Zera zioen Thatcherrek 1987an: "There is no such thing as society. There are individual men and women" zioen. Bloke sobietarraren desegitearekin batera, banakoaren interesak gorpuzteak pisu handiagoa hartu zuen partekatuak ziren arazoen aurka borrokatzeak baino. Horrela, norbanakora mugatu zen esfera-soziala: bakoitza bere bizitzaren erantzule bihurtzen da, eta norberaren gaineko erabakien ondorioak norbanakoan hasi eta bukatzen dira.
Aldi berean, 70eko eta 80ko hamarkadetan iraultza kultural bat gertatu zen, zeinaren bidez garaian baztertuta eta legalki zein sozialki debekatuta zeuden zenbait praktika normalizatzen eta onartzen hasi ziren (homosexualitatea, dibortzioak, emakumearen sexualitatea, etab.). Sexualitateak zentraltasun handia hartu zuen, eta balio eta arau sexual eta moralen aldaketa horrek “sexu askapenerako” garai gisa karakterizatu zituen urte horiek. Hamarkada horietan sortu zen, halaber, my body, my choice leloa (“nire gorputza, nire erabakia”), zeinak emakumeon eskubideak egikaritzea norbanakoaren eskubide autonomo eta mugagabe bezala ezartzen duen.
Nahiz eta ahalduntzeko tresna zein eskubide indibidualak egikaritzeko bide gisa aurkeztu, sexu askapen faltsu baten defentsan azaltzen da azken ideia hori. Izan ere, lehenik eta behin, indibidualtasuna gizartearen gainetik jartzen da, eskubide indibidual horiek gainerako emakume langileengan izan ditzaketen ondorioak kontuan hartu gabe. Gainera, hori bera kultura hegemonikoaren oinarri bilakatu da; hala, nahimen indibidual horrek jatorrian izan beharko lukeen aniztasuna homogeneizatu egiten da, eta merkatuaren logikaren baitan txertatu. Zentzu horretan, garaiko aldaketa sozial eta kulturalak bereganatu ditu gizarte kapitalistak, etekinak irabazteko zein emakumea zapalduta mantentzeko funtzionalak zaizkion heinean, eta bere interes propioetara birmoldatzeko baliatu.
Planteamendu horren guztiaren ondorio zuzena sexualizazio zapaltzaile hori zilegiztatzea izan da. Izan ere, bizi garen gizarte hipersexualizatuan, emakumeon objektu sexual izaera indartu egin da askatasun sexualaren ideia faltsu horren izenean.
70eta 80ko hamarkadetan sortu zen my body, my choice leloa (“nire gorputza, nire erabakia”), zeinak emakumeon eskubideen egikaritzea norbanakoaren eskubide autonomo eta mugagabe bezala ezartzen duen
Zer ikusten dugu sare sozialetan?
2024an gutxienez 5.000 milioi pertsonak zituzten sare sozialak (biztanleria osoaren %60k baino gehiagok). Baliabide digital horiek sarbide errazekoak eta guztiz irisgarriak dira. Gainera, arlo digitalean, Facebook, Instagram, TikTok edo X plataformetan eduki bisualetarako joera argi bat ere badago, argazkiek eta bideoek gero eta garrantzia handiagoa dutelarik. Hori horrela, industria sexualak ere bere egitura eta eskaintza moldatu ditu, teknologia eta zabalpen forma berri horien arabera aldatuz, adibidez, bideo laburragoak eginez. Hori dela eta, eduki sexual edo pornografikoz bete dira jatorrian pornografikoak ez ziren edo behintzat horretarako espresuki sortu ez ziren espazioak. Horien artean nagusi dugu OnlyFans (OF) plataforma.
Sare sozialei dagokienez, zaila da jakiten bertan argitaratutako edukiaren zer ehuneko den pornografikoa. Hori estimatzeko bide bakarra sareek arrazoi hori dela-eta beren-beregi ezabatzen duten edukia aztertzea da. Izan ere, gogora dezagun izaera sexualeko irudiak eta bideoak debekatuta daudela aplikazio horietan, eta moderatzaileen lana dela eduki hori ezabatzea.
Eduki sexual edo pornografikoz bete dira jatorrian pornografikoak ez ziren edo behintzat horretarako espreski sortu ez ziren espazioak
Facebooken, 2023ko lehenengo hiruhilekoan interbenitu zituzten argitalpenetatik %33,30 “adinez nagusien biluztasuna eta sexu-aktibitatea” erakusteagatik interbenitu ziren. Instagramen eduki horren ehunekoa baxuagoa da; %20,81ekoa, zehazki. TikToken kasuan, adinez txikiak direnak babestearekin zerikusia dutenak dira gehien ezabatzen direnak (%30,6). Hauek daude horren barnean: adinez txikiak direnen biluztasuna eta sexu-aktibitatea (%16,89), groominga (%0,85) edo adinez txikiak direnen sexu-esplotazioa (%0,7). Adinez nagusiak direnei dagokienez, eduki sexualekoak dira %14,7, barne hartzen dituztela sexu-aktibitateak (%9,18) eta sexu-esplotazioa (%5,51).
Ehuneko horiek azaleko informazioa besterik ez dute eskaintzen, alde batetik, soilik moderatutako edukiari dagokizkiolako eta eduki gehienak kontrol horretatik ihes egiten duelako, eta, bestetik, ehuneko horiek interpretatzerakoan sareetara igotzen den irudi kopurua ere kontuan izan behar delako. Are gehiago, ulertu behar da sare sozialak ere enpresak direla. Haien irabaziak arriskuan ez dauden bitartean, edozein eduki onartzeko prest daude. Zentzu horretan, argigarria da oso Arturo Béjar METAko ingeniari ohiak “Redes sociales: La fábrica del terror” saioan adierazitakoa. Haren hitzetan, adinez txikiak direnen suizidio-tasaren eta sareek sortzen dituzten ondorioen jakitun da Mark Zuckerberg, baina uko egiten dio inongo neurririk hartzeari.
Dena den, eduki sexual esplizitu horrez gain, sareek eragin handia duten emakumearen objektu sexual irudia indartzen duen masa psikologia horretan, bereziki kanon estetikoaren ezarpenari dagokionez. Izan ere, bitarteko paregabea dira kultura sozialean eragiteko eta industria handiei publizitate perfektua egiteko. Horrela, trend (joera) ugari oharkabean zabaldu dira gazteen artean; horien artean aipagarriak dira, adibidez, “I’m just a girl” (neska bat besterik ez naiz) edo “body count” (harreman sexualak zenbat pertsonarekin izan dituzun) izeneko joerak. Joera edo trend horiek genero rolak indartu besterik ez dute egiten.
Aldi berean, emakumeen segurtasun faltaren kontu aberasten diren industrientzako publizitate eremu ere badira sare sozialak. Horien artean aipa ditzakegu, adibidez, kosmetikaren, ebakuntza estetikoen eta medikuntza estetikoen eta dietetikaren industriak. Nahiz eta haien presentzia hain bistakoa ez izan, modu inplizituan ageri dira hainbat eta hainbat bideotan eta, nolabait, sareen arabera gazteek izango beharko luketen bizi-estilo horren parte dira.
Sareetan ohikoak dira azala zaintzeko errutinak deritzenak; desberdinak goizerako eta gauerako, noski, eta gutxika-gutxika jendearen komunak azalerako produktuz bete dira
Lehenik eta behin, azalaren zaintza aipatu beharko litzateke. Izan ere, orain arte presentziarik handia makillajeak izan badu ere, azalaren zaintza da egun industria kosmetikoan lidergoa duena. Zehazki, azalaren zaintzak %42ko merkatu-kuota du edertasunari loturiko sektorean. Sareetan ohikoak dira azala zaintzeko errutinak deritzenak; desberdinak goizerako eta gauerako, noski; eta gutxika-gutxika jendearen komunak azalerako produktuz bete dira. Azken hilabeteotan, gainera, gauetan aurpegia argitzeko LED bidezko makinak nagusitzen hasi dira, izan luxuzkoak, izan Sheinen erostekoak. Nahiz eta orain arte kosmetika edertasunarekin soilik lotu, gero eta gehiago entzuten da osasunaren argudioa (eguzkitako krema jaun eta jabe da errutina horietan), eta adinari aurre egiteko bide gisa ere saltzen da (erretinola, C bitamina eta bestelako osagaiak guztion ahotan daude).
Hala, zahartzeari lotuta ageri zaigu, baita ere, medikuntza estetikoaren gaia. SEMEren (medikuntza estetikoaren Espainiako elkartea) 2023ko datuen arabera, 16-25 urte arteko gazteen %20k tratamendu estetikoren bat egin du. Horien artean ohikoak dira botoxa eta azido hialuronikoaren erabilpena, baina bertsio osasungarriagoa ere badago, eta askok bitaminak edota plasma injektatzearen alde egiten dute.
Eta aldaketa handiagoa nahi dutenek ebakuntza estetikoetara jotzen dute. Estatuan egiten diren gehienak (%85) emakumeei egiten zaizkie. Horien artean nagusi dira bularra handitzea, liposukzioa eta bularra goratzea, garaian indarrean dagoen kanonari jarraikiz. Dena den, pornografiak alor honetan ere eragina izan du, eta baginoplastia (baginaren itxura aldatzeko ebakuntza) eta uzkia zuritzea zabaldu dira, besteak beste.
Azkenik, nahiz eta orain arte kanon estetikoaren arabera kurbadun gorputzak desiratuenak izan, egun argaltasuna nagusitu da. Hortaz, osasuna alde batera utzita, sareek muturreko argaltasun hori sustatzen dute. Lehen, ipurdirako ariketa fisikoak aurki zitezkeen nonahi. Orain, gorputzeko atal bakoitza argaltzeko zer mugimendu egin behar diren edota esfortzurik gabe argaltzeko trikimailuak (spoiler: ez jatea) hedatzen ari dira. Gainera, sareak kirolariz bete dira bat-batean: izan egun osoa kirola egiten pasatzen dutenak eta hilean bi maratoi egiten dituztenak, izan aldaketa fisikoa egiten ari direnak. Muturreko bestelako joerak ere aurki daitezke: esaterako, elikadura-nahasmendu bat (bulimia, kasu) nola ezkutatu erakustea eta bakoitzak horretarako bere esperientziak eta abileziak partekatzea. Lehen aipatutako elkarrizketa horretan, Arturo Béjarrek dio 18 urtetik beherako zazpi pertsonatik bat bere buruarekin okerrago sentitzen dela Instagramen egon ondoren.
Ikerketa berri batek baieztatu egin du elikadura-nahasmenduen gorakadak sare sozialekin duen harreman estua: sare sozialak zenbat eta gehiago erabili, are aukera gehiago daude elikadura-nahasmendu bat garatzeko
Hori dela eta, elikadura-nahasmenduen kasuak (anorexia, bulimia…) areagotzen ari dira. Egun, neska gazteen (12-24 urte bitartekoen) %70 nahasmendu horietakoren batekin identifikatzen da. Era horretako kasuak artatzeko osasun-unitate bereziak irekitzen ari dira zenbait hiritan, Araban adibidez, non 2019tik kasuak bikoiztu egin diren. Ikerketa berri batek baieztatu egin du gorakada horrek sare sozialekin duen harreman estua: sare sozialak zenbat eta gehiago erabili, are aukera gehiago daude elikadura-nahasmendu bat garatzeko. Izan ere, kanona betetzen dutenei etengabe begira egoteak nahitaez dakar haiekin alderatzea eta bakoitzaren gorputzarekin nahigabetuta egotea. Horrez gain, horrelako gaixotasunak gero eta goizago hasten dira: batez besteko adina 14 urtetik 12 urtera jaitsi da.
Horretan guztian influencer deritzenek garrantzizko rola jokatzen dute, orain arte azaldutako hori guztia gorpuzten baitute. Kontsumitzaileen egunerokoan txertatuta daudenez, eredu gisa edo gertuko ikusten ditu jendeak, eta aintzat hartzen dute influencer horiek egindakoa. Hala ere, enpresen produktuak saltzeko giza marketina direla izan behar dugu kontuan, eta etengabe ateratzen dituztela etekin indibidualak irudi sexualizatuen bidez. Horrez gain, inork bete ezin duen ideal bat ezartzen dute: bidaiak, bizitza perfektuak, gorputz lirainak…
Hori guztia bereziki arriskutsua da adinez txikiak direnen kasuan. Izan ere, nahiz eta sare sozialek erabiltzaileen gutxieneko adin bat ezarri (adibidez, Facebook, Instagram edo Tiktoken, 13 urte), ez dago kontrol nahikorik eta edozeinek sor dezake perfil bat. Tiktoken, adibidez, 2023ko lehenengo hiruhilekoan 16 milioi kontu ezabatu ziren, 13 urtetik beherakoenak zirelako. Bertako erabiltzaileen %41 16 eta 24 urte artekoak dira. Gazteenentzat sarbidea erraza da, eta gero eta gazteago hasten dira bertan ikusitakoa normalizatzen (kontuan izan pornografia ikusteko adina ere 8 urtera jaitsi dela).
Gainera, sare horiek (X, TikTok, Instagram, Reddit…) bestelako plataformetarako sarbide dira, horietan normalizatzen baitira sexualizazioa beste muturrera eramaten duten espazio digitalak (adibidez, Onlyfans). Ez da ausazkoa noizean behin “lupan” Madrilgo Callao kalean egiten diren elkarrizketa horiek agertzea: “Zenbat urte dituzu? Hamazazpi. Zenbat diru duzu? 200.000 euro. Non lortu duzu hainbeste diru? Webgune urdinean”. Ez dute izena esaten, baina OnlyFansen publizitate argia egiten ari dira.
Espainiako Estatuan, inkesta batean parte hartu zutenen %96k ezagutzen du OnlyFans plataforma, eta %87k bertako erabiltzaile dela onartu du. Gainera, %7k bertan eduki sortzaile dela adierazi du. Federación de Mujeres Jóvenes elkartearen arabera, Espainiako Estatua eduki sortzaile gehien dituen bosgarren estatua da
OnlyFans: ORO EZ DA urre
OnlyFans da, aurreko plataformekin alderatuta, ia modu esklusiboan eduki pornografikoz osatuta dagoena. Eta horretan berritzailea izan da. 2016. urtean sortu zen webgune honek mikromezenasgoa du funtzionatzeko bide: sortzaileek beren materialak igotzen dituzte, eta horien truke haien jarraitzaileek (fanak) hilero ordainketa bat egiten dute. Jatorriz beste erabilera batzuetarako diseinatu zen; adibidez, arte ekoizpenerako. Hala ere, oso politika malguak izan ditu eduki sexualaren zabalpenari dagokionez, eta egun sexu industriaren plataforma nagusietako bat bilakatu da, horretan espezializatuz. Bertan bestelako edukiak aurki daitezkeen arren, gehien-gehiena eduki sexuala da. Argi dago industria horren aldeko apustua egin duela enpresak, Leonid Radvisky pornografiaren streaming enpresa bateko sortzaileak plataforma honen %75 erosi baitzuen 2018an.
Azpimarratzekoa da Covid garaian plataformak hartu zuen garrantzia: 2019an 29 milioi erabiltzaile izatetik, 2020an 120 milioi izatera igaro zen. Egun, 304 milioi erabiltzaile eta 3 milioitik gora sortzaile ditu, eta hilean 302 milioi bisita inguru. Argi dago gure gizartean ere zabalpen handia izan duela. ESET enpresak egindako ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan, inkestan parte hartu zutenen %96k ezagutzen du plataforma, eta %87k bertako erabiltzaile dela onartu du. Gainera, %7k bertan eduki sortzaile dela adierazi du. Federación de Mujeres Jóvenes elkartearen arabera, Espainiako Estatua eduki sortzaile gehien dituen bosgarren estatua da; horietatik %97 emakumezkoak dira.
Aylo pornografia enpresa erraldoiaren (PornHub, RedTube, YouPorn eta Xtuberen jabea) bikoitza irabazten du OnlyFansek
Hazkunde horren atzean hainbat arrazoi egon daitezke. Lehenik, ulertu behar dugu gero eta interakzio sozial gehiago arlo digitalean garatzen direla, eta, noski, sexua ez da horren salbuespen izango. Gainera, bizi dugun testuinguru ekonomiko, kultural eta sozialak horixe ahalbidetu du. Gero eta bizitza prekarioagoak ditugu, eta krisi garaian ere dirulaguntza publikoen sistema ahulduta dago, mezu faltsuak zabaldu dira, sinetsaraziz bertan diru-kantitate handia lortu daitekeela, modu sinplean.
Erabiltzaileen profilari dagokionez, %69 35-44 urte arteko gizonak dira. AEBko ikerketa baten arabera, gehienak ezkonduak, zuriak eta klase ertain-altukoak dira. Sortzaileen kasuan, %97 emakumeak dira (AEBko ikerketa horrek berak 20-39 urte artekoak direla ondorioztatu zuen). Gehienbat emakume gazte eta adinez txikiak erakartzen ditu plataformak, modu erraz eta azkarrean dirua lortzeko aukera baitago.
Nahiz eta sareetan OnlyFans irabaziak modu errazean eskuratzeko bide bezala zabaldu, arrakala handia dago kontuen artean. Kontu handiek hilean 100.000 dolar irabaz ditzakete, batezbesteko profilek 150 dolar irabazten dituzte gutxi gorabehera (estimazio bat da, egiazko datuak jakitea ez baita erraza). Horrela, irabazien kontzentrazio handia dago: goi-mailako eduki sortzaileek, %10ak, urteko negozioaren %70 lortzen dute, eta sortzaileen gehiengoak oso gutxi irabazten du. Beste era batera esanda, jende gutxik jarraitzaile asko eta, beraz, jende gehienak oso jarraitzaile gutxi ditu. Hori, halaber, ez da sareen bidez zabaltzen duten informazioa.
Dena den, sortzaileak dirusari horren %80 bereganatzen du, gainerako %20a enpresak jasotzen baitu. Aipatzekoa da dirua irabazten hasten zaren heinean enpresak jarraipena egiten dizula zure kontua (eta, ondorioz, zu) hobeto nola esplotatu baloratzeko eta, beraz, sortzaileen kontura haien irabaziak hobetzeko. 2024an enpresaren sarrerak 6.300 milioi dolarrekoak izan dira. Bitxikeria bat: Aylo pornografia enpresa erraldoiaren (PornHub, RedTube, YouPorn eta Xtuberen jabea) bikoitza irabazten du OnlyFansek.
Esan daiteke pornografia plataforma horien forma berritzailea dela webgune urdina eta, momentuz, berri izate horrek pornografia tradizionalean errotuta dauden sareak eta aginte-kateak ekiditen dituela. Horregatik, espazio seguru gisa saldu izan dute, zu baitzara, nolabait, zeure burua esplotatzen duena eta, teorikoki, mugak jartzeko gai dena. Hori dio, adibidez, Mia Khalifa porno-izar ohiak, zeinak, abusuzko kontratu bat zela eta, pornografia tradizionala utzi zuen eta bere OF kontua ahalduntzerako bitarteko gisa kokatzen duen. Hala ere, plataformarako management agentzia mafiosoak sortzen hasi dira plataforman. Horrez gain, erabakimen librearen kontua ere ez da egia: AEBko ikerketa baten arabera, sortzaileen %30k sentitzen dute plataformak presionatu egiten dituela, postaz mehatxuak jasotzen baitituzte, edukia sortu ezean kontua itxiko dietela esanez. Presio horri, gainera, erabiltzaileek etengabe pertsonalizatutako materiala eskatzea gehitu behar zaio. Kontuan izan behar da erabiltzaileek uneoro eduki berria nahi dutela (ez dute beti berdina ikusi nahi) eta horrek sortzaileen ustezko muga gorri horien lausotzea dakarrela. Aldi berean, kontaktu zuzenik ez dagoenez, sortzaileek ez dute arrisku berezirik sumatzen, eta erabiltzaileek ez dute erruduntasun sentsaziorik. Horrek guztiak formatu hauen onarpena dakar.
AEBko ikerketa baten arabera, OnlyFanseko sortzaileen %30ek sentitzen dute plataformak presionatu egiten dituela, postaz mehatxuak jasotzen baitituzte, edukia sortu ezean kontua itxiko dietela esanez. Presio horri, gainera, erabiltzaileek etengabe pertsonalizatutako materiala eskatzea gehitu behar zaio
Ezin da pentsatu, gainera, indarkeria arlo fisikotik digitalera igarotzeak ez dituela ondorio lazgarri berbeak sortzen. AEBko ikerketa horrek dioenez, parte hartzaileen %34k ondorio fisiko eta psikologikoak pairatzen dituzte: antsietatea, depresioa, autoestimu baxua, beldurra, lotsa… Esan bezala, plataforma berria da, baina pornografia tradizionalak bertan aritu diren emakumeengan nola eragin duen kontuan hartzen badugu, ikusiko dugu askok ez dutela bizitza onik izan industriatik ateratakoan. Gogora dezagun 2017ko azarotik 2018ko urtarrilera (hiru hilabetean) gutxienez bost emakumezko aktore ohik beren buruaz beste egin zutela edo gaindosien eraginez hil zirela. Askok bortxaketa- eta erailketa-mehatxuak jasotzen jarraitzen dute, eta ez dute beste lan bat aurkitzeko edota harreman sozial “normalak” izateko aukerarik izaten. Haien deshumanizazioa totala da. Epe laburreko ondorioak egun antzeman daitezke, baina ikusteke dago aztarna digitalak iraun bitartean horrek eduki sexualaren sortzaileei sortuko dizkien buruhausteak.
Amaitzeko, ezin da aipatu gabe gelditu plataforma honetan adinez txikiak direnek duten parte hartzea. Save the Children elkartearen arabera, Espainiako Estatuan hamarretik zazpik era honetako eduki sexualak kontsumitzen dituzte. BBC kateak ere argi adierazi du: OFk ez du adinez txikiak diren pertsonek kontuak sortzen ez dituztela bermatzeko kontrol eraginkorrik. Horrela, asko dira identifikazio faltsuarekin kontua sortu eta haien irudiak saldu dituzten adingabeak (12, 13, 15... urtekoak). Baina, gainera, adinez nagusiak direnen kontuetan ere ageri dira. Eduki hori batzuetan adinez txikiak direnek igotakoa da, eta beste batzuetan haien borondatearen kontra argitaratu da (izan mehatxuak direla eta, irudiak lapurtu dizkietelako, edo dena delakoa). Eta are larriagoa dena: adinez txikiak direnen esplotazio sexual eta salerosketa kasuak ere agertu dira; izan ere, desagertutako adinez txikikoen bideoak topatu dira bertan.
Hipersexualizazioaren kulturak emakumeen autosexualizazioa sustatzen du onespen soziala lortzeko bide gisa. Hortaz, askatasun sexualaren aitzakiapean emakumeon objektu sexual irudi hori normalizatzen eta onartzen da
Etenik gabeko gurpila
Argi dago emakumeon sexualizazioaren merkantilizazioak emakumeongan ondorio psikologiko, fisiko eta sozial larriak sortzen dituela. Azken finean, plataforma digitalak gure egunerokoan txertatu dira, eta nolabait gure identitatea ere horien bidez sortzen dugu. Nerabeen kasuan, bereziki, haien garapen psikologikoan eragiten dute, eta identitate digitalak gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Horren bidez harremantzen gara, horren bidez ikasten dugu, horren bidez proiektatzen dugu gure bizitza eta, noski, horren bidez adierazten dugu sexualitatea egun.
Horrela, hipersexualizazioaren kulturak emakumeen autosexualizazioa sustatzen du onespen soziala lortzeko bide gisa. Hortaz, askatasun sexualaren aitzakiapean emakumeon objektu sexual irudi hori normalizatzen eta onartzen da. Valentziako ikerketa baten arabera, hamar pertsonatik lauk uste du plataforma digitalen bidez partekatutako eduki sexuala onargarria dela. Aldi berean, autosexualizazio horren bidez enpresak zein pertsona zehatz batzuk aberasten dira.
Hau da, bizi garen testuinguruan, lan-baldintzen okertze bat dago, prezioek gora egiten dute eta lan-ezegonkortasuna nagusi da; hori, noski, are bortitzagoa da emakume langileon kasuan. Kapitalak, ordea, bere irabaziak bermatzen jarraitu behar du eta, beraz, ekoizpen adar berriak irekitzen ditu edo errentagarri zaizkion merkatuak indartzen ditu. Horretarako, gizarte kapitalistan dagoen masa psikologia –hau da, emakumeok bigarren mailako subjektu izatea eta horrela sozializatuta egotea– baliatu eta psikologia hori indartu egiten dute. Horrek guztiak sexu askapen erreal batera eraman beharrean, emakume langileon zapalkuntzan sakontzen du.
Saltzen dute emakumeen ahalduntzea dela kulturalki bizi duten objektifikazio hori beren probetxurako erabiltzea. Aldiz, gertatzen dena da emakumea guztiz deshumanitzatzen dela, eta merkatuek emakumeen gorputzak erabiltzen dituztela beren irabaziak areagotzeko
Arestian azaldu da hainbat plataformak masa psikologia horretan zer eragin duten eta nola betikotzen duten objektu sexualaren iruditeria hori. Baina, gainera, horren atzean interes ekonomiko argiak daude. Lehenik, influencerrek eta eduki sortzaileek milaka euro irabazten dituzte argitalpen bakarraren truke (María Pombok, adibidez, argitalpen batekin 7.500€ ere kobratzen dituela uste da), eta are gehiago kanpaina luzeak badira. Bigarrenik, publizitatearen objektu diren enpresen irabaziak ere izugarriak dira (kosmetikan liderrak diren enpresak, adibidez, diru-sarreren markak hausten ari dira urtez urte). Azkenik, sare sozialek zein bestelako plataformek ere irabaziak lortzen dituzte bertan argitaratzen den eduki horretatik.
Hasieran azaldutako askatasun sexualaren ideiak harreman handia du horrekin guztiarekin. Izan ere, ikusi den bezala, indarrean dauden botere-egiturak indartzeko besterik ez du balio eta, nolabait, faltsua den aukera-askatasunaren ilusio hori aurkezten du. Emakumeei esaten zaie esplotatu dezaketen kapital erotikoa dutela, eta nahi badute horren bidez aberastu daitezkeela. Aldi berean, hori onartuko duten subjektibitateak sortzen dira. Azken finean, saltzen dute emakumeen ahalduntzea dela kulturalki bizi duten objektifikazio hori beren probetxurako erabiltzea. Aldiz, gertatzen dena da emakumea guztiz deshumanitzatzen dela, eta merkatuek emakumeen gorputzak erabiltzen dituztela beren irabaziak areagotzeko.
HEMEN ARGITARATUA