Amerikako Estatu Batuetako Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak atzo baliogabetu zituen Donald Trump presidenteak inportazioei ezarritako muga-zerga orokorrak, eta adierazi zuen 1977ko Nazioarteko Larrialdiko Botere Ekonomikoen Legeak (IEEPA) ematen dion agintea gainditu duela presidenteak. Ronald Reaganek, Barack Obamak eta Trumpek berak izendatutako hiru epailek aho batez emandako epaiaren arabera, IEEPAk ez dio presidenteari "aginte mugagabea" ematen ia herrialde guztiei muga-zerga jakin batzuk aplikatzeko, eta kanpo-merkataritza arautzeko eskumena Kongresuari dagokio, ez gobernuari.
Erabakiak Trumpek ezarritako muga-zerga gehienei eragiten die, Kanadari eta Mexikori jarritakoei (%25ekoak) eta Txinari agindutakoei (%20koak) barne; baita "elkarrekiko muga-zergei" eta "fentaniloaren eta immigrazioaren aurkako borrokak" justifikatutako zergei ere.
Auzitegiaren esanetan, "inpugnatutako muga-zergen aginduak baliogabetu egingo dira, eta iraunkorki debekatuko da horien aplikazioa". Xehatu du, bestalde, "Konstituzioaren aurkakoa" dela "muga-zergen gaineko agintaritza mugagabea eskuordetzen duen IEEPAren edozein interpretazio". Gainera, epaileek diotenez, ez da betetzen muga-zerga horiek "mehatxu" bati erantzuteko legezko eskakizuna, eta legez inportatutako merkantziei zergak ezartzea "ez da immigrazioa edo narkotrafikoa bezalako arazoei aurre egiteko neurri baliagarria".
Etxe Zuriak iragarri du epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela, eta gobernuaren esku-hartzea justifikatuko lukeen "larrialdi nazionala" adierazten duela defizit komertzialak. Epaiak, ordea, berehalako eragina izango du, eta airean uzten ditu abian diren negoziazio komertzialak, baita seinalatutako muga-zergen aplikazioa ere.
Azken erabaki judizial hori da Trumpen bigarren agintaldiko politika komertzialaren kontrako erasorik handiena, eta ziurgabetasun-garai bat ireki du presidentetzaren gaitasunari buruz, merkataritza-arloan alde bakarretik esku hartzeko.