Bizi-Baldintzei buruzko azken Inkestak (ECV, gaztelaniaz) 2,7 milioi haur eta nerabe (guztizkoaren %33,9) kokatu ditu pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arrisku-egoeran. Horietatik %28,9 pobrezia-atalasearen azpitik bizi dira dagoeneko, eta hamarretik batek (867.000 lagun) material falta larria dauka. Datu horiekin, Europar Batasuneko haurren pobrezia-sailkapenean, Errumaniaren atzetik soilik geratzen da Espainiako Estatua.
Arrakala digitalak, gainera, desabantaila ekonomikoa areagotzen du, hainbat azterketaren arabera. 2023an, adingabeen %8,3k (666.000 inguruk) ezin izan zuten ordenagailu pertsonalik eskuratu. Gabezia hori are larriagoa da pobrezia larrian dauden guraso bakarreko etxeetan: %28,9k ez dute gailu informatiko bat bera ere, egoera berean dauden bikote-familietako %15,4en aldean. Horrez gain, 15 urteko nerabeen multzoan, errenta txikienekoen artean, %51 dira mahai gaineko ordenagailurik ez dutenak, errenta handieneko %23,7 nerabeen aldean; eta ordenagailu eramangarriei dagokienez, antzekoa da aldea (%17,7 eta %1,3).
Diru-sarrera baxueneko nerabeen artean, %89,1 dira ikasteko baliabide digitalak erabiltzen dituztenak, maila sozio-ekonomiko altuagoko gazteen %99,3en aldean. 16 urtetik beherako adingabeak dituzten etxe pobreetan, hezkuntza-plataformen erabilera 15 puntu txikiagoa da baliabide-arazorik ez duten familien artean baino, eta klase apalagoko ikasleen %30,8k aitortzen dute ezin dituztela eskatzen zaizkien zeregin digitalak egin.
Ondorioak PISA txostenetan ikusten dira: egoera zaurgarrienean dauden ikasleek 443 puntu lortu zituzten matematiketan, baliabide material hobeak dituztenen 523 puntuen aldean; 80 puntu gutxiago, alegia. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OCDE, gaztelaniazko sigletan) kalkulatzen du 35-40 puntu direla ikasturte baten baliokideak, eta, beraz, bi ikasturte osoko abantaila eman dezakeela baliabide material gehiago edukitzeak.