Arteka aldizkariko bosgarren zenbakiko azalean erabilitako irudia ARGAZKIA / Arteka
Martin Goitiandia
2020/05/08

Krisian omen gaude. COVID-19 honekin osasun krisi bat bizi dugula diote. 2008ko finantza-krisitik krisian ginela uste nuen, baina egoera honek krisi ekonomiko berri bat sortuko omen du. Aldi berean, krisi ekonomiko hauen ondorio lazgarria omen da krisi soziala: etxebizitza krisia, genero berdintasunaren krisia, kulturaren krisia… Eta krisi sozial hau, ikuspegi global batekin, mundu-krisia bihurtzen da: elikadura krisia, krisi ekologikoa, bakearen krisia, krisi geopolitikoa, eta abar. Krisi garaian, beraz, krisi politikotik –demokraziaren krisia– gure moralaren krisira igarotzen gara; krisi emozional batetik krisi existentzial batera iritsita. Bizitzako aspektu bakoitzerako krisi bat dugula dirudi. Baina kontua ez da hor amaitzen, izan ere krisia noiz hasi edo bukatzen zen jakitea ere zaila da oso. Osasun arloan, adibidez, 2016 inguruan Zika birusaren krisia izan zen, 2019an eta 2014an Ebolarena, 2014ean Polioarena, edota 2009an, H1N1 gripearena –MOEk soilik larrialdi global gisa izendatuak–. Galdera bera ere egin dezakegu beste krisien inguruan: zenbat krisi egon dira alor bakoitzean? Noiz hasi eta noiz amaitu dira?

Krisi ekonomiko deiturikoen arloan, XX. mende hasieran oso ohikoak bihurtu ziren Berlingo DIWen moduko koiunturaren analisirako institutuak. Horietan, datu estatistikoen analisiaren eta eredu matematikoen bidez, krisien jatorria eta ezaugarriak (iraupena, maiztasuna…) aurkitzeko gai zirela uste zuten. Ideia horren inguruan, krisiaren jatorri ezberdinak planteatu zituzten: prezioen aldaketa, teknologia eta asmazioa, uzta eta faktore naturalak, sektoreen arteko deskoordinazioa, interes tasa, kreditua eta zorpetzea, kostu laboralak, kontsumo falta… Analisi horiek guztiak, DIW institutuak haren lehen urtean finkatutako programaren ildotik eratorri ziren: «Alemaniako institutuko lanak paraleloan doaz Harvardekoekin. Harvardek eta antzeko beste saiakera batzuek sintomen analisia bultzatzen dute lehen lerroan. (…) Sintomen analisiaren koadroak gero eta sintoma gehiago barnebildu, orduan eta segurtasun handiagoarekin ezar daiteke diagnostikoa». Hala ere, indarrean zeuden akademia positibistek zentzu horretan saiakera asko egin zituzten arren, ezin izan zuten krisialdiaren funtsa azaldu. Izan ere, krisiaren ondorioak aztertzen ari ziren, ez bere zergatia. Krisia azaltzetik urrun, deskribatu besterik ez zuten egin.

Era berean, ezin dugu gaur egun bizi dugun krisia egoera beraren deskribapen hutsarekin azaldu. Horrek esan nahi du hildakoen kopurua edo aldi baterako enplegu erregulazio txostenen kopurua zehaztasunez jakiteak egoera hautemateko aukera ematen duela, baina ez egoera ulertzeko gaitasuna. Auzi «metodologiko» horrek berebiziko garrantzia du; izan ere, krisiaren zergatia faktore koiuntural batean ezartzen bada, horren aurrean eman beharreko erantzuna ere koiunturari lotua egongo da nahitaez. Aldiz, krisiaren zergatia ekoizpen sisteman beran kokatzen bada, sistema guztia aldatu behar dela ondorioztatzen da. Horregatik obsesionatu da akademia burgesa krisia faktore koiunturalekin lotzearekin; kapital metaketarekin lotura eginez gero, botere burgesaren jatorria auzitan jarriko litzatekeelako. COVID-19aren kasua ez da salbuespen bat izan. Horrek ez du esan nahi gaixotasunak krisi deitzen dugun egoerarekin zer ikusirik ez duenik, hura azaltzen ez duela baizik.

Krisiaren zergatia faktore koiuntural batean ezartzen bada, horren aurrean eman beharreko erantzuna ere koiunturari lotua egongo da nahitaez

Bizi dugun egoera ulertzeko ezintasuna, beraz, ez dator analisi ekonomiko edo sanitario oker batetik, egoera bera osotasun baten baitan kokatzeko gaitasun ezatik baizik. David Ricardok ekoizpenean lanaren eta ekoizpen bitartekoen arteko harremana aztertu zuenean, ez zuen arazorik ikusi. Aldiz, Marxek ekoizpen kapitalistan kapital konstantearen eta aldakorraren arteko harremana aztertzean, gainbeherarako joera eta krisiaren jatorria adierazi zituen. Biak gertaera berataz ari ziren, baina ondorio oso bestelakoak atera zituzten. Osotasun kapitalistaren baitan, krisi guztiek kapitalaren gainbeheran dute jatorria; gainbehera horren adierazpenak dira. Intuizioak esaten digu koronabirusaren ondorioz bizi dugula krisia, baina krisiak gizartearen izaera kapitalistan du jatorria eta ondoren batzen da faktore koiunturalekin, eta ez alderantziz. COVID-19 birusa ez du kapitalismoak sortu (guk dakigula behintzat), baina bai bizi ditugun langabezia eta pobrezia, askatasun politikoen urraketa sistematikoa, eskasia… Orokorrean hitz eginda, gaixotasunak fenomeno naturala dira, baina Afrikak munduko gaixotasunen % 25 izatea, aldiz, ez. Era berean, COVID-19a hondamendi natural soil bat bezala ikusita denok bando berean gaude eta «denok egin beharreko sakrifizioaz» hitz egiten jarraitu dezakegu. Aldiz, pandemia dagokion formazio sozial kapitalistaren baitan kokatzen badugu, adiskidetu ezin diren klaseen arteko borrokaren beste kapitulu bat dugu parez pare.

Baina hau ez da ikuspuntu ezberdinen arteko talka soil bat, izan ere, krisiaren izaera kapitalistaren aurkako borrokak iraultza sozialistaren beharrezkotasunera garamatza, eta krisi koiuntural eta isolatu baten aurrean dugun erantzunak, berriz, sozialdemokraziaren erreformismora. Europako erreformismo erradikalenaren erreferente intelektual, sindikal eta politikoek markatzen dituzten lan-lerroetan argi ikusten da bigarren postura hori. Europako Ezkerraren Alderdiak, adibidez, «ezker erradikal» edo «anti-kapitalista» deiturikoaren adierazpen asko batzen ditu: Syriza, Die Linke, IU, PCF… eta talde parlamentario zabalago bat partekatzen du Bildu, Sinn Fein zein ezker berde eskandinabiarrarekin. Haiek koronabirusak sortutako egoeraren harira egindako adierazpenak argigarriak dira: «Ezin dugu egoeraren kausalitatea alde batera utzi, birus berriaren oldarkortasun eztabaidaezinetik harago. (…) estatu askotan nagusi diren politika neoliberalak eta etengabeko erasoaren ondoriozko austerizidioa izan dira osasun-sistema publikoen merkantilizazio/pribatizaziora eta ahuleziara eraman gaituztenak. Hauskortasun egoera horretan, pandemiak eragindako estres-karga ezin izan da gainditu». Kausalitate horrek krisi egoeraren jatorria gastu publikoaren pisua murriztean kokatzen du. Hori horrela izanik, nahitaezkoa da «ezker erradikal» horren jarduera politikoak gastu publikoa handitzera mugatzea. Praktika hori arlo sindikalean baieztatu dezakegu, CES (Sindikatuen Konfederazio Europarra) delakoaren proposamenetan adibidez: «Que se permita a los Estados miembro de la Unión destinen recursos para frenar estas catástrofes sin que se les penalice por ello» –egonkortasun ituna indargabetzea esan nahi du–; «EBk funtsak eskuragarri jartzea (…) Europako Banku Zentralak pizgarri ekonomikoen bidez esku har dezala; austeritate-politikekin amaitzea, bai gastuari dagokionez, bai zerbitzu publikoei dagokienez ere».

Alderdi eta sindikatu bakoitzean ñabardurak izango diren arren, estatuaren esku hartzea krisiaren auziaren erdigunean jartzea politika erreformistaren ezaugarri bereizgarria da. Thomas Piketty ekonomialari frantses ospetsua bezalakoek keynesianismo demokrata horren adierazpen intelektuala ordezkatzen dute (Estatu Batuetan Krugman edo Stiglitz direnak). Piketty-k, beste 400 ekonomialarirekin batera, manifestu bat bidali zion Europako Kontseiluari porrot egin duten eurobonoen alde (gastu publikoa finantzatzeko). Horiek guztiek, DIWaren pentsamendu burgesaren tradizioari eutsiz, krisia faktore koiuntural batekin edo bestearekin lotzen dute: gaur egungoa osasun publikoaren gabeziari, 2008koa erregulatu gabeko finantza-sektoreari… Pentsamendu horri lotuta dagoen jarduera politikoa faktore koiuntural horiek erreformatzera mugatuko da beti; gizartearen izaera kolokan jarri gabe, bertako elementu kaltegarri puntualak erreformatzera, alegia.

Gaur egun jaun eta jabe den jarduera politiko hori, alabaina, ez dator alderdi eta sindikatu horien erabaki edo analisi oker batetik, beren izaera politikotik baizik. Politika egiteko haien ikuspegian, bizi dugun egoera eta izan beharko lukeen egoera baten artean amildegi igarogaitz bat zabaltzen da. Kapitalak eragindako desoreka kronikoaren adierazpen bakoitzarekiko kontrajarrita ezaugarritzen dute izan beharko lukeen egoera hori. Lehen esan bezala, egoera «normal» baten faktore edo perturbazio koiuntural modura hartzen dituzte: pobreziaren eta parekidetasun ezaren aurrean, birbanaketa eta justizia soziala; langile klasearen aurkako politikaren aurrean, estatu demokratikoagoa; edo bizi dugun egoera honetan, osasun publiko unibertsala. Liberalismo klasikoaren baloreak eta indefinizioa ukitzen duten kontzeptuak nahasiz, egungo egoeraren gabezia bakoitzari etorkizuneko egoeraren ezaugarri bat kontrajartzen diote. Bizi dugun egoeraren izaera kapitalistatik abiatuta, aldiz, ez dago bereizita dagoen momenturik, egoera beraren kontraesanen garapena baizik. Horrek esan nahi du bizi dugun egoeran bertan, kapitalismoan, emana dagoela bere buruaren gainditzea, eta beraz, ez dagoela izan beharko lukeen horren proiekzio bereiziaren beharrik. Bizi dugun egoera harreman historiko jakin batzuk (kapitalistak) direla oinarri gisara hartzen ez bada, emanda dagoen egoera hori betikotu egiten da, eta beraz, ez dago izan beharko lukeen egoera bat planteatzea ez den beste aukerarik. Aldiz, egungo egoera harreman sozial determinatu batzuk direla barneratzen bada, horien izaeran bertan dago iragankortasunaren atributua. Bigarren kasu horretan, beraz, erronka nagusia bizi dugun egoeraren potentzialtasun horren askapena da. Erreformistak berehalako egoera kontuan hartzeaz harrotzen dira, besteak ez bezala «errealistak» omen direlako, baina ez dago haiek proiektatzen duten egoerara iristeko inolako bitartekaritzarik, ondorioz, nahitaezkoa da berehalako egoera edo egoera «normal» hori betikotzea. Hau da, ez dago erreformista bat baino utopikoagorik.

Bizi dugun egoeraren izaera kapitalistatik abiatuta, aldiz, ez dago bereizita dagoen momenturik, egoera beraren kontraesanen garapena baizik

Nola bihurtuko dugu orduan «koronabirusaren krisia» potentzial horren askapenean aurrerapausoak emateko abagune? Esan bezala, egungo egoeran bertan eman nahi dugun aldaketaren hazia dugu. Aldaketa hori emateko jomuga badugu, normalki bere kabuz ematen den garapen historikoa kontzienteki gidatu behar dugu. Horrek esan nahi du, egungo egoeran izoztuak, betikotuak edo gauza bihurtuak (kosifikatuta) azaltzen zaizkigun harreman sozial kapitalistak, aldakorrak eta historikoak direla ulertzen dugun heinean, horien aldaketa gidatzeko xedea dugula. Une historiko batetik bestera igarotzean dauden bitartekaritza konplexu guztien artean, guk norabide bat markatu nahi dugu. Horrek indar material erraldoi bat suposatzen du; historiaren ibilbidea norabidetzeko adina. COVID-19aren gaitzak jo bezain laster, burgesiak bere indar material hori areagotzeko baliatu du: kontrol soziala, kaleen militarizazioa, neurri juridiko gogorrak, estatu-aparatuak handitzea, esplotazioaren indartzea, hezkuntzaren kontrola are gehiago zorroztea, komunikabideen propaganda ideologikoa hauspotzea, diskurtso humanitario desklasatu bat elikatzea… Bere indar material horiek erreakzionarioak izango dira, erreformismoak egiten duen bezala, funtsean, bizi dugun egoera betikotzen dutelako.

Aurrekoari kontrajarrita, proletalgoa bere horretan da egungo egoerak duen potentzial edo haziaren eramailea. Klase sozial honek, oro har, koronabirusaren krisian zein beste edozein momentu puntualetan osotasun kapitalista hautemateko potentziala du. Hautemate hori ez da, baina, langile klaseko kide bakoitzaren buruan ematen den pentsamendu aldaketa bat. Izan ere, gizabanakoa beti aurkituko da indargabe berak ezagutzen duen mundua gobernatzen duten legeen (ez juridikoak soilik, baita ekonomikoak, laboralak, moralak, kulturalak…) aurrean. Aldiz, dagozkion baldintzak dituen klase sozialak bizi duen egoera eraldatzeko izate soziala azalarazten du; egin behar duen praktikaren klase kontzientzia. Horrela adierazita kriptikoa eta iluna eman dezake auziak, baina atera daitekeen ondorio argiena indar material horren beharra da: langile klasea bera prozesu kontziente batera bideratzeko indarra.

Ez du ezertarako balio prozesu historikoaren inguruan aipatu dugunaz hitz egiteak; aldaketa historikoari erraiak ateratzeak, bizi dugun egoeraren izaera historikoa nabarmentzeak edo erreformismoaren mugetaz hitz egiteak, prozesua bideratzeko gaitasun materialik ez badugu

Ez du ezertarako balio prozesu historikoaren inguruan aipatu dugunaz hitz egiteak; aldaketa historikoari erraiak ateratzeak, bizi dugun egoeraren izaera historikoa nabarmentzeak edo erreformismoaren mugetaz hitz egiteak, prozesua bideratzeko gaitasun materialik ez badugu. Hori ez da koronabirusaren krisiaren harira zein orokorrean tesi politikoak garatzeko egin den ahalegina gutxiesteko modu bat, tesi horiek indar materialik gabe usteldu egingo direnaren baieztapena baizik. Barneratu behar dugun lehen egia da hau: sozialismo zientifikoaren eta masen arteko lotura izateko xedea izan behar dugu. Hala ez bada, gure hipotesiek ez dute substraturik izango, eta are gutxiago horien gauzatzerako aukerarik. Koronabirusaren krisi honetan zein beste edozeinetan burgesiak bere posizio materiala indartzen du, baina aldi berean, krisi horietan dago langile klaseak bizi duen egoeraren zaurgarritasuna eta hauskortasuna hautemateko eta era kontsekuentean jarduteko potentziala ere. Historiaren norabidea, nolabait esatearren, indar kontua da, azken buruan. Une historikoan bitartekaritza egiteko indar nahikoa ez baldin badugu, beraz, historia gure gainetik pasatuko da.

EZ DAGO IRUZKINIK