Kataluniako autonomia estatutuaren erreformaren harira sorturiko tentsio politikoak ekosistema espezifiko bat eragin du Herrialde Katalanetan –nahiz eta kontuan hartzekoa den lurralde horren kohesio politikoaren izaera erlatiboa, lekuan leku interes politiko oso ezberdinek hartzen baitute protagonismoa–, eta hori lurralde horretako jardun politikoaren erritmoak eta edukia neurri handi batean determinatzera heldu da. Zenbait agente politikok izandako postura independentisten erradikalizazio prozesuak nabarmen bete du Herrialde Katalanetako agenda politikoa, eta egon diren borondate edo xede politiko desberdinak haren inguruan orbitatzera behartu ditu. Milurtekoaren lehen hamarkadan zehar CIUk bere posizio politikoa erradikalizatzera jo du, PSC alderditik bereizi (PSEk ez bezala, fakzio nazionalista bat biltzen du bere baitan, adibidez) eta Kataluniako hautesle sektore baten baitan nabarmentzeko asmoz.
Fakzioen arteko norgehiagoka horrek bat egin zuen 2008ko krisiaren etorrerarekin eta haren eraginekin. Izan ere, langile klasearen eta klase ertainen bizi baldintzen okertzeak koiuntura berrira moldatzeko eta errealitate berri horri –denborak aurrera egin ahala ikusi den moduan, luzerako etorri zen errealitatea– erantzuteko gaitasuna izango zuen programa politiko baten beharra mahaigaineratu zuen. Proposamen politiko apurtzaile baten faltak, hots, antolakunde iraultzaile sendo baten absentziak, bat egin zuen proposamen independentistak eragindako optimismoarekin, zeinak inpaktu mediatiko handia izan zuen, bloke politiko ezberdinen arteko talkak eta planteamendu konkretuen izaera performatibo eta ikusgarria tarteko, eta garatzen ari zen potentzial politikoa berriki erradikalizatutako alderdi eta proposamen demokratiko burgesetarantz bideratu zuen. «Espainiak lapurtu egiten dugu» lemak ideologikoki lausoa baina ihardukitzailea den potentzial politiko hori kapitalizatzea lortu du. Urte horietan zehar lehen independentziaren inguruko herri kontsulta (2009), Diada (2012) eta azaroaren 9ko independentziaren inguruko kontsulta (2014) egin ziren besteak beste, eta prozesu horretan zehar gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen proposamen independentistak.
Erreferenduma procés-aren azken katebegia izan zen, azken urteetako testuinguru politikoa gehien markatu duen gertakizuna. Hilabetetan zehar egon zen pixkanakako tentsio gorakadaren puntu gorena izan zen, eta inpaktu handia izan zuen biztanleengan. Prozesuan parte hartu zuten alderdien arteko tentsioa gora eta behera ibili ondoren, procés-a masa mugimendu bilakatu zen; agente independentistak gainditu zituen, eta azken urteetako autoantolakuntzako esperientzia garrantzitsuena bihurtu zen, karga politiko handiko testuinguru baten baitan. Esperientzia hori CDRetan gorpuztu zen, zeinek Ezker Independentistak bildutako ehun politikotik elikatzea lortu zuten. EIk eferbeszentzia politiko horren gidaritza efektibo eta ordenatu bat mantentzeko inolako gaitasunik izan ez zuen arren, esan daiteke gatazka politikoak planteamendu beraren baitan garatzen jarraitu zuela, baina beste bide batzuetatik. Nahiz eta planteamenduaren porrotak egitate hori agerian utzi, proposamenak, mahaigaineratutako helburuak lortzerik izan ez zuenak, prozesu horretan guztian zehar askatutako potentzial politikoaren hondarrek zentzu komun batean bat egitea lortu zuen, mugimendu independentista eta bere programa legitimatzen zuena. Zentzu komun horrek sektore nazionalista eta aurrerakoiak blaitu zituen, eta ondoren greba orokorren forma hartu zuen.
2019ko sententziak, procés-a gidatu zuten politikariak kondenatu zituenak, atsekabe testuinguru batean heldu ziren. Urriaren 14ean kondenen sententzia argitaratu zen, eta horrek hasiera eman zion atsekabe eta ezinegon orokorraz elikatuko den mobilizazio ziklo bati Tsunami Democràtic tresnaren bitartez (errepide mozketak, aireportuan emandakoaren antzeko okupazioak). Bartzelonako mobilizazioen eskutik hiria istilutan murgildu zen. Gertakari horien testuinguruan garbi ikusi zen independentziaren aldarriak zer funtzio bete zuen maila orokorreko atsekabea kanalizatzeko (gehienbat gazte sektoreetan). Estatua etsaitzat identifikatu arren, ziklo hori ez zen heldu lehenago aipatutako paradigma politiko ihardukitzailea gainditzeko inolako gaitasunik eskuratzera; istiluek bereganatu zuten fase berriaren potentzial politikoa, eta horrek proposamena itoarazi zuen. Horrez gain, ez zuen inolako aukerarik ematen koiunturak eta hark gordetzen zituen aukerak kapitalizatzeko. Edozein kasutan, momentu erabakigarria izan zen sektore gazteenengan, arrastoa utzi baitzuen, eta hilabete batzuetan bide eman zion Arranen hazkundeari.
Bestalde, urte horretan, Kataluniako lehen Etxebizitza Kongresua egin zen, zeina berebiziko momentua izan zen zatikatuta zegoen etxebizitza mugimenduari forma emateko. Azken urteetan zehar PAHk galdua zuen antolakunde hegemoniko izaera, eta, aldi berean, 2015etik aurrera instituzioetara salto egiten joan diren koadroen eraginez, indar militante handia galdu du. Hala ere, hipoteken krisiaren eskutik azalduko den kaltetuen belaunaldi berri batek indarra eta erreferentzialitatea mantentzeko gaitasuna eman dio. Llogaterseko Sindikatua mugimendu horren frakzio aurreratuena izan da instituzioei presioa eraginda alokairuen prezioa mugatzeko erreformak lortzea helburu duen antolakuntza eskema deszentralizatu horren baitan. Antolakunde heterogeneoak zeuden bertan, non EIko zenbait sektorek eta zenbait sektore autonomo edo libertariok bat egin zuten. Kongresu horrek mugimenduari batasun irudi bat proiektatzeko aukera eman zion, nahiz eta bere baitako aniztasun ideologiko eta estrategikoaren ondorioz zenbait talka egon ziren. Are, hausturaren lehen espresioak berehala azaleratu ziren, zehazki Llogaterseko Sindikatuak proposatutako alokairuen greban.
Ekaitza baretu heinean, gero eta nabariagoa izan da zer pisu izan duen programa politiko bereizi eta garbi baten bitartez langile klasearen (bereziki gazte belaunaldietan) behar eta nahiekin bat egin dezakeen antolakunde apurtzaile indartsurik ez egon izanak. Jendearen ezinegona programa independentistak markatutako erritmoen eskutik garatu da azken urteotan, eta denboraren joanak mahai gainean zeuden proposamenen porrotak eragindako frustrazioa besterik ez du utzi. 2008ko krisiak sortu zuen testuinguruak bat egin zuen miseria gorakorrak eta klase ertainen eta langile klasearen aurkako elite finantzarioek bere kontrolpeko instituzioen eta alderdi politiko profesionalen bitartez gauzatutako ofentsibak ezaugarritutako atzeraldi ekonomiko eta finantzario berri batekin. Denboran luzatutako soldaten jaitsiera, inflazioa, familien aurrezteko gaitasunaren desegite mailakatua eta eskubide sozial eta politikoen suntsipena, besteak beste, komunikabideen orrialdeak betetzen hasi ziren beste behin. Testuinguru horretan, prozesu independentistaren porrotak bat egin zuen paktu sozialaren oinarrien desagerpenarekin, eta, horrela, ke artean galdu da kapitalismoaren eskaintza zibilizatorioaren fikzioa, lanaren gizartearen kontzeptuan oinarritzen zen heinean metaketa kapitalistaren etapa konkretu bati eta haren korrelatu politikoari erantzuten baitzion, hots, programa sozialdemokratari.
Egitate horrek eragin garrantzitsua izan du langile belaunaldi berriarengan, bere azalean bizi izan baitu 2008ko krisia eta haren biharamun luzea, errausten ikusi baititu bere ziurtasun guztiak, bai maila ekonomikoan –proletarizazio prozesu basatia eta pixkanakako pobretzea–, zein forma politikoan –ordura arte erreferentzia izan ziren alderdi politikoen, programa politikoen eta politika egiteko moduen zaharkitze prozesua–, are gehiago horiek lehen mailako funtzioak bete dituztenean zentro inperialistako herrialdeetan oligarkiaren borondatea ezartzeko ofentsiba horietan.
Horrek guztiak antolakuntza iraultzailearen garapen eta hedapen mekaniko bat eragin ez duen arren, esan daiteke zentzu komun berri bat hasi dela orokortzen, zeinak forma politiko klasiko horiek erreferentziatzat edukitzeari utzi dion, horien eskaintza politikoari ikusten dizkioten ezintasunak tarteko. Prozesu hori gazte proletarioen belaunaldi berrietan ikusi da bereziki, klase ertainen beharrizanei erantzuteko egitura eta antolakundeekiko fede falta izan baitute, lehen haiek eusten zituzten bizi baldintzak, hots, ozta-ozta bizirautekoak, desagertu diren unean. Alderdi horiek proiektatzen zuten batasuna, hau da, Herrialde Katalanetan programa politiko independentistan eta procés-ean gorpuztutako batasuna desagertzean eta apustu katalizatzaile sendo baten absentzian, berriro sakabanatu da prozesu guztian zehar nabarmendutako potentzial politikoa.
Nortzuk zarete eta nondik zatozte?
Horitzó Socialista (HS) Herrialde Katalanetako gazteria komunistaren adierazpen eta hausnarketa organoa da. Esquerra Independentistaren (EI) espazio politikoarekiko haustura politikoaren testuinguruan jaio da, eta Mugimendu Sozialistaren (MS) eraikuntzarako tresnetako bat bilakatu da.
Helburu horren bidean, hasiera batean, EIn antolatuta zegoen militantzia komunista ekoizten ari zen lan teorikoa hedatzeko espazioa izateko balio izan zuen HSk. Gaur egun, hedatzen eta antolakuntza indartzen ari garen honetan, MS tradizio politiko ezberdinetatik datorren militantzia jasotzen ari da, eta egiten ari den lanaren zati bat argitara emateko tresna da HS.
Sozialdemokraziak gure espazioetan inposatzen zituen mugekin hautsi duen belaunaldi berri batek egituratzen duen antolakuntza forma gara MS. Bizitzen ari garen ofentsiba burgesaren aurrean, sozialismoa egungo porrotaren egoera gaindituko duen masa-mugimendu gisara berreraikitzeko ezinbesteko premia dugu. Horregatik guztiagatik, hasiera batean Herrialde Katalanen askapenerako mugimenduaren interklasismoarekiko eta nazionalismoarekiko haustura izan dena, espazio politiko moduan egituratzen ari da egun. Sozialismoaren eraikuntza helburu, egungo ezintasuna gainditu nahi duen eta tradizio politiko desberdinetatik datorren militantzia biltzen ari da; feminismotik, abangoardia talde komunistetatik edo autonomiatik eta anarkismotik datorrena, esaterako.
Sozialdemokraziak gure espazioetan inposatzen zituen mugekin hautsi duen belaunaldi berri batek egituratzen duen antolakuntza forma gara MS. Bizitzen ari garen ofentsiba burgesaren aurrean, sozialismoa egungo porrotaren egoera gaindituko duen masa-mugimendu gisara berreraikitzeko ezinbesteko premia dugu
Zer balio eta garrantzi izan dute prozesu independentistak, M15ak edota herri mugimenduen olatuak zuen sortze politikoan?
Orain dela hamarkada batzuetatik bizitzen ari garen komunismoaren porrot politikoaren testuinguruan, nolabait definitutako izaera antikapitalista batekin ofentsiba burgesek eragindako atsekabea bideratu duten mobilizazio ziklo ezberdinak egon dira. Hala, 90eko hamarkada eta mende hasiera inguruko ofentsiba globalizatzaile betean, mugimendu antiglobalizatzaile forma hartu zuen aipatutako zikloak. 2007ko krisiaren eta ondorengo berregituratze kapitalistaren ostean, atsekabe horrek hartutako formetako bi izan dira procés-a zein M15a.
Bi adierazpen horien aldarrikapenek eduki herrikoia dute. Lehenengoa, estatu antidemokratiko baten aurka egin eta estatu katalan sozialago baten alde agertzen den mugimendu interklasista gisakoa da. Eta bigarrenak, bankariei eta politikariei aurre egin eta, zuzeneko demokraziaren bidez, herritarren parte-hartze handiagoa aldarrikatzen du. Mugimendu biak konplexuak eta heterogeneoak izan badira ere, biak izan dira deskonposizioan dagoen klase ertainaren behin-behineko adierazpen antolatua, subiranismoaren edota hiritartasunaren bidez, proletalgoa programa sozialdemokrataren menpe jartzen duen proiektu batekin erantzuten baitiote krisiari.
Mugimendu horien interklasismoa ezin bereizi daiteke proletalgoak bizi duen porrot ideologikoaren testuingurutik. Horrenbestez, ez ditugu traiziotzat hartzen. Aitzitik, ulertzen dugu bai M15a, bai procés-a herritarren atsekabearen adierazpenak izan direla, eta ezin dutela, proletalgoaren antolakuntza independenterik gabe, fase interklasista gainditu. Gure belaunaldia hor sozializatu den politizazio prozesu orokortuaren parte da, eta bere esperientziak eta mugak ditu. MS, beraz, ezin ulertu daiteke aurretiko esperientzia horiek gabe, gure militantziak horietan parte hartu baitu.
Krisi osteko egoera politikoaren oinarri diren fenomenoez gain, etxebizitzaren aldeko mugimendua zein mugimendu feminista ere funtsezkoak dira MSren sorrera ulertzeko. Gure militantziaren parte handi bat horietan parte hartu ahala formatu delako, eta are, parte hartzen zuen antolakunde politikoen eta herri mugimenduen mugez eta kontraesanez jabetu ahal izan delako praktikan. Hari beretik, ortzi-muga estrategikoaren falta gainditzeko borondateak herri mugimenduak ezaugarritzen dituzten espontaneotasunetik, horizontaltasunetik edota partzialitatetik haratago joateko beharra izatera bultzatzen gaitu.
Zein uste duzue dela prozesu horien abiarazlea?
Haustura politiko baten prozesua konplexua da eta, segur aski, distantzia hartu eta ikusi egin beharko dugu nola materializatuko den dena, izan den belaunaldi aldaketari bide eman dioten kausak beren osotasunean ulertu ahal izateko. Hala ere, badira prozesu horri bide eman dioten baldintza objektiboak testuinguruan jartzeko aukera ematen diguten egiturazko kausak.
Kausa horiek bitan bana ditzakegu. Alde batetik, krisi testuingurua, bere garapenean politikoki formatu den belaunaldi berria markatzen duena, eta bestetik, gure garaiko adierazgarri den proletarizazio prozesua. Biztanleriaren bizi baldintzen okertze orokorrak zein hura laguntzen duten neurri errepresiboen gorakadak politizazio prozesu bat markatu dute. Prozesu horrek, arestian aipatu moduan, ez du interklasismoa gainditu bere masa forman, baina aurrez politizatutako sektoreetan kritikaren garapena ahalbidetu du.
Bestalde, krisi eta proletarizazio testuinguru horren garaikide da aurreko ziklo politikoaren porrot edo gelditasun testuingurua. Kasu horretan, krisiari erantzuteko klase ertainaren proiektua gailendu bada ere, ez du burgesiaren paktu sozial berri bat izan emaitza gisa. M15aren ostean sozialdemokrazia eraberritze ziklo batean murgildu zen, eta instituzioen alde apustu egin zuen; argi gelditu dira, beraz, udaleko eta estatuko gobernuetara heltzearen mugak. Procés-a azken mobilizazio fase batekin itxi zen, mugimendu independentistaren buruzagien espetxeratzeen errepresioaren aurkakoak izan ziren azken erradikaltasun errainuak. Sozialdemokraziaren mugekin hautsi duen belaunaldi politiko berriaren sorrera ezin ulertu daiteke baldintzen okertze orokorraren testuinguruan, aipatutako mugak frogatu eta bistaratu dituen aurreko ziklorik gabe.
Sozialdemokraziaren mugekin hautsi duen belaunaldi politiko berriaren sorrera ezin ulertu daiteke baldintzen okertze orokorraren testuinguruan, aipatutako mugak frogatu eta bistaratu dituen aurreko ziklorik gabe
Eta orain, zer aldatu da?
Klase ertainaren blokea geldirik dagoen honetan, proletalgoarengan eta proletarizazio prozesua jasaten ari den klase ertainaren sektoreengan orokortu den atsekabea bideratzeko ezintasun argia dago. Nagusiki, nihilismoa eta apolitizismoa gailentzen dira proletalgoan. Sektore politizatuak beren ezintasuna erakutsi duten forma zaharrak modu mekanikoan erreproduzitzen ari dira. Zenbait kasutan, herri mobilizazioak alderdi instituzionalen bidez bideratzea ahalbidetuko duen diskurtso triunfalistak mantentzeko beharragatik gertatzen da. Beste batzuetan, aipatutako ezintasuna joera sozialdemokratak gainditzeko lan teoriko eta praktikoaren faltagatik gertatzen da.
Azken zikloan, biztanleriaren politizazio orokorra ez da sozialismoaren antolaketaren berreraikuntzarekin batera gertatu, eta ez da klase ertainaren programaren inguruko zentzu funtzionala gainditu. Gainera, mugimendu antiglobalizatzailearen eta M15-aren baitan formatu zen militantziaren zati bat. Horietako asko hutsaltasun politikotik abiatu ziren eta, fase ekonomizista eta erreformista gainditu ez duen sindikalismoaren bidez, masekin lan egiten hastea lortu zuten espazioetan ibili ziren. Sektore horiek independentzia ideologikoa duen prozesu iraultzailearen garapena hutsaltasunera eta sektarismora itzultzearekin lotzen dute, eta, beraz, posibilismoaren gaindipenetik urruntzen dira.
Testuinguru horretan, geroz eta militante gehiagok ikusten du mugak gainditzeko eta sozialismoaren eraikuntzari programatikoki uko eginen ez dion masa mugimendua eratzeko beharra. Sektore horientzako, mugimendu fasean dagoen antolakuntza sozialista eraikitzearen bidez independentzia politikoa hedatzea da gure belaunaldiko mugak gainditzeko gakoa.
Geroz eta militante gehiagok ikusten du mugak gainditzeko eta sozialismoaren eraikuntzari programatikoki uko eginen ez dion masa mugimendua eratzeko beharra. Mugimendu fasean dagoen antolakuntza sozialista eraikitzearen bidez independentzia politikoa hedatzea da gure belaunaldiko mugak gainditzeko gakoa
Zergatik uste duzue haustura gehienbat gazte sektoreetan izan dela?
Belaunaldi aldaketaz mintzo garenean, ez dugu esan nahi gazte sektorean soilik gertatu denik. Aitzitik, klase ertainaren blokearen barruko aurreko ziklo edo belaunaldia ezaugarritzen zuten postulatuekin hautsi duen belaunaldi politiko berri baten garapena identifikatzen dugu.
Hala ere, historikoki gertatu den moduan, belaunaldi haustura baten abangoardia izateko baldintza objektibo zein subjektibo hobeak dituen biztanleriaren partea da gazteria. Zentzu burgesa sozializatzen duten klase diziplinamendurako mekanismoen efektu zuzen txikiagoak ezaugarritzen du proletalgoaren gazteria garai gisara. Horregatik, gazte garaian, politikoki antolatzeko baldintza hobeak daude gaur egun. Gainera, aurretiko antolakuntzatik datorren tradizio politikoa du prozesuan murgildutako gazteriak.
Gaur, haustura politikoa hasi zuen subjektua bi belaunalditan bana dezakegu. Batetik, apustu sozialdemokrata instituzionalen gorenean politizatu zen eta procés-aren garapena bizi izan zuen lehen belaunaldia, mugak eta porrotak lehenengo pertsonan bizi izan zituena. Bestetik, ondorengo belaunaldiak, horiek ere krisiaren oinordekoak, baina, gainera, atsekabea masiboa den eta sozialdemokrazia ospea galtzen ari den testuinguruan politizatu direnak. Procés-aren azken faseak bizi izan ditu eta, gehienbat ikasle mugimenduan, feminismoan edo antifaxismoan politizatu zen aurreko belaunaldia ez bezala, nagusiki etxebizitza mugimenduan politizatu da. Biak ala biak belaunaldi aldaketaren eta MSren barruan forma hartzen duen haustura politikoaren parte dira.
Kontaiguzue gehiago hausturari buruz. Norekin eta zein oinarriren inguruan izan zen?
Oro har, MSren sorrerak adierazten duen haustura aurreko ziklo politikoarekin izan da, proletalgoaren independentzia politikorik gabea eta klase ertainaren programarekiko hartzen dituen forma politikoen menpekoa. Horrenbestez, 2007ko krisiaz geroztik izan diren bizi baldintzen okertzearekin eta ofentsiba burgesarekin batera garatutako herritarren erantzunak ez ditu, masa mobilizazioetan, ez diskurtso sozialdemokrata ez zentzu burgesa gainditu. Antikapitalismoaren adierazpen askotarikoek ez dute arrastaka dakargun desorientazio ideologikoa gainditu eta bere egin dituzte zentzu hegemonikoaren barruan kokatzen diren desbideratzeak. Hala, desorientazio horren mugen adierazpenetako batzuk dira intersekzionalitatea, sozialismoa ekonomizismora mugatzen duen errealitatea aztertzeko metodo gisara, nazionalismoa, asumitutako interklasismoaren adierazpen politiko gisara, eta horizontaltasuna, antolakuntza forma gisara.
Zehatzago esanda, haustura politikoaren hasiera Esquerra Independentistaren baitan materializatu da. EI ideologikoki eta estrategikoki heterogeneoa den mugimendu politiko bat da, eta nazionalismo iraultzailean kokatzen diren bi tradizio politikotatik edaten du nagusiki. Lehenengoa, Poble Lliuren antolatuta dago eta mugimenduaren ildo marxista ordezkatzen du. Maoismoaren eraginak ditu, eta bere egin du helburuetan etapismo argia duen fronte patriotikoaren estrategia: independentzia, burgesia katalanarekin batera, sozialismorantz aurrera egiteko oinarriak eraikiko dituen errepublika sozial bat eraikitzeko bide gisara. Bigarrena Endavanten antolatuta dago, eta eragin autonomo eta libertario handiagoa izan du, baita teoria intersekzionalarena ere. Tradizio sozialista bere egiten badu ere, mugimendu antiglobalizatzailearen oinordeko diren zenbait joera biltzen ditu. Biek ala biek herri batasuna EIren estrategia modura asumitzen dute. Horren kontzeptualizazioak ezberdinak dira antolakunde batean eta bestean, baina bietan klase borroka azaleratzen den fronte anitzen antolakuntza espontaneoan materializatzen da, aldarrikapenak politika instituzionalaren bidez bideratzeko, proletalgoa klase ertainarekin batzen duen programa baten pean. Horregatik, CUPek, bere instituzioetako hautagaitzak, bere gain hartzen du herri mugimenduen aldarriak instituzio burgesetara eramateko eginkizuna.
EIren heterogeneotasun horrek eman dio bide, bere planteamendu estrategiko eta ideologikoaren barne-kontraesanen bidez, bere gazte antolakundeak diskurtso erradikalago bat hartzeari, hein batean, azken urteetan sektore komunistetatik egin dugun kritikaren eraginez. Hala, hausturaren ondorioz azaleratu da antolakunde batek mugimenduaren aurpegi erradikala mantentzen duela, bere helduen antolakunde instituzionalarekin dituen kontraesanak agerikoak badira ere, eta aldi berean SEPCk, ikasle sindikatuak, programa erabat sozialdemokrata proposatzen du.
EI ez da hegemonikoa mugimendu antikapitalistan, procés-aren hasierako fasean CUP erreferente bilakatu bazen ere ezkerreko sektore batzuentzat nazionalismo iraultzailetik haratago. Gaur egun, kosmobisio burgesarekin hautsi ez duen zentzu komuna presente dago herri mugimenduetan. Ziklo aldaketaren haustura, beraz, adierazpen politiko horien mugetatik abiatuta gertatzen da gehienbat.
Zein zailtasunekin egin duzue topo prozesuan?
Parte hartzen genuen espazio politiko horien mugak kritikatzeko prozesua gaur egun printzipio komunistetan oinarrituta dugun antolakuntza maila hau eduki gabe burutzea izan da gure zailtasun nagusia. Independentzia politikoa ez da prozesu iraultzailea gauzatzeko funtsezkotzat dugun printzipioa soilik, praktikan ikusi dugun muga ere bada.
Haustura aurreko azken fasean, kritikak prozesu sozialista teorian eta praktikan eraikitzeko beharra definitzeko bidea hartzen ari zirenean, Arran gazte antolakundearen barruko bi blokeren sorrerak agerian utzi zuen zein den koadro sozialdemokraten papera. Etengabe blokeatu ziren bi ildoak aurrez aurre jartzeko baliagarri izanen ziren eztabaida eta formakuntzak. Burokrazia eta barne-mekanismoen erabilera ohiko bide dira eztabaidari eta kritikan sakontzeko aukerari trabak jartzeko. Erantzuna irrazionala izan da, eta ez da inoiz eztabaida politikoaren bitartez gauzatu. Kontrara, eraso pertsonaletan oinarritu da.
Horrek izugarri zaildu du aurrerapen teorikoa hausturara arte, eztabaida politikoa ez zelako baldintza egokietan izaten, eta ez zuelako posizionamenduetan sakontzen uzten. Independentzia politikoa bermatu ahalko duten antolakuntzarako egitura berrien eraikuntza, aurretik ekoizten ezinezkoa izan den aurrerapen ideologikoari bide emateaz gainera, antolakuntza hausturarik gabe erdietsiezin izanen genituzkeen ondorio praktikoetara heltzea ahalbidetzen ari da.
Independentzia politikoa bermatu ahalko duten antolakuntzarako egitura berrien eraikuntza, aurretik ekoizten ezinezkoa izan den aurrerapen ideologikoari bide emateaz gainera, antolakuntza hausturarik gabe erdietsiezin izanen genituzkeen ondorio praktikoetara heltzea ahalbidetzen ari da
Zerk lagundu dizue aipatutako zailtasunak gainditzen? Erraztasun aipagarriren bat?
Proletalgoaren interesei erantzuteko proiektu bat eraikitzea oztopatzen zuten muga batzuk antzeman izanaren ondorio gisara gertatu da haustura politikoa. Horregatik, kritika prozesu hau burutu duena, planteamendu berdinekin bat egin duen espazio askotako militantzia izan da, eta gainera, militantzia aktiboena eta diziplinatuena da aipatutako mugak praktika politikoan ikusten zituena.
Horrenbestez, proletalgoaren interesei erantzunen dien mugimendu baten eraikuntza gure esku dagoen honetan, jakitun gara, prozesu honetan aurrera egiteko, funtsezkoa dela praktika politikoaren mesederako den etika eraikitzen duen eta formakuntza militantean lan teorikoa gutxiesten ez duen diziplina militantea.
Gainera, Euskal Herrian MSk izan zuen prozesuaren erreferentzia izan da gaurko komunistok ditugun eztabaida eta eginkizunetako batzuk argitzen lagundu digun eredua. Agertoki politikoan zein prozesu piztu zitezkeen sumatzea eta berriki gertatutako prozesuak ikuspegi internazional batetik aztertzea funtsezkoa izaten ari da hurrengo urratsak planteatzeko. Arreta eginkizun horietan jarri beharra dugu, eta alde batera utzi toki ezberdinetan beren hegemonia galtzen ari direla ikusten ari direnengandik MS jasotzen ari den eraso eta etiketak; modu horretan, sozialdemokraziaren menpekotasunetik at espazio politiko bat eraikitzeko.
Azkenik, etorkizunari begira, nola ikusten duzue?
Proletalgoaren antolakuntzaren berreraikuntza programa komunistaren bidez gauzatzen ari da proletarizazio testuinguruak dakartzan baldintzei esker, eta ziklo aldaketa ere horri zor zaio, hein batean.
Klase ertainarekin itunak egitearen bidez gatazka soziala desegiten zuten estatu demokratiko batzuen forma autoritarioen garapen prozesua bizi izan genuen, eta orain, proletalgoaren baldintzen aurkakoa eta kapitalarekiko independentea den antolakuntza forma ororen aurkako ofentsiba bizitzen ari gara.
Gaur, MSren eraikuntza eta hazkunde fasean gaude, eta beraz, bere garapenaren hasiera-hasierako momentuan gaude. Hala ere, nazioartean erreferentzialtasuna lortzen ari da proletalgo antolatuaren artean, eta gure lurraldean jakin-mina pizten du, publikoki hedabide bat besterik erakusten ez bada ere.
Etorkizunean, beharra eta arreta geroz eta handiagoak diren honetan, masa antolakuntzarako espazioak sortzea da helburua. Ikusten dugu hori dela, proletalgoak burgesiaren botere antolatuaren aurka egin dezan, maila internazionalean antolatzeko prozesu baten hurrengo urratsa. Gure eginkizuna komunismoa masa-ideologia gisara berreraikitzeko lan egitea da, eta hori gaurdanik masa-mugimendu bat sortzearekin gauzatzen da.
Etorkizunean, beharra eta arreta geroz eta handiagoak diren honetan, masa antolakuntzarako espazioak sortzea da helburua. Ikusten dugu hori dela, proletalgoak burgesiaren botere antolatuaren aurka egin dezan, maila internazionalean antolatzeko prozesu baten hurrengo urratsa
HEMEN ARGITARATUA