Gehry arkitektoak, geroago Guggenheim museoa diseinatu zuenak, Tough city izendatu zuen Bilbo. Hiri gogorra, latza eta kutsatua zen Bizkaiko hiriburua 80ko hamarkadan. Eskorbutoren hitzetan:
ETORKIZUNIK GABEKO HIRIA
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Mendebaldeko herrialdeetan hazkunde dinamika bat izan zen, baina gerrek, krisi modura ulertuta, galga izugarria dute emaitza, kapitalaren indar suntsitzaileen garapena dela-eta. Hala, gerraosteko berreskuratze ekonomikoa sustatzeko zailtasun handiak izan ziren. Horrek, gerra garaian, Estatuaren zein ekonomiaren integratzearekin batera, Estatuek ekonomian esku hartzearen beharra «ekarri zuen berekin». Baina Estatuaren esku-hartzeaz harago, ondorengo bi hamarkadetan zehar «lortutako mozkin handiei esker, posible izan zen neurririk gabeko ekoizpena garatzea eta [...] kapitalismoa [Mendebaldean] "kontsumo gizarte" gisara agertzea»[1]. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hazkunde ekonomikoaren zikloa etekin-tasa gorakorrak, Estatuaren gastuaren handitzeak eta kredituaren jaulkitzearen hazkundeak, ezaugarritu zuten, besteak beste.
Kapitalismoaren urrezko aroa izan zen hori, politika ekonomiko keynestarren zioak apurtu ziren arte. Izan ere, urteetako Estatuaren gastu publikoaren bidez, ekonomialariek langabezia-tasa eta inflazioa kontrolatzea proposatzen zuten, hots, langabe kopurua zein prezioen igoera orekatu zitekeela defendatzen zuten. Izan ere, A. W. Phillips ekonomialariaren arabera, prezioek eta soldatek gora egiten dutenean, langabeziak behera egiten du, eta, aldiz, soldata eta prezio behera egiten dutenean, langabezia handitzen da. Beraz, haren ustez, Estatuaren interbentzioaren bitartez, eta «goraldi ekonomikoa» oztopatzen ez zuen bitartean, inflazioa txikituz edo handituz bi elementuen arteko oreka manten zitekeen.
1973. urteko krisiak demostratu zuenez, soldataren, prezioen igoeraren eta langabeziaren arteko harremanaren teoria horiek inflazioaren «benetako funtzioa faltsutu» ez ezik, ez zuten errealitatearekin bat egiten: petrolioaren prezioaren gorakadak inflazioa bultzatu zuen, eta, halaber, langabezia-tasak gora egin zuen. Testuinguru horretan, langabezia-tasa txikitzeko politika inflazionistak ezartzeak egoera okertu besterik ez zuen egin, eta, beraz, inflazioaren bidezko neurri interbentzionistak alferrikakoak ziren. Estanflazioa izena eman zitzaion egoera horri, hau da, «gainbalioaren ekoizpena zailtzen duten baldintzen testuinguruan, etekina areagotzea bultzatzeko» saiakerari[2], eta, hori gertatuz gero, geldialdi ekonomikoa ezin da inflazioaren igoeraren bitartez geldiarazi. Garai hartan, egiturazkoa zen krisia; beraz, teoria keynestarretatik eratorritako politika interbentzionistek huts egin zuten. Gainera, neurri horiek sistema ekonomikoaren kontraesanen menpe daudela demostratu zen; hortaz, ez zuten krisi ekonomikoa ekiditeko gaitasunik. Kontrara, atzeraldi ekonomikoa gibeleratu besterik ez zuten egin.
Teoria keynestarretatik eratorritako politika interbentzionistek huts egin zuten. Gainera, neurri horiek sistema ekonomikoaren kontraesanen menpe daudela demostratu zen; hortaz, ez zuten krisi ekonomikoa ekiditeko gaitasunik. Kontrara, atzeraldi ekonomikoa gibeleratu besterik ez zuten egin
1973ko petrolioaren krisia Bilboaldera iritsi zen, eta gogor kolpatu zuen. Hazkunde ekonomiko handia izan zuen hiriak 50eko eta 60ko hamarkadetan zehar, eta enpresen etekin-tasek gora egin zuten nabarmen 1960. urtetik 1973. urtera arte[3]. Baina petrolioaren prezioaren igoerak ondorio lazgarriak izan zituen Bizkaiko hiriburuaren industrian, eta, nazioarteko ekonomian bezala, egiturazkoa zen krisia. Izan ere, petrolioaren prezio igoera bortitzak inbertsioen etekin-tartea txikitu zuen, eta etekinen galerari aurre egiteko prezioen igoera bultzatu zuten enpresek. Horrek elkarri lotutako ondorioak[4] ekarri zituen, laburki aipatzearren: etekin-tasek behera egiten zutenez gero, enpresek inbertsioak txikitu zituzten eta industriak behera egin zuen, eta, ondorioz, garraio-enpresek jarduna murriztu zuten, merkantzia eta ondasunen mugimendua txikitu zela-eta. Hala, soldata errealek behera egin zuten, eta horrek, eskaria txikitu zuenez, kontsumo produktuen industriaren galera bultzatu zuen.
Bilbo industrialaren gainbeheraren hasiera izan zen krisia. Nerbioiaren ibaiertzean industriagune zabalak eraiki ziren, eta, Bilboko Abandoibarratik Ezkerraldera zein Erandiora zabaldu zen. Hektarea zabalak okupatzen zituzten fabrikek ehun urbanoa moldatu eta bihurritu zuten: gune industrial zabalak eraikita, burgesiak bere neurrirako espazioa sortu zuen. Industriagune horiek ontziolek, siderurgia-fabrikek eta kimikoen lantegiek osatzen zituzten eta, beraz, esan daiteke hiriaren ekoizpena oso espezializatua zegoela. Hego Euskal Herriko industriari erreparatuta, burdingintza eta kimikaren sektoreak ziren nagusi –1969an Bizkaiko ekoizpenaren % 59 metalezko produktuak ziren eta % 13, aldiz, kimikoak[5]–. Dibertsifikazio maila txikikoa zen ekoizpena, eta, horren ondorioz, Bilboren antzeko hiriek –Hanburgo, Glasgow edota Rotterdam– kalte nabarmenak izan zituzten, bai petrolioaren prezioaren gorakadarekiko, bai eta kanpo lehiarekiko ere.
Hala, krisiak jo eta 1974. urtetik aurrera, etekin-tasak 1985 urtera arte etengabe behera egin zuen. Epe horretan zehar eskaria txikitu egin zen, eta, hori ez ezik, lehiakortasuna gogortu zen, Estatuko ekonomia nazioartera ireki baitzen Frankismoaren amaieran. Gainera, 70eko hamarkadan lehia zabaldu ez ezen herrialde garatuetan «aldaketa teknologikoen azeleratu» zen bitartean[6], teknologia nahiko estandarizatuan oinarritzen zen Bizkaiko ekonomia, eta krisi egoeran inbertsioa zein berrikuntzak sustatzeko zailtasunak zirela-eta –etekin-tasa baxuak zirela medio–, ez zuen ekoizpen jarduera berriak sortzeko gaitasunik izan. Bien bitartean, nazioartean lan-zatiketa berria ezartzen ari zen, non herrialde garatuek puntako teknologian edota makina-erremintan oinarritutako industria bultzatu zuten. Alta, Bilboaldeak lan-banaketa berriari egokitzeko zailtasun handiak izan zituen: batetik, ezin ziolako Ekialdeko lehiari aurre egin eta, bestetik, industria birmoldatzeko saiakerek, inbertsio faltek zein etekin-tasa beherakorrek ito zutelako.
Nazioartean lan-zatiketa berria ezartzen ari zen, non herrialde garatuek puntako teknologian edota makina-erremintan oinarritutako industria bultzatu zuten. Alta, Bilboaldeak lan-banaketa berriari egokitzeko zailtasun handiak izan zituen
Ildo honetan, 1977. urtean Moncloako akordioek Bilboaldeko ekonomian eta haren norabidean izan zuten eragina azpimarratzea beharrezkoa da, bai eta lan-merkatuko araudian izan zutena ere. Akordioen epe motzeko helburu ekonomiko nagusia inflazioari aurre egitea eta etekin-tasa igotzea zen, soldata errealaren jaitsiera bultzatuta. Gainera, akordio horiek Espainiako Estatua ireki nahi zuten, Frankismo garaiko itxiera internazionalari amaiera emateko, eta, bestalde, aipatutako nazioarteko lan-zatiketa berriari egokitzeko. Hori ez ezik, garai horretan Espainiako ekonomian turismoak ekonomiaren zati handia hartu zuen, aipatutako Europako lan-zatiketa horri erantzunez. Are gehiago, lan-merkatuaren baldintzak aldatu ziren: kaleratzeak merketu ziren, aldi baterako kontratuak ahalbidetu ziren… Hitz gutxitan, laneskuaren kostua txikitu zen. 1982tik aurrera, industria birmoldatzeko politikak ere bultzatu ziren, eta horiek, adibidez, Euskalduna ontziolen langileei aplikatu zitzaizkien: kalte-ordainak, aurretiko erretiroak, langile kantitatea txikitzea, kaleratzeak, besteak beste.
Testuinguru horretan, hurrengo urteetan, borroka sindikal entzutetsuak piztu ziren; horien artean, Euskaldunaren, Altos Hornos de Vizcayaren edota Explosivos Río Tinto fabriken itxieren aurkako protestak. Mobilizazio hauek ez ezik, 70eko hamarkadan beste hamaika greba eta protesta egin ziren: 1977ko azaroaren 5ean 8 sindikatuk manifestazioa egin zuten langabeziaren aurka, baita Moncloako akordioen kontra ere, greba orokorra egin zuten Bizkaiko langileek Babcock Wilcoxeko langileei babesa emateko, eta 1979ko abenduaren 11an Langileen Estatutuaren aurka atera ziren, beste adibide batzuen artean. Krisiak eta erregimen-aldaketak bat egin zuten: aldi berean gertatu ziren Bilboalde industrialaren sorrera eta frankismoaren amaiera, eta langileen borrokek kaleak bete zituzten.
Hala eta guztiz ere, langileen borrokek kaleratzeei eta fabriken itxierei eutsi bazieten ere, 80ko hamarkadan hainbat industriagune hustu eta zokoratu egin ziren. Desindustrializazio prozesuak aurrera egin ahala, industriak zaharrak hiria grisa, zikina, hondatua eta utzia bilakatu zuen. Fabrikek, meatzeek eta ontziolek hondakinak eta kutsadura besterik ez zuten utzi Nerbioiaren ertzetan, Eskorbutok abestu zuen bezala: hodei zikin batek estaltzen zuen hiria, Ezkerraldetik Bilbora, eta fatxadak «mierdak» estaltzen zituen. Paisaia dekadente eta goibela Santurtziko punkiek bizi zuten errealitatearen isla zen, garaiko gazteen bizitzen gordintasunaren adierazle. Gazteen langabe kopurua ikaragarria zen 80ko hamarkadan. 20 urte baino gutxiagoko langabezia-tasa % 18,6tik % 71ra igo zen 1976 eta 1982 bitartean eta, aldiz, 20-24 urte artekoa % 6,6tik % 43,7ra iritsi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE)[7]. Hala, Ezkerraldeko gazteen langabezia-tasaren datu zehatzik ez dagoen arren, tasa are handiagoa zela jo daiteke. Industriagune eta portu zabalenak Ezkerraldean zeuden eta langile auzo horietan ekonomiaren dibertsifikazio maila oso baxua zen, hots, industrian aritzen ziren eskualdeko langile gehienak. Beraz, atsekabetasuna zen nagusi gazteen artean. Krisia sakona zen, eta etorkizuna industria-hiriaren zerua baino ilunagoa zen. Sex Pistolsen «no future» leloaren errepikak oihartzun egiten zuen Bilboaldean: «non dago gure zaharrek forjatutako geroa?»[8].
Langileen borrokek kaleratzeei eta fabriken itxierei eutsi bazieten ere, 80ko hamarkadan hainbat industriagune hustu eta zokoratu egin ziren
Bilboaldeko hiri-paisaia industriaguneek menperatzen zuten: 1991ean 158 gune hondatuk 150 hektarea okupatzen zituzten hiriburuan eta beste 300 hektareetan itxiera prozesuan zeuden fabrikak zeuden, gehienak Altos Hornos de Vizcaya enpresa siderurgikoaren parte zirenak. Hori ez ezik, meatzaritza-ustiapenak hiriaren inguru oso zabalak kaltetu zituen –3.500 hektarea, zehazki–. Egoera ez zen gehiegi aldatu hurrengo urteetan, eta 90eko hamarkadaren amaieran Bilboaldeko 330 hektarea erortzeko zorian zeuden lantegiek eta portuek hartzen zuten. Aipatutako horiek EAEn abandonatutako industriaguneen % 72 osatzen zuten. Zehatzago, Ezkerraldearen egoera tamalgarria zen, eskualdearen lurzoru kalifikatu osoaren bi heren portu, meatze eta industriagune narriatuak baitziren[9].
TOUGH CITY: POSMODERNISMOAREN GUTIZIAK
Hiri hondatu hura tough city izendatu zuen Gehry arkitektoak, eta hark diseinatu zuen Bilboren eraldaketa urbanistikoaren proiekturik garrantzitsuena: Guggenheim museoa. Eraikina eraldaketa urbanistikoaren eredu, ikur eta inflexio-puntua izan zen 1997an, irekieraren urtean. Halere, hiriaren berrikuntza-planak lehenago hasi ziren. Instituzioak 80ko hamarkadaren amaieran hasi ziren horiek diseinatzen, baina, beste hiri desindustrializatuekin alderatuta (Glasgow edo Rotterdam, kasu), oso berandu egin zen. 1988an Perspectivas 2005 martxan jarri zen, Bilbo metropolitarraren «biziberritze ekonomikoa» bultzatzeko[10]. Tokiko berpizkunde ekonomikoa sustatzeko espazio metropolitarra biziberritzea behar-beharrezkotzat jotzen zuen proiektuak eta, horretarako, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) jarri zen martxan maila instituzionalean, bai eta Metropoli-30 plataforma publiko-pribatua ere. Asoziazioaren kideen artean aurki ditzakegu instituzio publikoak, Petronor, Iberdrola, EHU edota El Correo. Hori ez ezik, Bilbao Ría 2000 sozietate anonimoak itsasadarraren inguruko urbanizazio berriaz arduratu zen, eta hainbat proiektu martxan jarri zituen: tranbia, Alondegia, Melia Hotela, Abandoibarraren urbanizazio berriak, itsasadarreko zubiak...
HAPO planak hiru funtzio bereizi zituen: ekoizpena, etxebizitza eta «kalitate urbanoa zein hiriaren hiriburutza erregionalaren izaera hobetzea»[11]. Horretarako, lehenengo urratsa garraioen azpiegitura berritzea izan zen. Horrenbestez, metroa 1989an eraikitzen hasi zen, eta norabide urbanistiko zein arkitektoniko berriaren adibide argia izan zen: proiektu bakanetan oinarritutako urbanismoa da, hiria itxuraldatzeko helburua duena eta sinadura ospetsuen gerizpean eraikitzen dena. Proiektuaren itxura hiperteknologikoa eta futurista, gardena eta guztiz deserrotua etorkizuneko Bilboren aztarna izan zen. Metroarenak ez ezik, Calatravaren aireportu berriaren lanak 1995. urtean hasi ziren, antzeko patroia jarraituta: diseinuak praktikotasuna eta kalitatea baino gehiago itxura lehenetsi zuen, Valentziako arkitekto horren obra guztiek bezala. Aireportuak «higienismoa, iraunkortasuna, zientzia eta XXI. mendeko teknologiaren»[12] itxura bilatzen zuen. Halaber, Bilboko portuak desegin eta Ezkerraldera kanporatu ziren, lurzorua libratzea baitzen beste gako garrantzitsuetako bat. Horretarako, 630 milioi euroko inbertsioa egin zuten instituzio publikoek 1989 eta 2005 artean. Osotara 10 hektarea hustu ziren, eta hiria azpiegitura berriez hornitu eta Abandoibarra inguruko eraberritze urbanistikoa ahalbidetzeko baldintzak ezarri ziren milurtekoaren amaieran.
Modu honetan, 80ko hamarkadaren azkenengo urteetako azpiegitura proiektuek 90eko hamarkadatik aurrera Bilbon nagusituko zen joera urbanistikoaren norabidea aditzera eman zuten. Proiektuetan oinarritutako urbanismoa da, «asmo global guztiak aldera batera utzi dituen interbentzio partzial eta zatikatuetan oinarritua»[13] eta, beraz, «ikuspegi holistikoen aurkakoa» den joera da, hots, ez du plan global edo guztiz integraturik egiteko asmorik[14].
Proiektuetan oinarritutako urbanismoa da, «asmo global guztiak aldera batera utzi dituen interbentzio partzial eta zatikatuetan oinarritua» eta, beraz, «ikuspegi holistikoen aurkakoa» den joera da, hots, ez du plan global edo guztiz integraturik egiteko asmorik
Urbanismo berri honen proiektu nagusia Guggenheim museoa izan zen, hiriaren nazioarteko ikurra. Bilbo «mapan kokatu» zuen museoaren proiektua Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen 1991an, Guggenheim Fundazioarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin batera. Hiriaren eraldaketaren marka ezarri eta turismoa erakartzeko gai zen makro-proiektuaren bila ari zen Jaurlaritza. Hala, Thomans Krens fundazioaren zuzendariak museo berri bat osorik finantzatzeko prest zeuden instituzioak topatu zituen. 144 milioi euroko inbertsioa egin eta 1993an hasi ziren lanak; azkenik 1997an zabaldu zen Gehry arkitektoaren museoa. Titaniozko erraldoia arkitektura blob eta biomorfikoaren printzipioak jarraitzen ditu: arkitektura mota horren ezaugarri nagusi dira, oro har, forma organikoak, zirkulu eta kurbak, lore itxurak –bista zenitaletik arrosa itxura du museoak–, mosaikoak, metal zein kristalaren erabilera eta, oro har, naturaren imitazioa.
Esan bezala, Guggenheim museoak printzipio horiei jarraitzen die, nahiz eta naturaren edota forma organikoen imitazioa Gehryren ustezko asmoetatik oso urrun dagoen. Aitzitik, arkitektoaren arabera, museoaren kurbek eta materialek ontziolen eta fabriken forma imitatu nahi dute. Titanioak eta kareharriak Bilboren tough city itxura har zezan bilatzen zuten, hiriaren gogortasunaren, itsuskeriaren eta desindustrializazioaren ondorioen isla izatea, alegia. Hain zuzen, arkitektura posmodernoaren praxiaren bereizgarritasuna da hau: Gehryren arkitekturak natura imitatzen du Los Angeleseko Walt Disney Concert Hallean; Bilbon, aldiz, desindustrializazioaren ondorioen itxura hartzen omen du, nahiz eta bi eraikinak ia bereizezinak diren. Egia esateko, hiriaren errealitaterekiko eta historiarekiko loturak obra sortu ondoren egin ziren, eta arkitektura-estilo hiperteknologiko eta deserrotua lekuko arkitektura modernizatzaile gisara saldu zuten inolako lotsarik gabe.
Edonola ere, arkitektura dekonstruktibistaren adierazle nagusienetako bat da Guggenheim museoa. Arrazionalitatearekiko eta simetriarekiko aurkakotasuna ezaugarri nagusitzat dituen estilo honek 1980ko hamarkadan hartu zuen indarra. Baina forma eta estiloaz harago, arkitektura posmodernistaren korronte nagusietako bat garatu zuten Gehry, Zaha Hadid edota Eisenman arkitektoek 1988tik aurrera[15]. Gizarte postindustrialaren eta historiaren amaieraren teorien «proiekzio espaziala»[16] egin zuten arkitekto horiek. Helburu urbanistiko moderno zein funtzionalistekin guztiz apurtu zuten: arkitektura funtzionalista arrazionala, eraginkorra, ornamenturik eta luxurik gabekoa da, eta bizitzaren antolatzailea izaten saiatzen da. Arkitekto modernistak «erreformatzaile sozialtzat» zuen bere burua, garapenaren abangoardiatzat, alegia. Aitzitik, Venturi arkitektoak –arkitektura posmodernistaren hasierako sustatzaileak, 1972an Las Vegasetik ikasiz (Learning From Las Vegas) liburuaren autorea da– ideia hura errefusatu eta «aktibitate artistiko den neurrian, arkitekturaren eginbeharra ikusten den hori irudikatzea da, ez hura eraldatzen tematzea». Izan ere, arkitektura lengoaia artistikoa da Venturirentzat, eta, gainera, artearen esfera prozesu sozialetatik at ulertzen du. Beste modu batera esanda, helbururik gabeko artearen alde egiten zuen, artea egite hutsagatik egitearen aldekoa zen.
Dekonstruktibismoak, beraz, proiektu modernoa alboratu eta modernitatearen ziurtasunak eta identitateak desegitea zuen helburu. Horretarako, kontzeptu unibertsalei eta pentsamendu arrazionalari uko egiten zien, kapitalismo zatikatzaile eta polarizatzailearen eta erreferenterik gabeko garaiaren isla baitziren. Ondorioz, arkitektura dekonstruktibistak fragmentazioa eta koherentzia eza islatzea zuen helburu, Mendebaldeko pentsamenduaren kategoria eta egiak deseginak ziren eta. Bestela esanda, errealitatearen isla izatea du xede estilo horrek, ez metafora kritiko bezala, baizik eta dagoenaren imitazio hutsal modura.
Errealitatearen isla izatea du xede estilo horrek [dekonstruktibismoak], ez metafora kritiko bezala, baizik eta dagoenaren imitazio hutsal modura
Kapitalismoaren garaipenaren eta historiaren amaieraren teorien garaian, posmodernismoak errealitatea eraldatzeko proiektuak hondoratzen zituen. Arkitekturak, horrela, ez zuen bera «inguratzen zuena»[17] eztabaidatu behar, hots, errealitate soziala ez zen bere ardura. Eta, arkitekturaren forma artistikoa garatzea helburu bakarra zenez, «arkitektura helburu komertzialetara bideratzea zen aukerarik onena. Kontsumoak –eta ez ekoizpenak– hiriaren formaren adierazpenaren erdigunea izan behar zuen». Modu horretan, aipatutako arkitekto dekonstruktibisten obrak monumentalak, bereziak eta, maiz, kulturarako zein kontsumorako eraikitako espazioak izan ohi dira. Baina dekonstruktibisten espazioen erabilgarritasuna edo edertasuna baino gehiago, politikari, instituzio, arkitekto zein urbanistentzat irudia da azpimarragarria, eraikinek txertatzen duten marka, alegia. Hiria «mapan kokatzeko» gaitasuna da balioesten dena, hau da, turismoa erakartzeko eta espekulaziorako aukerak irekitzeko gaitasuna. Eisenmanek berak onartu izan duen bezala, arkitekto dekonstruktibistek «gainazal apaingarri bihurtu dute arkitektura», eta estilo horrek «publiko pasibo batek kontsumitzeko errazak diren irudiak gero eta ohikoagoak diren neurrian, orduan eta garrantzi handiagoa hartzen du».
Baina arkitektura dekonstruktibistaren aplikazioak ez luke arkitekto estatubatuarra harritu behar. Nazioarteko lan banaketa berriari egokitzeaz gain, desindustrializazioari ere aurre egin behar zioten hiriek jo zuten arkitekto horiengana, eta, oro har, hiriaren itxuraldatzea zuten helburu nagusi. Bilboko eraldaketa urbanistikoa ez da salbuespena eta inflexio puntu izan ziren Guggenheim museoaren zein metro sarearen eraikuntza. Hurrengo urteetan hainbat izan ziren eraldatu eta berreraiki ziren guneak, betiere sinadura famatuek sostengaturik: Norman Foster-en metroa eta Arte Ederren Museoa, Frank Gehryren Guggenheim museoa, Calatravaren aireportua eta zubi zuria, Zaha Hadiden Deustuibarra berria –irla bilakatu dute–,...
Bilboko Nerbioiaren ibaiertza parke tematiko bihurtzen zen bitartean –ontziola, zubi, Karola garabi eta guzti–, hiriaren mirarizko eraldaketa ez zen langile klasearen auzo industrialetara hasieran hedatu. Orokorrean, 90eko hamarkadan askotariko makroproiektuak eraiki baziren ere, horiek eredu zatikatua ezaugarri zuten –80ko hamarkadako joera urbanistikoei jarraikiz–, baina polarizatzaileak ere baziren: beste balio bat emateko prozesua burutu zitekeen lekuetan –Abandoibarra, kasu– inbertsioa izugarria izan zen, baina erdigunean ez zeuden auzoek –Otxarkoaga, Saninazio, Errekalde...– edota Ezkerraldeak ez zuten urte horietan aldaketa esanguratsurik izan. Hitz gutxitan, hiriaren polarizazioa handitu zen; izan ere, krisiak Ezkerraldeko auzo industrialak hiriburua baino gogorrago kolpatu bazituen ere, bigarrenak jaso zuen inbertsio handiena. Mirariaren distira krisiaren ekaitz ilunak estaltzen zuen langile auzoetan.
Bilboko Nerbioiaren ibaiertza parke tematiko bihurtzen zen bitartean –ontziola, zubi, Karola garabi eta guzti–, hiriaren mirarizko eraldaketa ez zen langile klasearen auzo industrialetara hasieran hedatu
BIBLIOGRAFIA
[1,2] Mattick, Paul (2012). Crisis & Teoría de la crisis.
[3,4,5,6] Arizkun, Alejandro; Franco, Helena eta Etxebarria, Goio (2002). Euskal Herriko ekonomia eraldaketa sozioekonomikoa europako batasuneko integrazio-prozesuan.
[7] Expansión (2023). datosmacro.com
[8] Eskorbuto (1986). Cerebros Destruídos.
[9,10,11,13] Rodriguez, Arantxa (2002). Reinventar la ciudad: milagros y espejismos de la revitalización urbana en Bilbao.
[12] Larrea, Andeka eta Gamarra, Garikoitz (2008). Bilbao y su doble.
[14] Terán, Fernando (1996). Evolución del Planteamiento Urbanístico (1846-1996).
[15] Arkitektura dekonstruktibistaren esposizioa New Yorkeko Arte Modernoaren museoan egin zen, 1988an. Estiloaren gauzatzearen hastapena izan zen.
[16,17] Agulles, Juanma (2014). La tentación del vacío. Ciudad y arquitectura posmoderna.
HEMEN ARGITARATUA