol-eskema daukagu, periferia eta erdi-periferia globaletan. Kasu horietan, bere paradigma globala estatu sobietarra delarik, koadroen alderdi komunista batek estatu burgesaren kontrola lortzen du, aurretiaz hori suntsitzeko eta estatu proletario (sozialista) berri bat sortzeko beharrezkoak diren masa-baldintza ekonomiko eta kulturalak garatuta izan gabe. Errealitateari aurka eginez, alderdi komunisten teoriak eta historiografiak «estatu sozialista» deitu diote estatu eredu sobietarrari. Eredu hori, demokratikoagoa izan badaiteke ere, balioaren legearen gainean eratzen da, lehia kapitalista duen sistema global batean, masen soldatapeko erregimenpean eta estatu-aparatu burges batekin. Hori bai, hasiera batean alderdi burgesen kontrolpetik kanpo dago, baina erlazio-ekonomikoek alderdi komunista hori enpresa burokratiko bilakatzen dute epe-ertainera, eta albo batean uzten du izpiritu iraultzailea, ustelkeriari bide emanez. Horrela, fenomeno global horren emaitza da estatu kapitalista hori berriz ere alderdi burgesek kontrolatzen dutela, aurreko alderdi komunistaren koadro burokratikoen errautsetatik sortzen direnek. Hau da, alderdi komunistak estatu burgesa suntsitu beharrean, estatu burgesa da sistematikoki alderdi komunista suntsitzen duena. Txinako kasuan, adibidez, alderdi komunista gaur egun de facto alderdi erabat burgesa da, agian ekoizpen eredu berrira ondoen egokitzen den alderdi-eredu burgesa, plangintza makroekonomiko eta kontrol sozial dosi handiak behar dituena, erakusten ari den bezala. Baina auzi hau, estrategia sozialista globalaren auzi nagusia, ez dugu hemen landuko.

Errealitateari aurka eginez, alderdi komunisten teoriak eta historiografiak «estatu sozialista» deitu diote estatu eredu sobietarrari. Eredu hori, demokratikoagoa izan badaiteke ere, balioaren legearen gainean eratzen da, lehia kapitalista duen sistema global batean, masen soldatapeko erregimenpean eta estatu-aparatu burges batekin

Oro har, bi arazo estrategiko handi ditugu, eta horiei irtenbide logikoa eta iraultzailea eman behar diegu. Batetik, industrialki garatutako kapitalismoan estrategia iraultzailearen arazoa dago, eta bestetik, iraultza ekonomiko-sozialaren arazoa dago, maila globalean porrot egin duena, esperimentu periferikoak, asko jota, gizarte nazional horientzako garapen industrial kapitalistaren eredu bilakatzera kondenatuz (eta kasu batzuetan hori ere ez). Ohar horien bidez, ez dut analisirako jarrera manikeoa defendatu nahi, ezta analisiz kanpokoa ere; prozesu iraultzaile horiek munduko iraultza sozialistaren eraketa historikoaren zati gisa ulertzea da helburua, esperientzia historikoak eskaintzen digun ikuspuntu pribilegiatutik. Baina horretarako porrot-elementu nagusiak atera behar dira.

Batetik, industrialki garatutako kapitalismoan estrategia iraultzailearen arazoa dago, eta bestetik, iraultza ekonomiko-sozialaren arazoa dago, maila globalean porrot egin duena

Hortaz, hauek dira bi galdera estrategiko nagusiak gaur egun munduko iraultza sozialistarentzat: nola garaitzen da politikoki burgesia erdigune estrategiko globalean? Eta nola gauzatzen da iraultza soziala ekoizpen harreman sozialetan? Lehenengo galdera bigarrenaren baitan kokatu liteke, baina guretzat oso garrantzitsua da biak bereizita behatzea. Lehen galdera horretarako borroka kulturalaren gaia gai zentral bilakatzen da, eta sozialdemokrazia hegemonistak ondo asmatu du hala identifikatzen, komunismoaren aurkako arma gisa erabiltzeko.

Nola garaitzen da politikoki burgesia erdigune estrategiko globalean? Eta nola gauzatzen da iraultza soziala ekoizpen harreman sozialetan?

Agian Gramsci izan da arazoa egokien definitu duena, burgesiaren hegemonia kulturalean alderdiaren ekintzak lehenengo hautsi behar duen indarrezko elementua zein den behatzean. Hau da, estatu garatuetan ez da posible zuzenean boterearen aurkako matxinada ofentsibora igarotzea, horiek hegemonia kulturala dutelako masen artean, baita masa proletarioen artean ere. Zehazki, Gramscik, elementu kulturala azpimarratzean, haren sortze-­aspektu bati egiten dio erreferentzia; «munduaren ikuskera» deitzen zaion horri. Alegia, industrialki aurreratuak diren gizarteetan, masak, hegemonikoki, «munduaren ikuskera burgesaren» eraginpean daudela, burgesiaren boterearen sendotasun instituzionalaren eta bere ekoizpen kapitalistako aparatuaren ondorioz. Kapitaleko seigarren kapitulu argitaragabean, Marxek «Kapitalaren mistizismoa» deitzen dio forma kapitalistan aberastasunen ekoizpen globalaren esperientziatik (berehalakoa eta iraunkorra den horretatik) eratortzen den ilusio global horri. Era horretan, Kapitala aberastasunaren motorra dela dirudi, beste modurik egongo ez balitz bezala. Marxek honela dio: «Lanaren ekoizpen indar sozial guztiak Kapitalaren ekoizpen indar gisa aurkezten dira». Era horretan, diskurtso politikorako espazioa naturalizatuta dauden ekoizpen harreman burgesek eta estatu burgesaren formak berak konfiguratzen dute, pentsamendu eta etika burgesaren formak, eta horien barruan joera baten edo bestearen aldekoa izan daiteke. Baina, kosmobisio horretan, sozialismoa pentsaezina da, edo are ulertezina, norbait proposatzera ausartzen bada. Kapitalaren mistizismo horrek masen pentsamenduan sortzen dituen forma objektiboak, beraz, eraitsi egin behar dira, komunismoa eta horrek berekin dakarren prozesu sozialista beharrizan moduan identifikatu ditzaten, edo gutxienez, aukera posible moduan ikus ditzaten.

Baina, bistan denez, kultur-borroka prozesu jakin bat abian jarrita ere, faktore erabakigarriaren agerpena beharrezkoa da, horrek formazio sozial burgesaren egonkortasuna ahultzen baitu, gizarte aurreratuetan bizi-baldintza onak sortzeko orduan gehiengo sozialarentzat duen balioa ezabatuz. Prozesuko faktore hori metaketaren krisi kapitalista da, gaur egun mendebaldeko langile masen bizi-­kalitatearen suntsipen geldiezina dakarrena, masen txirotzean, estatua eredu totalitario baterantz erreformatzean, ekosistemen suntsipenean eta gerra-tentsio globalen areagotzean islatzen dena. Oinarri horren gainean, diskurtso komunistari heltzeko baldintzak emanda daude edo, beste era batera esanda, koiuntura historikoa objektiboki egokia da munduaren ikuskera burgesaren aurkako klase-borroka kulturalerako.

Hala ere, egia da komunismoak arazo bat duela borroka kulturalari ekiteko: ez du kapitalismotik bereizitako parametro batzuen baitan gizarte aurreratu bat sortzeko gaitasunik edo potentzialtasunik frogatu. Hau da, huts egin du sozialismoaren eraikuntza ekonomikoari dagokionez, eta ez estatuaren kontrola eskuratu duenetan bakarrik: alderdi komunista ekoizpen kapitalistatik bereizitako masen indar moral eta ekonomiko gisa era proportzional batean garatuta egon aurretik, antolakundea osoki estatu kapitalistaren kontrol-hartze «politikora» bideratzen zuen antolaketa eta estrategia ereduaren porrota ikertu behar da. Bigarren galdera nagusiak heltzen dion porrotari dagokionez, komunismoaren prestigio falta kulturala orokorra da langileriaren artean eta, hori dela eta, ideologikoki umezurtz gelditu dira, alderdi burgesen politika antiproletario erasokorren mende (soldata-mailaren jaitsiera orokortua, eskubide politiko formal urrien pixkanakako gutxitzea –mugimendu-askatasunak mugatzeraino heldu dena–, kontrol sozialaren igoera esponentziala, kontrol polizialari dagokionean edota langileen bizitzaren gaineko diziplina burokratikoari dagokionean, etab.). Mendebaldeko langileen bizimodua, ekialdekoenekin batera, benetako esklabotza infernu bilakatzeko bidean da, haien armarik boteretsuenaren faltan: ideologia iraultzailea eta euren mundu ikuskeratik sortzen den masen kultura proletarioa.

Hortaz, behin gaiari erdizka erantzunda, industrialki aurreratuta dauden gizarteetarako estrategia komunistari buruzko galdera eraldatu eta galdera berri bat sortzen zaigu: nola lor daiteke klase-borrokaren lehenengo fase batean komunismoa Europa eta Ipar-Amerikako kultura proletario berri baten kosmobisio oinarri gisa hegemonizatzea, gaur egun kosmobisio burgesaren elementuetan zeharo murgilduta egonik, besteak beste, diruarekiko eta estatuarekiko sumisioan, erabateko atomizazioan, komunitateen arteko indarkerian, despolitizazioan, kultur-produktu alienatzaileen kontsumoan edo jokoarekiko eta drogekiko adikzio psikologikoan. Gaur egun hegemonikoa den mendebaldeko (eta munduko) langileriaren masa-kultura kapitalista, beraz, suntsitu behar da, eta oinarrizko kontzientzia faltsu hori munduaren ulerkera iraultzaile bihurtu. Oinarri kultural horren eraikuntza nazioarteko ofentsiba iraultzaile berri baten aldez aurretiko ezinbesteko baldintza da. Edo, beste era batera esanda, proletalgo iraultzailea estrategiaren subjektua izanik, beharrezkoa da proletalgo iraultzailea kulturalki berregituratzea. Baina berregituraketa horrek antolaketa-prozesu eta borroka integral gisa ulertu behar du kultur-borrokaren prozesua hasiera-hasieratik.

Beharrezkoa da proletalgo iraultzailea kulturalki berregituratzea. Baina berregituraketa horrek antolaketa-prozesu eta borroka integral gisa ulertu behar du kultur-borrokaren prozesua hasiera-hasieratik

Horrenbestez, mugimendu sozialistak eta gazteria iraultzaile berriak bultzatuta mendebalde osoan sortzen diren lurralde-antolakundeek antolaketa-forma egokia izan behar dute bi kosmobisioen arteko kultur-borroka globalaren lehen faserako eta, horretarako, besteak beste, honako hauek beharko dira: antolaketa-eraginkortasuna erakustea estatuko koadro-alderdi instituzionalen antolaketa eskemetatik kanpo dauden borroka zehatzetan (burgesiari eta estatuari normatibitate proletarioa ezartzerako orduan arrakasta izanez eta antolakuntza komunista botere eraginkor bihurtuz langile auzoetan, diziplina instituzioetan, sozializazio espazioetan eta ekoizpen guneetan); koiunturako doktrina zuzena eta eraginkorra modu jarraituan eskaintzeko gai izatea, programa komunista egungo arazo zehatzetan lurreratzea ahalbidetuko duena, posizio politiko egokiak eta alderdi burgesetatik erabat aldenduak dituena, taktika oro estatu eta ekoizpen burgesaren aurkako estrategia sozialistari lotuz, betiere gizarte-mekanismoak langileon kontrolpean kokatuko dituen estrategia bati begira; estatu sozialistaren teorizazio logiko bat egitea bizitza sozialeko eta ekoizpeneko esparru guztietan, proletalgoari begirada estrategiko zehatz eta oso bat eskaintzeko maila guztietan; masen esku-hartze kulturalerako baliabide garrantzitsuak eraikitzea maila informatiboan, artistikoan eta kirol eta sozializazio alorrean, gure komunitateetan eskala handiko kosmobisio-borroka aurrera eramatea ahalbidetuko dutenak, eta bere antolaketa izaeragatik beragatik, botere sozialista eta diziplina demokratikoaren eredu izango direnak; alderdiaren antolaketa etengabeko hobekuntzan egongo den eskola etiko bat bilakatzea, diziplina militantearen elementu etiko eta politikoak hezi eta perfekzionatuko dituen belaunaldi berrien indar moral bihurtzea; eta, azkenik, eta garrantzitsuena dena, lan teorikorako, prestakuntza zientifikorako eta borroka ideologikorako lan-prozesu sistematiko bat garatzea pentsamendu burgesaren forma objektiboen eta horien ordezkari politiko eta zientifikoen aurka, zientzia iraultzailea (oraingo errealitatearen behaketa dialektikoa) baita, agertoki hau ahalbidetu duten prozesuen jakintza historikoarekin batera, munduaren ulerkera iraultzaile bat posible egiten duen elementu nagusia, arrazionaltasunean, bizi-baldintzen unibertsalizazioaren aldeko borroka konprometituan eta komunitate, askatasun eta aberastasunezko fase goren batean oinarritutako munduaren ulerkera.

Laburbilduz, eta behin funtsezko gaiak zerrendatu ditugula, munduko iraultza sozialistari buruzko galdera nagusiaren barruan, zeinaren estrategian garatu beharreko elementu nagusia sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa den, hots, ekoizpen-aparatu globalaren erabateko sozializazioa eta demokratizazioa; galdera handi horren barruan, borrokaren eta eraikuntzaren lehen faseak komunismoa langileria masen artean hegemoniko bihurtzeko kultura-gerran datza.

Helburua lortzeko kontuan hartu behar diren elementu batzuk dira antolakuntzaren eraginkortasuna, koiuntura-doktrina sortzeko eta estrategikoki ustiatzeko gaitasun taktikoa, estatu sozialistaren teorizazioa bizitzako eta ekoizpeneko esparru guztietan, alderdiaren mendeko esku-hartze kulturalerako baliabide garrantzitsuak eraikitzea, alderdia eskola etiko eta politiko gisa eraikitzea, eta teoria iraultzailearen etengabeko azterketa eta garapena, besteak beste.

Proletariotzak aurrera egiteko eta kapitalismorik basatiena ardatz duen eredu sozial berri batek ez suntsitzeko aukera bakarra bere indar propioetan oinarritzea da. Baina proletalgoaren indar propio bakarra nazioarteko alderdi komunista iraultzailea da. Ulermen-elementu nagusi hori, ordena sozial kapitalista eraisteko beharra eta komunismoaren printzipio abstraktu horiek egungo errealitateko zelula bakoitzean duten esanahia bistaratu eta gauzatzeko gaitasuna dira gure belaunaldiaren antolaketa zeregin nagusiak, datozen belaunaldiak, ordurako beharrezko diren indar moralak pilatuta eta borroka eraginkor baterako baldintzak berriz ere zabalduta, mundu mailako ofentsiba iraultzaile bat garatu eta gizarte egitura hobe bat ezartzeko gai izan daitezen.

EZ DAGO IRUZKINIK