Fidel Castro Ruz: «Atzo kolonia handia izan ginen; bihar herri elkartuen komunitate handia izan gaitezke. Naturak aberastasun paregabeak eman zizkigun, eta historiak sustraiak, hizkuntza, kultura eta lotura komunak eman zizkigun, Lurreko beste ezein eskualderi ez bezala».
Amerikako koloniak emantzipatu zirenetik, maila espiritualetik haragoko batasun bat, herrien benetako independentzia eta garapena bermatuko zituen eraikuntza estrategiko bat sortzeko nahia egon da. Horixe zen europarren presio kolonialetik eta iparraldeko bizilagunak pixkanaka egingo zuen presiotik askatzeko modu bakarra.
XIX. mendea: Ametsetako lurraldea
Espainiako Inperioari zegozkion kolonia amerikarren independentzia bere garaiaren, garaiko ideologiaren, nazioarteko harremanen eta munduko potentzien kontraesan geoestrategiko eta komertzialen ondorioz gertatu zen.
Zentzu horretan, ulertu behar dugu prozesu osoa etengabeko estres politiko eta militarraren ondorio izan zela, eta emaitzaren zati handi bat borroka geoestrategiko horien mende egon zela, parte-hartzaileen boluntarismo idealaren mende baino gehiago.
XIX. mendeko 20ko hamarkada iritsi orduko, Espainiak Amerikan zituen koloniak ia osorik emantzipatu ziren. Iparraldean, Mexiko, esperientzia inperiala izan eta gero, Mexikoko Estatu Batuak gisa finkatzen hasi zen; Erdialdeko Amerikako probintziek, Mexikoko inperioarekin hautsi eta gero, Erdialdeko Amerikako Errepublika Federala osatu zuten (Guatemala, Honduras, Costa Rica eta Nikaraguaren artean); hegoaldean, Txile, Peru eta Río de la Plata probintziak ere proiektu nazionalak eraikitzen hasi ziren. Eta Karibeko hegoaldeko ertzean ere, loratzen hasi zen Bolivarren proiektu handia: Kolonbia Handia edo Kolonbiako Errepublika.
Azpimarratu beharra dago, bestalde, haien artean beti egon zela aliantza. Herrialde-proiektu berri bat oinarritik garatzeko hainbat baldintza zeuden, besteak beste, Espainiaren menderakuntzaren aurkako babes-akordioak, nagusiki militarrak, eta Europako moduko Estatu-nazioaren sentimendurik ez izatea, baina bai borroken jatorri eta etsai komun bat, Espainiako Inperioa, hain justu. 1822tik 1826ra Kolonbiako Errepublikak Peru, Mexiko, Txile, Erdialdeko Amerika eta Río de la Platarekin sinatu zuen “Unión, Liga y Confederación Perpetua” tratatuak erakusten du, esaterako, elkar ulertzeko eta laguntzeko harreman hori.
Hala ere, herri horiek ezin izango zituzten beren proiektuak modu independentean garatu, emantzipazio kolonialak gertatu zireneko testuinguru geopolitikoak erabat baldintzatuko baitzituen.
Izan ere, beste eragile batzuek zuzeneko esku-hartzea zuten eskualdearen bilakaeran eta garatzen ari ziren herrialde berrien harreman diplomatikoetan. Espainiako Inperioa zen etsai argiaren aurrean, askatzaileek Britainiar Inperioaren babesa eskatu zuten, Ameriketako Estatu Batuak sortzean Espainiako eta Frantziako Inperioek ere britainiarren kolonien independentzian lagundu zuten era berean. Hau da, potentzia inperialen arteko berezko liskarren erabilera interesatu horrek ez luke harridura sortu beharko. Are gehiago, Espainiako Inperioak armak, botikak, laguntza ekonomikoa eta 11.000 gizonez osatutako destakamentua ere eman zituen 13 kolonien iraultzari laguntzeko, Britainiar Inperioa ahultzeko asmo argiz. Iraultza hori izango zen, hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuak sortzeko erroa. Britainiar Inperioak, berriz, oso bestelako testuinguru batean, zuzeneko edo zeharkako laguntza eman zien Hispanoamerikako askatzaileei; batez ere, Simon Bolivarri eman zion laguntza nabarmendu zen. Baina, esan bezala, testuingurua bestelakoa zen, eta une horretan gainbehera nabarmenean ikusten zuten Inperioa ahultzeaz haratago zihoan britainiarren estrategia. Aitzitik, elementu hori garrantzitsua izan arren, britainiarren asmo nabariena Hego Amerikan beren merkataritza- eta eragin-sareak irekitzea zen. Hori argi ikusi zen 1806-1807 urteetan, Britainiar Inperioak zuzenean Río de la Plata inbaditu zuenean eta Buenos Aires eta Montevideo hiriak okupatu zituenean; handik gutxira, barne-miliziek kanporatu zituzten.
«Amerika amerikarrentzat»
Espainiako Inperioaren Ameriketako kolonien independentziaren garapenean parte hartu zuen beste eragile aktibo bat AEB izan zen. Britainiarren hamahiru koloniaren matxinadak sortutako herrialdea da AEB, eta 1776ko uztailaren 4an aldarrikatu zuen bere independentzia. Amerikako kontinenteko independentzia-prozesuetatik sortutako lehen herrialdea izan zen.
«Nazio lagun baten Kolonian matxinada bultzatuko duen programa bat babestea, hura eskuratzeko une egokian esku hartzeko asmoz», horixe zen James Madisonek –AEBko presidentea eta James Monroeren aurrekoa– Hispanoamerikako independentzia-borroken aurrean egin zuen proposamena. Edonork pentsa lezake James Madison izan zela, XIX. mendearen hasieran, «koloretako iraultzen» aitzindaria, oraindik ere Ameriketako Estatu Batuei hainbeste onura ematen dien metodo horrena.
Politika horren hasierako erreferenteen artean Floriden kasua nabarmentzen da (une horretan Espainiako Inperioarenak ziren). AEBk 20 urte baino gehiago behar izan zituen Florida anexionatzeko; horretarako, eraso armatuak erabili zituen, diplomazia eta nazioarteko presioarekin batera. Higadura-gerra hori Mexikoko lurraldearen zati bat ere bereganatzeko erabili zuen AEBk, hala nola Kalifornia, New Mexiko eta Texas. Gaur egun Kuba edo Venezuela herrialdeekin erabiltzen duen estrategiaren antzekoa da; ez zuzeneko inbasioa egitea, baizik eta eskualdean kontrol hegemonikoa ezartzea.
XIX. mendearen hasiera garai nahasia izan zen nazioarteko harremanei dagokienez; Europaren etorkizuna markatuko zuten aliantza eta estrategien jokoa izan zen, bai eta Amerikarena ere, non independentzia-prozesuen ondoren herrialde subiranoak eraikitzen hasi baitziren. Gaur egun Amerika kontinente gisa ulertzeko, funtsezkoa da garai hartan nazioarteko harremanak nola kudeatu zituzten behatzea.
Eta horrela iristen gara Monroe Doktrina ezagunera. Honako hau zen testuingurua: Europan Aliantza Santua sortua zen antzinako erregimenaren balioak iraultza liberaletatik babesteko. Testuinguru horretan, Frantziak Espainiara bidali zituen San Luisen Ehun Mila Semeak, eta bertan Rafael de Riego koronelaren iraultza liberala deuseztatzea lortu zuen. George Canning, Ingalaterrako Atzerri Arazoetarako Ministroa, harremanetan jarri zen AEBrekin, eta Aliantza Santuaren maniobra posible baten aurkako adierazpen bateratu bat sortzeko eskaria luzatu zion, haren asmoa askatutako lurralde hispanoamerikarrak absolutismo espainiar ezarri berri horretara itzultzea baitzen. Britainiarren estrategia horri berehala erantzun zioten Estatu Batuek kontraestrategia interesatu batekin, hain zuzen, Monroe Doktrina ezagunarekin: «Amerika amerikarrentzat». Doktrina horren bidez, AEBk bi gauza bermatu nahi izan zituen epe luzera: Europako kolonialismoa Amerikan zabaltzeari kontra egiteko jarrera argia azaleratzea eta, era berean, haiek Amerikan barrena hedatzeko bermea izatea. Hala, Monroe Doktrinaren egiazko egile intelektuala John Quincy Adams izan zen, Monroe presidente zenean Estatu Idazkari, eta ondoren AEBko presidente izan zena. Doktrina aurkeztu aurretiko eztabaidetan, argi utzi zuen zein zen bere benetako zioa: Estatu Batuak aukeraz baliatu behar ziren aldebakarreko adierazpen bat egiteko, «potentzia guztien eskuak lotzeko, Ingalaterrarenak barne, baina Amerikan eskuak aske, erabat aske uzteko Estatu Batuei».
Beraz, Hispanoamerika askatu berria jaio eta garatzen hasi zen testuinguruan, potentzia ugarik (batzuk inperialak eta beste batzuk, hazten ari zirenak) hura menderatzearen potentzial gozoari begiratzen zioten.
Hispanoamerika askatu berria jaio eta garatzen hasi zen testuinguruan, potentzia ugarik (batzuk inperialak eta beste batzuk, hazten ari zirenak) hura menderatzearen potentzial gozoari begiratzen zioten
Nola egin aurre egoera horri?
Testuinguru horretan, Bolivar buru zuela, «Gure Amerika» sortzeko (horrela deitzen zioten askatzaileek) estrategia kolektibo baten beharra planteatzen hasia zen. Hala, 1826an egin zen «Istmoko Batzarra» edo «Istmoko Biltzarra» nabarmendu zen (Panaman, Kolonbiako Errepublikaren zati batean, egin zelako deitu zen horrela), zeina ordura arteko ekimen diplomatikorik handiena izan baitzen. Ameriketako herrialde guztiak gonbidatu zituzten ekimen horretara, AEB barne.
Bolivarren plana hainbat interesek baldintzatzen zuten: alde batetik, AEBrekin harremanetan jarraitzea bermatu nahi zen, nahiz eta sarritan tirabiratsuak ziren, horrek herrialde gisa onarpena izaten eta independentzien gerra-prozesu osoan zehar beharrezko izan ziren merkataritza-harremanak bermatzen lagunduko baitzien. Beste alde batetik, oraindik Espainiako Inperioak kontrolatzen zituen lurraldeetatik (Kuba eta Puerto Rico) Espainiaren beste inbasio bat ekiditeko premia larria zuen.
Bigarren puntu horretan, gainera, Mexikoren interesekin bat eginez, Espainiako Inperiotik independentzia lortu berri zuten Amerikako herrialdeen arteko harremanak indartu ziren berriro.
AEBk, ordea, ez zuen begi onez ikusi Kuban esku hartzea, ez baitzuen uste Kuba independente bat erabilgarria izango zenik bere helburuetarako. Batez ere emantzipazio kolonialaren txinpartan, arraza kutsu handiko matxinadak sortuko ote ziren beldur zen, Karibeko irla horretan biztanle gehienak esklaboak baitziren; izan ere, Haitin gertatu zen bezala, matxinada barreiatu egin zitekeen eta, azkenean, bere lurraldera irits zitekeen, zeina oraindik ere esklabista baitzen. Era berean, Kuba Kolonbiari edo Mexikori eransterik edo haien artean aliantza estuak ezartzerik ere ez zuen nahi, Amerikaren erdigunea eta Karibe Itsasoa kontrolatzea ekarriko zukeelako horrek eta, beraz, AEBen hedatzeko ahalmena oztopatuko zukeelako.
Gai horien inguruan sortutako kontraesan eta interesek galarazi egin zuten behin betiko akordiorik lortzea.
XIX. mendearen amaieran eta XX. aren hasieran, caudilloen arteko gatazkak areagotu egin ziren Hispanoamerikan eratu berri ziren herrialdeetan, herrialde bakoitzeko mitologia sortu zen eta nazio arrazistak eta erabat elitistak eraiki ziren. Halako eraikuntzek are gehiago sustatzen zuen herrialde formal baten baitan liskarrak izatea eta gizarte-desberdinkeria sakonak zituzten «aberri txiki» ugari sortzea. Hala, gero eta gehiago urrundu ziren emantzipazio-ideia bateratu baten arabera herri horien garapena bermatuko zuen Aberri Handiaren ideiatik. Testuinguru horretan, AEB Frantzia edo Ingalaterra moduko potentzien antzera izaten ari zen joera espantsionistaren ondorioz, barne-gerra horiek haien interesen alde baliatu ziren, eta hain zuzen, independentziaren alde gogor borrokatu ziren herriekiko mendekotasun-loturak sortu zituzten berriro ere.
Hala, XIX. mendearen amaieran, berriro agertu zen hemeretzigarren mendeko askatzaileek defendatzen zuten «Gure Amerika» kontzeptua, ez soilik Europako inperioen kontrol kolonialaren aurkako elementu gisa, baizik eta AEBen espantsionismoaren erresistentziarako elementu gisa ere bai. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Jose Enrique Rodo politikari eta idazle uruguaitarraren Ariel lana, aurrez aurre jarri baitzituen «Ariel», hots, Latinoamerika, eta «Caliban», Amerika anglosaxoi, utilitarista eta espantsionista. Eta, batez ere, Jose Marti azpimarratu behar da, Kubako Aberriaren Aita, Latinoamerikaren kontzeptua birformulatu baitzuen eta Aberri Handian gertatu zen higaduraren ikuspegia gainditu baitzuen. Izan ere, Estatu Batuei Amerikaz, hitzaz eta kontinenteaz jabetzeko eskubidea ukatu zien; iparraldeko inperioarekiko zuzeneko borrokari herri latinoen panamerikanismoaren defentsa ederra erantsi zion; «Gure Amerikak» izan behar duenaren ulerkera zehatza eskaini zuen, zeinak caudilloen arteko gerren liberalismo zaharkituaren moldeak hautsi baitzituen; Amerikako mestizajea eta sinkretismoa defendatu zituen Amerika garatzeko giltzarri izan behar duten jatorrizko elementu gisa; aurrerabide soziala defendatu zuen «herrixka kolonialaren» aurrean; eta horrekin guztiarekin kontinenterako fase ideologiko berri baten oinarriak finkatu zituen. Sinbolikoaz haratago, Martirekin Amerikako herrien historiaren motor izango zen Aberri Handiaren premia larria birsortu zen.
XX. mendea: Menpeko desarrollismoa eta ekonomia ez-parekideak
«Estatu Batuek eta Mendebaldeko Europako herrialdeek iraultza burgesaren eta eraldaketa kapitalistaren ziklo guztiak egiten zituzten bitartean, bazirudien Latinoamerika kapitalismoa ezartzeko fasean trabatuta zegoela, eta hori haren garapena desitxuratzen zuten kutsu feudalekin batera bizi zela».
Kiva Maidanik, Alcance y vigencia de la revolución latinoamericana
Urte
horietan, «kanporanzko» garapen ekonomikorako sistema sortu zen,
lehengaien esportazioa nagusi zuena, eta erabat menpekoa zena. Horren
ondorioz, industrializazio handia izan zuten herrialdeetan ere, garapen
kapitalistaren maila ertainera baino ez ziren iritsi, eta hori
mendekotasunean gertatzeak ezinezko bihurtu zuen industria handiko fase
batera igarotzea. Hala ere, desberdintasunak ikusten dira eskualdeen
artean. Historialari eta politologo sobietar eta Latinoamerikan aditua
zen Kiva Maidanik-ek, La crisis socio-política en América Latina y sus perspectivas de superación
(1973) liburuan, oinarrizko hiru eremu bereizi zituen, hiru
garapen-maila espezifiko dituztenak: Hego Konokoak (Argentina, Uruguai,
Txile eta, neurri batean, Brasil), Latinoamerikako herrialde garatuenen
taldea osatzen dutenen taldea; Andeen iparraldeko herrialdeak (Kolonbia,
Peru), bigarren mailan daudenak; eta Erdialdeko Amerikako herrialdeak,
herrialde atzeratuenen taldea osatzen dutenak.
Marta Harnecker-ek (Txileko soziologo marxista), Lenin. Revolución social y América Latina (1986) liburuan adierazi zuen elementu horiek guztiek eragiten dutela egiturazko krisiaren testuingurua, eta krisi hori gainditu ahal izateko ezinbestekoa dela feudalismoaren antzekotasunekin amaitzea eta kontinentean egiten den ustiapen-sistema kapitalista multiformearekin apurtzea.
XX. mendearen erdialdean, horrek erabat elkarren aurkakoak ziren bi jarrera ideologikoren arteko talka eragin zuen: alde batetik borroka sozial iraultzailea zegoen, guztiz antiinperialista, eta bestetik, industria-garapen kapitalistaren beharra defendatzen zutenak zeuden. Bigarren aukera hori, testuinguru horretan, inperialismoaren mendeko garapena onartuta baino ezin zitekeen lortu. Lehenengo blokeak 1959an Kubako Iraultzaren garaipena ekarri zuen; bigarrenak, berriz, inperialismoaren interesekin (batez ere Estatu Batuenekin) erabat lerrokatutako oligarkia parasitarioa. Bestalde, aipatu beharra dago Mexikon eta Argentinan, esaterako, garai batzuetan kapitalismo nazionalistarako prozesuak egiten saiatu zirela, eta saiakera horiek ere atzerritik eraitsi egin zirela.
Baina buelta gaitezen nazioarteko testuingurura. 1917an, Errusia tsarista zaharrean langile eta nekazarien lehenengo Estatua nagusitu zen, eta horrek bide eman zion Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sorrerari. Produkzio-modu kapitalista gainditzen zuen proiektu marxista iraultzaile baten lehen esperientzia arrakastatsua izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta sobietarrek naziak garaitu eta gero, AEB (gerraren azken etapan parte hartu zuen, Aliatuen bandoan) bere boterea finkatzen hasi zen, eta kasu horretan helburu gisa SESBren aurkako borroka jarri zuen. Azken hori, pixkanaka eta bere garapen-eredu sozialista zela medio, munduko lehen potentzia bihurtu zen eta, gainera, herrien autodeterminazio-prozesuen eta antiinperialismoaren defendatzaile sutsua izan zen. Historiaren analisi materialista oinarri hartuta, inperialismoa ekoizpen kapitalistaren fase gorentzat hartu zuen.
Europako kontinentean gerrak ekarritako suntsipenaren ondorioz dena berreraiki behar zelako aitzakiarekin, Estatu Batuak Europako mendebaldeko herrialdeetan sartu ziren Marshall Plana bezalako laguntzen bidez, eta hedapen-eremu bat eta potentzia inperialisten arteko elkargune bat sortu zituen. Potentzia inperialista horiek beldur ziren haien arteko borroka berri batek Europan edo munduan sozialismoaren hedapen handiagoa eragingo ote zuen, 1917an gertatu zen bezala.
Testuinguru horretan, 1947an, Truman doktrina definitu zuen diskurtsoaren ondoren(argi eta garbi antikomunista), AEBk beste herrialde batzuetako politiketan esku hartzeko bideari ekin zion, eta baliozkotzat jo zuen komunismoa ez hedatzea funtsezkoa zela nazioaren segurtasunerako. Urte horretako irailaren 18an, CIA sortu zen (Central Intelligence Agency), komunismoa hedatzea galarazteko misioarekin. 1949an, baimen judizial, administratibo eta fiskalen beharrik gabe ikertzeko baimena eman zitzaion, eta hala jaio zen «munduaren polizia».
Horrekin guztiarekin, AEBk Latinoamerikan egindako esku-hartzeen zerrenda luzea hasi zen (estatu-kolpeak, mertzenarioen gerrilla paramilitarrak, blokeo ekonomikoak edota zigorrak), Latinoamerikako herrialdeen egiturazko krisiaren eta geldialdiaren egoera nazio-askapeneko eta garapen ekonomiko eta sozial independenterako borroka gisa lehertzea saihesteko. Zentzu horretan, Estatu Batuek helburu gisa jarri zuten Kubako Iraultza Latinoamerikako gainerako herrialdeentzat eredu ez izatea. Hala, politika antikomunistak herrien emantzipazioaren aurkako borrokaren oinarri ideologiko bihurtu ziren. Estatu Batuetan bertan ere, «sorgin-ehiza» izeneko jazarpen politiko eta sindikalak AEBko ezkerra, osorik, bere herrialdearen «etsai» bihurtu zuen. Gerra horren ondorio ideologiko, politiko, sozial eta ekonomikoak funtsezkoak izan dira gaur egun hainbat adibidetan islatzen diren kontraesanak areagotzeko, hala nola arrazakeriaren aurkako adierazpenetan, Covid birusaren krisiaren kudeaketa eskasean eta menderatze-egitura batean sortutako beste elementu koiuntural batzuetan. Egitura horrek, herrien zapalkuntzan oinarrituta, denbora irabazi nahi izan zuen historiaren beraren aurrerapenaren aurka.
1948az geroztik, AEBek hainbat estatu-kolperen bitartez esku hartu zuten, hala nola Venezuelan (1948), Paraguain (1954), Guatemalan (1954), Errepublika Dominikarrean (1963), Brasilen (1964), Argentinan (1966 eta 1976), Bolivian (1971), Uruguain (1973), Txilen (1973), El Salvadorren (1979), Panaman (1989), eta abar. Lagun zituen diktadurak ere babestu zituen, esaterako Somoza familiarena, Nikaraguan. Gogora dezagun Franklin Delano Roosevelt-ek Anastasio Somoza Garcíaz esandako esaldi ezaguna: «Putaseme bat da, baina gure putasemea da». Iraultza sandinista gertatu eta gero, AEBek contra finantzatu zuten, eta ezegonkortasuna sortzeko beste mekanismo batzuk ezarri zituen, zeinak 1990ean gobernu sandinista erortzea eragin baitzuten.
Era berean, XX. mendeko 90eko hamarkadan, egoitza Washingtonen duen The Center for Public Integrity erakundearen ikerketa baten arabera argi gelditu zen lotura estua zegoela Vladimiro Montesinos eta CIAren artean. Izan ere, Estatu Batuetako agentziak hari 10 milioi dolar baino gehiago eman zizkion eskudirutan 1990 eta 2000 urteen artean. Elementu hori funtsezkoa izan zen Alberto Fujimori-k Perun eman zuen «autokolpeari» eusteko.
AEBek, beraz, lan handia egin dute bloke bezala jokatzen eta bere hegemonia bermatzen jarraitu ahal izateko beharrezko duen «atzeko patio» hori mantentzen.
Eta, orduan, Chavez iritsi zen…
Venezuelan Prozesu Bolivartarra gertatzeko arrazoiak ez ditut banan-banan azalduko, horrek beste artikulu bat idazteko adina emango lukeelako. Edonola ere, argi dagoena eta nolabait beste agertoki batzuetan errepikatu dena da egiturazko krisiaren egoera larriagotu egin zela, klase-borroka agerikoago bihurtu zela eta horrek krisia eragin zuela hainbat herrialdetako erregimen politikoetara. Herrialde horietan, Latinoamerikako Gobernu Aurrerakoiak deritzenei bide eman zitzaien.
Sarritan, Europatik gobernu horietako askoren eta Europako apustu sozialdemokraten arteko analogia sinplea egiteko joera egoten da. Egia da kasu gehienetan prozesu herrikoiak izaten direla, gizarteko sektore askok parte hartzeko irekiak, eta ez preseski korronte marxista-leninistek gidatuak. Orduan, zergatik dira objektiboki aurrerakoiak eta zergatik ez dira Europako sozialdemokraziaren parekoak?
Zergatik dira objektiboki aurrerakoiak Latinoamerikako gobernu progresistak eta zergatik ez dira Europako sozialdemokraziaren parekoak?
Hasteko, herri-mugimendu horien guztien sorrera orain arte landu ditugun kontraesan historiko guztiak areagotzea islatzen duen tentsio politikoaren barruan kokatu behar dugu. Alde batetik, inperialismoaren oldarraldiaren ondorio da, horrek subiranotasun politiko eta garapen ekonomiko independente baten falta ekartzen baitu. Beste alde batetik, herrialde horietako askotan, egiazko errealitateekin bat zetorren nazioak eraikitzeko beharra zegoen, herri horien historiak eta aniztasun etniko eta kulturalak markatutako errealitateak baitziren.
Hala, XXI. mendeko lehenengo hamarkadaren inguruan gertatu zen jario iraultzailearen une handia, kontraesanak areagotzearen eta aurreko erregimenekiko hausturaren ondorioz (herrialde bakoitzak bere egoeratik). Venezuelan, Bolivian, Argentinan, Brasilen, Hondurasen eta Ekuadorren gobernu aurrerakoiak edo, gutxienez, apurtzaileak egoteak, Nikaraguara sandinismoa itzultzeak eta testuinguru berri horrek Kubako Iraultzari eman zion babesak (SESB erori zenetik mundutik isolatuta biziraun baitzuen) agertoki berri bat sortu zuten, eta agertoki horrek herrien aurrerapen sozialerako borroka bateratuan loturak berriro ere indartzea ekarri zuen.
Bere aldetik, AEB, Gerra Hotzean irabazle izan eta gero, gainbeheran hasia zen dagoeneko, horren susmorik ez bazuen ere. 2003az eta Irakeko gerraz geroztik (AEB potentzia hegemoniko gisa bere zenitera iritsi zenean), hegemoniaren gainbehera hasi zen, eta gorantz zihoazen potentziek aurrerapen ekonomiko garrantzitsua izan zuten: Brasilek, Indiak, Errusiak, Txinak eta Hegoafrikak. AEBk amestutako polo bakarreko mundua, non inork ezin baitzion itzalik egin, gainbeheran hasi zen eta, pixkanaka, aro multipolar berri batera igarotzen hasi zen. Aro horretan, merkataritzan eta politikan AEB galtzen hasi da eragiteko zuen gaitasuna, eta, aldi berean, hegemonia militarrari eusten dio eta gerra-abenturetan dabil munduko hainbat tokitan.
Multilateralismoa eta garapena Latinoamerikan
Testuinguru horretan, herrien arteko lankidetza bilatzen duten hainbat erakunde sortu dira, menderatze-egitura klasikoa hausteko asmoz. Aliantza horien izaera estrategikoaren adibide gisa aipatuko ditut ALBA (Alianza Bolivariana para los pueblos de Nuestra América) eta UNASUR.
ALBA 2004ko abenduan sortu zen, Hugo Chavez Frias Venezuelako presidenteak eta Fidel Castro Kubako presidenteak bultzatuta. Kontinenteko herrialde guztiak (Kuba izan ezik) barne hartzen zituen eta 1994an Miamin sinatu zen ALCA (Área de Libre Comercio de las Américas) itunari erantzuteko balio izan zuen. Gogora dezagun urte horietan nazioarteko isolamenduaren bidez Kuba itotzeko etengabeko ahalegina areagotu zela. Merkataritza askeko itun hori elkarren artean oso desberdinak ziren ekonomietan oinarritzen zen eta, beraz, onuragarria zen blokeko ekonomia indartsuenarentzat, hau da, Estatu Batuentzat. Berez, itunak Ameriketako IV. gailurretik aurrera hasi behar zuen martxan, eta aldebiko harremanetan negoziatzen ziren merkataritza askeko itunen antzekoa zen. Honako gai hauek arautzen zituen, besteak beste: muga-zergen oztopoen murrizketa; merkatu, ondasun eta zerbitzu komertzialetarako sarbidea erraztea; atzerriko inbertsioa; ondasun eta zerbitzu publikoen pribatizazioa; nekazaritza; jabetza intelektualeko eskubideak; diru-laguntzak eta antidumping neurriak; lehia askea eta desadostasunen konponbidea.
ALBAk, aldiz, honako hauen alde egin zuen:
Besteak beste, eskualdeko hiru herrialdetan analfabetismoa errotik deuseztatu izana nabarmentzen da: Venezuelan (2005), Bolivian (2008) eta Nikaraguan (2009). Azpimarratu beharra dago, Kuban eta Venezuelan egoitzak dituen ELAM (Escuela Latinoamericana de Medicina) ere medikuen prestakuntza eta ikerketa zientifiko eta teknikoan aurrerapenak egitea bultzatu baititu. Nabarmentzeko beste puntu bat komunikazio-subiranotasuna eta TeleSur informazio-kanala garatu izana da. Horrez gain, Kubaren aurkako blokeoari, Venezuelari jarritako zigorrei edo Hondurasen 2009an izandako estatu-kolpeari erantzuteko nazioarteko presioa egiteko gaitasuna duen blokea da.
ALBAz gain, UNASUR (Unión de Naciones de América del Sur) sortu izana ere azpimarratu behar da. Bertan, merkataritza-lerroez gain, garapena eta egiturak hobetzeko gaitasun kolektiboa ere sartzen dira. UNASURrekin, AEBen botere-ardatza hautsiko zuen prozesu multipolarra abiatu zen 2011n; hasieran, Hego Amerikako 11 herrialdeek hartu zuten parte.
Haien proiektuen artean, El Banco del Sur eta SUCRE moneta (merkataritza-trukeetarako) nabarmentzen dira, garapenerako espazio ekonomiko bateratua sortzen sakontzea bilatzen dutenak.
Zoritxarrez, ideia eta akordioen leherketa hori zapuztu egin da herrialde protagonistetako batzuek jasaten dituzten erasoengatik. Hondurasko 2009ko estatu-kolpearekin Latinoamerikako herriak itotzeko aro berri bat hasi zen. Hala, Obamaren agintaldian kanporatu egin zuten Hondurasko presidentea, Manuel Zelaya. Lawfare-aren bidez, AEBk Dilma Roussef Brasilgo gobernutik kanporatu eta Lula espetxeratu egin zuen. Ekuadorren, 30 auzi ireki zituen Rafael Correaren aurka, Lenin Moreno-ren traizioa egonkortzen zen bitartean. Argentinan, Cristina Fernandez jazarri zuten, eta, azkenik, Mauricio Macri, Sebastian Piñera eta Jair Bolsonaro presidente lekaio eta neoliberalak goretsi ziren Argentinan, Txilen eta Brasilen. Era berean, 2018an Nikaraguaren kontrako kolpea ematen saiatu ziren.
Limako Taldea ere sortu zuten, Venezuelan politikoki esku-hartzea zuena helburu bakar. «Estatu Batuetako segurtasun nazional eta kanpo-politikarako ezohiko mehatxu» gisa definitu zuen Obamak Venezuela, eta Donald Trumpen administrazioak erabat blokeatu zuen.
Trumpek, bestalde, Kubaren aurkako blokeoaren neurririk basatienak ezarri zituen, Bolivian Evoren aurka egindako estatu-kolpea babestu zuen, eta Nikaraguaren aurka etengabe oldartzen jarraitu zuen.
Gaurko testuinguruan, AEBen inperialismoa eragina galtzen ari den honetan, ikusten ari gara zer gogotsu begiratzen dion berriro ere bere «atzeko patioari». «Atzeko patio» hori, beste behin ere, bere burua bilatzen saiatzen ari da, bere islari eta bere herrien arteko topaketari begira.
Gaurko testuinguruan, AEBen inperialismoa eragina galtzen ari den honetan, ikusten ari gara zer gogotsu begiratzen dion berriro ere bere «atzeko patioari»
Zorionez, azken urteotan itxaropenez ikusi dugu nola irabazi duen Mexikon azken urteetako lehen presidente ezkertiarrak. Izan ere, bere aurrekoek ez bezala, presidente berriak irauli egin du inperialismoaren mendeko politika, eta aldaketa esanguratsuak egin ditu eskualdeko aliantza eta ardatzetan. Hala, ikusi genuen Lopez Obradorek Evo Moralesi bere herrialdean jaso zuela hark herrialdean estatu-kolpea jasan ondoren; Nicolas Madurok kargua hartu zuenean ere haren ondoan ikusi genuen; Limako Taldearekin hautsi duela ere ikusi dugu, eta injerentziarik ez egiteko politika ezartzea eskatu duela. Era berean, ikusi genuen Amerikako Estatuen Erakundea (edo OEA, Organización de los Estados Americanos) lotsarazi egin zuela, Boliviako estatu-kolpean izandako rolagatik.
Bolivian, MAS itzuli da, kolpearen ondoren indarberrituta. Ekuadorren, pentsatzekoa da datorren urteko hauteskundeetan gobernu aurrerakoi bat itzuliko dela herrialdera. Venezuelan, Batzar Nazionala berreskuratzea eta horrek politika instituzionala garatzen lagunduko duela uste da. Horrekin guztiarekin, ikusten da atzerapausotik berriro ere aurrerapausoen aro iraultzaile batera igaro gaitezkeela Latinoamerikan. Aurrerapauso horiekin, gainera, bat egin du Txilek ere, bertako protestek Pinocheten Konstituzioa bertan behera uztea lortu baitute. Kolonbiako herria gero eta kontzienteago da eta nekatuago dago erregimen genozida batekin, eta beste elementu askok erakusten dute Latinoamerika zutik dagoela eta bere buruari begira eraikitzen jakingo duela.
Horregatik ulertu behar dugu bolivarianismoa berpiztu egin dela, Latinoamerikaren benetako emantzipazio premiaren testuinguru berri eta aldi berean zahar horretan. Ideia zahar horrek atzean uzten ditu XIX. mendeko liberalismoaren elementu ideologikoak, caudillokeriak eta aberri txikien eraikuntza nazionala, konnotazio elitista eta arrazista guztiekin. Ideia hori, bestalde, bere errealitate mestizoa ulertuz eta bere gain hartuz birsortzen da, eta erabat sinetsita dago iraultza nazional orok lurralde horretako parte-hartzaile guztiak emantzipatuko dituen iraultza sozial ere izan behar duela.
Horregatik, hain zuzen, Aberri Handiaren ideia eta iraultza sozialisten esperientzien ekarpenak (hala nola Kubako Iraultza izugarria, Iraultza Sandinista eta Latinoamerika osoan etengabe gertatzen diren borroka-prozesuak), objektiboki aurrerakoi eta askatzaileak izateaz gain, estrategikoki ere ezinbestekoak dira nazioarteko borroka antiinperialista gauzatzeko.
HEMEN ARGITARATUA