Aingeru Otxotorena, Dorleta Agiriano eta Isaak Ziaurritz ARGAZKIA / Aitor Arroyo
2021/11/04

Zirkuluetan bueltaka ibiltzearen susmoa izanda ere, inoiz ez da erraza bide berri bati ekitea. Are gutxiago, lotzen zaituenik baldin bada. Azken urteotan, susmo horiei helduta, bide berri bat urratzeko indarra, ikuspegia eta adorea bildu dituzte askok Euskal Herrian, eta horren adibide da Mugimendu Sozialistaren gorpuztea. Dorleta Agirianorekin (Zarautz, 1994), Aingeru Otxotorenarekin (Hernani, 1995) eta Isaak Ziaurritzekin (Iruñea, 1996) izan gara solasean, lehen pauso hura eman zuten gazteetako hiru.

Hasteko eta behin, koka dezakezue orain dela bospasei urteko zuen egoera militantea? Testuinguru ekonomikoaz, politikoaz eta pertsonalaz ari gara, batez ere: non gauzatzen zenuten zuen jardun militantea, zein zen garaiko militanteen baldintza ekonomikoa eta zein ziren militanteen arteko eztabaida eta kezka nagusiak?

Dorleta Agiriano: Unibertsitatean ikasten ari nintzela hasi nintzen militatzen; Ernai gazte antolakundean lehenengo (sortu berria zen), eta Ikasle Abertzaleak (IA) ikasle antolakundean gero. Dena den, urte horietan ikasle mugimenduan jardun nuen batez ere. Gurasoen etxetik eta nire herritik kanpo bizi nintzen ikasketak zirela-eta, eta unibertsitateko militantzia (IAn) eta herrikoa (Ernaien) elkar lotzen saiatzen nintzen. Beste asko bezala, garai hartan ohikoa baitzen bi espazioetan aldi berean militatzea.

Ikasle mugimendua, eta nagusiki IA, unibertsitatean indar handia hartzen ari zen garai batean hasi nintzen militatzen; ez baita kasualitatea nik eta beste askok hautu hori egin izana. Gero eta militante gehiago batu ginen ikasle mugimenduko espazio politiko desberdinetara, eta funtsezko eginkizuna izan zuen horretan IAk.

Gero eta militante gehiago batu ginen ikasle mugimenduko espazio politiko desberdinetara, eta funtsezko eginkizuna izan zuen horretan IAk

Aingeru Otxotorena: Garai hartan Ernaiko militantea nintzen ni ere. Esan daiteke gure herrian, Hernanin, betidanik egon dela kultura militante bat, eta 15-16 urte beteta pauso naturala zela militatzen hastea. Ni ZukGua izeneko prozesuan hasi nintzen militatzen; gazte antolakunde bat sortzea, gerora Ernai izan zena, zen prozesu horren helburua. Duela bospasei urte, zehazki, filosofia ikasketak ari nintzen egiten unibertsitatean. Geroz eta gertuago ikusten nuen lan-merkatura sartu beharko genuen unea, nahiz eta ordura arte ere tabernan edota eskola partikularrak ematen lanean aritu.

Zer geneukan argi orduan? Ez genuela sekula gure gurasoek izan duten bizitza hori izango. 2008ko krisiarekin gertatua oraindik oso gertu ikusten genuen, eta horrekin batera, argi genuen, esaterako, etxebizitza baterako sarbidea izatea ezinezkoa zela, alokairuaren prezioak ikaratzeko modukoak zirela; lan-gatazkak ugaritzen ari ziren, eta ez zegoen mugimendurik gure azalean bizi genuen hori guztia logika bakarraren barruan sartzen zuenik.

D.A: Uste dut orduan, barru-barruan, bagenuela kezka ikaragarri bat militante gazteok: ea egiten ari ginen lanak zerbaitetarako balio zuen, ea zerbait aldatu zezakeen, ea zetorrenari aurre egiteko balio zuen; ea egoki ari ginen. Eta gero eta gehiago hitz egiten genuen horretaz; unibertsitateetan, herrietan, espazio politikoetan. Gero eta arrazoi gutxiago ikusten baikenituen baikor izateko, esan dezagun, gero eta zailagoa zirudien errealitate ekonomikoari eta sozialari erreparatuta, eta horren aurrean egiten ari ginen lanaren gaitasun edo irismen errealari erreparatuta.

Isaak Ziaurritz: Nik Ikasle Abertzaleak antolakundean garatu nuen nire jardun militantea duela bost urte. Beraz, hezkuntza esparruari atxikituta egon da nire militantzia-lotura handiena. 2008tik 2015era bitartean, faktore eta gertaera garrantzitsuak uztartu ziren Euskal Herrian. Alde batetik, Aingeruk aipatu duen modura, garapen sozial eta ekonomiko kapitalista blokeatu zuen mundu mailako atzeraldi ekonomikoak, eta horrek ateak ireki zizkion bizi-baldintzekin eta lan-munduarekin zerikusia zuen fase mobilizatzaile berriari. Bestalde, Ezker Abertzalearen birformulazio estrategikoak une historiko berri bati eman zion hasiera gure lurraldean. Erdigunean zeuden bi faktore horiek koka daitezke hurrengo urteetako aldaketa politikoen arrazoi modura.

Ezker Abertzaleak, estrategia armatua behin betiko amaitutzat emateaz gain, borroka instituzionala hegemonizatzea helburu izanda, bigarren maila batean kokatu zuen ildo mobilizatzailea. Aldi berean, atzerapen ekonomikoak zekarren biolentzia-igoerak behin eta berriz kokatzen zuen Ezker Abertzalea egoera deseroso batean. Urte luzez Ezker Abertzaleak bultzatutako herri mugimenduaren jarduera eta ildo mobilizatzailea, orokorrean, alde batera utzi ziren estrategia aldaketarekin. Horrekin batera, herri mugimenduko antolakunde eta eragileek mobilizaziorako gero eta behar handiagoa atzeman zuten, gidaritza politikorik gabe geratzen hasi ziren bitartean. Hau da, Espainia eta Europa mailan eragin handiko mobilizazioak sortzen ari ziren bitartean (M-15, Marchas de la Dignidad, greba orokorrak, murrizketen kontrako mobilizazioak edozein esparrutan, hezkuntza erreformen kontrako grebak eta abar), Euskal Herrian nahi eta ezinean ari ginen. Helburua zen, gainera, ordura arte Ezker Abertzaleak hegemonizatutako ildo mobilizatzailea instituzionalizatzea.

Hala ere, eragile ofizialek anbiguotasun orekatu bat mantendu zuten momentu hartan herri mugimenduari dagokionez. Hau da, bigarren plano batean uztearen estrategia garatzen hasi ziren bitartean, zenbait une konkretutan horien defentsa inplizitua egiten zuten presio sozialaren eraginez. Anbiguotasun horretan, oinarri soziala pozik mantendu zuten estrategiaren helburuak guztiz kontrakoak ziren arren.

Garai hartako faktore garrantzitsu bat, hala, biolentziaren trataera izan zen. Gai horrek behin eta berriro jarri zuen Ezker Abertzalea soken kontra. Hezkuntza esparruan, esaterako, greba orokorretan edota mobilizazioetan izandako istiluek egoera berriak eragin zituzten instituzioetan. Gero eta ohikoagoak bihurtu ziren «ofizialismoaren» salaketa publikoak hainbat ekintzaren ostean.

Guri dagokigunez, anbiguotasun politiko horrek nahasten gintuela esan daiteke. Mobilizazioari eta antolakuntzari ekiteko momentu ezin hobe hartan, antolakuntza-adierazpen «ez ofizialistak» politikoki ahuldu edota xurgatu nahi izan zituen Ezker Abertzaleak. Hala ere, aspaldian ikusi gabeko antolakuntza-maila bat berreskuratzera iritsi ginen. Aurretik poliziak egindako sarekada masiboek eta koiuntura politiko orokorrak izua eta desmobilizazioa eragin zituzten gure aurreko belaunaldietan; nabaria da hutsune militantea gu baino 10-15 urte gehiago dituztenen adin-tartean.

Mobilizazioari eta antolakuntzari ekiteko momentu ezin hobe hartan, antolakuntza-adierazpen «ez ofizialistak» politikoki ahuldu edota xurgatu nahi izan zituen Ezker Abertzaleak. Hala ere, aspaldian ikusi gabeko antolakuntza-maila bat berreskuratzera iritsi ginen

Garaian oso nekeza zen «ofizialismoak» zehaztutako parametroetatik kanpo pentsamendu estrategikoa garatzea. Ez gara Ezker Abertzalera mugatzen. Izan ere, horren zuzeneko edo zeharkako eragin bidez, herri mugimenduaren teoria eta agenda ere zaku berean sartzen ditugu. Zein ziren denbora horretan «ofizialismoari» egiten zenizkioten kritika «primitibo» horien funts nagusiak? Eta kritika horiek egiteko zein erreferente intelektual zenituzten (egunkariez, webguneez, publikazioez, korronte teorikoez... ari gara)?

D.A. Ez da erraza garai hartan egiten genituen kritikak gogora ekartzea eta zehazki nola arrazoitzen genituen azaltzea. Baina aurretik esan dudanari lotuta, nik behintzat ideia bat oso presente nuen: «ofizialismoaren» baikortasunak harritu egiten ninduen. Baikortasuna aipatzean ez naiz ari militanteen ilusioaz, itxaropenaz edo halako sentimenduez; baizik eta ikusten nuela «ofizialismotik» gero eta modu tematiagoan aldarrikatzen ziren ulerkerek eta ideiek ez zutela gaitasunik askotariko krisiek markatutako errealitateari aurre egiteko, eta errotik aldatzeko. Gero eta nabarmenagoa zen «ofizialismoak» Estatuan integratzeko eta instituzio nahiz legalitate burgesetatik eragiten saiatzeko egina zuen apustua, horrek zekarren guztiarekin; hau da, klase perspektiba gero eta gehiago lausotzea eta horretan oinarritutako programa politikoa nolabait ahanzturan uztea, nagusiki.

Horrekin guztiarekin egin genuen topo militatzen hasiak ginen gazte askok, eta bazirudien ezin genuela jada iraultzan sinetsi. Utopikotzat jotzen zela. Askori gero eta utopikoagoa iruditzen zitzaiguna, baina, «ofizialismoaren» apustu politikoa zen, erroko aldaketak nahi bagenituen behintzat.

Gero eta nabarmenagoa zen «ofizialismoak» Estatuan integratzeko eta instituzio nahiz legalitate burgesetatik eragiten saiatzeko egina zuen apustua

A.O. Hasierako ezinegon, desadostasun edo kritika horiek hainbat auziri lotutakoak ziren, ni bezala, Ezker Abertzaletik gentozenon artean: mobilizazio ereduak, Sortu alderdiarekiko erabateko obedientzia, langile ikuspegiaren galera, borroka parlamentarioari gehiegizko garrantzia ematea, interklasismoa, amnistiaren afera… Puntu asko zeuden, modu intuitibo batean bazen ere, erraz ikus zitezkeenak.

D.A. Eta hala, eztabaida asko piztu ziren garai hartan; zer bide hartu zuen «ofizialismoak», zer egin zitekeen horren aurrean. Nik bereziki ditut gogoan Borroka garaia da! webgunean argitaratzen ziren testuak eta horien harira sortutako eztabaida luzeak. Eta, egin genezakeenaren jakin-minetik, asko batez ere korronte marxistetako testu klasikoagoetara jotzen hasi ginen, baita hamaika espazio formal eta informaletan eztabaidatzen ere.

A.O. Nik ere bereziki dut gogoan oso gertutik jarraitzen nituela Borroka garaia da! webguneko eztabaidak. Gerora, atari horretan parte hartzen zuten hainbat erabiltzaileren testuak lantzen hasi ginen herriko kide batzuk, baita Nahimen aldizkariko zein Azpeitiko kideen Kontu Lepo proiektuko testuak ere; nolabait, gure intuizio horiei logika bat emateko saiakera bat zen hura. Azken urteetako esperientziak balio izan digu, besteak beste, hasierako intuizio horiek arrazionalizatzeko.

I.Z. Nire ustetan, bi auzi nagusi aipatu behar ditugu horri lotuta, nahiz eta askoz ere konplexuagoa izan orduan izan ziren eztabaiden konglomeratua: gidaritza politiko baten beharra eta gure jarduera politikoaren nondik norakoak. Gai horiek mahaira ateratzeak ondorio garrantzitsuak izan zituen gure gaur egungo egitura politikoaren etorkizunean. Alde batetik, eztabaida politikorako eta ideologikorako espazioak ireki ziren, Euskal Herri mailan eragile eta norbanakoen arteko sareak eraikitzen hasi ziren eta, batez ere, elkarbanatutako paradigma politiko berri bati bide emateko lehen eztabaida politikoak gauzatu ziren, publikoki zein barne mailan, orduko sekzio politikoen artean. Bestalde, «ofizialismotik» kanpo kokatzen ziren militanteen kopurua gero eta handiagoa zen. Hala ere, modua ez zegoen argi.

Hiru tesi nagusi defendatzen ziren eztabaida horietan. Batetik, paradigma politiko berri bati bide egin behar zitzaion. Bigarrenik, Ezker Abertzale «ofizialistatik» kanpo kokatu, baino mugimendu soziopolitikoaren identitatea eta tesi politiko historikoak norbere gain hartu behar ziren (Euskal Nazio Askapen Mugimendua, ENAM). Hirugarrenik, Ezker Abertzale osoa, «ofizialista» barne, eraldatzeko nahia zegoen. Denborarekin, espazio politiko hori eraldatzeko eduki ahal genuen ilusioa desegiten joan zen; eztabaidatzeko debekuek, konformismoak eta gure garapen politikoak eraginda.

Herri mugimenduko zenbait eragile eztabaida horiek gauzatzen ari baziren ere, hortik kanpo ere baziren zenbait antolakuntza-adierazpen, batez ere, azken gai hori jorratzetik sortu zirenak. Hau da, antolakuntza propioa garatzen hasi ziren «ofizialismotik» kanpo kokatzen ziren talde batzuk. Hala ere, adierazpen horietan zein herri mugimenduko eragile kritikoenetan estrategia eta antolakuntza bateraturik ez zegoen.

Eztabaidak hainbat urtez luzatu ziren, eta argituz joan ziren joerak eta antolakuntza-forma desberdinak. Herri Unibertsitateetako hitzaldiak, aurretik aipatutako Borroka garaia da! webguneko eztabaidak, UPV-EHUn egindako Ekonomia Politikoaren Kritikari buruzko kongresua edota gaztetxeek eta bestelako eragileek antolatutako elkarguneak eztabaidagai horiek garatzeko espazioak izan ziren, eta agerian geratu ziren Euskal Herrian zeuden posizio politiko desberdinak. Luzea izango litzateke orain garai hartako posizioak azaltzea eta bilakaera aztertzea. Dena den, elkarbanatutako testuinguru hartan, mugarria izan zen Ezker Abertzalearekiko desadostasuna. Hortik aurrera, garatu egin ziren posizio horiek.

Garai hartako eztabaidak, alde batetik, Ezker Abertzalearekin izan ziren maila intelektualean; baina bestetik, estrategia iraultzaile berri baten garapenari begira ere izaten ziren. Eztabaida horietako elementuak ziren, besteak beste, «estatu» eta «alderdi» kontzeptuen definizioa, interklasismoaren ezaugarritzea, egituraketa soziala, etapismoarekiko desadostasuna zentzu orokorrean, klase ikuspegiaren globalizazioa (hau da, klase dominazioaren ulerkera kontzeptu orokor interklasistak deuseztatuz), krisi kapitalistaren inguruko egiturazko hausnarketa... Hori izan zen, hain zuzen, Mugimendu Sozialistaren jaiotza ez formala; prozesu dialektiko horretatik hasi zitzaion forma ematen etorkizuneko Mugimendu Sozialista formalari.

Eztabaida horietako elementuak ziren, besteak beste, «estatu» eta «alderdi» kontzeptuen definizioa, interklasismoaren ezaugarritzea, egituraketa soziala, etapismoarekiko desadostasuna zentzu orokorrean, klase ikuspegiaren globalizazioa, krisi kapitalistaren inguruko egiturazko hausnarketa...

Une hartan kohesio politikorik gabe eta dispertsatuta zeuden norbanako eta eragileak modu formalean antolatzen hasi ziren, eta euren joeren integraltasunaren parte izaten hasi ziren. Hala ere, ez ditut joera eta antolakunde berri guztiak maila berdinean jarri nahi.

Nola aldatu da zuen ikuspuntu politiko/estrategikoa ordutik? Zein izan dira aurrerapen estrategikoak eta atzean utzi dituzuen ikuspegiak?

D.A. Isaakek azaldu duen modura, duela bospasei urte jende eta sektore askok kritikatu genuen «ofizialismoa», baina nik uste dut gehienok ez genuela oraindik guztiz ondo irudikatzen nola egin genezakeen «beste zerbait»; zer zen horri oposizio erreal eta oso bat mahaira ateratzea, eta nola eman genitzakeen pausoak gainean genuen guztiari oinarritik heltzeko eta aurre egiteko. Baina eztabaidek, teoria politikoaren lanketak eta hasiera bateko intuizioei ebazpen politikoak emateko grinak aurrera egin zuten, eta zenbait oinarri politiko berri jartzeko gaitasuna eskuratu zen zenbait sektoretan. Eta uste dut Isaakek aipatu duen Mugimendu Sozialistaren sorreraren eta garapen prozesuaren eskutik etorri dela, azkenean, aurrerapenik garrantzitsuena. Bizi dugun errealitatearen oinarrian dauden askotariko elementuak gero eta modu zehatzagoan identifikatzeaz eta seinalatzeaz gain, horrek guztiak estrategia politiko iraultzaile batean izan beharko lituzkeen inplikazioak bere gain hartu ditu Mugimendu Sozialistak, horretarako beharrezkoak ziren ezaugarritzeak eta zehaztapenak eginez, arduraz eta ausardiaz. Ez baita nahikoa «sistema» eta bere parte diren elementuak kritikatzea, horiei aurre egiteak eta horiek gainditzeak duen esanahi politikoa oso-osorik gure gain hartzeko prest ez bagaude, eta inplikazio horiek guztiek estrategia politikoan isla zehatzik ez badute.

Ez da posible erdizka ibiltzea, eta erdizka ibiltzea zen, hain zuzen, «ofizialismoak» ustez atzean utzitakoak «berreskuratzea». Lehen askok uste baikenuen irtenbidea zela «ofizialismoak» denborarekin baztertutako zenbait aldarri eta lan (klase perspektiba, «kalea», eta abar), nolabait, berreskuratzea. Baina auzia ez zen hori; oinarrizko premisak ziren berrikusi beharrekoak. Esango nuke, aurrerapen estrategikoei dagokienez, hortaz ohartzea izan dela garrantzitsuenetako bat. Hortaz ohartzea eta horrek esan nahi zuena; tradizio batekin hautsi beharra zegoela, nork bere gain hartzea. Eta, kritika egitetik harago, guztiak ez ziren urrats hori egitera ausartu.

A.O. Argi izan behar dugu, gainera, bere mugak jo zituela Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako borroka iraultzailearen zikloak. Horrek berekin dakar bilakaera horren inguruko irakurketa kritiko bat egitea. Eta uste dut hori dela Mugimendu Sozialista Euskal Herriko testuinguru politikoan topa ditzakegun gainontzeko mugimenduetatik bereizten duen puntu garrantzitsuenetako bat. Horrek esan nahi du, benetan, Mugimendu Sozialista dela aurreko ziklo politikoarekiko hausturan bere planteamendua egiten duen mugimendu bakarra. Bere ardatz nagusiak dira proletalgoaren independentzia politikoa, horretara bidean ezinbestekoa den komunismoaren proiektu politiko historikoa berreskuratzea eta Euskal Herrian ditugun ezaugarrietara egokitzea, komunismoaren izaera internazionala galdu gabe.

Aurrekoarekin lotutako galdera. Mugimendu Sozialista Ezker Abertzalearen disidentziatzat daukazue edo bigarren horren tradizioarekin (ENAM) haustura bat dakar zuentzat? Zertan oinarritzen da zuen erantzuna?

D.A. Zalantzarik gabe, haustura bat dakar Mugimendu Sozialistak, ­ENAMen oinarrizko premisa politikoak berrikusi eta bestelako oinarriak eta aspirazioak dituen bide politiko bati ekin diolako. Esango nuke Mugimendu Sozialistak ez duela, beste zenbaitek bezala, Ezker Abertzalearen ustezko tradizio galdu bat berreskuratu nahi: kultura politiko berri bat sortu nahi du, iraultza komunista ahalbidetuko duena.

A.O. Nire ustez, disidente izateak, era berean zerbaiten parte izatea dakar berekin; hau da, estrategia orokorrarekin bat egiten jarraitzea, nahiz eta hainbat pauso taktikorekin bat ez etorri. Gure kasuan, ez da inondik inora ere horrelakorik gertatzen. Horregatik esaten dugu haustura bat izan zela Ezker Abertzalearekin.

Nabarmena izan da gure herrian haustura horrek ondorioak izan dituela plano politikotik harago, harreman pertsonaletan eta abar. Baina hasieratik genuen argi zintzoak izan behar ginela gure buruarekin nahiz parte hartzen genuen eremu politikoarekin, eta aipaturiko hausturak zekartzan ondorioak onartu beharko genituela.

I.Z. Euskal Herrian, gutxitan bezala, unibertsaltasunean oinarritutako integraltasunaren ulerkera mahaigaineratu da. Iraultza sozialista helburu duten premisak zabaltzen hasita, estrategia berri bat, paradigma politiko berri batentzako. Estrategia mugatzaile eta antolakuntza-forma zaharkituetatik harago, Mugimendu Sozialistaren jaiotzak zapalkuntza guztien erroa den sistema kapitalistaren suntsipenerako lehenengo urratsak dakartza gurean. Nire ustez ere ez da, beraz, Ezker Abertzalearen ondare historikoaren jarraipenaren mugimendua. Ez gara Ezker Abertzalearen disidentziako militanteak. Mugimendu Sozialistako militanteak baizik.

Izan ere, aipatu dudan momentu historiko horrek, balio politikoak eta estrategia ikuspegi ezberdin batetik aztertzeko balio izan zigun Ezker Abertzalearen espazio politikoan militatzen genuen kide askori. Hainbat urtez, gainera, espazio politiko berdinarengatiko borroka etengabea egon da Mugimendu Sozialistaren, Ezker Abertzalearen disidentziaren eta Ezker Abertzalea beraren artean. Hala ere, agortu egin beharko luke borroka horrek, estrategia ezberdinen ondorio logikoa baita. Gure espazio politikoak ez du mugarik, estrategia mugatzaileen ondoan.

Gaur egun, dena den, ulergarria da nahasmena. Militantzia-eredua, kultura edota zenbait egitasmo politiko inertziaz jaso ditugu, tamalez, eta behin eta berriz erreproduzitzen ditugu. Horregatik, garrantzitsua da Mugimendu Sozialistaren belaunaldi berriek zein zaharragoek argi izatea paradigma politiko berri baten parte garela. Eta beraz, sozialismoaren eraikuntza ez dela aipatutako inertzia historikoetan oinarritzen.

Zein desberdintasun ikusten dituzue orain dela bospasei urteko militantziaren ezaugarrien eta gaur egungo Mugimendu Sozialistako militanteen artean? Badago garai hartatik hona ahaztuta geratu den baina berreskuratu beharko litzatekeen egiarik edo ezaugarririk?

D.A. Duela bospasei urte politikoki umezurtz sentitzen ginen militante asko, konbentzimendu osoz lan egiteko espazio politikorik gabe, eta nora jo behar zen guztiz garbi izan gabe. Frustrazioa sortzen zuen horrek, baina pizgarri bat ere izan zen; etengabe eztabaidatzeko, irakurtzeko, entzuteko, pentsatzeko, erantzun zuzenak bilatzen saiatzeko, buruan behin eta berriz bueltak emateko. Emergentziazkoa zen.

Sekulako lorpena da, hain urte gutxiren buruan, Mugimendu Sozialistak hainbeste gazte batu izana, eta hainbeste gaztek hain gogotsu jardutea mugimenduan. Ulerkera politikoa partekatuta, eta konbentzimenduz. Baina uste dut badela, agian, berreskuratu beharreko zerbait, duela bospasei urte eta beharrak bultzatuta, hainbat eta hainbat gaztek barru-barruan sentitu genuena: etengabe ikasteko, inguruan gertatzen ari zena ulertzeko, egin beharrekoaz modu sakonean hausnartzeko eta anbizio osoz aritzeko grina. Oso zorrotzak ginen gure buruarekin, une politikoak eskatzen zuen mailari erantzuteko gai izango ez ote ginen beldur. Garaiaren latzak eskatzen du hainbeste gaur egun ere, mugimendu batean uste osoz lan egin arren. Jarrera, gogo, jakin-min eta anbizio aseezin hori ezin ditugu inoiz atzean utzi.

A.O. Nik esango nuke, dena den, oso militantzia-eredu ezberdinak direla garai hartakoa eta gaur egungoa. Hain zuzen ere, Mugimendu Sozialistak izan duen erronka nagusietako bat izan da hori: kultura militante berri bat sortzea. Proiektu politiko berri bat abiarazi baina kultura militante berdinarekin jarraitu izan bagenu, erreproduzitu nahi ez genituen gauza batzuk erreproduzitzeko arriskua egongo litzateke. Urrian egindako Gazte Topagune Sozialistak era ezin argiagoan erakusten du zein eratakoa den Mugimendu Sozialista sortzen ahalegintzen den militantzia eredua: konprometitua, formatua, diziplinatua, zintzoa, arduratsua, arrazionaltasuna gainjartzen duena… Noski, hori ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Bestalde, uste dut sozialismoaren garapenerako balio duen edozein ekarpen jasotzeko edo berreskuratzeko prest egon beharko genukeela. Ezker Abertzaleak gauza asko egin ditu ongi bere historia luzean zehar, eta horiek ere kontuan hartzen ditugu.

Urrian egindako Gazte Topagune Sozialistak era ezin argiagoan erakusten du zein eratakoa den Mugimendu Sozialista sortzen ahalegintzen den militantzia eredua: konprometitua, formatua, diziplinatua, zintzoa, arduratsua, arrazionaltasuna gainjartzen duena…

I.Z. Nire ustez, bestalde, datozen belaunaldien eta gure belaunaldien arteko ezberdintasun nabarmenena da batzuk sorreraren arduradun nagusiak direla eta beste batzuk sorrera eta gero militatu dutela. Horregatik, ardurarik eta eginkizunik nagusiena belaunaldi zaharrenei dagokie. Guri dagokigu azaltzea tesi politikoak nondik datozen, nola iritsi garen zenbait ondoriotara eta zein inertzia politiko eraldatu nahi ditugun. Paradigma politiko berri baten parte sentitu behar dira, espresuki, militante berriak. Zabaldu egin behar gara; orain arte baliagarriak izan zaizkigun zenbait taktika malgutu eta berri batzuei bide eman. Praxi iraultzailea teoria iraultzailearen eskutik joan dadin, kontsekuenteak izan behar gara gure egikaritze politikoan, eta hori transmititu behar dugu. Azken finean, komunismoa giza unibertsaltasunaren bake-harremanetan oinarritzen den heinean, horrekiko lotura duen taktika ere garatu beharko dugu.

Komunismoa giza unibertsaltasunaren bake-harremanetan oinarritzen den heinean, horrekiko lotura duen taktika ere garatu beharko dugu

EZ DAGO IRUZKINIK