Donald Trump presidenteak ezarritako muga-zerga globalak indargabetu ditu berriki Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak (CIT), baina blokeo hori bertan behera utzi zuen atzo Amerikako Estatu Batuetako apelazio-gorte batek. "Beste abisu bat eman arte", beraz, martxan dira berriz Trumpek apirilaren 2an iragarritako muga-zerga orokorrak, baita horren aurretik Kanadari, Mexikori eta Txinari ezarritakoak ere.
CITen hasierako epaiak zioen AEBetako presidenteak bere eskumenak gainditu zituela, Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoen Legea (IEEPA) oinarritzat hartuta, muga-zergak areagotzeko neurri komertzialak hartu zituenean. Hala ere, gobernuak berehala jarri zuen erabaki horren aurkako helegitea, eta aldi baterako agindu bat eskatu zuen muga-zergen blokeoa baztertzeko, ohartaraziz Auzitegi Gorenean aurkeztuko zuela kasua. Aldi berean, Columbia barrutiko gorte federal batek muga-zergei eragiten dien beste blokeo bat ebatzi zuen, eta horrek zabalik mantentzen du gaiari buruzko gatazka legala.
Etxe Zuritik, Karoline Leavitt bozeramaileak "gehiegikeria lotsagabetzat" jo du CITen azken erabakia. EFE agentziak jaso duenez, Leavittek adierazi du AEBetako Nazioarteko Merkataritza Auzitegiko hiru epailek "gehiegikeriaz" erabili dutela euren "botere judiziala", "Trumpen agintea usurpatzeko eta estatubatuar herriari agindutakoa betetzea galarazteko". Gobernuaren neurrien aurkako erabaki judizialen "joera kezkagarria" ere salatu du bozeramaileak, eta Trump "jazarpen judiziala" jasaten ari dela esan du.
Ekonomia Kontseilu Nazionaleko zuzendariak, Kevin Hassettek, gobernuaren muga-zergen politika defendatu du. Fox Business-i egindako adierazpenetan, Hassettek honakoa azaldu du: "AEBetako fentaniloaren krisia larrialdia ez delako ustea hain ikaragarria iruditzen zait, ziur bainago helegitea jartzen dugunean erabaki hori bertan behera geratuko dela". Gainera, aldebiko negoziazio komertzialek "aurrera jarraituko" dutela jakinarazi du, "oztopo legalak gorabehera", eta "akordio asko, asko bidean" daudela ziurtatu zuen; besteak beste, Erresuma Batuarekin aurrerapausoak emateari eta Txinarekin su-eten partziala adosteari erreferentzia eginez.